- Frankismoaren beste biktimak
- Argia, 2007-02-18 (2076 zbk) # Imanol Alvarez
Aspaldion, frankismoaren biktimak gora eta behera, artikulu ugari idatzi da, ekitaldi askotxo antolatu eta baita oroitarriren bat ezarri ere. Esan gabe doa ederto baino edertoago iruditzen zaidala. Baina -beti egon behar bainaren bat-, nortzuk dira frankismoaren biktimak?
Gaur egun, medioetan-eta, biktimak berba erabiltzen denean, euskal gatazkaren biktimez aritu nahirik, gehien-gehienetan ETAren ekintzek eragindakoez bakarrik aritu ohi da. Hitzaren erabilera erredukzionista egiten dute. Nahita eta kontzienteki egin ere.
Antzeko zerbait gertatzen da frankismoaren biktimez hitz egiten denean. Gehien-gehienetan gudari edota ezkerreko alderdi eta sindikatuetako kide izanagatik gartzelaratu edo fusilatu zituztenak omentzen dira. Frankismoaren biktima terminoaren erabilerak ere askoz zabalagoa izan beharko luke. Izan ere, oroitzapen goibeleko erregimen totalitarioaren biktimak beste asko eta asko izan zirelako. Edo direlako. Edo garelako, ez baitaukat batere argi erregimen haren astinduek ez ote duten egun arte iraun.
Frankismoan milaka lagun izan ziren espetxeratuak, adibidez, beraien ustezko nahiagotasun afektibo-sexualagatik. Hots, esan ohi den bezala, homosexual izateagatik. Asko eta asko erbestera behartuak izan ziren, Miguel de Molina esaterako. Edo baita fusilatuak ere, García Lorca kasu. Halere, beste milaka lagunek kaleetan eta komisaldegietan, lege edo epaileen laguntzarik gabe jasan zituzten laidoak eta jipoiak betiko polizien aldetik, delitu bakarra zutela: modu zehatz batean jantzi, mintzatu edo mugitzea. Zantzu horietan oinarritzen zuten homosexual izan zitezkeelako susmoa, ondorioz, umiliazorik basatiena bideratu eta justifikatzeko.
Badirudi gizarteak ahaztu egiten dituela bestelako biktima hauek. Badirudi biktima guztiak ez direla/garela maila berekoak. Lehendakariak izugarrizko oroitarria inauguratu du Artxanda mendian frankismoaren biktimen oroimenez, gonbidatuak eta aipatuak, ordea, gorago esan bezala, lehenengo mailakoak: gudariak eta alderdi eta sindikatutakoak edo beren ondorengoak baino ez.
Nahi gabe edo nahita egindako iraina nolabait arintzearren, kide naizen taldeak 2005ean ohorezko saria eman zion euskal gay mugimenduaren hastapenetan -oraindik ere trantsizioaren hastapenetan geundelarik- manifestazioetako lehen lerroan joaten ziren trans haietako bati. Haiek izan ziren era zuzenean zapalkuntza fisiko bortitzena jasan zutenak, ezin baitzuten beraien «delitua» ezkutatu. Ildo beretik, Durangon laster inauguratuko dugu, Udalaren eta Justizia Sailaren laguntzaz, beste biktima horien omenezko oroitarria. Artxandakoa baino apalagoa, aurrekontu-arazoak medio, baina hura bezain esanguratsua eta hunkigarria edo are esanguratsu eta hunkigarriagoa. Ea horretara ere datorren lehendakaria.
No comments:
Post a Comment