2009/10/29

> Berria: Homofobia > SIZZLA KANTARIA BUM JAIALDITIK KANPO UTZI DUTE ALDUNDIAK ETA ANTOLATZAILEEK

  • Sizzla kantaria BUM jaialditik kanpo utzi dute Aldundiak eta antolatzaileek
  • Bilboko kontzertua mantentzea erabaki du musikari jamaikarrak, eta EHGAMek boikota egiteko deia berretsi du
  • Berria, 2009-10-29 # Erredakzioa . Bilbo
BUM jaialdiaren antolatzaileen eta babesleen sostengurik ez izanagatik, Bilboko kontzertuarekin aurrera egitea erabaki du Sizzlak. Santana 27 aretoan joko du gaur, BUM jaialdiaren egitarautik kanpo bada ere. Hala erabaki du artistak berak. Musikari jamaikarraren abestien letrak homofoboak direla salatuta, boikoterako deia egin zuen EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak, eta salaketa aintzat hartuta, Sizzlaren emanaldia festibaletik kanpo uztea erabaki du Radiation enpresa antolatzaileak.

Bizkaiko Foru Aldundiak oharra igorri zuen atzo hedabideetara kontzertu horrekin zeukan lotura bertan behera utzi duela argitzeko. «Radiation enpresako eta EHGAMeko ordezkariekin bildu ostean hartu dugu erabakia, musikariaren abestien letrek homofobia hauspotzen dutela ikusita», adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak. BUM jaialdiaren antolatzaileekin hitzartutako diru laguntza, nolanahi ere, mantendu egingo duela azaldu du Aldundiak. Sizzlak, alabaina, Bilbon gaur ematekoa den kontzertua mantentzea erabaki du, eta EHGAMek, horrenbestez, aretoaren aurrean kontzertuaren aurretik elkarretaratzeko deia egin du.

2005eko uztailean Ziburun (Lapurdi) Sizzla ematekoa zen kontzertua bertan behera utzi zuten antolatzaileek, haren abestien letrek ziotenaz ohartu ondoren. 2007an, baina, Zornotzako (Bizkaia) Belarreggae jaialdian izan zen reggae musikaria.

No comments: