2007/01/12

> Berria: Zinegoak > FILM, ARETO ETA EGUN GEHIAGO IZANGO DITU AURTEN ZINEGOAK

  • Film, areto eta egun gehiago izango ditu aurten Zinegoak
  • Lehen aldiz hartuko dute parte Euskal Herriko zinemagileek sail ofizialean, bost film laburrekin
  • Berria, 2007-01-12 # Maite Asensio · Bilbo

Hazi egin da Zinegoak, Bilboko Gay/Lesbo/Trans Zinemaren Nazioarteko Jaialdia. Urtarrilaren 22tik 27ra egingo da laugarren ekitaldia, eta jadanik marka guztiak hautsi ditu. Homosexualei, lesbianei eta transexualei buruzko film labur, luze eta dokumentalek gero eta ikusle gehiago dituzte. Beraz, jaialdia hazkundera egokitu da, eta film, egun eta areto gehiago izango ditu aurten. «Zinegoak 2007 orain arteko onena izango da», antolatzaileen esanetan.


Guztira 64 film emango ditu aurten Zinegoak jaialdiak: 13 film luzek, 30 film laburrek eta 12 film dokumentalek hartuko dute parte sail ofizialean. Horien artean, Berlinale Berlingo Nazioarteko Zinemaldiak homosexual, lesbiana eta transexualen gaineko film onenei ematen dizkien Teddy Bear sarien hiru irabazleak egongo dira. Gainera, lehen aldiz, euskal autoreak ordezkatuta egongo dira sail ofizialean, bost film laburren bidez. Off Zinegoak atalak, berriz, formaz zein edukiz esperimentalagoak eta transgresoreagoak diren bederatzi film labur emango ditu.


Sail ofizialeko 52 filmek hartuko dute parte lehiaketan. Homosexual, lesbiana eta transexualen inguruko zinema eta literaturarekin lotutako lau lagunek osatuko dute epaimahaia: Matteo Colombo arlo horretako Milango zinemaldiaren antolatzailea eta kazetaria, Pascale Ourbi Aljeriako aktorea, Manuela Kay kazetari eta idazle alemaniarra eta Francisco Dalmao hezitzaile kultural uruguaiarra. Epaimahaiak film luze onena sarituko du, eta ikusleen esku utziko du film labur onenaren hautaketa.


Sarda eta De la Iglesia omenduz
Aurtengo Ohorezko Saria Rosa Maria Sarda kataluniar aktoreari emango diote, urtarrilaren 22an, Arriaga antzokian izango den inaugurazio ekitaldian. Sardak interpretatu dituen pertsonaiek homosexualitatea defenditu izan dute, eta, horregatik, «amatzat» daukate gay, lesbiana eta transexual askok, Roberto Caston Zinegoak jaialdiko zuzendariaren arabera.


Bestalde, Zinebi eta Zinegoak jaialdiak elkarlanean ibili dira Eloy de la Iglesiari omenaldi zikloa eskaintzeko; De la Iglesia 2006ko martxoan hil zen. Zinemagile zarauztarrak ausardia handiz tratatu zituen homosexual, lesbiana eta transexualen inguruko gaiak, baita droga eta marjinazioari buruzkoak ere. Hala, haren lau film luze emango dituzte hilaren 23an.


Urtero bezala, Zinegoak jaialdiko filmak Capitol zinemetako 3 eta 4 geletan eta Bilborock aretoan emango dituzte. Gainera, Fnac dendak ere Off Zinegoak ataleko filmak proiektatuko ditu.


Bestalde, urtarrilaren 29tik otsailaren 3a arte, jaialdiko film arrakastatsuenak Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait herritan emango dira: Sestao, Portugalete, Leioa, Sopela, Basauri, Getxo, Berango, Galdakao, Erandio eta Errenterian.

No comments: