2008/08/21

> Iritzia: Laura Mintegi > EMAKUME ERAILAK, BAKARDADEA ETA LOTSA

  • Emakume erailak, bakardadea eta lotsa
  • Gara, 2008-08-21 # Laura Mintegi · Idazlea

Latza zaie, umilagarria, emakumeak modu autonomoan bizi nahi izatea; autonomoa ekonomikoki (gero eta onartuagoa) eta autonomoa afektuen arloan. Orduan sentitzen du inpotentzia gizonezko ahulak


Bikotekidea erail eta, ondoren, norberaren burua akabatzea potentzia zantzua da. «Ez badu nirekin egon nahi, tira, ez da egongo, baina beste inorekin ere ez. Niretzat ez bada, ez da izango inorentzat».


Bikotekidea behar duelako erailtzen du gizonezkoak emakumea. Haren beharrizana sentitzen duelako. Ez du erailtzen maite duelako, baizik eta nahi duelako. Posesio nahia da, eta sentimendu hori hurbilago dago apetatik maitasunetik baino. Gizonezko bortxatzaileak bortxaketa eta indarkeria behar ditu bera nor den jakiteko. Bere emakumea gabe ez delako ezer, ez delako inor.


Maitatzeak berekin dakar maitearen zoriontasuna nahi izatea. Pertsona posesiboak, ordea, ez du gogoan maitearen zoriontasuna. Tratu txarrak ematen dituenak ez du aintzat bikotekidea pozik bizi den ala ez. Bere beharrizanak bete nahi ditu, egozentrikoa da, eta oso intsegurua da, batez ere intsegurua. Emakumea behar du, ispilua behar duen moduan, nor den jakiteko.


Gizon intsegurua hautsi egiten da emaztearekiko harremana hausten denean. Emazteak alde egiteak kolokan jartzen du bere izaera. Bere ahulezia ikusten du eta hortik datorkio indarkeriaren beharra. Nahiago du emaztea ez existitzea berarengandik aparte bizitzea baino. Ez du permitituko «berea» dena autonomoa izatea.


Gizon hauentzat mingarriena ez da, ordea, emakumeak bikotekide berria topatzea. Nahiago lukete ordezkatua izan eta beste gizon batek hartzea beren lekua, emakumeak esatea baino bakarrik egon nahi duela, ez duela inoren bikotekidea izan nahi. Latza zaie, umiliagarria, emakumeak modu autonomoan bizi nahi izatea; autonomoa ekonomikoki (gero eta onartuagoa) eta autonomoa afektuen arloan. Orduan sentitzen du inpotentzia gizonezko ahulak. Hutsaren hurrengoa dela uste baitu.


Uste horrek egiten du ulergarri bere buruaz beste egitea emaztea erail ondoren. Zertarako bizi! Ezerk ez du zentzurik dagoeneko. Bakardadeari beldurra dio eta, posesioa galdu duenez, lotsa.


Bakardadea eta lotsa ere badaude emakume sumisoaren jarreran. Bakardadeari beldurra dionez, bikote txarra nahiago du bikoterik ez edukitzea baino. Lotsa ere badu, ez soilik agerian geldituko delako nolako tratua jasan duen etxean. Lotsa da, batez ere, jendeak jakingo duelako nolakoa den beraren gizona; ezin izango du, honezkero, haren portaera zuritu.


Beldurrak eta lotsak iraunarazi egiten dute aspaldi hautsi behar ziren bikoteak (eta miseria ekonomikoak, eta azpiegitura ezak, eta erlijio zanpatzaileek...). Beldurra, alternatiba ez delako oso erakargarria; nahiz eta gizonezkoak ezer gutxi aportatu bikoteari, simetria formala mantentzeko balio du. Lotsa, begi bistan geldituko direlako ordura arte etxeko lau hormetan baino gertatzen ez ziren ezintasunak, hitz latzak, isilune ankerrak, distirarik gabeko begiradak.


Banaketa porrota da, proiektuak huts egin duelako seinale, errakuntza baten zantzua. Beldurra eta lotsa sorrarazten ditu eta, batzuetan, heriotza.

No comments: