2008/07/09

> Berria: Indarkeria > NAGORE LAFFAGE GAZTE IRUNDARRA DA ORONDRITZEN HILDA AZALDU DEN NESKA

  • Nagore Laffage gazte irundarra da Orondritzen hilda azaldu den neska
  • Hilketa gaitzesteko, Iruñeko Vinculo plazan gaur 12:00etarako elkarretaratzera deitu du Berdintasunerako Institutuak
  • Iruñeko 27 urteko gizonezko bat atxilotu du Foruzaingoak, hilketarekin lotura duelakoan
  • Berria, 2008-07-09 # Ainara Arratibel Orondritz

Nagore Laffage Casasola 20 urteko Irungo (Gipuzkoa) emakumea da Orondritzen (Nafarroa) herenegun hilik aurkitu zuten pertsona. Nafarroako Gobernuak atzo iluntzean zabaldu zuen biktimaren nortasuna, familiari arratsaldean berria eman ostean. Genero indarkeriaren bidetik doa Nafarroako Gobernuaren ikerketa lerro nagusia. Neskak indarkeria zantzuak zituen eta, hilketarekin lotura duelakoan, 27 urteko iruinsemea atxilotu dute foruzainek.


Herenegun arratsaldean aurkitu zuen herritar batek gaztearen hilotza, Orondritz eta Loizu (Nafarroa) herriak lotzen dituen bide batean. Hilotza plastikoekin estalita zegoen, eta sokekin lotuta. Herritarrak berehala eman zien gertatutakoaren abisua foruzainei. Hara abiatu zen Aurizko (Nafarroa) medikua, eta heriotza baieztatu zuen. Epaileak 22:00ak aldera eman zuen gorpua eramateko agindua.


Foruzainek ikerketa abiatu zuten eta, 01:00ak aldera, atxilotu zuten gizona. Neskari, bestalde, atzo iluntzean egin zioten autopsia, baina lerro hauek idazteko orduan artean ez zuten horren inguruko argibiderik eman.


Hilketa gaitzesteko, elkarretaratzera deitu du gaurko Nafarroako Gobernuko Berdintasunerako Institutuak, eta bertan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Elkarretaratzea eguerdiko hamabietan izango da, Berdintasunerako Institutuak Iruñeko Vinculo plazan duen egoitzaren parean.


Elkarretaratze horretan izango dira, besteak beste, Sara Ibarrola Nafarroako Gobernuko Berdintasunerako Institutuko zuzendaria, Javier Caballero Presidentziako kontseilaria eta Isabel Garcia Malo Gizarte Gaietarako Ongizate, Familia, Kirol eta Gazteria kontseilaria.


Gertatutakoa sinetsi ezinik
Egunero egin ohi dudan bezala, zakurrekin irten nintzen arratsaldeko osteratxoa egitera». Hilotza aurkitu zuen emakumeak honela azaldu dio BERRIAri herenegun arratsaldean bizi izan zuena: «Burdin hesi bat zeharkatzera nindoala plastiko batzuk ikusi nituen. Telebistan ikusi ohi den irudia etorri zitzaidan burura: gorpu bat plastikoz estalita. Baina ezin nuen sinetsi. Nire burutazioak zirela pentsatu nuen. Baina hesia zeharkatu eta gorpu bat zela jabetu nintzen». Berehala etxera itzuli zen. «Senarrari gertatutakoa kontatu nion, eta lagun baten bila joan ginen. Baina herrian ez zegoen ia inor. Kontuan izan San Fermin eguna zela. Senarraren lagun batekin topo egin genuen, eta harekin hilotza zegoen lekura itzuli ginen. Haiek ere gorpu bat zela baieztatu zuten, eta foruzainei deitu genien. Oso gogorra izan zen». Jada lasaitu dela dio. «Baina une oro burura etortzen zait gertatukoa. Ezin dut ahaztu».


Hark ez ezik, Orondrizko herritar gehienek ezin dute burutik kendu herenegun arratsaldean gertatutakoa. Izan ere, gertaerak Iruñetik 40 bat minutura dagoen 20 biztanle inguruko herri txiki eta lasaia aztoratu du.


15:30ak dira eta txorien kantua, zakurren zaunkak eta butano banatzailearen txirrina baino ez dira entzuten herrian. Haatik, goiz osoan foruzainen eta hedabideen joan-etorria etengabea izan dela azaldu dute hainbat herritarrek. «Galdeketak egiten aritu dira». Gehienek diotenez herenegun kosta egin zitzaien begiak biltzea.


Herriko plazatatik gertu dagoen plaza batean bazkal osteko berriktalditxoa egiten ari diren bi adinekok diotenez, sekula ez dute bizi izan halakorik herrian. «Hemen oso lasai bizi gara, ez da ezer gertatzen. Herriarentzat oso albiste gogorra eta tristea izan da. Denak asaldatuta gaude, eta sinetsi ezinik. Herrian ez dago beste gairik herenegun iluntzetik», diote biek.


Orondrizkoak izanda, ondo ezagutzen dituzte inguru haietako txokoak, eta garbi dute gorpua hara eraman zuenak ondo ezagutzen duela lekua. «Albistea jakin bezain laster pentsatu genuen hori. Hara iristeko, menditik joan behar da, eta ingurukoa ez bazara, bide hori ez duzu ezagutzen. Normalena errepidetik joatea da, eta leku hori albo batera geratzen da».


Gorpua Orondritz herritik gertu dagoen araztegitik gertu dagoen bidexka batean zegoen. «Herritarren artean ohitura handia dago handik osteratxoa egiteko, oso leku lasaia baita», dio emakume batek. Hilotza aurkitu zuen emakumearen antzera, berak ere ohitura handia du zakurrekin osteratxoa egiteko. «Herenegun ere irten nintzen, eta txiripaz ez nintzen handik igaro. Zakurretako bat nekatuegi sumatu nuen, eta handik gertu nengoela etxera itzultzea erabaki nuen».


Hori pentsatzen igaro du eguna, eta baita hilotza aurkitu zuen emakumearengan. «Ezaguna dut, eta harekin hitz egitea lortu ez dudan arren badakit oso gaizki pasatu duela». Bi nahi ere agertu ditu: halakorik berriro ez gertatzea eta herria ahalik eta azkarren normaltasunera itzultzea.

No comments: