- Atsegin Odriozola eta Eva Aiertza · Zumaia-Getaria traineruko arraunlariak
- «Jendeari oraindik ez zaio buruan sartzen arraunean ibiltzen garela»
- Joan den astean Gizpuzkoako txapeldun izan ziren, eta bihar estreinakoz antolatu den emakumezkoen Euskadiko Txapelketan ariko dira
- Aiertza: «Batzuek trabak jarri eta gustatu ez zaizkigun komentarioak egin dituzte»
- Odriozola: «Orain arte, gizonezkoek zuten jarraikortasun hori ez geneukan emakumeok»
- Urola Kostako Hitza, 2008-07-30 # Aritz Mutiozabal
Gipuzkoako bandera lortu ondoren, Zumaia-Getariako trainerua Euskadiko Txapelketa irabazten saiatuko da bihar eguerdian Lekeition, 12:00etatik aurrera. Denboraldi hasiera bikainaren aurrean, Zumaiako Arraun Taldeko kide Atsegin Odriozola (Zestoa, 1991) eta Getariako Arraun Taldeko kide Eva Aiertza (Orio, 1989) talde berriaren bilakaeraz eta euren ilusioez aritu dira.
Bateletan eta trainerilletan badaramazue hainbat urte. Bazen garaia trainerua ateratzekoa, ezta?
Odriozola, Atsegin: Dudarik gabe.
Aiertza, Eva: Lehendik ere saiakera bat egin zen, baina estropada batzuk soilik jokatu genituen Urola Kostaren izenean. Zumaia-Getaria taldea osatzen dugun arraunlari batzuk bertan ibili ginen.
Baina estropada solteak baino ez ziren izan.
A.O.: Ez zen orain bezala izan. Aurten, behintzat, txapelketa batzuk finkatu dituzte.
Mementoz, hiru estropada antolatu dituzte: Gipuzkoako Txapelketa, Euskadiko Txapelketa eta Kontxako Bandera.
A.O.: Hiru estropada horiek finkatuta daude. Gero, beste pare bat estropada ere antolatu nahi dituztela aipatu dute. Abuztuan zehar izango dira, baina oraindik zehazteko dago guztia.
Duela hiru aste elkartu eta hasi zineten entrenamenduekin, eta hasi eta berehala Gipuzkoako txapeldun izan zarete. Elkar ulertu duzuen seinale?
A.O.: Guztiok trainerilletan ibilitakoak gara; gainera, Getaria eta Zumaia bakarrik ibili gara aurten trainerilletako ligan Gipuzkoan. Horrek ere lagundu egiten du. Lehenengo egunak gogorrak izan ziren, baina pixkanaka neurria hartuz goaz.
E.A.: Ni Getariako arraun taldeko arraunlaria naiz, baina Oriotik nator. Talde batetik bestera aldatu egiten da arraunean egiteko modua eta orain, bi taldek bat egin dugunean, elkar ezagutu behar izan dugu. Izan ere, guztiok dakigu arraunean, baina guztiok ezberdin. Hori gainditzeko lan asko egin behar izan dugu.
A.O.: Bateletan-eta hiru hilabete izaten dugu entrenatzeko... Baina Gipuzkoako Txapelketa bat-batean etorri zaigu.
Baina prestaketa handiena aurretik eginda izango zenuten.
E.A.: Bai, baina ez da horren erraza izan. Taldea osatzeko zailtasuna genuenez, arrauna utzita zeukaten jendea itzuli egin da eta beraientzat gogorra izan da; eta, batik bat, hasi eta bi astera lehen estropada jokatzea.
Hasi bezain pronto, Gipuzkoako txapeldun. Espero al zenuten?
A.O.: Lor genezakela zioten arren, ez genuen sinetsi nahi. Oinak lurrean genituela joan ginen Donostiara, eta ahalik eta hobekien egiten saiatu ginen. Estropada irabazi eta Gipuzkoako txapeldun atera ginen arren, ez ginen oso gustura geratu egindako lanarekin. Hobeto egin genezakeen.
E.A.: Gipuzkoako Txapelketako estropada jokatu aurretik, lehen postuan edo azken postuan geratu gintezkela pentsatu nuen. Gainerako taldeen aurka inoiz lehiatu ez ginenez, ez geneukan erreferentziarik. Beraz, gure lana egitera joan ginen.
Eta Euskadiko Txapelketarako prest al zaudete?
A.O.: Lan txukuna egiten ahaleginduko gara. Kasu honetan, Gipuzkoan lehiatutakoez gain, Bizkaiko Arkote taldea ere ariko da.
Ezberdina al da bateletan edo traineriletan aritzetik traineruan aritzera pasatzea?
A.O.: Arraunketa oso ezberdina da batelean edo traineru batean.
E.A.: Pertsona kopurua handitu egiten da. Esaterako, batelean 6 lagunek egiten duten arraun eta traineruan, berriz, 14k. Guztiok batera aritze hori zailagoa da.
A.O.: Arraunketa luzeagoa da eta ziabogak eurak ere gogorragoak dira. Bateletan erraz ematen duzu buelta, baina 200 kiloko ontzi batekin gehiago kostatzen da.
Bi elkarteen artean hitz egin zenuten taldea osatzeko orduan; Zumaiaren eta Getariaren artean, alegia. Nola izan zen kontua?
A.O.: Gipuzkoako eta Bizkaiko selekzioen arteko estropada jokatu genuen Zaragozan, eta bertan Kontxa jokatzeko aukera izango ote zen txutxumutxuak entzun genituen. Hondarribitarrei bertan aritzeko gonbidapen moduko bat eman zietenez, guk ere taldea atera genezakeela pentsatu genuen.
E.A.: Herri bakoitzako taldeak bakarka trainerurik osatzen ez genuenez, indarrak batzea erabaki genuen.
Egun Kontxako Bandera da estropadarik preziatuena. Emakumezkoentzat ere hala al da? E.A.: Oraindik gehiago agian, jokatzen den lehen aldia dela kontuan izanda. Izan ere, gure jardunari ez diote horrenbesteko garrantzirik ematen; oihartzun gutxiago dugu. Gure ohiko denboraldia neguan jokatzen da, batelekin eta trainerillekin, eta jendeari arraroa iruditzen zaio otsailean estropadak izatea. Beraientzat estropadak traineruenak dira, udan jokatzen direnak.
A.O.: Jendeari oraindik ez zaio buruan sartzen emakumezkoak ere arraunean aritzen garela.
Nolakoa izango da lehenengo Kontxako Estropada hori?
E.A.: Oraindik ez dakigu oso ongi, baina badirudi ez dugula igandean jokatuko, larunbatean baizik. Antza denez, tradizioa puskatzea omen da. Iritzi asko daude, baina nik uste dut tradizio batzuk puskatu egin behar direla, horiek justu-justuak ez badira.
A.O.: Hirugarren txanda bat jarri nahian urte asko daramate, baina ez dute lortu. Orduan, emakumezkoen txanda bat jartzea ez dute egokia ikusten.
E.A.: Traineru batzuk kexatu egingo direla diote. Izan ere, gu lehian ari garenean, gizonezkoek ezingo omen lukete beroketak egin.
A.O.: Lehen urtea izanda, gehiegi ere ezin dugu eskatu. Behintzat tradizio berri bat sortuko dugu, larunbateko Kontxarena.
Herria girotzen hasi al da zuekin?
A.O.: Bai. Herritarrak begira geratzen zaizkigu, ea zer moduz ari garen ikusten. Baina ohituta daude, urte osoan ikusten baikaituzte entrenatzen.
E.A.: Kanpotarrak paseatzera etortzen direnean moilara eta arraunean ikusten gaituztenean, harritu egiten dira. Are gehiago neskak garela konturatzen direnean. Argazki kamera ateratzen dute berehala.
Emakumezkoen arraunean normalizazio bat emateko aurrerapauso bat al da honakoa?
A.O.: Aurrerapauso handia da!
E.A.: Bai, baina normalizazioa ez dago gugan bakarrik. Gizarteak arruntasun osoz barneratu behar du emakumeok arraunean aritzen garela. Batzuek, ordea, oztopoak jartzen dizkigute edo gehiegi gustatzen ez zaizkigun komentarioak ere entzun ahal izan ditugu. Gizonezko arranaularientzat Kontxa da estropada preziatuena, eta gu arraunlariak garen aldetik, zergatik ezin dugu bertan parte hartu, emakumeak garelako?
Oraindik gizonezkoen kirola al da arrauna?
A.O.: Emakumeak aspalditik ari gara arraunean, baina ez da entzutera eman, futbolean edo eskubaloian bezala. Orduan, jendeari oraindik arraroa egiten zaio.
Zuen jardunak jarraikortasuna izan dezan, zein pauso eman beharko lirateke?
A.O.: Jubenilak arte emakumeak arraunean inolako arazorik gabe aritzen ziren, baina ondoren trainerurik ez zegoenez, askok utzi egin behar izaten zuten. Guk orain arte ez geneukan gizonezkoek zuten jarraikortasun hori.
E.A.: Ikasketek asko baldintzatu dute emakumeen jarraikortasuna.
Datorren denboraldiari begira, emakumeen arrauna indartzen joango dela esan al genezake?
A.O.: Badirudi segida bat izango duela. Guk behintzat itxaropen hori dugu! Ez genuke nahi abian jarri den hau bere horretan geratzea; batik bat, txapelketak antolatu eta gero. Gainera, komunikabideek bultzada handia eman digute, eta nahiko genuke hau guztia finkatzen eta sendotzen joatea. Gu jarraitzeko gogoz gaude.
Aurtengo dinamika jarraituz gero, posible al da datozen urtetan emakumezkoen traineru liga bat antolatzea?
E.A.: Gugatik balitz, posible izango litzateke...
Hori izango al litzateke normaltasun egoera batera iristeko azken pausoa?
A.O. eta E.A.: Bai!
E.A.: Hori eta gizonezkoek egiten duten distantzia bera egiteko aukera izatea... Gipuzkoako Txapelketan 2.800 metro egin genituen, trainerilletan baino gutxiago. Gizonezkoek bikoitza egiten dute eta guk berdintasuna nahi dugu, nahiz eta ibilbidea osatzeko denbora gehiago behar.
A.O.: Zaragozan ere gizonezkoek baino metro gutxiagoko distantzia jarri ziguten. Jakin badakigu gizonezkoek duten gorputza ez dugula eta ez garela profesionalak, baina normalizazio edo berdintasun batera iristeko, baldintza berak izan nahi ditugu.
E.A.: Betiere, gure gaitasuna kontuan hartuta!
A.O.: Ahal dugula erakutsi nahi dugu, zergatik ez?
Komunikabideek ere paper garrantzitsua beteko dute, ezta?
E.A.: Bai, baina bere arriskua izan dezake. Orain nobedadea denez, oihartzun dezente lortzen ari gara, baina gero isiltasuna etor daiteke.
No comments:
Post a Comment