- Poloniako Gobernua, Europaren amesgaiztoa
- Bide beretik jarraituz gero «neurriak» hartuko dituela ohartarazi die Bruselak Varsoviako agintariei
- Berria, 2007-03-23 # Arantxa Elizegi
Lech eta Jaroslaw Kaczynskik Poloniako presidente eta lehen ministro karguak hartu zituztenetik, Bruselaren eta Varsoviaren arteko harremanak txarretik okerrera doaz. Homosexualak diren edo jarrera hori bultzatzen duten irakasleak kaleratzeko aukera onartzen duen lege proposamena zerrenda luze bateko azkena besterik ez da. Europako Batasunak jada ohartarazi die anaia bikiei, bide horretan jarraituz gero «neurriak» hartuko dituztela.
Polonia eta Alemaniaren arteko harremanak ez dira inoiz onak izan, ezta Polonia eta Errusiaren artekoak ere. Iaz hasi zituzten Bruselak eta Moskuk energiaren gaineko negoziazioak -Errusia aliatu garrantzitsua da EBrentzat-, baina horiek etenda daude azaroaz geroztik, Poloniaren betoa dela eta. Horrek Errusiaren haserrea eragiteaz gain, Europaren irudia ere ahultzen du. Are eta gehiago, Bruselarekin eta Moskurekin hitz egin gabe, Varsoviak Polonian base militar bat jartzeko AEBen eskaintza onartu duenetik.
Lech Kaczynski presidenteak dio Bruselak ez diola batere sostengurik agertu Errusiaren blokeoaren auzian. Moskuk debekatu egin du Poloniako okela, osasun baldintzak ez dituela betetzen argudiatuz. Europako Batzordeko osasun arloko eledunak onartu zuen joan zen astean Errusiak ez duela baliozko argudiorik blokeoari eusteko. Baina Kaczynski anaientzat hitzak ez dira nahikoak.
Banatzeko arriskua
EBko txandakako presidente Angela Merkel joan zen astean izan zen Polonian, Europan banaketa eragitearen arriskuaz ohartarazi zien han Kaczynski anaiei : «EB gabe ezin izango dugu ekonomia globalizatuarentzako ordena egokirik eraiki. Elkarrekin bakarrik bermatu ahal izango ditugu gure ongizatea eta balioak». Horretaz gain, nabarmendu zuen Europaren eta Errusiaren arteko negoziazioek aurrera egin behar dutela, bestela energia arazoak sortuko direlako.
Baina, energiaren auziak ez ezik, homosexualitatearekiko eta abortuarekiko Varsoviak agertu duen jarrerak ere zeresana eman du Bruselan. Poloniako Legebiltzarrak irakasle homosexualak kaleratzea ahalbidetuko duen legea aztertzen ari da. «Homosexualitateari buruzko propaganda gero eta gazteagoei dago zuzendua. Gure baliabide guztiak familia bultzatzeko erabili ezean, ez dago etorkizunik kontinente honentzat. Islamaren ordezkariek kontrolatutako kontinentea izango gara», adierazi du Roman Giertych lehen ministrorde eta Hezkuntza Ministerioko buruak.
Abortua debekatzeko eskatu du Giertychek, «seme-alabak hiltzen dituena» etorkizunik gabeko nazioa dela argudiatuz. Ideia horiek Europako Nazioen Eskubideen Itunean jasotzeko eskatu du Giertychek. Bide beretik, EBko Giza Eskubideen Batzordea salatzeko asmoa duela iragarri du Legea eta Justizia alderdiarekin Gobernuan dagoen Poloniako Familien Ligako buru Szymon Pawlowskik. Aste honetan bertan, Giza Eskubideen Europako Epaitegiak Polonia zigortu du, esanez herrialde hartako abortuaren gaineko legeak banakoaren eskubideak urratzen dituela. Auzia Alicja Tysiacen kasuarekin hasi da. Tysiac haurdun geratu zen 2000n, baina medikuek ohartarazi zioten erdituz gero itsu geratzeko arriskua zuela. Justiziak, ordea, ez zion abortatzeko baimenik eman.
Bruselak gogor erantzun die. «Ezin dugu atzerapauso bat onartu. Konstituzioan jasotzen diren eskubideak arriskuan jarri ditu Poloniak», salatu du Alemaniako Berdeetako eurodiputatu Kathalijne Buitenwegek. EBko buruzagiek, berriz, ohartarazi diote Varsoviari homosexualen kontrako legea onartuz gero «neurriak» hartu beharko dituztela.
Estatua, Kaczynski anaia bikien esku
«Poloniar gehienentzat onartezina litzateke Estatuko kargurik garrantzitsuenak bi anaien esku geratzea». Jaroslaw Kaczynskik esan zuen hori, bere alderdiak (Legea eta Justiziak) Legebiltzarrerako bozak irabazi zituenean, 2005ean. Orduan, haren anaia bikiak hartu zuen presidente kargua, Lech Kaczynskik, eta Kazimierz Marcinkiewicz izendatu zuten lehen ministro. Baina Marcinkiewiczek dimisioa eman zuen bederatzi hilabeteren ostean, Jaroslaw Kaczynskirekin izandako eztabaiden ondorioz. Hark, anaia bikietan zaharrenak, hartu zuen orduan lehen ministro kargua. Ordurako ahaztuak zituen hilabete batzuk lehenago egindako adierazpenak.
Eskuin muturrekoak dira bi anaiak. Gazteena, Lech Kaczynski, Varsoviako alkate izan zenean egin zen ezagun, homosexual eta lesbianen aurkako adierazpenengatik. Aurretik Justizia ministro izana zen, 2000. urtean.
Komunismoaren etsaiak
Komunisten aurkari sutsuak dira biak. Horren froga onartu berri duten legea. Haren arabera, 1972a baino lehen jaio eta Estatuaren erakunde publikoetan lan egiten duten 700.000 herritarrek komunistekin elkarlanean aritu ziren argitu beharko dute. Egin ezean, lanik eta soldatarik gabe gera daitezke.
Kaczynski anaiak Langileen Defentsa Batzordeetako kide izan ziren 1970eko hamarkadan. Ondoren, Solidarnosc sindikatu kontserbadorearekin bat egin zuten. Lech Walesa presidentetzara iritsi zenean, berriz, harekin elkarlanean aritu ziren hainbat denboraz. Baina harekin ere eztabaida gogorrak izan zituzten, eta 2001ean, Legea eta Justizia eskuineko alderdi kontserbadore eta katolikoa sortu zuten. Poloniaren ikuspegi tradizionala eta nazionalista du Kaczynski anaien alderdiak, eta horrek Europako Batasunaren kezka eragin du.
No comments:
Post a Comment