- Lau atxilotu Bizkaian, ustezko indarkeria matxista kasuengatik
- Igandean 24, 28 eta 29 urteko lau gizonezko atxilotu zituen Ertzaintzak ustezko indarkeria matxista delituengatik. Tartean, Sopuertan atxilotutako gizonezkoak ihesari eman zion, eta Ertzaintzak harrapatu zuenean era bortitzean erantzun zuen agenteak kolpatuz.
- Gara, 2008-12-09
Lau gizonezko atxilotu zituen igandean Ertzaintzak Bilbon, Sopuertan eta Erandion ustezko genero indarkeria delituengatik. Lakuako Barne Sailak adierazi zuenez, Sopuertan 29 urteko gizonezkoa atxilotu zuten igande goizean, 11.00 aldera. Ustez bere bikotekideari eraso egiteagatik, eta beraien etxera joan ziren Ertzainak kolpatzen saiatzeagatik atxilotu zuten. Agenteak ustezko erasoa gertatu zen etxera iritsi zirenean, gizon bat ikusi zuten bertatik presaka alde egiten.
Ertzaintzak adierazi zuenaren arabera, harrapatu zutenean, era bortitzean erantzun zien eta agenteei muturrekoak ematen saiatu bazen ere, azkenean menperatu zuten. Ertzainek biktimarekin hitz egitean, eta bikotearen etxean zer gertatu zen jakin zutenean usteko erasotzailea atxilotu zuten indarkeria matxista delituagatik.
Bigarren atxiloketa gaueko hamaikak aldera egin zuen Ertzaintzak, kasu honetan Erandion. Lakuako Barne Sailaren arabera errepideetako agenteek Kukularrako zubiaren parean istripu bat izan zela ikusi zuten, bertan, gizon bat zegoen ibilgailuaren ondoan, eta emakume bat haur txiki batekin, barruan. 28 urteko gizonari gertatutakoaz galdegin ziotenean, alkoholaren eraginpean zegoela ohartu ziren eta errepideetako segurtasunaren kontrako ustezko delitua egotzita atxilotu zuten.
Ertzaintzak adierazi zuenez, emakumeak komisarian eman zien gertatutakoaren berri. Dirudienez, istripua izan aurretik gizonak bera eta semea kolpatu zituela eta ibilgailutik irtetea galarazi ziela salatu zuen. Gaineratu zuenez, Enekuri inguruko gasolindegi batean laguntza eskatu zuen leihotik, eta erasotzailea konturatzean, berriro jo zuen erasoan. Orduan, ustezko indarkeria matxista delitua egozten ziotela jakinarazi zion Ertzaintzak atxilotuari.
Kalean bertan
Hirugarren indarkeria kasua, igande goizaldeko ordu batak inguruan gertatu zen Bilboko Blas de Otero kalean. Ertzaintzak 28 urteko gizona atxilotu zuen bere bikote laguna erasotzeagatik. Erasotzaile horrek, gainera, zain zuen epaile zitazio bat, atxilotu eta kartzelatua izan zedin.
Bestetik, goizaldeko bostak aldean Ertzaintza Bilboko Federico Moyua enparantzara hurbildu zen bikote bat eztabaidan aritu zela-eta. Ertzaintzaren arabera, emakumeak ezker masailezurrean kolpe gogorra zuen. Lehen kolpeen ondoren, bikoteak tarraka eraman eta hainbat ostikada eman zizkiola salatu zuen emakumeak. Ustezko indarkeria matxista delituagatik atxilotu zuten 24 urteko gaztea.
No comments:
Post a Comment