2007/06/23

> Berria: Ekainak 28 > EKAINAK 28: GAY, LESBIANA ETA TRANSEXUALEK "ERABATEKO BERDINTASUNA" EXIJITUKO DUTE

  • Homosexualek «erabateko berdintasuna» exijituko dute
  • Ekainaren 28rako, Gay, Lesbiana eta Transexualen Harrotasun Egunerako, mobilizazioetara deitu dute
  • Berria, 2007-06-23 # Asier Iturriagaetxebarria · Bilbo

«Lege aldetik erabateko berdintasuna lortu dugun arren, gizartean oraindik bigarren mailako herritarrak gara». Ekainaren 28ko mobilizazioak antolatzen dituen koordinadoraren ustean Espainiako Gobernuak sexu bereko bikoteei ezkontzeko aukera ematea «onuragarria» izan da, baina oraindik asko geratzen da «benetako berdintasuna» eskuratzeko. «Batzuetan iruditzen zait homosexualitateaz ondo hitz egiten dela politikoki zuzena delako», adierazi zuen EHGAMeko Jose Ignacio Sanchezek.


Euskal Herriko hiriburu nagusietan mobilizazioak antolatu ditu ekainaren 28ko koordinakundeak. Bilbon, 20:00etan izango da, Moyua plazatik abiatuta. Ordu berean izango dira Gasteizen (bulebarrean), Donostian (Alderdi Eder parkean) eta Iruñean (autobus geltokian). «Orain dela 30 urte Euskal Herriko gay eta lesbianen mugimendua hasi zen garaiarekin alderatuta, askoz hobeto gaude, baina oraindik badago zer hobetu».


Gay, lesbiana eta transexualen mugimenduko elkarteentzat hezkuntzan eragitea funtsezkoa da, oraindik gizartean dauden «aurreiritzi» askorekin amaitzeko. «Gazte askok bakar-bakarrik egin behar diote aurre bere sexualitate aukerari, ez die inork laguntzen, eta horri derrigorrean heldu behar diote agintari politikoek».


Etorkinen munduari erreparatzeko eskatu zuen, batez ere emakumeei, orain dela 30 urte hemengo emakume lesbianen moduan, ezkutatu egin behar izaten direlako.

  • Lala Mujika · Aldarte elkarteko kidea
  • «Gizon homosexualak emakumeak baino errazago onartzen dira»

30 urte eman ditu gay, lesbiana eta transexualen aldeko borrokan Lala Mujika Aldarte elkarteko kideak. «Askoz hobeto» daudela dio, hobetu behar den arren.


Hezkuntzan eragiteko eskatu diezue agintariei. Irakasleak homosexualitateari aurre egiteko prest daude?

Ez, eta ez daude inork ez dituelako horretarako prestatu. Guk edozein material utzi diegunean, oso gustura hartu dute; hau da, borondate handia dute. Hala ere, horrelako kasu bat agertzen zaienean, ez dakite nola jokatu; gauza horiei beldurra diete oraindik.


Lege aldetik berdintasuna lortu duzue, baina umeak adoptatzeko arazoak dituzue oraindik, ezta?

Hemen, ez. Baina hemen adoptatzeko umerik ia ez dago, eta bikoteek atzerrira joan behar dute bila. Gobernu batzuek bikote homosexualei ez dizkiete umeak ematen adopzioan, eta nik ezagutzen ditut bere sexualitatea erabat ezkutuan dutenak adoptatu ahal izateko.


Gizarteak homosexualak hobeto onartzeak gazteak elkarteetara gutxiago joatea ekarri du?
Etortzen dira, baina lehen baino gutxiago. Gizarteko egoera aldatu izanak eragina izan du, baina, nire ustean, Internetek zerikusi handiagoa dauka horretan. Gazteek bertan bilatzen dute beren zalantzak argitzeko informazioa.


Zergatik ez dira hainbeste ezagutzen emakume lesbianen kasuak?
Iñigo Lamarka arartekoa, esateko, homosexuala dela badakigu, baina antzeko kargua duten emakumeek ez dute adierazten, guk badaudela jakin arren. Gizarte hau homofoboa da oraindik, eta, horrez gainera, matxista ere bada. Errazago onartzen ditu gizon homosexualak emakume lesbianak baino.

No comments: