2007/01/12

> Berria: Elkartasuna > EHGAM: ELKARRETARATZEA EGIN DUTE IRUÑEAN, PRESOEN EGOERA SALATZEKO

  • Elkarretaratzea egin dute Iruñean, presoen egoera salatzeko
  • Berria, 2007-01-12 Iker Frias · Iruñea

“Gaixoak eta zigorra bete dutenak kalera. Eskubideak bermatuz konponbidea sustatuz” lelopean, elkarreteratzea egin zuten atzo Iruñean ehun lagun inguruk, hainbat gizarte eragilek deituta. Mobilizazioa Nafarroako hiriburuko Bideko Amaren Ospitalaren aurrean izan zen, eguerdiko 13:00ean hasita. Elkarretaratzeak sei ordu iraun zuen. Denbora horretan, hainbat gizarte eragiletako partaidek bat egin zuten mobilizazioarekin.


Besteak beste, hauek egin zuten bat: Askapena, Askatasuna, Bai Euskal Herriari, Bilgune Feminista, EHGAM, ELA, LAB, Etxerat, EHBE, EHE, Gazte Abertzaleak, Ikasle Abertzaleak, Segi, Iruñeko Peñak eta Iratzarri.


«Gaixorik dauden euskal presoen egoera salatzeko bildu gara Bideko Amabirjina Ospitalearen aurrean, eta, era berean, beren zigorren bi herenak bete dituzten presoek aska ditzaten ere aldarrikatu nahi dugu», erran zuen Hilargi Jaunarena Etxerateko bozeramaileak. Horrez gain, Nafarroako Bautista Barandalla eta Marilo Gorostiaga preso gaixoen egoera salatu zuen, eta kalean egoteko eskubidea dutela aldarrikatu.


Elkarretaratzeak iraun zuen bitartean, antzerki eta musika emanaldiak izan ziren.


Kontzentrazioa Bedoureten alde
Bestalde, atzo Bilbon dozenaka lagunek kontzentrazioa egin zuten Bilbon, Espainiako Gobernuak duen Ordezkaritzaren aurrean Sebas Bedouret paristarra aska dezaten eskatzeko. Jakina denez, Bedouret joan den larunbatean atxilotu zuen Guardia Zibilak, ETAren zutabe bat zuela leporatuz. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak «muntaia polizialtzat» jo zuen bai atxiloketa eta bai leporatzen diotena ere.


Gainera, Intxaurrondoko Kuartelean, Guardia Zibilaren eskuetan izan den egunetan tratu txarrak eta torturak jasan dituela salatu du Parisko Txalaparta Irratiko esatari Bedouretek. Auzitegi Nazionalean deklaratu ostean, epaileak kartzelaratzeko agindu zuen. Ildo horretan, herenegun Bedoureten etxea miatu zuten Frantziako poliziek hamar orduz, Bedoureten emaztearen lekukotzapean.


“Elkartasuna kartzela, Sebas Askatu” lelopean elkartu ziren dozenaka lagunek, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta Askapenak deituta. Askapenako kide Gabi Basañezek gogor salatu zuen Bedoureten kasua.

No comments: