2007/06/27

> Iritzia: Jesus Estomba · Gehitu > STONEWALL 2007: GAYEN HARROTASUN EGUNA

  • Stonewall 2007: gayen harrotasun eguna
  • Berria, 2007-06-27 # Jesus Estomba · Gehituko Informazio eta Laguntza Zerbitzuko koordinatzailea

1969ko uda beroan hasi zen guztia; ekainaren 28ko goizean. New Yorkeko Christopher Streeten (Greenwich Village), 53. zenbakiko Stonewall Inn taberna famatua hiriko underground jendearentzako topagune bihurtua zen. Taberna horretara, besteren artean, homosexualak eta transexualak joan ohi ziren; hortaz, poliziak sarekada etengabeak egiten zituen, eta bertan egoten ziren pertsonen oinarrizko eskubideak urratu egiten zituen. Bada, ekainaren 28ko goiz horretan, berriz ere, polizia indarka sartu zen tabernara, baina gauzak ez ziren beti bezala gertatu. Hainbeste irain eta errepresiorekin aspertuta, lehen aldiz, bertakoek segurtasun-indarrei aurre egin zieten; istilu bortitzak izan ziren, hiru egun eta hiru gauez; jende asko atxilotu eta zauritu zituzten.


Jende gehienak, hain segur, ezagutu ere egiten ez dituen gertakari horiek, ordea, gayen harrotasunaren eguna-ren oinarrian daude. Jakina, homosexualen eskubideen aldeko borroka ez zen orduan hasi, baina, halere, egun hori inflexio-puntu garrantzitsua izan zen.


Stonewall-eko gertakari larriek muga argia zehaztu zuten, beraz, aurreko eta ondorengo aktibismo homosexualen artean. Izan ere, egun oraindik daramagun aldarrikapen-prozesu luzearentzat pizgarri handia izan zen. Prozesu hori ez da amaitu; argi-ilunez beteriko prozesua da, eta hausnarketa lan etengabea beharrezkoa du, errealitatea benetako dimentsioan kokatzeko. Eta hau da, hain zuzen, artikulu honen helburua: 1969ko gau bero horretan hasi zen prozesuaren egungo egoera eta geroko aukerak zehazten saiatzea.


Urte batzuk pasatu dira, eta esan beharrik ez dago eskubide zibilean lorpen handiak izan direla, gure gertueneko errealitateari dagokionez, behintzat. Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren legezko ezagupena inoiz baino gertaera markagarriagoa izan zen; eta urte berean pertsona transexualei sexu-aipamena aldatzeko aukera ematen dien legea onartu izana ere oso garrantzitsua izan zen. Aurrerapen horiek nabarmentzekoak dira, jakina; baina ez dituzte egungo itzalak ezkutatu behar, hain urruti ez dagoen iraganeko oroipenak nonahi badaudelako oraindik. Beharrezkoa da oroitaraztea sexu bereko pertsonen arteko ezkontza arautzen duen legearen aurka PPk konstituzio kontrakotasuneko helegitea jarri zuela, eta oraindik ebazteke dagoela. Argi dago zein den xedea, argumentu arraroen atzean ezkutatzen den arren. Argi dago, baita ere, ez duela lehen aldiz egiten frogaezina frogatzeko ahalegina...


Berriki, albiste bat goizeko egunkarietako lehen orri guztietan agertu zen. Abenduaren 28ko ale zaharra izan zitekeen, edota, zergatik ez, fikziozko film arraro baten argumentua. Baina ez; zoritxarrez, egia osoa zen, errealitate tristea. Ulertu duzue, noski, Poloniako agintariek idatzitako Lege Egitasmoari egiten diodala erreferentzia. Lege horren helburua homosexuala dela publikoki adieraziko lukeen edo irakaskuntza-lanetan aipatuko lukeen irakaslea zigortzea da, lanetik bidaliz edota isunak eta kartzela-zigorrak jarriz. Gainera, ez dira horretan gelditu: handik egun batzuetara, beste albiste batek zera aipatzen zuen: haurrentzako serie ezagun bateko pertsonaia batek zalantzak sortzen zituela, «haurrenganako bekatuzko jarrera homosexualak» antzematen baitzizkioten.


Duela 40 urteko kontua izan zitekeen. Baina ez da hala; ez gara 1969az ari, egungo errealitate tristeaz baizik. Sinesgaitza dirudien arren, XXI. mendeko gertakaria da, Europar Batasunekoa. Sinesgaiztasunezko barrea sortzen du, baina beldurtzen hasteko albistea da.


Polonia abiapuntua izan da, bere ezaugarriengatik eta albiste bortitz horrengatik; halere, ez dugu uste kasu isolatua denik. Ezin ahaztu, izan ere, herri asko eta askotan zigortu egiten dutela homosexualtasuna, eta horietako batzuetan heriotza-zigorra ere jartzen dietela homosexualei. Horien artean, hauek aipa daitezke: Mauritania, Saudi Arabia, Yemen, Arabiar Emirerriak, Iran... Azken herri horretan, Amnesty Internationalen datuen arabera, 4.000 homosexual, lesbiana, bisexual eta transexual hil dituzte 1979. urteaz geroztik.


Jarrera biktimista hartzea ez da irtenbidea, baina nire xedea ez doa inondik ere alde horretara... Egia esan, errealitatea askotan da konplexua eta iluna; uste baino sarriago. Ondorioz, ekidin egin behar dugu, ala, bestela, behar den zintzotasunarekin aurre egin.


Utz diezaiogun orain denboran eta espazioan bidaiatzeari, eta begira diezaiogun gure gertueneko errealitateari. Hemen ere, geure burua engainatzen ez badugu, errealitatea itxuraz baino konplexuagoa dela ikus dezakegu. Cogam elkarteak berriki Madrilgo Unibertsitate Autonomoarekin lankidetzan egindako ikerketan, ikasle gazteek homosexualtasunari begira dauzkaten jarrerei buruzko datu harrigarriak agertu dira. Ikerketa horretarako, bi urtez Madrilgo 32 ikastetxe publikoko 3.500 ikasle aztertu dituzte; 869 inkesta egin dituzte, eta 20 irakasle homosexualen lekukotasunak jaso. Ikerketa horretatik ateratako ondorio adierazgarrienen artean, hauek nabarmendu nahi ditugu:


Nerabe gayen %45ek eskolan bortizkeria fisikoa edo hitzezko bortizkeria jasan izana adierazi dute; %97k sarritan entzuten dituzte komentario homofoboak, eta homosexualen suizidatzeko arriskua besteena baino hiru aldiz handiagoa da. Bestalde, ikerketako txostenaren arabera, neskek mutilek baino errespetu eta informazio gehiago daukate sexu-aniztasunari buruz. Hala, mutilen %32k aho betean adierazten dute ez dutela gaizki ikusten homosexualak erdeinuz tratatzea; nesken %15ek esan dute gauza bera. Mutilen %28k eta nesken %10ek ez dute begi onez ikusten gayek eta lesbianek maitasuna publikoki erakustea. Mutilen %28k ez dakite homosexualtasuna ez dela eritasuna (nesken %12k ere ez).


Bada, datuak hor daude...


Gainera, horiek arazoaren alderdi batzuk besterik ez dira. Orientazio sexualak eragiten duen bullying-aren zati bat besterik ez dugu aurkeztu; emakume lesbianaren ikusezintasun berezia ez dugu aztertu; gazte askorentzat homosexualtasuna aitortzeak dakartzan liskarrak ez ditugu aipatu, ezta, askotan eta gehiegitan, familian sortzen duen ondoez sakona ere; ez dugu esan, ezta ere, errealitate horri herri txiki edo landa herrietan aurre egitea are zailagoa dela; ez dugu familia homoparentalaz hitz egin, ez transexualtasunaz, ezta pertsona homosexual zahar asko eta askoren etengabeko ezkutatzeaz eta bakartasunaz ere... Ez; alderdi garrantzitsu asko, gizarte-kontzientzia oraindik nahikoa irekia ez dela baieztatzen duten errealitate asko ez ditugu jorratu. Oraindik ez ditugu aipatu; baina, jakina, noizbait horiez hitz egiteko aukera izango dugu; izan ere, zorionez, Stonewalleko gertakarien oroimenak horretarako aukera eskainiko digu, urtero-urtero.


Duela aste bat, komunikabide garrantzitsu batek egin zidan elkarrizketan, gaur egun ekainaren 28a Gayen Harrotasun Eguna izendatzeak zer zentzu daukan galdetu zidaten. Nire lehen erreakzioa harritzea izan zen; baina ostean, konturatu nintzen batzuentzat agerikoa dena ia inoiz ez dela nabarmena, objektiboki. Espero dut lerro hauek nire solaskidearen eta beste pertsona guztien duda zilegi hori deuseztatzeko balioko dutela.


Berriki argitaratutako artikulu batean, Sergio Iñiguez eta Koldobike Mujikak Somewhere over the rainbow kanta ezin famatuagoa parafraseatu zuten, ondokoa idatziz: «...ostadarreko lekuren batean, zeruak urdinak eta ametsak egiak izan beharko luketen leku horretan (...) homofobiak, hau da, gorrotoak, gaitzespenak eta erasoak irauten du...». Eta garrantzitsua da jendeak hori jakitea, errealitate hori nabarmen egitea; izan ere, arrazoi osoa daukate, hain segur.

No comments: