2007/06/28

> Iritzia: Miren Saratxaga · Jon Koldo Arteaga · EGI > BERDINTASUNERAKO GAYTASUNA

  • Berdintasunerako GAYtasuna
  • Noticias de Gipuzkoa, 2007-06-28 # Miren Saratxaga · Jon Koldo Arteaga · Euzko Gaztedi-EGIko Gizarte Ekintza Batzordeko kideak

Oinarrizko Eskubideen Europar Batasuneko Gutunak bere 21. artikuluan honela dio: "Debekatuta dago bereizkeria oro, eta bereziki hauek: sexua, arraza, (…) nahiz joera sexuala direla-eta eragindako bereizkeriak." Gaur ekainaren 28an, lesbiana, gay, bisexual eta transexualen nazioarteko eguna den honetan, Euzko Gaztedi-EGIk berriro ere emakume eta gizon guztiok edozein sexu joera izateko dugun eskubidea aldarrikatu nahi du.


Ezin da ukatu azkenengo urteotan emandako aurrerapausoekin, (sexu bereko pertsonen arteko ezkontza onartzen duen legearen eta Genero Identitatearen Legearen onarpena besteak beste) historikoki milaka emakume, gizon eta transexualek pairatutako bereizkeria desagertzen ari dela, pixkanaka bada ere. Hala ere, legeetan jasotako berdintasun teoriko hori gure gizartean islatzeko eta barneratzeko beharrezkoak diren neurriak hartzen jarraitu behar dira, norberak ahal duen neurrian. Gazteok, zorionez, LGBTek heterosexualek dituzten eskubide berberak izan behar dituztela argi daukagu txikitatik, eta haien aldarrikapenak gureak ere egiten ditugu berdintasunean oinarritutako gizartean bizi nahi dugulako. Gure nagusiei askotan zailagoa egiten zaie bi emakume maite direla edota pertsona bat sexu "okerrean " jaio dela ulertzea, haiek jasotako hezkuntza beste faktore batzuk baldintzatu zutelako. Baina ideologien edota erlijioen gainetik beti emakume eta gizon guztien duintasuna eta askatasuna dago!


Oraindik ere badaude homosexualen eskubideak baztertzen dituzten estatuak, baita Europar Batasunaren barnean ere. Lehen aipatutako Oinarrizko Eskubideen Europar Batasuneko Gutuna onartzea nahiko erraza dela dirudi, ez ordea gero horretan jasotako eskubideak garatzea eta bermatzea. Guztiok gogoan dugu Polonian sortu zen eztabaida Tinky Winky Teletubbiaren orientazio sexuala zalantzan jarri zenean... zentzugabekeria hori herri horretan bizi diren LGBTak pairatzen ari diren egoeraren adierazgarria da. Nola da posible XXI. mendeko Europako Batasunean horrelako jarrerak egotea? Onartezina da!


Gaurtik hasita, baina urteko egun guztietan, gay, lesbianen, bisexualen eta transexualen eskubideen alde lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi du Euzko Gaztedik; gazteen artean emakume eta gizon guztien arteko berdintasuna aldarrikatuz edozein sexu joera izanda. Baita askatasun sexuala ere, norberak duen sexu orientazioa askatasun osoz garatu ahal izateko, inolako diskriminazio barik.

No comments: