2008/07/30

> Iritzia: Nerea Elias > ALIANTZAK

  • Aliantzak
  • Berria, 2008-07-30 # Nerea Elias

Feminismoak historikoki harreman ugari izan ditu gay eta lesbianen, batez ere lesbianen, mugimenduarekin. Eztabaidak eztabaida, eta horiei esker hein handi batean, feminismoa bere corpus teorikoa eta ekintza politikoa osatzen eta berregituratzen joan da. Oparoa izan da bi mugimenduen arteko hartu-emana. Harremanak, bereziki informalak, etengabekoak diren arren, komenigarria izaten da gogoeta eta elkartrukerako espazioak ahalbidetzea. Hausnarketarako espazio hori eskaini dute Artelekun antolaturiko Feminismopornopunk topaketek.


Lesbianak, homosexualak, transexualak, transgeneroak, queer-ak, feministak, hau da, erregimen patriarkalaren bazterretan gaudenak, elkartu gara Artelekun. Lau egunez, pospornoa (pornografia egin eta ikusteko modu berria), queer mugimendua, genero identitateen eraikitzea eta apurketa, sexu desioen aniztasuna, eta abar izan ditugu gogoetagai eta praktikagai (zenbaitentzat praktikagay) hitzaldi, performance eta tailerretan.


Eta bazterretan, sistema patriarkalaren ertzetan, elkartu gara denok. Eta bazterretan egoteak batzen gaitu, bazterretara botatzen gaituen ereduari aurre egiteko nahiak eta beharrak. Horregatik, garrantzitsua da aldentzen gaituenaren gainetik (ezberdintasun guztiak kontuan izanik) batzen gaituena gogoratzea, gure artean aliantzak, babesak eta sareak sortzea.


Aliantza hauetatik asko jaso dezake feminismoak, bai hausnarketa mailan eta bai ekintza estrategiak planteatzerakoan. Queer mugimenduak, adibidez, generoa (emakumea / gizona) sozialki eraikitzen dela defendatzeaz gain (honetan bat etorriko litzateke feminismoarekin), sexu joerekin (homosexual / lesbiana) ere gauza bera gertatzen dela argudiatzen du; nortasunak, sexu desioak, sexu-praktika normalak eta perbertsioak, gure gorputzarekin dugun harremana, maitasun erromantikoaren ideia, eta abar sozialki sortzen direla. Eraikitako eredu horiek guztiak apurtzeko ahaleginak egiten dituzte queer mugimendukoek, horretarako estrategiarik deigarrienak, erradikalenak eta probokatzaileenak erabiliz.


Besteak beste, ikuspuntu eta estrategia horien guztien berri jasotzeko aukera izan dugu Artelekun, gure adostasunak edo desadostasunak aztertzeko aukera, bazterretan gaudenon indarrak batzeko parada, ez baita ahaztu behar gehienetan bazterretan, ertzetan edo txokoetan sortzen direla proposamenik interesgarrienak eta apurtzaileenak.

No comments: