- Erasoei aurre egiteko indarra agertu dute berriz emakumeek
- Emakumearen aurkako indarkeria jendarte osoaren arazoa izanik, milaka herritar kalera atera ziren errealitate hori ikusarazi eta hori aldatzeko borondatea erakusteko. Orain arte instituzioei egindako eskaerek emaitza eskasa izan dutela eta horien utzikeria nabarmena izan dela ikusirik, errealitatea aldatzea gizarteari dagokiola adierazi zuten. Halako erasoei aurre egiteko autodefentsa ere aldarrikatu zuten.
- Gara, 2008-11-26 # Jasone Mitxeltorena
Emakumearekiko indarkeriaren aurkako eguna izanik, milaka herritar kalera atera ziren atzo errealitate horri amaiera emateko borondatea erakusteko. Mugimendu feministako kideek behin eta berriz nabarmendu dutenez, jendarte osoari dagokion arazoa da, eta atzokoan agerian geratu zen gai horren gainean sentsibilizazioa handia dagoela. Hala da, batez ere, indarkeriaren ondoriorik larrienetan, heriotza kasuetan. Aurten eragindako hildakoak gogoan izan zituzten beste behin; Iruñean eta Lizarran, desagertutako Maria Puy Perez bereziki oroitu zuten. Hala ere, azken asteotako kanpainari segituz, erasoak ez direla indarkeria fisikora mugatzen eta etxetik kanpo, kalean eta lanean ere gertatzen direla azpimarratu zuten atzo hainbat eragilek eta mugimendu feministak, oro har. Horren harira Bilgune Feministak salatu zuenez, «ekimen batzuek emakumea biktima soiltzat tratatzen jarraitzen dute, indarkeria gai isolatutzat hartzen da eta jarrera salbatzaile eta paternalista batetik abiatzen dira».
Etxetik kanpo ere gertatzen da
Instituzioen jarduera ere aipatu zen mobilizazioetan: borondatea erakutsi arren praktikan ezer gutxi egiten dutela salatu zuten; baita ere arazoari eskainitako aurrekontuak eta politikak eskasak direla, eta horren ondorioz, emakumeen aurkako erasoek bere horretan segitzen dutela. Hala, atzoko mezu nagusia jendarteari eta bereziki emakumeei begira zabaldu zen: «Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da», eta «eraso guztiei erantzu-na emateko» deia egin zuten. Bilgune Feministak «autodefentsa» aldarrikatu zuen, eta Iru- ñean Indarkeriaren Aurkako Plataformak emakumeok «elkartu eta antolatzeko» beharra plazaratu zuten.
Mugimendu feministaz gainera, gazte eragileek ere euren konpromisoa erakutsi zuten: Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak kezka agertu zuen gazte belaunaldien artean ere, «hitzezko parekidetasunean hezi garenon artean», atzera balore matxistak agertzen direla-eta. Erasorako joera bizirik dela ohartarazi zuen, eta gaineratu indarkeriak lotura zuzena duela lan munduan, hezkuntza sistemetan eta aisialdian azaltzen den bazterkeriarekin.
Ikasle Abertzaleak iritzia berekoak dira, eta eurek hurbiletik ezagutzen duten arloari begira, ikastetxeetako arduradunei leporatu zieten gai horretan heziketarik ez ematea eta «egunero gertatzen diren era guztietako erasoen aurrean ez ikusiarena egitea». Errealitate hori salatu zuten atzo ikasketa zentroen aurrean -besteak beste, Amurrion (90 lagun), Iruñean (NUPen) eta Eibarren-. Hezkuntza gizartearen eraikuntzan berebizikoa izanik, horretan lan egiteko beharra nabarmendu zuen ikasle talde honek.
Baionatik, LAB sindikatuak lantegien aurrean esku-orriak banatu zituela jakinarazi zuen, lan munduan emakumeak gutxietsiak direla, eta ondorioz, sexu jazarpena ohikoa dela salatuz. Emakumeentzat hori salatzea zaila izanik, langileen ordezkariei deia egin zien LABek enpresak sexu-jazarpenari amaiera ematera behartzeko. Batasunak «gizartearen izurritetzat» jo zuen arazoa eta «ekintzak hitzen pare jartzera deitu zuen».
Herriz herri
Euskal Herri osoan herriz herri egin ziren mobilizazioak: Bilgune Feministak jakinarazi zuen eurak izandako lekuei dagokienez, orotara 4.500 bat herritar bildu zirela: Bilbon 1.000 bildu ziren, Donostian 300, Gasteizen 900 eta Iruñean 1.500. Udalek deituta, Ikaztegietan (20) eta Oiartzunen ere elkarretaratzeak egin zituzten. Bestalde, Iruran (60), Garesen (70) Leioan (30) eta Urduñan (32) ere bildu ziren.
No comments:
Post a Comment