2007/07/01

> Iritzia: Araitz Mendibil > SEXUALITATEA ASKATASUNEZ BIZI

  • Sexualitatea askatasunez bizi
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-07-01 # Araitz Mendibil · Bilgune feministako kidea, Errenteria-Orereta

Azken urte honetan aldaketa handiak ematen ari dira gay, lesbiana, transexualen eskubideei dagokionean. Baina ezin dugu alerta jaitsi, legeek hainbat eskubideren aitortza helburu badute ere, aniztasunaren errespetutik oso urrun aurkitzen garela adierazten diguten datu eta gertaerak ditugu egunero.


Familia eta beronen egitura heterosexualaren bidez banatzen eta antolatzen ditu rolak patriarkatuak, berau «normala» eta beste guztia «desbiazioa» dela jendarteari muinetaraino sartuz. Erlijioak eta instituzioak ere, arau bihurtu duten normaltasun honen atzetik mugitu dira. Arau hausle hauek jendartetik aparte, ezkutatuta bizi behar izan dute beraien sexualitatea eta egun egoera ez da uste dugun bezain beste aldatu. Ikastetxeetan oraindik ere, bere sexuarengandik espero ez diren jarrera maskulino edo femeninoagoak izateagatik baztertuak diren ikasleak asko dira; eta hau adibide sinpleenetakoa izanik, ondoren jendartean ematen diren jarrerak are bortitzagoak izaten dira.


Aukera sexual guztiak behar dute bere espazioa jendartean. Arau mugatzaileetatik haratago joan eta jendarte anitza, oztoporik gabea eratzeko ardura dugu guztiok, norma heterosexualarekin amaitzekoa. Gure aukera sexuala momentuan dena izanda ere askatasun osoz bizitzeko eskubidea guztiok ez dugun eskubide bat da.


Dikotomiarekin bukatu

Emakume/gizon=femenino/maskulino genero dikotomiarekin amaitzeko beharra aldarrikatzen dugu jendartean. Genero eta sexuen arteko bereizketekin amaitu eta pertsona guztiak era berean baloratzeko ordua da, bere jarrera ezaugarri sexualak direnak izanda ere. Hau dugu sexuen eta rolen aferarekin amaitzeko era.


Azkenik, ezin gara ahaztu lesbianen arazo, behar eta eskubideekiko mugimendu feministatik izan dugun utzikeria. Gu geu ere arau sexualen aferan aniztasuna kontuan hartu gabe ibili izan gara urte luzeetan zehar. Bada ordua zatiketekin etxetik bertatik amaitzekoa. Horregatik dei egiten diegu feminista, emakume eta aurrerakoi sentitzen den orori ekainaren 28an egingo diren mobilizazio eta ekimen desberdinetan parte hartzera.

No comments: