2008/11/16

> Iritzia: Imanol Alvarez > BINARISMOA ETA ZIKLIKOTASUNA


  • Binarismoa eta ziklikotasuna
  • Argia, 2008-11-16 # Imanol Alvarez

Nire ingurumarian binarismo hitza bolo-bolo dabil azken boladan. Zer ote den binarismoa? Bada, gizonak eta andreak baino ez daudela defendatzeari esaten zaio binarismo. Alegia, homosexualak ala heterosexualak baino ez daudela; edota aktiboak ala pasiboak...

Euskal gay mugimendua sortu zenetik, nire taldean beti aldarrikatu dugu egon badaudela pertsona batzuk –gure kulturan tradizioz gizonezkoari atxiki zaizkion ezaugarri biologiko, psikiko zein portaerazkoak dituzten modu berean– emakumezkoari omen dagozkion ezaugarriak ere badituztenak; edota grina homosexualak dituzten bezala, grina heterosexualak ere badituztenak... Are gehiago, agian gomendagarriena tartean egotea dela ere aldarrikatu dugu, berezkoagoa, naturalagoa, aberasgarriagoa... delakoan.

Orain binarismoaren kontzeptua –eta berarekin dakarren haren kontrako borroka– zerbait berritzat aurkezten zaigu, queer teoria gaurkotuaren bidez. Gutariko askok, aldiz, duela hogeita hamarren bat urte gauza bera esaten genuen; hori bai, beste terminologia batekin: rol bipolarrez aritzen ginen, bipolarismoaz alegia. Bizitzan dena ziklikoa dela esan ohi da. Modak, gerrak, ideologiak... denak itzultzen ei dira ziklikoki, pitin bat aldatuta bada ere. Binarismoa ez da salbuespen.

Ondo deritzot, halere, ziklikotasunari, besteak beste, batean kontua ondo ateratzen ez bazaigu, hurrengoan, lezioa ikasita, hobeto egiteko beta izango dugulako. Argi baino argiago dago nire belaunaldikook ez ginela batere arrakastatsuak izan, mundua ez zela beltza ala zuria, kolore askotakoa baizik, aldarrikatzean. Sexualitatea ere anitza edo askotarikoa dela errepikatu dugu etengabe hiru hamarkadotan. Inor gutxi konbentzitu dugu ordea. Argi baino argiago dago, era berean, nork bere baitan eginiko hausnarketa milaka aldiz sendoagoa izaten dela, besteengandik jasotakoa baino.

Dena den, gorago esandakoaz kontrara, bueltatu dena ez da izan binarismoa bera, beraren inguruko –aurkako– teorizazioa baizik. Izan ere, historikoki dena bitan zatitu dugu, gizabanako bakoitzari horren araberako etiketa jarri diogularik: espainolistak eta abertzaleak, batuaren aldekoak eta euskalkien defendatzaileak (Euskaltzaindia vs. Euskerazaintza), “demokratak” eta “biolentoak”... Ene iritziz eta desioz errotik erauzi beharko genuke sentimendu eta ideiei mugak eta etiketak ipintzeko joera, eta aniztasuna onartu.

Ea egungo gazteek lortzen duten arrakasta handiagoxea! Zail dute, alajaina!

No comments: