- Sexu bereko gurasoen eta gurasogaien elkartea sortuko dute gaur Miarritzen
- Ezkontza eta adopzio eskubideari buruz jarrera har dezaten eskatuko diete hautetsiei
- Berria, 2007-02-17 # Aitor Renteria · Miarritze
Miarritzeko (Lapurdi) gay eta lesbianen elkarteak (LGP) bilkura bat antolatu du gaur Miarritzen sexu bereko guraso eta gurasogaien elkartea sortzeko asmoz. Frantziako presidentziarako hauteskundeen harira, sexu bereko pertsonen ezkontza eta adopzio eskubideari buruz jarrera har dezaten eskatuko diete hautetsi eta hautagaiei. Bederen PSF eta UDFeko ordezkariak presente izanen dira bilkuran.
Frantziako legeak elkarrekin ezkontzea kalerazten die sexu bereko pertsonei. Ezin dute haurrik adoptatu eta ezin dute lagundutako ernalkuntza baliatu. Norbanakoek haur bat adoptatzea haizu dute. «Hipokresiak agintzen du, gurasoetariko bat kukutu behar delako adopzio prozedura irauten duen bitartean», azaldu du Lacostek.
Lehen traba hori gaindituta ere, legeak inposaturiko hesiak sexu bereko bikoteei ez diete aitortzen gainerateko bikoteek dituzten eskubide berak. Bigarren gurasoa, egunerokoan eragile bada ere, legearen aitzinean ez du eskubiderik. Horrela, haurraren ardura legala duen gurasoari zerbait gertatzen bazaio, bigarren gurasoak ez du haurraren ardura legala eskatzeko aukerarik.
«Gainerateko haurrek dituzten eskubideak ukatu egiten dizkiote sexu bereko gurasoen haurrari», salatu du Lacostek. Oinordetza eskubidea ere debekatzen diote haurrari eta hori jasanezinezko diskriminazioa dela dio.
Diskriminazioa ezabatu
Gurasoen ardura hobesten duen legea, gurasoen eskubide eta eginbeharra finkatzen duen legea bilakatzea eskatzen dute. Haurraren familia liburuan, adibidez, hiru elementu agertzea eskatzen dute: norengandik sortu den, noren haurra den eta zeinek hezi duen.
No comments:
Post a Comment