2008/11/18

> Berria: Matxismoa > DURANGOKO LIBURU ETA AZOKAKO KARTELAK JARRERA KONTRAJARRIAK SORTZEN JARRAITZEN DU

  • Durangoko Liburu eta Disko Azokako kartelak jarrera kontrajarriak sortzen jarraitzen du
  • Gara, 2008-11-18 # Ianire Renobales · Bilbo

Durangoko Azokako kartelaren inguruko eztabaidek indarrean diraute. Gizarte talde eragile desberdinek euren iritzia plazaratzeari ekin diote eta oraingoan, Euskal Herriko Bilgune Feministak hartu du hitza.


Historian, emakumeak jasandako diskriminazioa eta bereizketa du hizpide talde honek eta honen arira, 2008ko Azokako kartelari uko egiten diotela jakinarazi nahi izan dute. «Aurten Durangoko Liburu eta Disko azoka aurkezteko erabili den kartelak gure ustez ez du asko laguntzen ibilbide hori aldatzen». Bilgune Feministak azoka antolatzen duen Gerediaga elkarteari kartela kentzeko eskatu dio, baina ezezkoa jaso du. Talde honen aburuz, Gerediaga aurrerapausua eman beharrean atzerapausua bultzatzen ari da.


Txapelarekin identifikatu ezin
Jakin badakigunez, eztabaida sortu duen kartelean txapela, betaurrekoak eta kaskoak ageri dira. Batzuek diotenez, bi sexuak antzeman daitezke irudian betaurrekoen eitea femeninotzat hartzen dutelako. Antza denez, kaskoek ez dute sexurik, baina iskanbila txapelarekin piztu da. Argazkian ez da ageri giza figuraren arrastrorik; hala ere, gizarte eragileek modu oso desberdinean egin dute irakurketa. Bilgune Feministaren arabera, «emakumea ez da identifikatzen txapelarekin eta horrek kultur eremutik urrun sentiarazten du nahiz eta kartel egilearen helburua hori ez izan». Gauzak hala, kulturaren esparruan ere emakumeak zapalkuntza bizi duela argitu nahi izan dute ildora. Bestalde, kartelean agertu ez arren, egileak lana izendatzeko erabili duen esaldiak ere iritziak sorrarazi ditu, «Gizon ikusezina Azokan».


Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak salaketa egin bezain laster, sumendiak eztanda egin zuen. Alde batetik, kartelaren inguruan sortutako ika-mikak gehiegizkotzat jotzen dituztenak; bestetik, sexu bereizketaren mesedetan lan egiten duela uste dutenak. Hausnarketa kontrajarriak alboraturik, Durangoko Azoka denon ahotan dago, bai, baina ez euskal kulturari buruz irmoki aritzeko.

No comments: