Showing posts with label Politika. Show all posts
Showing posts with label Politika. Show all posts

2010/01/16

> Berria: Hiesa > GIPUZKOA: MUTRIKUN ERE EHGAM-EN MOZIOA ONARTZEN DA

  • Mutriku:Udaleko alderdi guztiek bost mozio onartu dituzte, aho batez
  • Lea-Artibai eta Mutrikuko hitza, 2010-01-05. Mutriku

Idatziak EHNE, EHGAM, Berdinsarea, Eudel eta ezker abertzaleak azkenaurreko udalbatzan aurkeztutakoak dira.

Gabonen atarian egin zen azkenaurreko udalbatzan Mutrikuko Udalak bost mozio onartu zituen: bat Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduarena (EHGAM), emakumeenganako indarkeriaren aurkako hiru eta EHNEren bat.

Nekazaritza erakundearen idatzian, baserriak azken urteotan bizi izan duen problematika mahairatu zen. «Esplotazioen errentabilitate falta, haragi, eskne, zereal, ardo, barazki,...eta gainerako sektore guztien gainbehera. Ez dugu duda izpirik ere nekazaritza sektoreak bizi duen egoera larriak markatu krisian duela jatorria», dio idatziak.
Guzti horrekin, udalbatza osatzen duten arderdi guztiek aho batez abeltzaintza eta nekazaritza sektoreekin bat egin zuten. «Sektore horiek estrategikoak eta nekazaritza munduaren garapenerako eta gure gizartearen beharrentzat ezinbestekoak direlako».
Emakumeen aurkako indarkeria sexista salatuz
Eta udalbatza ospatu zenean azaroa atzean bazegoen ere, azaroaren 25ean ospatu zen Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna aitzakiatzat hartuta Berdinsarearen, ezker abertzalearen eta Eudelen mozioak onartu zuen udalbatza osoak.
Indarkeria sexista jasaten dutenei babesa emateaz gain, mozioek indarkeriaren prebentzioan lan egin beharra dagoela azpimarratzen dute. «Indarkeria fisikoaz gain, indarkeria sinbolikoa ere kontuan hartu behar dugu; ez da ikusten, baina horren bidez beldurra sortzen da emakumeengan».
Guzti horregatik, udalbatzak aho batez esan zuen berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren kontra bere eskumenen atalean eta indarreko legea aplikatuz, udal politika «aktiboa, osoa eta koordinatua» bideratuko duela.
Alor horretan, hiru mozio aurkeztu ziren eta udalbatzak hiru mozioak batera onartu zituen erakunde eta alderdi ezberdinen mezuak uztartuz.
Preserbatiboa: Hiesaren aurkako tresna
Azkenik, ezker abertzaleak EHGAMen mozioa aurkeztu zuen. Funtsean, idatziak Benedikto XVI.a Aita Santuak preserbatiboaren erabileraren gainean egindako adierazpenak kritikatu eta zuzentzen ditu.
«HIESaren arazoa ezin da konpondu preserbatiboen banaketarekin; aitzitik, preserbatiboek arazoa handitu egiten dute», esan zuen aita santuak iazko martxoaren 17an Jaunde Kamerungo hiriburuan egindako agerraldian.
Aita Santuaren adierazpenen oihartzun soziala kontuan hartuta, martxoaren 19an nazioarteko autoritate mediku-zientifikoek esan zuten Aita Santuaren esanak zuzentzeko idatzi publiko bat atera behar zela. «Latexko preserbatiboa HIESa eta sexu bidezko infekzioen aurkako teknologiarik eraginkorrena da. Eta Hiesaren aurkako borroka zientzialariek eta agintari publikoek gauzatu behar dute».
Horrela, udalbatzak ondokoa onartu zuen: «Udalbatza honen eginkizuna ez da katolikoen arteko kastitatea bultzatzeko politikak baloratzea. Bai aldiz agintari batek osasunaren gaineko sasi-mezua zabaltzen duenean, mezu hori salatzea. Argi dago preserbatiboak Hiesa saihesten duela. Eta ez gaude ados Aita Santuak esandakoarekin». Mozio hau ere aho batez onartu zuten alderdi guztiek.

>Berria:Hiesa>Gipuzkoa:EAJ-k EHGAM-en mozioa atzera botatzen du

  • Ordizia: Gobernu taldeko alderdiek 11 milioi euro pasako berezko aurrekontua onartu dute
  • Goierriko Hitza, 2010-01-15 #iñaki Gurrutxaga.ordizia

Ordiziako Udaleko Gobernu taldea osatzen duten hiru alderdi politikoen (EAJ, PSE-EE eta EA) aldeko botoekin onartu dituzte aurtengo ekitaldirako aurrekontuak. Gaur egun Aralarreko ordezkaria da oposizioan ari den bakarra (PPkoa ez da azaltzen), eta hark aurka bozkatu du. Ordiziak 11 milioi euro pasako aurrekontua izango du aurten (iaz baino milioi bat gutxiago), eta diru kopuru horretatik 1.300.000 euro inbertsioetarako bideratuko dute.

Jose Migel Santamaria alkateak eta Jon Txurruka Ogasuneko zinegotziak eman zituzten atzoko osoko bilkuran aurrekontuen gorabeherei buruzko azalpenak. Biek ala biek krisi ekonomikoaren aipamena egin zuten, eta aurrekontuen eta egin beharreko gastuen inguruan «kontrol zehatza» egingo dutela nabarmendu zuten. Inbertsioetan 880.000 jaitsiera aurreikusi dute, ez baitituzte kontuan hartu erakunde gorenetatik jaso ditzaketen diru laguntzak. Iaz 740.000 euroko diru kopurua aurreikusi zuten kontzeptu horretan. Inbertsio nagusiak irisgarritasunaren alorrean, bidegorriaren proiektuaren inguruan eta argiteria berritzeko egingo dituzte.

Gastu soziala gora

Gastu soziala mantendu ez ezik, nabarmen igo da (%25). Santamariak gogoratu du San Jose egoitzak aurrekontuaren %4 suposatzen duela, hezkuntza arloa ere kontuan hartu dutela eta enplegua sustatzeko ahalegina ere egin dutela. Horrez gain, gogoratu dute 2009. urtea 5 milioi euroko zorrarekin abiatu zuela udalak, eta gaur egun zor hori 3,9 milioi eurokoa dela.

Zergen bidezko sarrerak

Zergen eta tasen atalari ere erreparatu zion Txurrukak. IBI edo Ondasun Higiezinen Zergaren bidez 55.000 euro gutxiago jasoko ditu aurten udalak, baina autoen zergan (35.000) eta zaborren zergan (33.000) igoera izango dute. Ur-zerbitzutik aparteko diru-sarrera bat jasoko du (770.000 euro inguru), eta eraikuntza zergatik %20 diru gehiago jasotzea aurreikusten dute, 600.000 euro inguru.

Espainiako Gobernuaren inbertsio funtsa edo E Planetik milioi bat euro pasako diru laguntza jasotzea espero du aurten udalak, eta diru hori zertarako erabiltzeko asmoa duten aurreratu zuen Santamariak: Jubilatueneko lanen bigarren faserako, Upabi eremurako, Beti-Alai pilotalekuaren kanpo aldeko frontoi txikia estaltzeko eta Majori kiroldegian zenbait berrikuntza egiteko.

Gobernukideen ikuspuntua

Iñaki Dubreuil PSE-EEko bozeramaileak aurrekontuen «izaera soziala» nabarmendu zuen, eta hori dela aurrekontuak babesteko arrazoi nagusia. «Krisiari aurre egiteko aurrekontuak dira». Gizarte Ongizateak izandako igoera, gazteria arlokoa eta ingurumen arlokoa aipatu zituen, eta irisgarritasunean, bidegorrian eta argiterian egingo diren inbertsioak goraipatu.

Belen Maiza EAko eledunak aurrekontuak osatzeko orduan hiru alderdiek egin duten «txekeo komunari» buruz aritu zen. Analisi bateratu hori ekintzak proposatzeko garaian ezinbestekoa dela esan zuen. «XXI. mendeko bizimodurako prestatzen ari gara Ordizia», zehaztu zuen. Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotzia den aldetik, kulturan eta hezkuntzan inbertitzearen garrantziaz jabetzeko deia egin zien udalbatzako alderdiei, «etorkizunean inbertitzea» dela esanez.

«Kanpoan utzi gaituzue»

Maizak esandako hitzak baliatuz argudiatu zuen aurrekontuen aurkako botoa Aralarreko Mikel Leundak, motz-motzean. «Txekeo komuna zuek egin duzue, gu kanpoan utzi gaituzue eta». Aldeko 9 botorekin eta aurkako batekin onartu dituzte aurrekontuak.

aurrekontua



11.300.000

Euro. Ordiziako Udalak 2010. urterako izango duen berezko aurrekontua, iaz baino milioi bat euro gutxiagokoa.

Aurrekontu orokorra

22.455.00 euro. Kopuru horretan udalaren berezko aurrekontua (11.300.000), San Jose egoitzarena (2.105.000), Herri Antzokiarena (78.000), Majori kiroldegiarena (878.400) eta Ordizia Lantzenena (8.100.000) daude sartuta.

Aurrekontuak sailka

Administrazioa eta ondarea. 2.525.000 euro (%25,32).

Hirigintza eta obrak. 530.400 euro (%5,32).

Gizarte ongizatea. 2.140.000 euro (%21,46).

Herritarren partaidetza. 102.000 euro (%1,01).

Kultura eta hezkuntza. 1.021.000 euro (%10, 24).

Euskararen sustapena. 230.000 euro (%2, 31).

Zerbitzuak. 1.527.000 euro (%15, 31).

Agenda 21. 55.000 euro (%0, 55).

Festak eta azokak. 665.000 euro (%6, 67).

Ogasuna. 364.000 euro (%3, 65).

Kirola. 600.115 euro (%6, 02).

Sustapena eta garapena. 213.284 euro (%2, 14).

Inbertsio nabarmenenak

Hirigintza. 233.000 euro.

Etxebizitza. 108.000 euro.

Bide publikoak. 183.000 euro.

Lan sustapena. 155.000 euro.

Argiteria. 245.000 euro.

Gazteria. 128.000 euro.



Aralarren bi mozioak atzera bota dituzte, kontramozio eta guzti

Benedikto XVI.a aita santuak preserbatiboaz egindako adierazpenei eta osoko bilkura orduz aldatzeari buruzkoak ziren.

i. gurrutxaga



Aurrekontuei buruzko puntuaren aurretik, Aralar alderdiak sartutako bi mozio eztabaidatu zituzten. gay eta lesbianen EHGAM kolektiboaren mozioa eraman zuen bilkurara Mikel Leundak, Benedikto XVI.a aita santuak preserbatiboaz egindako azalpenak kritikatzen zituena. EAJk, ordea, kontramozioa aurkeztu zuen, aita santuaren esanak ez dituztela baloratuko esanez. Hies gaitzari aurre egiteko preserbatiboaren erabileraren alde egin zuen EAJk. EAk alde bozkatu zuen, eta PSE-EEk eta Aralarrek ez zuten bozkatu. Iñaki Dubreuilek EAJk kontramozioa sartzeko modua egokia ote zen galdetu zion idazkariari, eta hark erantzun zion «beti horrela» egin izan dela. Ondoren Aralarrena bozkatu zen. Leundak alde bozkatu zuen, eta EAk ere bai, nahiz eta testuaren hasierako atal batekin ados ez egon. PSE-EEko hiru ordezkariek ez zuten bozkatu, eta EAJk aurka bozkatu zuen.


Aralarraren eskaerari muzin

Osoko bilkurak arratsaldeetan egiteko eskaera egin zuen beste behin Leundak, eta udalaren barne araudiari aipamena egin zion. Bilkurak goizean egitea herritarren partaidetzarekin bat ez datorrela gogorarazi zien gobernu taldekoei eta «jarrera inkoherentea» edukitzea egotzi. Hitzik esan gabe, aurka bozkatu zuten gobernukideek.



Gonzalez proposatu dute Galparsororen ordezko

Jakintza dantza taldearen entsegu lokalaren egoera kaskarraren berri eman zien arduradunak gobernu taldekoei, publiko artetik.

i. gurrutxaga



Uda hasieran utzi zuen zinegotzi kargua EB-Berdeak/Aralar udal taldeko Maialen Galparsorok, eta haren ordezkoa izendatzeko prozesua argitze bidean da. Zerrenda horretan hirugarrenak eta laugarrenak, Leonor Urangak eta Martin Zurbanok, karguari uko egin diote, eta Carlos Gonzalez proposatu dute kargu horretarako. Erabakia Hauteskunde Batzorde Orokorrera bidaltzekotan geratu ziren, hautagai horren izendapena egin dezan.

Jakintzaren lokalari buruz

Jakintza dantza taldeko arduradun Izaro Insaustik Milagrosan duten entsegu lokalaren egoera kaskarraren berri eman zuen galde-erreguen txandan. Jose Migel Santamariak gaiari buruz hitz egiteko konpromisoa hartu zuen.

2009/12/08

> Berria: Hiesa > GIPUZKOA: EHGAM IZENEAN, I. OIARBIDEK AURKEZTUTAKO MOZIOA ONARTZEKO PROPOSAMENA LEGORRETAN

  • Legorreta: 2010eko udal aurrekontuak bihar onartuko dira ez ohiko plenoan
  • El Diario Vasco, 2009-12-08 # Esnal . Legorreta
Bihar asteazkena, arratsaldeko 8:30ean, Udaletxeko areto nagusian, Pleno Berezia burutuko da. Bertan, 2010 urterako udal aurrekontuaren proiektua onartzeko proposamena izango da mahai gainean. Baita, honako gaizerrenda ere izango dute aztergai udalkideek: 2009ko udal aurrekontuaren 07/2009 kreditu aldaketa espedientea onartzeko proposamena; 2007.07.26an onarturiko udalkideen kalteordainen aldaketarako proposamena; 2010 ekitaldirako Udal Langileen Lanpostuen Zerrenda onartzeko proposamena; EHGAM izenean, I. Oiarbidek aurkeztutako mozioa onartzeko proposamena; eta azkenik, 'Gazte mugimenduaren kontrako espainiar estatuaren eraso errepresiboaren aurrean' izeneko I. Oiarbidek aurkezturiko mozioa, onartzeko proposamena.

2009/12/04

> Berria: Hiesa > ARRASATEK EHGAMEN MOZIOA ONARTU DU

  • Arrasate: Gazte independentisten aurkako polizia operazioa konponbiderako 'oztopo' dela uste du Udalak
  • Goiena, 2009-12-04 # Jokin Bereziartua
Atzo egin zen abenduko osoko bilkuran hiru mozio aurkeztu ziren, eta horietatik bi izan ziren onartu zirenak. Honakoak izan ziren onartu ziren bi mozioak: Benedikto XVI.a Aita Santuak antisorgailuen harira esandakoen aurkakoa eta joan den asteko gazte independentisten aurkako polizia operazioaren kontrako mozioa. Bestalde, PSE-EE taldeak aurkeztu zuen enplegurako eta tokiko iraunkortasunerako Estatuko Fondoan sustatzeko diren ekimenen gaineko mozioa ez zen onartu. Izan ere, sozialistek bakarrik bozkatu zuten mozio horren alde.

Oihana Aranburuk aurkeztu zuen Segi auziko sarekadaren aurkako mozioan PSE-EE eta PP izan ziren aurka bozkatu zuten alderdi bakarrak. Beraz, aldeko 15 boto –ezker abertzalea, EAJ, Alternatiba-Zutik, EA eta Aralar– eta aurkako lau –PSE-EE eta PP– izan ziren. Mozio hau izan zen hautetsien artean eztabaida gehien eragin zituena. Hala, aldeko botoa eman zutenek konponbidearen aurkako estrategiaren emaitza moduan definitu zuten joan den asteko polizia operazioa. Hainbat udal taldek, EAk kasu, ETAk mina besterik ez duela egiten adierazi zuten, baina Estatu espainiarraren blokeoa gainditu beharra dagoela gaineratu zuten.

PSE-EEko Aritz Arrietak, bestalde, adierazi zuen "lotsagarria" dela halako mozio bat Iñaki Uria enpresaburuaren erailketaren lehen urteurrenean aurkeztea. Gainera, esan zuen, atxilotuak ez dira "katekesira doazen gazteak, ETAren etxerako lanak gauzatzen dituztenak dira".

Azkenik, ikusle moduan joan zen herritar batek hartu zuen hitza Arrasateko gazte mugimenduaren izenean. Honakoa adierazi zuen: "guk ez genuen ETAren aurkako operazioa izan zenik ikusi, herri honen alde hamaika proiektutan lanean dabiltzan gazteen aurkako sarekada baizik. Izan ere, atxilotutako gazteak gazte asanbladetan, bilgune feministan eta beste hainbat kolektibotan zeuden lanean". Herrigintzan egindako lana goraipatzeaz gain, Arrasateko gazte mugimenduak exijitu zuen euren proiektuak aurrera eramateko eskubidea.

Benedikto XVI.a Aita Santuaren adierazpenen harira (antisorgailuak Hiesa zabaltzen laguntzen dutela adierazi zuen Kamerunen) Alternatiba-Zutik udal taldeak –EHGAM-en eskaera aintzat hartuz– aurkeztu zuen mozioari dagokionez, aldeko 16 boto –Alternatiba-Zutik, ezker abertzalea, EA, PP, PSE-EE eta Aralar– eta aurkako hiru boto –EAJ– izan zituen. EAJk mozio alternatiboa aurkeztu zuen, Aita Santuaren adierazpenak kristauei soilik eragiten dietela arrazoituz. Honen aurrean, Ino Galparsoro alkateak honakoa adierazi zuen: "tamalez, Benedikto XVI.ak esaten dituenak oraindik eragin handia dute mundu osoan zehar". Horrez gain, Arrasateko Udalak bere konpromisoa berretsi zuen Hiesaren aurkako borrokan, Sexologia Zerbitzuaren bitartez.

> Berria: Politika > BIZKAIA: EHGAMEN MOZIOA ONARTU ZUEN BUSTURIKO UDALBATZAK

  • Busturia: Udalbatzak ospitalea egin dezala eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari
  • Ezker abertzaleak horren alde aurkeztutako mozioa onartu du udalbatzak, aho batez.
  • Busturialdeko Hitza, 2009-12-04 # I. Madariaga
Busturiko udalbatzak Busturialdeko ospitalearen aldeko mozioa onartu zuen joan den asteko eguaztenean. Horrela, Busturialdean «hasierako proiektuan zehaztutako ezaugarriak dituen ospitalea eraiki dezala» eskatuko dio Udalak Eusko Jaurlaritzari.

Ezker abertzaleak aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuen udalbatzak. Idatziak dioenez, Bizkaiko osasun zerbitzuak «deszentralizatu egin behar» dira eta «herritarrenganako arreta hurbildu». Era berean, eskualdeak «24 orduko larrialdi zerbitzuak eta oheak» dituen osasun azpiegitura bat «behar» duela nabarmendu dute mozioan. «Hasierako proiektuan zehaztutako zerbitzuak» eskaintzen dituen ospitale baten beharrizana aldarrikatu dute. Busturiko udalbatzaren ustez, osasun azpiegiturak hainbat zerbitzu eskaini beharko lituzke: 70 ohe, pediatria eta helduentzako 24 orduko larrialdi zerbitzuak, erditzeak eta jaioberriak artatzeko zerbitzuak, espezialitate ezberdinak eta gaixoentzat oinarrizko azpiegitura publikoak.

«Gardentasun eza»
Udalbatzaren ustez, Gernika-Lumon egiten ari diren osasun zentroaren proiektuaren inguruan «kezka ugari sortu dira hasieratik» eta, diotenez, «Jaurlaritzak ez du gardentasunez jokatu». Horrez gain, egun «bertan eskainiko diren zerbitzuen inguruko informaziorik ez» dagoela adierazi dute. «2002. urtean, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuak onartuaz batera, Gernika-Lumon Erresoluzio Handiko ZentroÓ baterako proiektua ere onartu zen. Ondorengo urteetan atzerapen handiak jasan zituen egitasmoak. Tartean hasiera batean eraikuntza egingo zuen enpresaren porrota gertatzen da, eta proiektua beste enpresa bati esleitzen zaio».

Mozioaren arabera, osasun azpiegituraren kudeaketa «desegokia» izan da «hasieratik». «Lurzoruaren aukeraketak etorkizuneko zabalkuntzarako arazoak ahalbidetzen ditu. Horrez gain, hasiera batean proiektuak ospitale baten eraikuntza batzen du eta horrela jasotzen du honen txostenean. Gero oherik gabeko zentroa izango dela esan dute». Ezker abertzalekoen iritziz, Osakidetzatik «ez da informazio argirik eman».

Mozio gehiago ere onartu zituzten
Joan den astean Busturian egindako osoko bilkuran beste gai batzuk ere eztabaidatu zituzten. «Eliza Apostolikoaren Buru Ratzinger Aita Santuak antisorgailuaren erabileraren aurka egindako adierazpen lotsagarriak salatzeko» mozio bat eztabaidatu eta onartu zuten. Ezker abertzalearen proposamenez, EAren zinegotzi baten babesarekin eta beste zinegotzi baten aurkako bozkarekin eta EAJren abstentzioarekin, Euskal Herriko Gay-Lesbianen Askapenerako Mugimenduak (EHGAM) idatzitako testua onartu zuen Busturiko udalbatzak.

Beste alde batetik, emakumeenganako indarkeria sexistaren aurrean aurrerantzean Busturiko Udalak eman behar dituen urratsak zehazten dituen protokoloa ere onartu zuten alderdi politikoek, ahobetez.

2009/11/25

> Berria: Hiesa > OIARTZUN: GAUR BENEDIKTO XVIAK PRESERBATIBOAZ EGIN DITUEN AZALPENEN INGURUAN UDAL OSOKO OHIKO BATZARRALDIAN

  • Oiartzun: Udal Osoko Ohiko Batzarraldia egingo da gaur
  • El Diario Vasco, 2009-11-25
Gaur arratsaldeko 19:00etan, Oiartzungo Udaletxeko Areto Nagusian, Udal Osoko Ohiko Batzarraldia egingo da, besteak beste, ondoren adierazten den gai zerrendaren baitan: Geldialdi orokorra nekazaritzan eta manifestazioa Madrilen lemapean EHNE-k aurkeztutako mozioa, Benedikto XVIak preserbatiboaz egin dituen azalpenen inguruan Ehgamek aurkeztutako mozioa eta 'Espainiar estatuaren azken eraso errepresiboa'ren aurrean aurkeztutako mozioa. Kontratazio mahai iraunkorraren kideak izendatu eta argitaratzeko proposamena. Datuen Babesaren inguruan Jardunbide Egokien Eskuliburuaren edukiei buruzko proposamena. Sententzia bati kasaziozko errekurtsoa jartzeko akordioa berresteko proposamena. Gipuzkoako Parketxe Sarea GPS Fundazioa eratzeko proposamena eta Gipuzkoako Taxisten Elkarteak 2010erako tarifen proposamena. Hauek dira gaurko batzarrean jorratuko diren gaietako batzuk.

2009/11/18

> Iritzia: Gara > TRANSEXUALEN ESKUBIDEAK AITORTZEKO LEGEAK ESKUBIDE HORIEK ERRESPETARAZTEKO IZAN BEHAR DU

  • Transexualen eskubideak aitortzeko legeak eskubide horiek errespetarazteko izan behar du
  • Gara, 2009-11-18
Legeak agintariek herritarren onerako sortutako xedapenak dira. Hala behar luke, baina legeen helburua asetzearen ondorioz eta ez hiztegiak hala dioelako soilik. Joan den astean Nafarroan transexualen eskubideak aitortzen dituen legea onartu zuten, eta gutxiengo baztertu baten egoera hobetuko duen legea onartzea berez pozgarria da; espero izatekoa da ondoren betetzea, bere helburua lor dezan. Beti ez da hala gertatzen, ordea, eta kasu horietan legearen funtzioa apaingarri hutsarena da. Iñigo Lamarca arartekoak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako ere eskatu du transexualen eskubideak aitortzen dituen lege bat. Eta Arartekoak eskaera hori egiten zuen bitartean, 2009ko aurrekontuetan onartutako transexualentzako kirurgia ebakuntzak egiteko laguntzak desbideratu egin ditu PSEk. Diru kopuru hori Osakidetzak kirurgia horiek ez zituelako bere gain hartzen sortu zituen Gizarte Gaietako Sailak eta, txikia izan arren, laguntza zen. Orain, krisia dela-eta, omen, laguntza txiki hori kendu dute, gizarte gastua ez murrizteko promesari muzin eginez. Transexualen legea iragarri dute, apaingarri bat nonbait, hura onartu baino lehen ahaztuta baitute zertarako balio duen.

2009/11/13

> Berria: Trans > TRANSEXUALEN ESKUBIDEAK BERMATZEKO LEGEA ONARTU DU NAFARROAKO PARLAMENTUAK

  • Transexualen eskubideak bermatzeko legea onartu du Nafarroako Parlamentuak
  • UPNk bakarrik bozkatu du legearen aurka Nafarroako beste gutxiengo asko «egoera okerragoan» daudelako
  • Berria, 2009-11-13 # Naiara Elola . Iruñea
Nafarroako Parlamentuak Transexualen Legea onartu du NaBai, PSN, CDN eta NEBen babesarekin. UPNk aurkako botoa eman zuen atzoko saioan, legea «Espainiako Konstituzioaren aurkakoa» dela argudiatuta. Lege horren bitartez, Nafarroako transexualen eskubideak bermatu nahi dituzte. Hala, hainbat neurri hartuko dituzte hezkuntza, lanbide eta gizarte arloan. Horrez gain, legeak dioenaren arabera, «kirurgia zerbitzuetarako eta osasun sistema publikoko zerbitzuak jasotzeko eskubidea izango dute».

Transexualen eskubide eta beharrizanak betetzea du helburu lege berriak. Adingabeak diren transexualen kasuan, esaterako, «eskubide osoa» izango dute beharrezko diagnostikoa eta tratamendua jasotzeko, batez ere hormonen terapia. Horren bitartez, kolektibo horretako kideen bizi kalitatea hobetu nahi dute. Gainera, arreta berezia jarriko dute lan, gizarte eta hezkuntza arloan, «berdintasuna» erdiesteko baliabide gisa.

Onartu berri duten egitasmoaren bitartez, Osasunbidean adituen batzorde bat eratuko dute pertsona transexualak artatzeko gida bat osatzeko. Hala, transexualak diren lagunek sexuz aldatzeko eman beharreko medikuntza zein psikologia pausoak zehaztuko dituzte. Joseba Ezeolaza NaBaiko Nafarroako parlamentariaren arabera, «egun garrantzitsua» izan zen atzokoa «tolerantziarentzat». Iritzi bera azaldu zuen Martin Berenguer FELGTB Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Espainiako Federazioko bozeramaileak: «Nafarroako legea Europan aitzindaria da».

Dena den, UPNk Transexualen Legearen aurkako botoa eman zuen. Javier Markotegi UPNko parlamentariaren irudiko, «beste gutxiengo asko daude Nafarroan, transexualak baino egoera okerragoan». Aintzat hartzen ez diren gutxiengoen eskubideak non dauden galdetu zuen.

Ezeolazak gogor kritikatu zuen UPNk lege horren inguruan izan duen jarrera: «Moral arkaikoari erantzuten dioten aurreiritziengatik bozkatu du ezetz UPNk». Ildo beretik, Amanda Acedo PSNko parlamentariak ontzat jo du transexualen eskubideen aldeko legea: «Nire ustez, transexualen kolektiboak dituen zailtasunak gainditzeko baliabide egokia onartu dugu», adierazi zuen. UPNk egungo gizartearen errealitatearen aurrean begiak ixten dituela ere salatu zuen Acedok.

Berenguerrek onartu zuenez, ezustean harrapatu du UPNk legearen aurka bozkatu izanak: «Katolikotasunaren eta kristautasunaren aurkako jarrera da UPNrena, ez dituelako gizabanako ororen oinarrizko eskubideak aitortzen». Bestalde, NaBai talde parlamentariaren jarrera goraipatu zuen Berenguerrek. Izan ere, alderdi politiko horren egitasmoa izan da transexualen legearen proposamena. «Kolektibo batek hamaika aldarrikapen egiten baditu ere, alderdi politiko baten babesik gabe oso zaila da aldarrikapen horiek egia bihurtzea», gaineratu zuen transexualen alde lanean aritzen den ekintzaileak. 2003an aurkeztu zen lehenengoz transexualen lege proposamena.

Eusko Jaurlaritzaren pausoa
Iragan irailean, Eusko Jaurlaritzak ere Transexualen Legea idazteko prozesua abiatu zuen. Gemma Zabaleta Gizarte Gaietarako sailburuak ekainean esan zuenez, «transexualei arreta integrala eta normalizatua ematen ahaleginduko da Jaurlaritza». Sexuz aldatzeko ebakuntzak lehentasun izango zirela ere jakinarazi zuen sailburuak. Lege egitasmoak bultzatzea, transexualitateari patologia izaera kentzea, erregistro zibileko arazoak konpontzea eta osasun zerbitzuak hobetzea proposatzen du, besteak beste.

  • Ivan Garde . Ilota Ledo elkarteko presidentea: «Garrantzitsua da aitortzea ez dela gaixotasuna»
  • Berria, 2009-11-13 # N. Elola . Iruñea
Nafarroako Parlamentuak Transexualen Legea onartu ostean pozik dago Ivan Garde, Ilota Ledo Nafarroako transexualen elkarteko presidentea. Gardek transexualen eskubideen aitortza gisa ikusten du lege berria, berdintasuna erdiesteko baliabide bat delarik. Dena den, argi utzi du urte luzez egindako lanaren fruitua dela atzo onartutako legea.

Zer iruditzen zaizu Nafarroako Parlamentuan onartutako Transexualen Legea?
Benetan lege berritzailea iruditzen zait pertsona transexualen tratamenduari dagokionez. Transexualitatea ez dela gaixotasun bat dio legeak, eta hori oso garrantzitsua da guretzat. Izan ere, egun jende andana dago gu, transexualok, gaixoak garela pentsatzen duena. Gainera, identitatea errespetatuz eratu da legea.

Parlamentuaren erabakiaren bitartez, zer onura izango ditu transexualen kolektiboak?
Lehen transexualak ez ginen autonomoak, gure egunerokotasuna trabaz beterik baitzegoen. Hala, legeak pertsona gisa duindu egiten gaitu, gainontzeko herritarren maila berean egongo baikara. Baina hori horrela izan dadin, ezinbestekoa da legeak jasotzen dituen baliabideak martxan jartzea.

Zeintzuk dira ezinbestekoak diren baliabide horiek?
Nik uste hezkuntza arloan transexualen gaia era sakonagoan landu behar dela. Badakit egungo gizartea sexista dela, baina hori horrela izan ez dadin hezkuntzan lan handia egin behar da berdintasuna lortzeko.

Transexualak artatzeko adituen batzorde bat sortuko da; zein onura eragingo dio transexualen kolektiboari?
Transexualitateak egoera bat dakar, izaeraren beraren atzean, klandestinitatea. Sarritan, transexualok ezkutuan garatu behar izaten dugu gure sexualitatea. Adituen batzordea eratzen bada, sexu aldaketaren moduko prozesu gogorrak era egokian landu ahal izango dira. Hala ere, legeak transexualok ditugun osasun beharrez gain, behar psikologiko eta juridikoak ere jasotzen ditu, eta hori oso garrantzitsua da.

UPNk bakarrik bozkatu du aurka. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Nire irudiko, UPNrekin hitz egitea dinosauroekin aritzea bezala da. Alderdi horrek islatzen duena da egun transexualitatearen inguruan aurreiritzi asko daudela.

2009/11/12

> Berria: Trans > NAFARROAKO PARLAMENTUAK TRANSEXUALEN LEGEA ONARTU DU GAUR

  • Nafarroako Parlamentuak Transexualen Legea onartu du gaur
  • Neurriak Ganberako alderdi guztien babesa jaso du UPNrena izan ezik. Hala, lege berriarekin, transexualek osasun publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak erabili ahalko dituzte.
  • EITB, 2009-11-12
Nafarroako Parlamentuak Transexualen Legea onartu du Ganberako alderdi guztien babesarekin, UPNrena salbu.

Hau da Estatuko erkidego batek honen gisako neurri bat onartzen duen lehen aldia, beraz, transexualen kolektiboarentzat oso urrats garrantzitsua da eskubideen eta tolerantziaren eremuan.

Nafarroa Bai alderdiak egin zuen lege-proposamena, eta gaur azpimarratu dutenez, legearen onarpena "aldarrikapen historiko baten amaiera biribila" da.

Horren harira, Jose Apaolaza NaBaiko parlamentariak azaldu du lege berriarekin, "Nafarroak leku berezia hartzen duela giza eskubideen mapan eta beraz, ortzadarra margotuko dutela.

Lege berriak, besteak beste, transexualen eskubideak biltzen ditu, hau da, jaiotzean jaso zuten sexuaren aurkakoa dutela sentitzen dutenena. Gauzak horrela, osasun zerbitzu publikora jo ahalko dute laguntza psikologikoa edota kirurgiarako dituzten beharrizanetarako.

Horrez gain; lan, hezkuntza eta justiziaren eremuan ere neurriak hartuko dira, era guztietako diskriminazioa saihesteko. Azken helburua; transexualen eskubideak errespetatu eta bermatzea.

2009/10/09

> Komunikatua: EHGAM > EHGAM ETA HOMOFOBIA, LESBOFOBIA ETA TRANSFOBIAREN AURKAKO MOZIOA DULANTZIN

  • EHGAM ETA HOMOFOBIA, LESBOFOBIA ETA TRANSFOBIAREN AURKAKO MOZIOA DULANTZIN
  • EHGAM, 2009-10-09
EHGAM-ek Dulantziko ezker abertzaleko zinegotzia zoriondu nahi du lesbofobia, transfobia eta homofobiaren kontrako mozioa aurkezteagatik. Gainera, udalbatzarrera eramatea ahalbidetu duten zinegotzi guztiak ere zoriondu nahi ditu.

Mozio honetan transexualen zein lesbianen kolektiboak kontuan izana nabarmendu nahi dugu. Kolektibo horiek dira gizarteak haien gorputz eta desioekiko duen fobia gehien jasaten dutenak.

Mozioa, gainera, transexualitatearen despatologizazioaren aldeko nazioarteko dinamikarekin aldi berean egin dute. “Trans despatologizazioaren aldeko Sarea”-ak dinamika hau egingo du eta Gasteizen, Donostian eta Bilbon EHGAM-ek antolatuta, beste talde batzuekin batera. Kanpaina honen barruan zenbait ekitaldi antolatzen ari dira. Horietako bat munduko hiri ezberdinetan urriaren 17an konzentrazio bat egitea da. Gasteizen Andra Mari Zuriaren plazan izango da arratsaldeko 18.00etan. Beraz, mozioa oso momentu egokian ageri da dugun herri, estatu, eta nazioarteko testuingurua kontuan hartuta.

Honekin batera, munduan diskriminazio larriak jasaten dituzten LGTB milioika petsonekiko elkartasuna dioen puntua nabarmendu nahi dugu. Mauritania, Saudi Arabia, Sudan, Iran, Yemen, Nigeria eta Somaliako zonalde batzuetan heriotza-zigorra dago. Beste 72 herrialdetan gartzela-zigorrak, latigazoak... jasaten dituzte. Heterosexuala ez dena eta araua jarraitzen ez duena egoera larrian dago. Hau da, gaur egun herrialde batzuetan, adibidez Vaticanon, homosexualitatearen despenalizazioaren aurka daude. Beste muturrean, Dulantzi eta Egiletako Udala dauzkagu. Hauek LGTB pertsonak bizitzeko eskubidea eta bakean bizitzearen alde daude.

Honetaz gain, testuan zehar egiten den LGTB kolektiboarekiko hurbiltzea aipatu nahi dugu, Udaleko eraikuntzan bertan heteronorman ez dauden pertsonak egoteko aukera ematen duelarik. Ohituta ez gauden jarrera berria da hau, armairu instituzionalatik ihes egiten baitu eta batzuk sinestu nahi duten baino askoz errealitate ohikoagoa agerian uzten duelako.

Hau guztia kontuan hartuta, EHGAM-ek kolektibo honetako zenbait pertsona udalbatzarrera joango direla jakinarazi nahi du hurbiletik jarraitu ahal izateko. Horrela, Dulantzi zein Egiletako hiritar guztiekin poza partekatuko dugu eta lesbofobia, tranfobia eta homofobiaz aske den eta askapen sexualerako irekia dagoen gizarte baterako bidea partekatu ahal izango dugu.

2009/10/01

> Berria: Salaketa > ELIZAREN ALDE ETA LGTB KOLEKTIBOEN AURKA ARITZEA EGOTZI DIO EHGAMEK EAJRI

  • Elizaren alde eta LGTB kolektiboen aurka aritzea egotzi dio EHGAMek EAJri
  • Berria, 2009-10-01
EAJ Eusko Alderdi Jeltzaleari kontuak eskatu dizkio EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak, Espainiako Kongresuan ez baitzituen Benedikto XVI.aren hitzak gaitzetsi. IU eta ICV alderdiek proposamena aurkeztu zuten Kongresuan; Afrikan egon zenean, Benedikto XVI.ak preserbatiboaren aurka hitz egin zuela, eta hori gaitzetsi nahi zuten bi alderdi horiek. EAJk adierazpenaren aurka bozkatu zuen -baita PPk eta CIUk ere-, eta atzera egin zuen proposamenak. Galdera egin dio EHGAMek EAJri: «Eliza da herriaren bizitza politikoan eragin behar duena? Elizari dagokio sexu osasunaren edo gorputzen askatasunaren eskubidearen inguruan legeak egitea?». PSOEren jarrera ere gaitzetsi du EHGAMek, ez zuelako adierazpenaren alde bozkatu.

2009/09/30

> Komunikatua: EHGAM > BENEDICTO XVI-EN ADIERAZOENEN AURREAN, PNV-REN JARRERA SALATZEN DU EHGAM-EK

  • BENEDICTO XVI-EN ADIERAZPENEN AURREAN, PNV-REN JARRERA SALATZEN DU EHGAM-EK
  • EHGAM, 2009-09-30
Prentsa-ohar honen bidez EHGAM-ek (Euskal Herriko Gay-les Askapenerako Mugimendua) PNV-ek diputatuen kongresuan IU eta ICV-ren ekimenaren aurrean izandako jarrera salatu nahi du. Ekimen honen bitartez, IU eta ICV-k Benedicto XVI-k, Afrikara joan zenean, egin zituen preserbatiboaren erabilpenaren kontrako adierazpenak gaitzesten dute.

Talde honen diputatuak, Aitor Esteban-ek, eliza katolikoaren burukide gorenaren adierazpenen inguruan iritzi bera izan ez arren, ekimenaren kontra bozkatzea erabaki dute moralaren eremuan elizak zer pentsatu behar duen ez dela kongresuaren zeregina uste dutelako.

Hala ere, nabarmentzekoa da, alderdi honek ez dituela adierazpen berdinak egiten kontrako zentzuan; hau da, talde antolatu honek, eliza katolikoa, gizartea eta klase politikoa, komunikabideen bitartez zein politikoki presioa egiten dienean askapen sexualaren kontra, abortuaren eskubidearen kontra, eta azken finean pertsona bakoitzak bere gorputzarekin egokia uste duena egiteko aske izatearen kontrako iritzia ematen duenean.

Gogoratzekoa da alderdi honek duen erlijio-ibilbidea eta hautatutako karguak erlijioekitaldietara joan ohi direla; beraz, hona hemen galdera, eliza da herriaren bizitza politikoan eragin behar duena? Elizari dagokio sexu-osasunaren edo gorputzen askatasunaren eskubidearen inguruan legislatzeak?

Gainera, alderdi honek Benedicto XVI-k giza eskubideen aldeko erabateko alegatua egin zuela azpimarratzen du. GIBaren errealiataea hain gogorra den herrialde baten, preserbatiboaren kontra aritzea giza eskubideen alegatua egitea da PNVrentzat?

Ez dugu onartuko PNV-ren jarrera (zein CiU eta PP-rena ere, kontra ere bozkatu baitzuten), baita PSOE-rena ere, ez baitzuen bozkatu. Gogorazten diegu holako jarrerak ez direla kide onak askapen sexualaren alde borrokatzen dugun erakundeokin batera egin nahi duten ustezko ibilbide honetan.

PNV eta PSOE-eko jaunak, badakigu PP aurrean dugula, baina, zuek non zaudete? Lesbiana, gay eta transexualen kolektiboarekin batera edo baztertzen eta diskriminatzen gaituzten kolektiboekin?

Alderdi hauek EHGAM eta sexu-askapenaren aldeko beste erakundeekin bilerak egiteko eskakizunak egin dituztela jakinarazi behar dugu, PSOE-ren kasuan Eusko Jaurlaritzan burutu ere egin dira, baina ez dugu ulertzen bilerak egiteko eskakizunen zergatia erderaz esaten den moduan "a dios rogando y con el mazo dando" daudenean.

2009/03/07

> Iritzia: Olatz Berastegi > KONTROLA; HEZIKETA

  • Kontrola; heziketa
  • Nerabeen sexu harremanak (III)
  • Berria, 2009-03-07 # Olatz Berastegi - Sexologoa
Pornografia, indarkeria, bortxaketak, geroz eta gehiago entzuten ditugun hitzak dira. Azkenaldian, horrelako hitzekin lotzen dugu sexualitatea. Ez al da susmagarria sexualitatea beti egoera negatiboekin lotzea? Gaurkoan ere, lege proposamena dela edo ez dela, hori ekarriko dut gogora.

Sexualitatea pertsona guztiok dugun ezaugarri bat da. Guztiok, emakume eta gizon izanik, gure gorputza bizitzeko eta sentitzeko era daukagu. Horrela, sexualitateaz hitz egiteak sexualitateak -pluralean- aldarrikatzera eraman beharko gintuzke: zenbat pertsona, hainbat errealitate.

Gure gorputza gurekin daramagu jaiotzetik hil arte, eta etengabe harekin harremana eraikitzen ari gara; hori bai, ezin dugu ahaztu gure bizitzan baditugula memento zailagoak; garai jakinetan, gure gorputzarekiko harremana osasuntsu eraikitzeko, besteen babesa behar dugu, haurtzaroan eta nerabezaroan, adibidez. Haurrak eta gazteak babestu behar ditugu helduok. Haien bizipenak ulertzeko, barneratzeko, norberaren identitatea osatzeko... euskarriak eman behar dizkiegu.

Horretan, beraz, bat nator lege proposamenaren oinarriarekin, hau da, haurrak eta gazteak babestu behar dira, indarkeriarik jasan ez dezaten. Baina hori ez gertatzeko zer-nolako bideak hartu behar diren aztertu beharko genuke. Horregatik, legeak planteatzen duenaren aurrean, hausnartzeko puntu batzuk nabarmenduko nituzke:

1. Legea aplikatzeko gertaera bat aztertuko da, baina nork aztertuko du? Nori dagokio norberaren bizipena aztertzea? Norberaren errealitatearen azterketa egitea norberari dagokio. Besteok, kanpotik begiratzen dugunok, errealitate hori analiza dezakegu, datuak aztertu, baina inola ere ez interpretazio bat eman. Noski, norberari bere errealitatea interpretatzen laguntzeko euskarriak eman diezazkiokegu. Hori bai, besteen errealitatea aztertzeak errespetuzko jarrera eta askatasunean oinarritutako begirada eskatzen dituela ahaztu gabe.

2. Legean aipatutako jarrerak ikusten ditugunean, gure helburua zein da? Epaitzea edo pertsonari hezten laguntzea? Pertsonei hezten lagundu nahi badiegu, bide zuzenena heziketa dela esango nuke, heziketa integralaren bidea. Gaur egungo heziketa sexuala aztertu beharko genuke, hezkuntzan ze tarte eskaintzen zaion, zer-nolako interbentzioak egiten diren, zein adinetan eskaintzen den... Gaur egungo hezkuntzan, esaterako, zer garrantzi dauka gorputzak? Hezkuntza sistemak zein euskarri eskaintzen dizkigu gure jarrerak ulertzeko, geure burua hezteko?

3. Aipatutako egoerak ekiditeko, zer erantzun eraiki nahi ditugu gizartean? Epaiketan oinarritutako interbentzioa? Ez al diogu geure buruari galdetu behar zer gertatzen ari den horrelako egoerak suertatzeko? Indarkeriari aurre egiteko gure sexualitatea kontrolpean eduki behar al da?

4. Sexu harremanak arautzeaz ari garenean, zertaz ari gara? Besarkadak, laztanak, sexu harreman gisa hartzen dira? Horiek arautzeak babesa ematen du? Edo beldurra sortzen du?

5. Horren guztiaren atzean norbaitek planteatzen al du haur edo gazteek zergatik dituzten sexu harremanak?

6. Helduak eta haurrak besarkatzen, musukatzen, masajeak ematen ikusten ditugunean zerbait lizuna egiten ari direla pentsatu behar al dugu?

Pertsonen arteko sexu harremanak errespetuan oinarrituta eraikitzeko, hezkuntza da jorratu beharreko bidea. Legean aipatzen diren egoerak epaitzeko hainbat neurri hartu beharko dira, eta horretarako dirua beharko da. Zergatik ezin dugu diru hori osasun hezkuntza eraginkorra eraikitzen erabili? Hori bai, hezkuntza sexuala eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa da gaurko eredua aldatzea. Hau da, gaur egun heziketa sexuala egiten dela esaten da, baina hori oso puntuala da. Heziketa sexuala interbentzio puntualetara mugatzen da, eta askotan praktika sexual batzuen ondorioak ekiditera bideratzen da.

Hezkuntza sexual eraginkorrak geure burua ezagutzera bultzatzen gaitu, neska eta mutil izatea ulertzeko euskarriak eskaintzen dizkigu. Horrez gain, elkar ulertzera, elkarrekin bizitzera eta elkarrekin eraikitzera eramaten gaitu. Heziketa horrek kontuan hartzen ditu haurrak -pertsonak-: haien desioak, beharrak, eta norberaren berezitasunak. Beraz, azterketa bat egingo bagenu, ez da zaila konturatzea, oraindik ere, lan asko egiteke dugula. Ekin diezaiogun lanari, baina ezin dugu ahaztu indarkeria eta bortxaketak ekiditeko ez dugula sexualitatea kontrolpean jarri behar.

2009/03/06

> Iritzia: Imanol Alvarez · EHGAM > DELITUFILIA ETA DELITURASTIA

  • Delitufilia eta deliturastia
  • Nerabeen sexu harremanak (II)
  • Berria, 2009-03-06 # Imanol Alvarez - EHGAM taldeko kidea
Hilaren 17an, Madrilgo Diputatuen Kongresuan, esplotazio eta abusu sexualen aurrean haurrak babestearen beharraz EAJk aurkezturiko legez besteko proposamen bat onartu zen aho batez. Normala. Nor ez dator bat, bada, abusu eta esplotazioaren aurka umeak babestearekin?

Gehiegitan gertatzen den bezala, ordea, proposamen horretan argi-ilun kezkagarriak daude.

Lehenengo eta behin, argitu beharko genuke zer den umea. Ume, nerabe edo gazte gauza bera ote diren. Olabarria jaunak berak, bere ahozko azalpenean, proposamena arrazoitzean, Mari Luz 5 urteko neskatoaren desagerpena eta Marta 17 urteko gaztearen hilketa aipatzen ditu. Txarto hasten gara, bada. Horrek gogora ekartzen digu paradigmatiko bihurtu zen Arny kasua. Pederastiaz eta pedofiliaz hitz egiten zen etengabe, eta ustezko biktima gaixoak 17 urteko mutilak ziren, gaizkile izatetik gertuago zeudenak biktima izatetik baino.

EHGAMen hasiera-hasieratik pentsatu dugu sexu-harremanetarako onespen adina jartzea ez dela, berez, beharrezkoa, nor bere heldutasun sexualera -nolabait esatearren- une diferentean irits daitekeelako. Halere, jartzekotan, zentzuzkoa izan beharko du. Adibidez, 70eko hamarkadan, nesken onespen adina 23 urtekoa zen, eta mutilona 21, gaur egun barregarri suerta dakigukeen arren. Ezkontzeko adina, berriz, 12 urtekoa zen neskentzat, eta 14 mutilontzat; beti ere, jakina, gurasoen oniritziarekin. Hura hipokresia adierazgarria!

PSOEk 12 urte proposatu zuenean 1995ean, zentzuzkoa iruditu zitzaigun, eta, azkenean -PPren presioak medio-, 13 onartzea izugarrizko lorpena zan da. Gu geu gazteak ginen, eta bagenekien zer zen ezin lasai ligatzea ia ia NA eskatzen ibili gabe. Modu berean, 14-16 urteko neska-mutil nahikotxo hurbiltzen ziren gugana, onespen adinaz galdezka edota jaitsarazteko zerbait egin genezan eskatuz.

Ez dugu uste, hortaz, adina igo behar denik. Erabat kontra gaude. Baina, igoko balitz, ezkontzekoa ezingo litzateke beherago ezarri. Bestela, umeak defendatzearen aitzakiaz, ulertuko genuke politikari horiek India aldean eta herri musulmanetan gertatu ohi direnen moduko alaben saltzeak-edo ahalbideratuko dituztela.

Adina gorabehera, EAJk aurkezturiko testuan anbiguotasun beldurgarriak daude, eta batzuetan errepresio absurduaren paroxismora heltzen da:

Behin eta berriro aipatzen du adintxiki eta halako hitzak (adingabe, adin txikikoak...), baina ez du zehazten onespen adinaz ari den ala ez. Gauza bera gertatzen da haur (haur prostituzioa, haur pornografia...) hitzarekin. Interpretatu ahal izateko, lehenengo jakin beharko genuke testu egilearentzat 17 urteko neska bat haurra den edo ez.

Salatuaren heriotza zibila proposatzen da, nola edo hala, besteak beste, kargu publikoa izateko edota lanbidean aritzeko inhabilitazioa ere eskatzen baita.

7. atalean, haur pornografia ikustea bera delitu izan behar duela dio. Hau da, Emulez jaisten baduzu, demagun, Los diez mandamientos (Hamar aginduak) izeneko artxiboa, pelikula ikusteko irrikan zaudelako, baina kasualitatez adar joleren batek (askotan gertatzen den bezala) eduki pornografikoa eskegi badu izenburu horren pean, umerik agertuz gero, akabo! Kartzelara bizitza guztiko. A, noski! Ahaztua nuen, pelikulak jaistea ere bada delitua.

Terminoen indefinizioa profitatuz, 9. atalean esaten du delitua izan behar dela adin nagusi batek adintxiki (?) bati sexu harreman adostuak izateko eskatzea bera.

3. puntuan adingabekoen askatasun eta indemnetasunaren kontrako delituen goraipamena zigortzea eskatzen da. Gu, ados. Baina, zer da goraipatzea? Zeren Konstituzioa aldatzea eskatzea ere Konstituzioaren kontrako delitua litzateke, askoren ustez...

Delituak asmatzeko obsesio paranoide honek izena eduki behar du. Delitufilia, agian? Deliturastia, akaso?

Eztabaida dezagun. Bai, horren guzti horren inguruan. Defenda dezagun, bai, askatasuna. Jazar eta zigor ditzagun, bai, bortxaketak, abusuak, engainuak... edozein adinetan. Are kemenago nahi badugu umeen kasuan, ados. Ez gaitezen ito, ordea, tabu eta beldur atabikoak baino beste oinarririk ez duten debeku eta errepresioetan.
  • Bihar: Olatz Berastegi, sexologoa.

2009/03/05

> Iritzia: Emilio Olabarria > ADINGABEEK BABESA MEREZI DUTE

  • Adingabeek babesa merezi dute
  • Nerabeen sexu harremanak (I)
  • Berria, 2009-03-05 # Emilio Olabarria • EAJko diputatua
Egungo gizarteak duen ezaugarri aipagarrienetako bat honako binomioan oinarritzen da: delitua izan daitezkeen ekintzen aurrean adingabeek duten ahulezia, eta zenbait kolektibo babesteko legedi penalak dauzkan hutsune ugariak; horien artean, konkretuki, ume eta adingabeek osatzen duten taldeari dagokiona. Are gehiago sexualitatearekin zerikusia duten delituak dauzkagunean aztergai.

Kasu hauek arreta berezia eskatzen dute, adingabeak bereziki sentiberak baitira askatasun sexualari eta intimitateari erasotzen zaienean. Gainera, uste baino gehiagotan erasotzailea biktimaren inguruko norbait izan ohi da, eta horrek adingabearengan sentimendu nahasiak sortzen ditu eta salaketa aurrera eramatea zailagoa izaten da. Hori gutxi izango balitz bezala, ez dugu ahaztu behar horrelako ekintzak intimitate ilunean egiten direla eta, beraz, horren adierazgarri diren frogak aurkitzea ez dela izaten erraza.

Horrexegatik, eta orain arte azaldutakoa ikusi ondoren, harritzekoa da Estatuak arazo honen inguruan idatzi diren hainbat lege eta normatiba berretsi ez izana. Hala nola Umeen sexu explotazioaren aurkako babesari buruzko R Aholkua (2001), Ziberdelinkuentziaren Inguruko Hitzarmena (2001eko azaroaren 23an Budapesten sinatutakoa), Europako Kontseiluko gobernuburu eta estatuburuen hirugarren goi bileraren ekintza plana (Varsovia, 2005eko maiatzaren 15ean eta 16an egindakoa), non ume eta adingabeen esplotazio sexualaren aurkako hainbat neurri adostu ziren.

Europako Kontseiluak ere, orain dela urte eta erdi, Lanzaroten, adingabeen babesa aztergai duen azken tresna juridikoa aurrera atera zuen: umeen sexu esplotazio eta abusuen aurkako babesari buruzko Europako Kontseiluaren hitzarmena. 27 estatuk sinatutako akordioa da hori, eta horien artean ez dago Espainiako Estatua.

Ez da berria, Estatuan, azkenaldian entzundako albisteek frogatzen duten bezala, zoritxarrez, pederastiarekin, ume eta adingabeen esplotazioarekin eta baita haur pornografiarekin ere zerikusia duten mafia eta sare ugari daudela. Horren froga, poliziak haur pornografiarekin salerosketan ibiltzen zen sare oso bat atxilotu zuela gaur esku artean daukagun proposamen hau Madrilen aurkeztu eta osoko bilkuran eztabaidatu eta gainditu zen egun berean.

Guztiok dugu buruan Marta del Castillo gaztearen kasua ere, baita Mari Luz Cortés umearena ere.

Orain arte azaldutakoa kontuan izanik, esan bezala, Kongresuak, talde guztien babesarekin, EAJk aurkeztutako legez besteko proposamena aurrera atera du, zeinak, besteak beste, honako oinarriak dituen: sexu harremanak baimentzeko gutxieneko adina igotzea, adina kontuan hartzea sexu erasoen kasuan, adin txikikoen aurkako sexu erasoen goraipamena juridikoki eta penalki aintzat hartzea, adin txikikoen aurka egindako sexu delituen zigorrak modu nabarmenean gogortzea, haur prostituzioa kontsumitzea delitu gisa hartzea, teknologia berrien bidez haur pornografia ikustea bera delitu gisa hartzea, haurrek parte hartzen duten ikuskizun pornografikoetara joatea delitutzat jotzea, teknologia berrien bidez haurrekin sexu harremanak izatea edo pornografiarako materialak sortzea proposatzea delitutzat jotzea...

Aipatutako oinarri horiek egun ordenamendu juridikoak dauzkan hutsuneak betetzera bideratuta daude. Hutsune horiek, jakina, gizartean alarma handia eragiten dute, babes handiena behar duen taldeak, hau da, gure ume eta adingabeak, orain arte behintzat, babes gabeko egoera batean egon baitira. Egoera horri amaiera jarri behar zaio.
  • Bihar: Imanol Alvarez, EHGAM-eko kidea

> Erreportajea: Sexualitatea > "EZ GARA BURUARINAK"

  • «Ez gara buruarinak»
  • Gizartearen zati batek uste duenaz bestera, nerabeek diote zentzuz jokatzen dutela sexu harremanak izaten dituztenean.
  • Berria, 2009-03-05 # Ainara Arratibel
"Berak daki gehien", esan du mutil batek, irribarrez, gelara sartu den eta ikaskide duen neskatoaz. Irribarre hori isiltasun eta lotsa bihurtu da eztabaidagai izango duten gaia azaltzean: sexualitatea. Olatz, Mikel, Alaitz, Xabier, Miren, Oier eta Leire -asmatutako izenak- dira, Oiartzungo (Gipuzkoa) Haurtzaro ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zazpi ikasle. 14 eta 16 urte artean dituzte. Oraindik izan ez dituzten arren sexu harremanak izateko adina informazio dutela diote. Prest ikusten dute beren burua horretarako. Garbi dute, gainera, sexu harremanak izaten dituztenean neurriak hartuz izango dituztela. «Hala egiten ez duenak beretzat kalte. Gu ez gara buruarinak», aldarrikatu dute. Agurtzane Ormatza sexologoa eta Jaione Ugaldebere irakaslea bat datoz horrekin. «Jende askok uste baino zentzudunagoak dira alor horretan». Hori bai, biek nabarmendu dute nerabezaroa jakin-minez, beldurrez, desioz, fantasiaz eta zalantzaz betetako adina dela eta horrek askotan egoera deseroso eta zailetan jartzen dituela. «Egoera horiek nola gainditu irakastea da kontua», dio Ormatzak. Hori heziketaren bidez lortzen dela uste dute biek, eta horren ardura partekatu egin behar dela guraso, irakasle eta sexu hezitzaileen artean.

EAJren ekimenez, Espainiako Kongresuak legez besteko proposamena onartu zuen duela aste batzuk, sexu harremanak izateko onartutako gutxieneko adina igotzeko. Espainiako Zigor Kodeak 13 urtetan ezarria dauka muga sexu harremanak baimentzeko. Proposamenean ez dute zehaztu zenbat igoko duten, baina EAJk egoki ikusten du 14 urtera igotzea.

Emakundek abenduan aurkeztu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako nerabeen inguruko azterketa. Han azaldu zutenez, EAEko nerabeek 15 urterekin izaten dituzte, batez beste, lehen sexu harremanak. «Datu horrek erakusten du, gizartean bestelako ustea dagoen arren, gauzak ez direla horrenbeste aldatu urteei dagokienez. Atzera begiratu, eta ikusiko genuke gure aitona-amonak zein adinekin ezkotzen ziren, eta zein adinekin izaten zituzten sexu harremanak: askotan, 15-16 urterekin. Ikuspegi historiko-antropologiko hori oso garrantzitsua da», dio Ormatzak.

Musuak eta horrelakoak bai, baina zazpi gazteek diote oraingoz ez dutela sexu harremanik izan. Batek, halere, izan dituen lagun bat baduela dio. «Lotsa ematen zion kontatzea, baina azkenean atera egin genion», azaldu du Oierrek. Lehen aldiaz hitz egin berri dute ikastolan afektibitate sexualari buruzko eskoletan, eta gehienek kezka bat dute: «Gaizki pasatzen al da?».

Halako gauzek garbi erakusten dute, Ugaldebereren ustez, oraindik ere mito, beldur eta fantasiaz beteta daudela. Hain zuzen ere, horregatik, Ormatzak garrantzi berezia ematen die hainbat ikastetxetan sexualitateari buruz ematen diren ikastaroei. Berak 15 urte daramatza halako ikastaroak ematen: «Kasu askotan nahasgarria izan arren, gaur egun informazioa mordoa dute sexualitatearen inguruan. Baina sentimenduen alorra ere lantzen dugu eskola horietan. Gaiaren inguruan dituzten beldurrak, nahiak, fantasiak eta zalantzak argitzen eta gainditzen laguntzen diegu. Sexualitatea ez da soilik harreman koitala; sentimenduak ere sexualitatearen parte dira. Hori ez dugu ahaztu behar».

Antisorgailuen erabilera
Emakunderen azterketaren arabera, nerabeen %90ek antisorgailuak erabiltzen dituzte sexu harremanetan. Zazpiek eurek ere hala egingo dutela diote. «Inozoak ginateke hala egingo bagenu. Ni ez nago prest nire gaztaroa pikutara bidaltzeko neurriak ez hartzeagatik. Adin honetan ez gaude prest umeak izateko», dio Olatzek. Ez dituzte ahazten, gainera, sexu bidez kutsatzen diren gaixotasunak.

Hori bai, bakar batek ere ez darama aldean kondoirik. «Aitak harrapatuko banindu, azalpenak eskatuko lizkidake. Gainera, behar izanez gero, tabernetan eta botiketan saltzen dituzte».

Teoria ondo ezagutzen dute, eta, aipatutako datuek erakusten dutenez, praktikan aplikatzen dute. Baina, benetan, horrela al da? Ormatzak baietz iritzi dio. «Nagusi asko baino arduratsuagoak dira. Nahi gabeko haurdunaldien kopurua ikustea besterik ez dago, eta zein adin tartetan gertatzen den abortu gehien: 25-35 urte inguruan. Antisorgailuen erabileran beherakada bat izan bada, ez da izan nerabeen artean».

Baina zer gertatuko litzateke haurdun geratuko balira? Abortuaren gaia ateratzen da orduan, eta denek nabarmendu dute oso kontu pertsonala dela. «Bikotekideen artean erabaki behar duten zerbait da», uste du Leirek. Mikelek dio gurasoei bikotekidea haurdun dagoela ezkutatuko liekeela, «oso agerikoa» izan arte.

Hori guztia kontuan hartuta, zalantzan jartzen dute sexu harremanetarako onartutako adina 13 urtetik gora igotzea. «Adina ez da garrantzitsuena, prestaketa baizik», uste dute. Beste ikuspegi batetik, Ormatzak ere zalantzan jartzen du erabakia. «Nik uste dut halako erabakiak beldurrak eraginda hartzen direla askotan, eta legedia behar baino gehiago sartzen dela intimitateari lotutako gaietan. Ez dut uste, gainera, alor horietan legea oso eraginkorra denik. Hortik harago joan beharko genuke, eta ahaleginak hezkuntzan egin. Arauetan baino gehiago, heziketan dago gakoa».

Heziketaren garrantzia
Masturbazioa izan ohi da ikastaroetan lantzen duten beste gaia. Kasu horretan lotsak agertzen dira, batik bat nesken artean. Hala diote, behintzat, Xabierrek, Mikelek eta Oierrek. «Guk errazago kontatzen ditugu gauzak». Ugaldeberek berretsi egiten du hori. «Mutilek lotsarik gabe esaten dute masturbatu egiten direla; batzuek oso harro, gainera. Neskek ere egiten dute, ziur, baina ezkutatu egiten dute. Lotsa ematen die kontatzea. Urteetako ereduen ondorio da hori».

Bide horretan, hezkuntzaren garrantzia nabarmendu dute Ugaldeberek eta Omartzak. Haien arabera, hezkuntza sistemak ez dio merezi duen garrantzia ematen sexu heziketari. «Ikastetxe bakoitzaren esku uzten dute horretarako ekimena. Saiatzea merezi du, ikasleek asko eskertzen baitute».

Zertxobait aldatzen ari den arren, Ugaldeberek dio egun gurasoek eskolaren esku uzten dutela seme-alaben sexu heziketaren zati handi bat: «Erosoagoa egiten zaie». Hala, aurrerapauso bat emateko eskatu die Ormatzak gurasoei. «Gehienek uste dute gazteek asko dakitela sexualitateaz. Egia da gaur egun informazio asko dutela. Baina esperientzia beraiek dute, eta alor horretan seme-alabei balio batzuk helarazi nahi badizkiete, heziketaren ardura hartu behar dute».

Horretan, halere, aldaketa bat gertatu beharko litzateke. Izan ere, zazpiek diote etxean ez dutela sekula gaiaz hitz egiten. Xabierrek, gainera, nahiago du hala izatea. «Ez baditut sekula nire gurasoak musu ematen ikusi, pentsa zer izango litzatekeen haiekin sexuaz hitz egitea. Ez nintzateke eroso sentituko».

Ormatzaren ustez, egoera horren jatorria topatzeko, atzera egin behar da. «Urteetan desio eta maitasun adierazpenak ezkutuan egon dira, eta zaila da hori aldatzea. Guretzat oso zaila da pentsatzea gurasoak edo aitona-amonak sexudunak direla, sexu harremanak dituztela. Nerabeei ere hori gertatzen zaie». Alderantziz ere izaten da, Ugaldeberen arabera: «Gurasooi kosta egiten zaigu seme-alabak koskortu egin direla eta sexu harremanak izan ditzaketela onartzea. Baina ahalik eta naturalen jokatu behar dugu».

Zer da sexu harremanak izateko onartutako adina?
Legeak sexu harremanak izateko ezarritako gutxieneko adina da. Adin horretatik behera, legearen ikuspegitik, sexu harremanak izateko emandako onarpena ez da nahikoa. Tartean adin nagusiko pertsona bat badago, bortxaketa edo sexu abusuen delitua egingo luke pertsona horrek.
  • EBn sexu harremanetarako onartutako adina
  • Alemania: 14 urte.
  • Austria: 14 urte.
  • Belgika: 16 urte.
  • Bulgaria: 14 urte.
  • Danimarka: 15 urte.
  • Eslovakia: 15 urte.
  • Erresuma Batua: 16 urte.
  • Errumania: 15 urte
  • Eslovenia: 15 urte.
  • Espainia: 13 urte.
  • Estonia: 14 urte.
  • Finlandia: 16 urte.
  • Frantzia: 15 urte.
  • Grezia: 15 urte heterosexualentzat eta 17 gizon homosexualentzat.
  • Herbehereak: 16 urte.
  • Hungaria: 14 urte.
  • Irlanda: 17 urte sarketarako, eta 15 urte bestelako sexu harremanetarako.
  • Italia: 14 urte.
  • Letonia: 16 urte.
  • Lituania: 14 urte.
  • Luxenburgo: 16 urte.
  • Malta: 18 urte.
  • Polonia: 15 urte.
  • Portugal: 14 urte.
  • Suedia: 15 urte.
  • Txekiar Errepublika: 15 urte.
  • Zipre: 17 urte.
Nerabeen %64k bikotekidea izan dute noizbait
Emakundek nerabeen inguruan kaleratutako azken ikerketan parte hartutako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteen %64k bikotekidea izan dute noizbait.

14 eta 17 urte bitarteko 970 gaztek hartu zuten parte Emakunderen ikerketan. %90ek esan zuten sexu harremanak izateko orduan neurriak hartu zituztela. Gehienek kondoia erabili zuten.

Fideltasunari dagokionez, mutilek gutxiago erakusten dute. Hala, %12,4k aitortu zuten sexu harremanak izan zituztela ezagutu berri zituzten pertsonekin.

Gainera, neskek garrantzi handiagoa ematen zioten bikotekide egonkorra izateari harremanak izateko garaian.

2009/02/26

> Berria: Trans > NAFARROA: TRANSEXUALEN ESKUBIDEAK ARAUTZEKO LEGEGAIA AURKEZTU DUTE

  • Transexualen eskubideak arautzeko legegaia aurkeztu dute
  • NaBaik aurkeztu du egitasmoa, Nafarroako Parlamentuan; onartuz gero, gisa horretako lehen legea litzateke
  • Berria, 2009-02-26
Transexualen eskubideak errespetatu eta betetzeko lege egitasmoa aurkeztu du Nafarroa Bai taldeak Nafarroako Parlamentuan. Lege egitasmo «integrala» dela azaldu du NaBaik; osasun arloko neurriez gain, transexualen eskubideak lantokietan, hezkuntzan eta gizartean jorratzeko zenbait neurri ere jaso dituzte lege proposamenean.

Parlamentuan bertan aurkeztu zuten egitasmoa, atzo. Nafarroa Bai taldeko Ioseba Ezeolaza parlamentariaren hitzetan, transexualitatea «ez da soilik kontzeptu biologikoa, baita psikosoziala ere». Transexualek zailtasun eta sufrimendu handiak izan ohi dituztela ohartarazi du Ezeolazak. Lege egitasmoa «pertsona transexualen erakundeek eta plataformek garatu duten borroka sozialaren adierazpen instituzionala» dela adierazi du. Ezeolazaren esanetan, NaBaik elkarte horiekin denbora luzez egin duen lanaren emaitza da lege proposamena.

NaBaiko parlamentariarekin, hauek izan ziren agerraldian: Martin Berenger Espainiako LGTB federazioko koordinatzailea, Ivan Garde Nafarroako transexualen Ilota Ledo elkarteko presidentea eta Carla Antonelli aktorea eta PSOE alderdiko transexualitate arloko koordinatzaile zena. Antonellik lege egitasmoa babesteko eskatu dio PSNri. Transexualek betebehar guztiak izan arren eskubideak ez dituztela era berean bermatuak ohartarazi du. Berengerrek, bestalde, nabarmendu du «mugimendu transexualaren betiko aldarrikapenak» daudela lege egitasmoan.

Legea onartuko balitz, Euskal Herriko gisa horretako lehen araudia izango litzateke. Egitasmoan, besteak beste, osasun zerbitzu publikoaren barruan unitate berezia sortzea eta sexua aldatu nahi dutenei zerbitzu kirurgikoa eskaintzea jaso dute. Horrekin batera, lantokietan diskriminazio positiboa egiteko eta hezkuntzan gaia lantzeko neurriak ere proposatu dituzte.

2007/04/10

> Iritzia: Koldobike Mujika · Sergio Iñiguez · Gehitu > POLONIA ETA LEGE HOMOFOBOAK

  • Polonia eta lege homofoboak
  • Berria, 2007-04-10 # Koldobike Mujika · Sergio Iñiguez · Gehitu-ko koordinatzaileak

Poloniako gobernua lege-proiektu bat prestatzen ari da ikastetxeetan, unibertsitatean eta beste edozein erakunde akademikotan homosexualitateaz hitz egin edo defendatzen dutenei jazartzeko. Joan den martxoaren 13an, Poloniako Hezkuntza ministro Marek Orzechowskik adierazi zuen lege-proiektuak duen helburua ikastetxeetan «homosexualitatea edo sexu-izaerako beste edozein desbideratze» sustatzen duena zigortzea dela. Handik bi egunera, martxoak 15, nabarmendu zuen «euren homosexualitatea» ezagutzera ematen duten irakasleak lanetik botako dituztela.


Lege hori onetsiz gero, Poloniak, Europar Batasuneko kideak, gaurko Europako Batasuneko Itunetan jasota dauden ebazpen eta balioen aurka egingo du, baita Oinarrizko Eskubideen Agiriaren 21. artikuluaren kontra ere, non errefusatzen diren bazterkeria guztiak, sexu-orientazio bazterkeria barne.


Gobernu poloniarraren jarrera homofoboa ez da berria. Legea eta Justizia alderdiak Legebiltzarrerako bozak kontserbadore eta tradizionalistei esker irabazi zituenetik, 2005eko urrian, etengabe erasotzen ari zaizkie homosexualei, iraintzen, umiliatzen, mehatxatzen, haien manifestazioak debekatzeraino iritsiz.


Horren aurrean, Europako Legebiltzarrak 2006ko ekainaren 18an Europan homofobiaz izeneko ebazpena onetsi zuen, non sexu-orientazioan oinarrituriko diskriminazio-jarrerak arbuiatzen dituen, eta Estatu-kideei eskatu zien komunitate homosexualen babesa bermatzea, gorrotoa eta indarkeria homofoboaren aurrean eta sexu bereko bikoteek gainerakoek dituzten «begirune, duintasun eta babesa» bera izan dezaten ziurtatzea.


Hala ere, Poloniako gobernua prestatzen ari den legea beste urrats bat da intolerantea eta demokraziaren kontrakoa. Polonian, Europako Batasuneko kide izanik, hiritarren adierazpen askatasun eskubidea eta informazioa izatekoa urratzen dituen legea onesteak duen arriskuaz ohartarazi nahi dugu. Izan ere, edozein irakasle, bere homosexualitatea agertzeagatik, denok dugun adierazpen askatasun eskubideaz baliatuta, lanetik botako dute. Homosexualitateaz hitz egitea galaraziko dute. Beraz, legea onartzen bada, homosexualitatea ikusezina izango da.


Jakin badakigu zein garrantzitsua den heziketa pertsonaren garapenean. Oso kontziente gara, halaber, eskolan transmititzen diren balioek duten garrantziaz, haiek, neurri handi batean, eragiten baitute gure jokabidean, bizitzan zehar. Errealitate homosexuala ezkutatzen badugu, laidotzen badugu, existitzen dela ukatzen badugu eta, gainera, homosexualak direla esaten duten irakasleak kaleratzen baditugu, lortuko duguna hauxe da: ezberdin sentitzen denarekiko jarrera intoleranteak, arbuioak, gorrotoa, jazarpena eta iseka. Hori da, hain zuzen, legeak erdietsiko duena, onetsiz gero. Bestalde, gayek eta lesbianek euren afektibitatea eta sexualitatea klandestinitatean bizi beste erremediorik ez dute izango.


Beste behin esan behar dugu hezkuntzak aniztasunean, benetako errespetuan hezi behar duela, egungo gizartea askotarikoa baita. Eta gizarte demokratiko batek horri ezin dio uko egin; aitzitik, bere zutabeetako bat izan behar du.


Europako Batasunak ezin du onartu bere kideetako batek Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren aurka egiten duen legea onestea, zehazki, berdintasun eskubide eta ez baztertua izateko eskubideen kontra. Giza eskubideak pertsona guztientzat dira. Beraz, dei egiten diegu erakunde europarrei erantzun dezaten, erreakziona dezaten pertsona homosexualen eskubideen urratze larria ekarriko duen legearen aurrean; baita neurriak har ditzaten ere.


Gizakiak bere-berea duen ezaugarria da homosexualitatea. Erregimen zapaltzaileen eta bortitzenetan ere (nazismoa, arabiar herrialdeetan, non heriotza-zigorrera kondenatzen diren homosexualak...) badira homosexualak, baina ezkutuan bizitzera, errudun sentitzera, besteek jakin dezaten beldur bizitzera kondenatuak daude. Eta homosexualok gure heltze prozesuan, beste edozein pertsonak bezala, erreferente positiboak behar izaten ditugu, normaltasunez eta osotasunez bizi izaten balio izango digutenak. Eskolan homosexualitateaz informatzea debekatzea gay eta lesbiana gazteei erasotzea baino ez da, hain zuzen, euren bizitzan erreferente positibo horiek gehien behar dituzten momentuan, bakardadea, beldurra, segurtasun-falta ekiditeko. Gure gazteei homosexualitateaz hitz egiteak berak ez ditu «kutsatzen», soilik ikusarazten die gay edo lesbiana izatea ez dela txarra, oso gauza normala baizik. Txarra dena da, eta ez normala, gizarte osoari bizimodu bakarra inposatzea, maitasuna eta sexualitatea bizitzeko eredu bakarra.