- Estibaliz Anguloren heriotza salatu eta azkena izan dadila eskatu dute
- Ehunka lagun irten ziren atzo kalera Estibaliz Angulo Mañuetako 72 urteko bizilagunaren heriotza salatu eta emakumeen aurkako indarkeriari aurre egin behar zaiola aldarrikatzeko. Beste behin ere, gisa honetako heriotzak eragozteko arazoari errotik heldu eta neurri eraginkorrak eskatu zituzten. Bien bitartean, hildakoaren senarrak, ustezko erasotzaileak, Logroñoko ospitale batean jarraitzen du bere buruari eragindako zauriak sendatzen.
- Gara, 2008-08-19
Estibaliz Anguloren heriotza salatu eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean neurri eraginkorrak har daitezen eskatzeko ehunka lagun irten ziren atzo kalera, Euskal Herriko Mundu Martxarako plataformak deituta. Gisa honetan, gertaerak erabat samindu duen Arabako Errioxako Mañueta herrian egindako salaketei jarraipena eman zitzaion.
Donostian egindako elkarretaratzean dozenaka lagun batu ziren «Matxismoak hiltzen gaitu!» leloa zeraman pankartaren atzean. Emakumeen aurkako indarkeriaren arazoari errotik heldu behar zaiola adierazi zuten eta azaleko neurriak baino, sakonekoak hartzeko eskatu zuten. Elkarretaratzeak Euskal Herriko makina bat bazterretan errepikatu ziren, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean kasu.
Datu ofizialen arabera, Euskal Herrian aurten indarkeria sexistak eragindako hirugarren biktima da Estibaliz Angulo. Izan ere, Mañuetako 72 urteko bizilagunaren kasua, Nagore Laffage gazte irundarraren eta Tatiele de Sousa 20 urteko Iruñeko bizilagunaren heriotzei gehitu zaie jada luze jota dagoen emakumeen aurkako indarkeriak utzitako zerrenda beltzean. Angulok hainbat labankada jaso zituen eta pasa den ostiral goizean topatu zuten bere gorpua.
Ikerketei dagokionez, Ertzaintzak Gasteizko Goardiko Epaitegira bidali ditu kasuaren eginbideak, atzo Lakuako Gobernuko Barne Sailak aditzera eman zuenez.
Bien bitartean, atxilotuak, hildakoaren senarrak, Logroñoko San Pedro ospitalean jarraitzen du ingresatuta labanaz bere buruari egindako zauriak sendatzen. Antza, bere emazteari eraso egin ostean bere burua zauritu zuen Cristobal Martinez 72 urteko gizonezkoak. Bikotearen semeetako batek aurkitu zuen ostiral goizean amaren gorpua, aita, zaurituta, ondoan zela. Polizia espainoleko agenteen zaintzapean dago ustezko erasotzailea.
Elkarretaratzeak
Euskal Herriko makina bat herritan egin ziren atzo ilunabarrean Estibaliz Anguloren heriotza salatzeko elkarretaratzeak Euskal Herriko Mundu Martxarako Plataformak deituta.
No comments:
Post a Comment