2007/05/17

> Berria: Homofobia > PP, UPN ETA EAJKO ZAZPI DIPUTATURI EMAN DIETE AURTENGO LATORRIZKO GEHITU SARIA

  • PP, UPN eta EAJko zazpi diputaturi eman diete aurtengo Latorrizko Gehitu saria
  • Ekimen «homofobo» baten alde egiteagatik «sarituko» ditu Gehituk, eta baita Poloniako Gobernua ere
  • Berria, 2007-05-17 # Ainhoa Sarasola · Donostia

Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako Egunaren harira, «bere homofobiagatik nabarmendu den pertsona edo entitateari» Latorrizko Gehitu Saria emango dio aurten ere Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen elkarteak. Aurtengo «izendatuak» jakinarazi ditu jada: bikote homosexualen ezkontzaren aurkako ekimen bat aintzat hartzearen aldeko botoa eman zuten zazpi euskal diputatu; eta homosexualen aurkako legeak bultzatzen ari den Poloniako Gobernua.


Koldobike Mujika eta Sergio Iñiguez Gehituko kideek atzo gogoratu zutenez, joan den otsailaren 27an Foro de la Familiak gay eta lesbianek osatutako bikoteentzat legezko berdintasunaren aurka eta ezkontza esparrutik bikote horiek baztertzeko asmoz, Kode Zibilaren erreformaren aldeko ekimena aurkeztu zuen Madrilgo Kongresuan. Ekimena aintzat hartzearen alde bozkatu zuten zazpi euskal diputatuk. «Jakin bazekiten ekimenak gure seme-alabentzat legezko babesik eza zekarrela eta gure familienganako eraso garbia zela», dio Gehituk. EAEko PPko lau diputatuk, UPNko bik eta EAJko batek eman zuten botoa Gehitu-rentzat ekimen «homofoboa, intolerantea eta zorrotza» denaren alde.


Homofobia munduan

“Latorrizko Gehitu Saria” merezi du Poloniako Gobernuak ere, elkartearen ustez, gay, lesbiana eta transexualen aurkako «etengabeko erasoan» ari delako. Horren lekuko, hezkuntza lege proposamena salatu zuten. Irakasle homosexualei eskolak ematea galaraztea proposatu zuen Poloniako Gobernuak, «Europako Batasunaren ustez oinarrietako bat den bazterketa ezaren printzipioaren aurka».


Munduko beste hainbat herrialdetan egoera ez da hobea. Zortzi herrialdek heriotza zigorra indarrean dute homosexualen aurka, eta beste herrialde askotan, zigorrik handienak ezartzen zaizkie.


Gaur 17 urte egingo ditu Osasunaren Munduko Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasunen katalogotik kendu zuela. Hori da maiatzaren 17a Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako Eguna izendatzearen arrazoia.

No comments: