2007/06/25

> Iritzia: Jose Egia > SEXU TURISMOA, SEXU ZAPALKUNTZA

  • Sexu turismoa, sexu zapalkuntza
  • Gara, 2007-06-25 # Josebe Egia

Uda ailegatu eta oporrei buruzko elkarrizketa ohikoa izaten da. Nora goazen, norekin, nola... Duela gutxi datu bat irakurri eta zur eta lur geratu nintzen: hamar pertsonatik batek inguru gertukoa den norbait ezagutzen omen du oporretan atzerriko herrialderen batean umeekin harreman sexualak eduki dituena. Turismo sexuala, adierazpenik nazkagarrienean.


Beste herrialdeetan sexua bilatzen duen pertsonaren profila 40-60 urte bitarteko gizonezko zuriarena da. Normalean, helduen prostituzioa bilatzen omen du eta, plana egin gabe, nerabeekin edo umeekin harremanak izaten bukatzen du. Unicefen datuen arabera, urtero ia bi milioi ume -gehienak neskatxak- esplotazio mota honen biktima izaten dira.


Beren herrialde propioetan -hemen, besteak beste- halakorik inoiz egingo ez luketen pertsonek esplotatu eta umiliatzen dituzte. Horren arrazoia bistakoa da: hemengo tabuak apurtzeaz gain, anonimatua bermatuta daukate bertako hotel jabeen eta Poliziaren ustelkeriaren laguntzaz. Badakite ez dutela zigorrik jasoko, ohiko inguruneak ez duela ezer jakingo eta euren izen onak ez duela inongo minik jasango. Nahi dutena egiteko aske sentitzen direlako, alegia, eta boteretsu. Jatorrizko herrialdean ez bezala.


Turismo sexuala oinarrian arraza eta generoa dauzkan nortasun berezia berresteko modua besterik ez da, pobreagoa den heinean ahulagoa dena erabiliz eta zapalduz norberaren egoa asetzeko. Burura etortzen zaizkigu Kuba, Santo Domingo... eta mutilzahar tripontzi koipetsuek beltzaran bat gerritik helduta. Ikerketen arabera, ordea, nahiz eta gizonak oraindik gehiengo argia izan, egoera aldatzen hasi da. Hau da, turista sexualen taldea homogeneotasunetik urruntzen hasi da: gizon zein emakume, ezkondu zein ezkongabe, heterosexual zein homosexual... Azken hauena, hain zuzen, orain gutxi arte hain estigmatizatua, azkenaldian bidai agentziek modu estalian mimatua dela diote datuek, pertsona aberatsak eta bidaiariak erakartzen baititu.


Pertsona hauek guztiek herrialde horietan bilatzen eta aurkitzen dutena, euren arabera, «desiatuta, inguratuta eta maitatuta» sentitzeko aukera da. Zelako hipokresia!


Denek, salbuespenik gabe, herrialde horietan aurkitzen dutena pobrezia latza besterik ez da. Gosea eta eguneroko drama aurrera eraman beharra. Ziur nago turista hauek oso kontziente direla euren «arrakastaren» arrazoiaz, berezko xarmagatik ez dela, alegia. Kontziente direla pobreziaren katea elikatzen ari direla. Eskaria sortzen duten bitartean existituko dela merkatua. Eta ezer gutxi inporta zaiela sorrarazten eta iraunarazten dituzten ondorioak herrialde horietan, pertsona horiengan. Nire iritziz, pertsona horiek eta euren jokabidea gogor zigortu behar dira. Han eta hemen.


Oporrak badatoz eta aukera zabala daukagu. Beste herrialde batera joanez gero, errespeta dezagun, baina ez hango egoera baliatu boteretsu sentitzeko edo geure apeta zikinenak asetzeko.

No comments: