Showing posts with label Arrasate. Show all posts
Showing posts with label Arrasate. Show all posts

2009/12/04

> Berria: Hiesa > ARRASATEK EHGAMEN MOZIOA ONARTU DU

  • Arrasate: Gazte independentisten aurkako polizia operazioa konponbiderako 'oztopo' dela uste du Udalak
  • Goiena, 2009-12-04 # Jokin Bereziartua
Atzo egin zen abenduko osoko bilkuran hiru mozio aurkeztu ziren, eta horietatik bi izan ziren onartu zirenak. Honakoak izan ziren onartu ziren bi mozioak: Benedikto XVI.a Aita Santuak antisorgailuen harira esandakoen aurkakoa eta joan den asteko gazte independentisten aurkako polizia operazioaren kontrako mozioa. Bestalde, PSE-EE taldeak aurkeztu zuen enplegurako eta tokiko iraunkortasunerako Estatuko Fondoan sustatzeko diren ekimenen gaineko mozioa ez zen onartu. Izan ere, sozialistek bakarrik bozkatu zuten mozio horren alde.

Oihana Aranburuk aurkeztu zuen Segi auziko sarekadaren aurkako mozioan PSE-EE eta PP izan ziren aurka bozkatu zuten alderdi bakarrak. Beraz, aldeko 15 boto –ezker abertzalea, EAJ, Alternatiba-Zutik, EA eta Aralar– eta aurkako lau –PSE-EE eta PP– izan ziren. Mozio hau izan zen hautetsien artean eztabaida gehien eragin zituena. Hala, aldeko botoa eman zutenek konponbidearen aurkako estrategiaren emaitza moduan definitu zuten joan den asteko polizia operazioa. Hainbat udal taldek, EAk kasu, ETAk mina besterik ez duela egiten adierazi zuten, baina Estatu espainiarraren blokeoa gainditu beharra dagoela gaineratu zuten.

PSE-EEko Aritz Arrietak, bestalde, adierazi zuen "lotsagarria" dela halako mozio bat Iñaki Uria enpresaburuaren erailketaren lehen urteurrenean aurkeztea. Gainera, esan zuen, atxilotuak ez dira "katekesira doazen gazteak, ETAren etxerako lanak gauzatzen dituztenak dira".

Azkenik, ikusle moduan joan zen herritar batek hartu zuen hitza Arrasateko gazte mugimenduaren izenean. Honakoa adierazi zuen: "guk ez genuen ETAren aurkako operazioa izan zenik ikusi, herri honen alde hamaika proiektutan lanean dabiltzan gazteen aurkako sarekada baizik. Izan ere, atxilotutako gazteak gazte asanbladetan, bilgune feministan eta beste hainbat kolektibotan zeuden lanean". Herrigintzan egindako lana goraipatzeaz gain, Arrasateko gazte mugimenduak exijitu zuen euren proiektuak aurrera eramateko eskubidea.

Benedikto XVI.a Aita Santuaren adierazpenen harira (antisorgailuak Hiesa zabaltzen laguntzen dutela adierazi zuen Kamerunen) Alternatiba-Zutik udal taldeak –EHGAM-en eskaera aintzat hartuz– aurkeztu zuen mozioari dagokionez, aldeko 16 boto –Alternatiba-Zutik, ezker abertzalea, EA, PP, PSE-EE eta Aralar– eta aurkako hiru boto –EAJ– izan zituen. EAJk mozio alternatiboa aurkeztu zuen, Aita Santuaren adierazpenak kristauei soilik eragiten dietela arrazoituz. Honen aurrean, Ino Galparsoro alkateak honakoa adierazi zuen: "tamalez, Benedikto XVI.ak esaten dituenak oraindik eragin handia dute mundu osoan zehar". Horrez gain, Arrasateko Udalak bere konpromisoa berretsi zuen Hiesaren aurkako borrokan, Sexologia Zerbitzuaren bitartez.

2007/06/28

> Berria: Ekainak 28 > GAY ETA LESBIANEN ESKUBIDEAK ALDARRIKATZEKO BANDERA JARRI DUTE OÑATIKO PLAZAKP KIOSKOAN

  • Gay eta lesbianen eskubideak aldarrikatzeko bandera jarri dute [Oñatiko] plazako kioskoan
  • Goiena, 2007-06-28

Triangelu arrosa eta koloretako ostadarra dituen bandera jarri dute Oñatiko plazako kioskoan. Gay eta lesbianen nazioarteko eguna gogora arazteko eta euren eskubideak aldarrikatzeko jarri dute. Gaur, ekainak 28, da gay eta lesbianen eskubideen nazioarteko eguna eta euren ikurrak azaltzen diren bandera jarri dute plazako kioskoan.

Bestalde, kontzentrazioa egingo dute 19:30ean Arrasateko Arbolapetan gay eta lesbianen eskubideak aldarrikatzeko. Kontzentrazioa deitu dutenak: Batasuna, Aralar, Zutik eta Ezker Batua.

> Berria: In memorian > MALEN ERRASTI FEMINISTA ETA SINDIKALISTA HIL DA

  • Malen Errasti feminista eta sindikalista hil da
  • Goiena, 2007-06-28

Malen Errasti arrasatearra gaur, ekainaren 28an, hil da 07:00etan. Errasti, Arrasateko Emakumeen Asanbladaren sortzailetako bat izan zen 80ko hamarkadaren hasieran. Bere gertukoen esanetan, zailtasun fisikoak ez dira muga izan mugimendu feministan eta ESK sindikatuan borrokatzeko urte askoan. Bere hurbilekoek gogoratu dutenez, mugimendu feministaren lehengo pausoak ez ziren batere errazak izan. Orduan urrun zeuden dibortzioa, abortua etab. Orain dela sei hilabete minbizi diagnostiko larria jakinarazi zioten. Bere hurbilekoek jakinarazi digute ere, jarrera oso ausarta izan duela gaixotasunarekiko eta berarekin asko ikasi dutela. Zutik alderdiko kidea zen eta maiatzaren 27ko hauteskundeetan Arrasateko zerrendara aurkeztu zen.