- Homosexualitatearekiko aurreiritziak baztertzea du helburu Euskadi Gazteak ekainean egingo duen elkartasun kanpainak
- Ekainaren 11tik 24ra bitartean, kanpainarekin bat egiteko aukera izango dute entzuleek, elkartasun webgunean agertuko den fitxa beteta
- EITB, 2007-06-05
Homosexualitatearekiko aurreiritziak baztertzea helburu hartuta elkartasun kanpaina berri bati ekin dio Euskadi Gazteak EHGAM taldearekin batera. Gure gizartean homosexualitatearen inguruan topiko asko daude, eta ekaineko kanpainaren bidez edozein orokortze edo generalizazio zentzugabekoa dela azpimarratu nahi dute; are gehiago, homosexualen artean gustu, kolore eta zaletasun guztietako pertsonak daudela erakutsi nahi da.
Aste honetan aurkeztuko dute egitasmoa. Hurrengo astean, berriz, kanpainarekin bat egiteko aukera izango dute entzuleek Euskadi Gazteko webgunean agertuko den fitxa beteta. Trukean, Euskadi Gaztearen eta EHGAMen eskutik bi komiki jasoko dituzte etxean: "Nolako izaerak halako egoerak" komiki txikia eta “Kondoi Hiltzailea" komiki-liburua. Azkenik, ekainaren azken astea, 25etik 30era arte, kanpainak izandako balantzea egin eta eskerrak emateko hartuko dute.
Gai honen inguruan hilabetean zehar jorratuko dituzten atalak, besteak beste, honako hauek izango dira: topikoak, diskriminazio modu ezberdinak. Homosexualitatearen aurreko jarrerak, norberaren homosexualitatearen aurreko jarrerak, nola esan? Nola irten armairutik?, sexu harremanak, sexu bidezko gaixotasunak eta hiesa, etab.
Dagoeneko hilabete pila daramatzate mota honetako kanpainak egiten Euskadi Gaztean. Aurrekoetan ehungintza, ahaztutako emakumeak, drogak, kontsumo arduratsua, minbizia, sexu bidezko gaixotasunak, bidezko merkataritza, gutxitasun fisikoak, umezurtzak, birziklatzea...izan dituzte hizpide.
No comments:
Post a Comment