2007/06/28

> Iritzia: Koldo Aldabe > GIZARTE BERDINTASUN OSORANTZ

  • Gizarte berdintasun osorantz
  • Berria, 2007-06-28 # Koldo Aldabe

Gay, lesbiana eta transexualen eguna gaur. Mundu osoan duela 38 urte kolektibo horren eskubideen aldeko borrokan bihurgune garrantzitsu bat hasi zela ospatzen da. Eskubideak eskuratzeko borroka hasi zela.


Egun hirurogeita hamar herritan oraindik legez jazarriak dira gay, lesbiana eta transexualak, eta zortzitan heriotza zigorra ere ezartzen dute harreman homosexualengatik. Ez dira gutxiago sexu berekoen arteko harremanak, legez ez bada ere, zigortzen dituzten herriak, edo homosexual izatea aitortzeak ondorio larriak jasateko arriskua dakartenak.


Askatasunen Europan ere bai; arlo publikoan debekatua egon arren, pribatuan diskriminazio larriak eragiten baitira oraindik. Eta Poloniaren kasua ahaztu gabe --ez da bakarra--.


Legeen aldetik aurrerapen handia egin da Hego Euskal Herrian --Iparraldean gutxiago, eta Sarkozyrekin ezin gehiago espero--. Ezkontzeko, familia osatzeko, adoptatzeko eskubidea eskuratu du kolektiboak; genero identitatearen legea etorri da geroxeago. Eskubidea lege eginda. Kolektibo horren borrokari esker lortuak. Eta eskubideen lorpenak ez du kolektibo hori soilik biltzen; gizartea osotasunean aberasten du, eskubideen eta askatasunen konkista guztiona baita. Berdintasun osorantz hurbiltzea baitakar.


Legeen babesa ez da nahikoa, ordea. Gehiago behar da, gizarteratu egin behar da. Informazioa eta heziketa dira gakoak, urteotako borrokan -erasoen aurka, irainen aurka, diskriminazioaren aurka, eta eskubideen alde- lortutakoa denona izan dadin.


Kaleak beteko dira gaur; ospa dezagun maitatzeko, harremanak izateko eta bizitzeko aniztasuna.

No comments: