2007/03/01

> Erreportajea: In memorian > AUDEN BERRIRAKURTZEAN

  • Auden berrirakurtzean
  • Auden, mendeurrenean. Duela 100 urte jaio zen W.H. Auden. Haren poesia antologia kaleratu zuen Susak 1994an, Juanjo Olasagarrek itzulia, Rikardo Arregi Diaz de Herediaren hitzaurrearekin. Auden berrirakurtzeak sentiarazi diona jaso du artikulu honetan Arregik.
  • Berria, 2007-03-01 # Rikardo Arregi Diaz de Heredia · Idazlea

Wystan Hugh Audenen poema batzuk berrirakurri ditut paper hau idazteko, eta nik uste baino gehiago harritu naiz neure burua eta nire poemak (esateko modu bat da) argi aurkitu ditudalako hor; argiegi, harritu naiz, ia-ia beldurtu. Askotan errepikatu izan dut Auden izan zela niretzat, beste lauzpabost poetarekin batera, bidea, behartu gabe, seinalatu zidan mugarria. Baieztapen higatu horretan zenbat egia dagoen konturatzen naiz izuturik Audenen poemak berrirakurtzean. Mahai gainean daude liburuak, gaztelaniaz, ingelesez, euskaraz; batzuk zaharrak dira -batean orain dela urte asko ateratako argazki ahantzia ageri da, Audenen beste opari bat-, garrantzitsuena Juanjo Olasagarrek egindako itzulpena -oraindik mina ematen didate aitzinsolasean dauden errata suntsitzaileak-, berriak zahartze prozesu azkarrean jadanik erabilera traketsagatik, saiakera bat fotokopietan -tindatzailearen eskua, Audenek zikindu zituen eskuak eta kritika ere idatzi zuen-. Juanjo Olasagarrek eskatzen dit bera ez aipatzeko paper horretan; baina, sentitzen dut, Juanjo, Auden eta zu lotuta zaudete nire gogoan, ez Audenek maite zuen kareharrizko paisaian baina sumendiek sortutako lur zail batean zure itzulpenak irakurri nituenetik paper konplikatu haietan izerditan blai erdibiluzik.


Barkatuko dizkidazue zehaztapen geologiko horiek baina geologia poesiagai ere izan daitekeela ikasi nuen Audenekin, paisaia baino gehiago geologia. Eta uste dut azken horrek berebiziko garrantzia duela Audeni buruz zerbait zentzudun esan nahi baldin bada. Paisaia geologiatik ikusi. Tradizio erromantikotik urrun, sinbolismotik urrun, formalismotik urrun poesiaren ezaugarri nagusia diskurtsoa da. Arrosa usainik ez du Audenen poesiak, arrazoiarena baizik, esaten du Zagajewskik. Baina formak ere berebiziko garrantzia du Audenentzat, era paregabean uztartzen ditu tradizioa eta antitradizioa.


Always afraid to say more than it meant (Esan nahi duena baino gehiago esateaz beti izu). Gazte idatzi zuen The Letter poemaren azken bertsolerroa da hori. Oreka ikasi nuen nik hor, bridatze bat, aitorpen mengelak alde batera uzteko laguntzen duen tresna. Hotza izan daiteke emaitza, agian, baina egiatik hurbilago egongo da ziur asko. Auden helduak ez zuen ospea eman zion Spain, 1937 poema gehiegi maite, zintzotasunik gabekoa iruditzen zitzaion, gezurrez beterik. Batzuek nahiago dute Auden gaztea, batez ere Ingalaterran; Estatu Batuetan, aldiz, Auden heldua maitatzenago dute. 2007ko irakurleok dugu hitza. Auden kezkaturik ibili zen geroko irakurleen iritziaz, uste zuen, agian, gerokoek ez zituztela bere poemak irakurriko behar bezala; hau da, berak nahi bezala. Kezka hori azaldu zuen Yeats poetari eskaini zion poeman. Egun badakigu irakurle bakoitzak egiten duela bere irakurketa berezia, poema plazaratu bezain laster poema publiko egiten dela, ez dela jadanik idatzi duen poetarena. Asko dira famatu diren poemak: aipaturiko Spain, 1937, September 1, 1939 -Dorre Bikien aurkako eraso garaian modan jarri zen-, The More Loving One -niri izugarri gustatzen zait oraindik- edo Stop all the clocks, cut off the telephone hasten dena -film bati esker ezaguna egin zen-. Orain, Audenen poemak berrirakurtzean, guztietan, zailenetan ere aurkitzen dut, gazte zein heldu, aspaldiko mugarri hura, indartsuago, agian.


Orain Audenen poemak berrirakurtzean konturatzen naiz companion hitza askotan agertzen dela, eta burura etortzen zait Joseph Brodskik kontatzen zuen pasadizo hura: Auden eta beste lagun batzuk Veneziako taberna batean daude kontu kontari barrez, bat-batean, marinel eder bat pasa da aurretik eta Chester Kallman, Audenen betiko amorantea, aulkitik altxa eta marinelaren atzean doa; Auden eta bere lagunak kontu kontari segitzen dute barrez, baina malko bakar bat isurtzen da Audenen aurpegian behera. Oso ezaguna da pasadizoa, beharbada, Audeni buruz zerbait dakitenek aurpegiratuko didate hona ekartzea, baina tentaldia handia da. Malko bakar horretan, ez bakarrik Audenen jarrera bizitzan, baita Audenen poetika osoa ere laburbiltzen da. Dramatismorik gabe idazten du Audenek bizitzari buruz, bizitzaren egiari buruz, heriotzari buruz, alegia. Baita amodioari buruz ere. Amodioa eta poesia, biak dira denbora gainditu ahal duten bakarrak Audenentzat. Dramatismorik gabe eta fribolitate puntu batekin. Thousands have lived without love, not one without water (Milaka bizi izan dira amodiorik gabe, inor ez urik gabe) da First things first poemaren azken bertsolerroa.


Audenen poema luze-luze horietan etzaten naiz; beharbada, niri gustatuko litzaidakeelako kemen hori izatea, Thanksgiving for a habitat (Eskerrik asko habitat batengatik) poeman agertzen den etxean egotea gustatuko litzaidakeelako. Atzera-aurrera noa liburuetan.


Eta ez dut musikarekin izan zuen harremana aipatu, Britten eta Stravinski. Bukatzeko, Audenen poema txiki bat, noski:


“At lucky moments we seem on the brink/ Of really saying what we think we think/ But, even then, an honest eye should wink.”


Badirudi une zorionekoetan sinetsi uste duguna esateko puntuan gaudela baina une horretan ere begi zintzoak kliskatu egin beharko zuen. (Barkatu, Juanjo, aipamenagatik eta itzulpen kaskarragatik).

No comments: