2008/07/05

> Berria: Trans > ESTATU BATUAK: THOMAS BEATIE TRANSEXUALA ALABA BATEZ ERDITU DA

  • Haurdunaldi bat, kontzeptu ugari dantzan
  • Thomas Beatie transexuala alaba batez erditu da
  • Kritikagarria batzuentzat, berritzailea besteentzat. Thomas Beatie transexualaren haurdunaldiak, amatasuna, aitatasuna, maskulinitatea, feminitatea... kontzeptu ugari hankaz gora jarri ditu. Igandean erditu zen eta dagoeneko aita da.
  • Gara, 2008-07-05 # Maider Eizmendi

Thomas Beatie Oregoneko (AEB) 34 urteko gaztea aita da, guraso hala nahiago badu. Atzo jakin genuen joan den igandean erditu zela eta biak, aitak eta alabak, osasun egoera bikaina dutela. Beatiek orain hamar urte erabaki zuen sexuz aldatzea eta legeak gizon izaera aitortu zion. Hala eta guztiz ere, bere obulutegia eta umetokia mantendu zituen eta bere emazteak, haurrik izan ezin duenez, bere hormona tratamendua bertan behera utzi eta intseminazio bitartez haurdun geratu zen Thomas orain bederatzi hilabete.


Munduko komunikabideek «haurdun izandako lehen gizon» gisa bataiatu dute, baina izatez, Thomasek beste pertsona batzuk aurretik zabaldutako bidea jarraitu baino ez du egin. Aldea, albisteak izandako oihartzunean dago, Thomasek bere egoeraren berri munduari eman eta bere haurdunaldiaren irudiak plazaratu baititu. «Oso ausarta izan da», horrela dio Beatriz Preciadok, Generoaren Teoria Paris VIII Unibertsitatean irakasten duen Burgoseko irakasleak. Donostian dago egun hauetan «PornoPunkFeminismoa» izenburupeko jardunaldi batzuen koordinazio lanak egiten, eta bertan izan du erditzearen berri. GARA berarekin izan da Thomas Beatieren kasuaren eta honek mahai gainean jarri dituen eztabaida anitzez mintzatzeko.


Kasua ezagun egin zenetik aztoratu egin ditu asko. Zenbaitek ezin du ulertu gizon izateko pausoa eman ostean, hori eten eta haurdun geratzeko erabakia hartu izana, zenbaitek «aita beharrean ama» izango dela dio, baina berak argi adierazi du, erdituta ere haurraren aita izango dela, «rol hori» beteko duela eta Nancy emazteak amarena.


Onarpen arazo horien oinarrian, Preciadoren ustez, mendebaldeko sexu-genero kontzepzio estua dago: «Guk erregimen kontserbadore edota doktrinatzaileez hitz egiten dugunean Islam-a datorkigu burura, baina gure sexu-genero erregimena oso-oso diziplinarioa eta estua da; guk naturalizatuta bizi dugu eta ez gara arau sistema hertsitzaile horretaz jabetzen». Irakaslearen esanetan, indarrean dagoen sistemak sexu, genero eta sexualitatearen lerrokatzearekin du zerikusia: «Sexu anatomiko maskulinoari, genero maskulinoa dagokio eta, jakina, heterosexuala izan behar du, eta, gainera, hori guztia aitatasunarekin sendotu behar du; emakumeak berriz, bere feminitatea amatasunarekin azkendu behar du».


Kontua da Thomas Beatiek sistema hori apurtu duela, «maskulinitateaz dugun ideia tradizionalaren kontra egin du» eta duela pare bat hamarkada abiatutako bideari esanahia erantsi. Orduan hainbat ikerlari eta pentsalari sexu-genero lerroari eten kritikoak egiten hasi ziren eta honelakoak esaten: «badira gizonak femeninoak direnak, maskulinoak diren emakumeak... Ez dago inolako jarraipen naturalik eta orain ikasi behar dugu amatasuna gerta daitekeela gizon baten gorputzean eta aitatasuna emakume gorputzean». Beatiek beraz, aitatasuna eta amatasuna eraikitako kontzeptuak direla eta horien mugak mugi daitezkeela utzi du agerian. «Horregatik da zaila Thomas aita dela ulertzea, nahiz eta umetokia izan, alua izan eta neska jaioa izan, normalean gizonei bakarrik ezarri zaien posizio kulturala defendatu behar du berak eta horregatik seguru aski behin eta berriz errepikatzen du bera `aita' izango dela».


Kasu zehatz honek kolektibo transexualen gaineko ikuskeran ez ezik, emakume izatean eta honen ulermenean ere zeresana eman dezake. «Emakumeen gorputza, orain arte naturalizatuena, desnaturalizatzeko pauso gisa ulertzen dut. Gizonaren gorputzak ere metafora kultural ugari ditu, baina emakumearen gorputza izan da diziplinatua eta arautua eta, batez ere, ugalketa kontrolari dagokionez. Ikuspuntu horretatik, Thomasek emandako pausoa ikaragarria da», zehaztu du Preciadosek. Horren harira, gorputza beste modu batean begiratzen ikasi behar dugula nabarmendu du Preciadok. «Kulturak eta irudiek -zinematografikoek, literarioek, pornografikoek- eraikitzen dute gorputza. Hori guztia kontuan hartu gabe gorputzak ez du egun esanahirik.


Medikuntzak eta teknologiak gorputzean duten eragina ere aintzat hartzekoa dela dio irakasle honek: «Gorputza lehen unetik teknologiaren ondorioa da; edozein gorputzek -ez soilik transexualenak- kontaktu zuzena du teknologia hormonalekin adibidez; oso neska gutxi ezagutzen ditut gaztetatik pilula hartzen ez dutenak eta beren feminitatea, hilekoa, teknikoki kontrolatua dago».


Lehen ere bideak irekita baziren kasu honen publikotasuna transexual eta gay ugarirentzat «izugarria» izan da, «amatasuna mamua dela askorentzat». Kontuan izan behar da gainera, gizonezko transexualen sexu aldaketetan urte askoan pertsonak antzutzera jo izan dela: «Testosteronak obulutegiko minbizia izateko arrisku txiki bat dakar, eta horregatik urte askoan medikuntzak proposatu izan du hormonak hartzen hasi aurretik, obulutegia eta umetokia kentzea». 90eko hamarkadan, ordea, «transgenero mugimenduarekin» transexual asko beste modu bateko gorputza nahi zutela aldarrikatzen hasi ziren, hau da, gizon izan zitezkeela beren ugalketa organoak mantenduta ere. «Thomasek horixe dio, gizona dela alua izan arren, eta ideia hori oso berritzailea da maskulinitateaz dugun ideia zakilean eta sarketan oinarritzen delako ia esklusiboki». Thomasen alabaren gainean, eta beste transexual batzuen seme alaben esperientziak kontuan hartuta zera dio: «Beste batzuek baino errazago ulertuko dute modu asko daudela gizon eta emakume izateko eta identitatea eta desioa mugikorrak eta aldagarriak direla».


Ziur Beatieren erditzeak kalapita eragin eta kontserbadoreen kritikak jasoko dituela; baina mahai gainean jarri ditu kontzeptu eta ulerkera ugari; eta hori eskertzekoa da.

No comments: