2007/04/10

> Iritzia: Koldobike Mujika · Sergio Iñiguez · Gehitu > POLONIA ETA LEGE HOMOFOBOAK

  • Polonia eta lege homofoboak
  • Berria, 2007-04-10 # Koldobike Mujika · Sergio Iñiguez · Gehitu-ko koordinatzaileak

Poloniako gobernua lege-proiektu bat prestatzen ari da ikastetxeetan, unibertsitatean eta beste edozein erakunde akademikotan homosexualitateaz hitz egin edo defendatzen dutenei jazartzeko. Joan den martxoaren 13an, Poloniako Hezkuntza ministro Marek Orzechowskik adierazi zuen lege-proiektuak duen helburua ikastetxeetan «homosexualitatea edo sexu-izaerako beste edozein desbideratze» sustatzen duena zigortzea dela. Handik bi egunera, martxoak 15, nabarmendu zuen «euren homosexualitatea» ezagutzera ematen duten irakasleak lanetik botako dituztela.


Lege hori onetsiz gero, Poloniak, Europar Batasuneko kideak, gaurko Europako Batasuneko Itunetan jasota dauden ebazpen eta balioen aurka egingo du, baita Oinarrizko Eskubideen Agiriaren 21. artikuluaren kontra ere, non errefusatzen diren bazterkeria guztiak, sexu-orientazio bazterkeria barne.


Gobernu poloniarraren jarrera homofoboa ez da berria. Legea eta Justizia alderdiak Legebiltzarrerako bozak kontserbadore eta tradizionalistei esker irabazi zituenetik, 2005eko urrian, etengabe erasotzen ari zaizkie homosexualei, iraintzen, umiliatzen, mehatxatzen, haien manifestazioak debekatzeraino iritsiz.


Horren aurrean, Europako Legebiltzarrak 2006ko ekainaren 18an Europan homofobiaz izeneko ebazpena onetsi zuen, non sexu-orientazioan oinarrituriko diskriminazio-jarrerak arbuiatzen dituen, eta Estatu-kideei eskatu zien komunitate homosexualen babesa bermatzea, gorrotoa eta indarkeria homofoboaren aurrean eta sexu bereko bikoteek gainerakoek dituzten «begirune, duintasun eta babesa» bera izan dezaten ziurtatzea.


Hala ere, Poloniako gobernua prestatzen ari den legea beste urrats bat da intolerantea eta demokraziaren kontrakoa. Polonian, Europako Batasuneko kide izanik, hiritarren adierazpen askatasun eskubidea eta informazioa izatekoa urratzen dituen legea onesteak duen arriskuaz ohartarazi nahi dugu. Izan ere, edozein irakasle, bere homosexualitatea agertzeagatik, denok dugun adierazpen askatasun eskubideaz baliatuta, lanetik botako dute. Homosexualitateaz hitz egitea galaraziko dute. Beraz, legea onartzen bada, homosexualitatea ikusezina izango da.


Jakin badakigu zein garrantzitsua den heziketa pertsonaren garapenean. Oso kontziente gara, halaber, eskolan transmititzen diren balioek duten garrantziaz, haiek, neurri handi batean, eragiten baitute gure jokabidean, bizitzan zehar. Errealitate homosexuala ezkutatzen badugu, laidotzen badugu, existitzen dela ukatzen badugu eta, gainera, homosexualak direla esaten duten irakasleak kaleratzen baditugu, lortuko duguna hauxe da: ezberdin sentitzen denarekiko jarrera intoleranteak, arbuioak, gorrotoa, jazarpena eta iseka. Hori da, hain zuzen, legeak erdietsiko duena, onetsiz gero. Bestalde, gayek eta lesbianek euren afektibitatea eta sexualitatea klandestinitatean bizi beste erremediorik ez dute izango.


Beste behin esan behar dugu hezkuntzak aniztasunean, benetako errespetuan hezi behar duela, egungo gizartea askotarikoa baita. Eta gizarte demokratiko batek horri ezin dio uko egin; aitzitik, bere zutabeetako bat izan behar du.


Europako Batasunak ezin du onartu bere kideetako batek Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren aurka egiten duen legea onestea, zehazki, berdintasun eskubide eta ez baztertua izateko eskubideen kontra. Giza eskubideak pertsona guztientzat dira. Beraz, dei egiten diegu erakunde europarrei erantzun dezaten, erreakziona dezaten pertsona homosexualen eskubideen urratze larria ekarriko duen legearen aurrean; baita neurriak har ditzaten ere.


Gizakiak bere-berea duen ezaugarria da homosexualitatea. Erregimen zapaltzaileen eta bortitzenetan ere (nazismoa, arabiar herrialdeetan, non heriotza-zigorrera kondenatzen diren homosexualak...) badira homosexualak, baina ezkutuan bizitzera, errudun sentitzera, besteek jakin dezaten beldur bizitzera kondenatuak daude. Eta homosexualok gure heltze prozesuan, beste edozein pertsonak bezala, erreferente positiboak behar izaten ditugu, normaltasunez eta osotasunez bizi izaten balio izango digutenak. Eskolan homosexualitateaz informatzea debekatzea gay eta lesbiana gazteei erasotzea baino ez da, hain zuzen, euren bizitzan erreferente positibo horiek gehien behar dituzten momentuan, bakardadea, beldurra, segurtasun-falta ekiditeko. Gure gazteei homosexualitateaz hitz egiteak berak ez ditu «kutsatzen», soilik ikusarazten die gay edo lesbiana izatea ez dela txarra, oso gauza normala baizik. Txarra dena da, eta ez normala, gizarte osoari bizimodu bakarra inposatzea, maitasuna eta sexualitatea bizitzeko eredu bakarra.

No comments: