2008/12/02

> Berria: Abenduak 1 > XINGOLA GORRIAK, EZ AHAZTEKO

  • Xingola gorriak, ez ahazteko
  • Hiesaren aurkako egunean zenbait jarduera egin dituzte
  • Irutxuloko Hitza, 2008-12-02

Eguraldiak ez zuen batere lagundu, eta hori dela-eta, Bulebarreko arkupeetan jarri behar izan zituzten beren mahaiak Ehgam eta Acasgi elkarteetako kideek. Eguerdian informazioa banatzen aritu ziren. Informazioaz gain, kondoiak eman zizkieten mahaira hurbildu zirenei. Eta nola ez, hiesaren aurkako egunaren ikurra, xingola gorria ere, banatu zuten. Eguraldi txarra egin bazuen ere, material asko eman zuten elkarteok. Gehituk Bretxan jarri zuen karpa eta clown-ikuskizun baten bidez hiesaz ohartarazi zituen inguru horretan zebiltzan herritarrak. Arratsaldean elkarretaratzea egin zuten Egian, Teresa de Calkuta plazan.


Joan den astean hiesaren aurka atzo egin beharreko jardueren berri ematean Gehitu, Ehgam eta Acasgi elkarteetako kideek dei egin zieten erakundeei, krisiak krisi, osasun arloari bideratu beharreko dirua ez gutxitzeko. Hain zuzen ere, ildo horretatik jo zuen atzo Rafaela Romero Batzar Nagusietako presideneteak. Ikerketa lanekin eta prebentzioan eragiten duten hezkuntza programekin jarraitu behar dela nabarmendu du Romerok. GIBa -Giza Immunoeskasiaren Birusa- 700 gipuzkoarrek dutela azpimarratu du Batzar Nagusietako presidenteak eta «katastrofe hori» gelditu behar dela erantsi du.


Prebentzioa izan da aurtengo abenduaren 1aren aurreko egunetan gehien entzun den hitza. GIB birusak kutsatutakoez gain, sifili edo gonokozia kasuek gora egin izana oso kezkagarritzat jo dute, gaixotasun horiek azken finean hiesa bera ezkutatzen dutelako. Hain zuzen ere, prebentzioan eragiteko, otsailetik aurrera GIBaren froga botiketan doanegin ahal izango dela iragarri dute. Gipuzkoako sei botiketan egin ahal izango da, hain justu.

  • David Brun · Acasgi elkarteko kidea
  • «Ez dago erlaxatzerik; hiesak hor darrai»

Gehitu, Ehgam, Acasgi... Hainbat elkartetako kideak aritu ziren atzo Hiesaren inguruko informazioa, xingola gorriak eta preserbatiboak banatzen atzo. Acasgi Hiesaren Aurkako Gipuzkoako Herritar Taldea da, eta Groseko David Brun talde horretako kide da.


Hiesaren kontrako eguna kontzientziazio eguna al da?

Ez. Egun bakar batean ez dago kontzientziatzerik. Hemen gaudela esan nahi diogu jendeari, hiesa denborarekin aldatzen doan pandemia dela; egia da botikak agertu direla, baina era berean gaixotasunak botikei iskin egiten die denboraren podeioz


Hiesa duten herritarren kopuruari buruz kezkatzeko moduko datuak eman dituzue elkarteek.
Mundu guztiak du informazioa, baina gero... Hiesak ez du eragina bakarrik garapen bidean dauden herrialdeetan.


Zer aholku emango zenieke herritarrei?

Ez dezatela pentsa bereziak direla eta gaixotasuna ezin dela haiengana iritsi. 25 urte dira hiesa agertu zela eta denboraren poderioz, batez ere hedabideetan etengabe ez dagoelako hainbatek ez dio beldurrik; hala ere, arriskuak bere horretan darrai. Ez dago erlaxatzerik.

No comments: