- Gaur ospatuko da Gay eta Lesbianen Nazioarteko Eguna
- Homosexualen eta transexualen eskubideak aldarrikatu eta homofobia baztertzeko deia egingo da non-nahi
- Urola Kostako Hitza, 2007-06-28 # Irene Elorza
Gay, lesbianen eta transexualen Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur. Zarautzen jaia apur bat aurreratu dute, sanpelaoien egitarauaren barruan sartzeko. Gurekin Jai batzordeak asteburuan egin zuen Sexu Askatasunaren Eguna. Urola Kostako Koordinadora Feministak, berriz, gaur eta bihar ospatuko du aldarrikapen eta festa eguna, Azkoitian eta Azpeitian.
Honen harira, gaiaren inguruan jendarteak duen «tolerantziaren» mozorroa erantzi eta sexualitatea aske bizitzearen aldeko aldarrikapenez jantzi nahi dituzte kaleak egun hauetan. «Gay eta Lesbianen mugimenduak urteetako borrokaren bidez zenbait eskubide zibil lortu duen arren, kalean, modu publikoan, ez dugu horren islarik ikusten», adierazi dute Urola Kostako koordinadora feministako kideek.
Feministen ustetan, «kontrol sozialerako elementu nagusiak diren moralen, hezkuntza sisteman eta hedabideetan etengabea da familia monogamo heterosexual perfektua eraikitzea zoriontsu izateko beharrezkoa dela sinistarazten diguten mezuak». Ekonomia pribatuan oinarritutako gizarte eredu hau sostengatzeko tresna nagusiak ezkontza monogamoa eta familia patriarkala direla ere esan dute plazaratutako manifestuan. Koordinadora feministatik «eredu honi buelta emateko, gure mugak gainditu eta sexualitatea askatzeko, 'tolerantzia'-ren mozorroa eranztera gonbidatu nahi ditu» eskualdeko herriak. Gaur kalera ateratzeko dei egin du «festa aldarrikapenekin uztartuz, gure sentipenak askatasunez gozatu nahi ditugulako».
- Leire Etxaniz · Urola Kostako Koordinadora Feministako kidea
- «Sexu askatasunaren gaian, oraindik asko dago aldarrikatzeko»
Herritar guztien sexu askatasuna bermatzea nahikoa ez dela eta agerira ateratzearen beharra ikusten du Leire Etxanizek (Azpeitia, 1978).
Festa eta aldarrikapen eguna izaten da Harrotasun Eguna, zer dago aldarrikatzeko?
Oraindik asko dago aldarrikatzeko. Batik bat, guztion sexu askatasuna adierazteko eskubidea. Badirudi onartuta dagoela, baina gero, eguneroko bizitzan, ez ditugu naturaltasunez edo normaltasunez ikusten hainbat jarrera. Jende askok ezkutuan ibili beharra dauka. Hau bereziki gertatzen da herrietan eta, horregatik, jende asko hirietara joaten da bizitzera, han errazagoa baita. Hirietan jendeak ez zaitu ezagutzen eta askeago sentitzeko aukera dago.
Ageriko bazterketa honez gain, badago zeharka egiten den beste bazterketa sotilagoa ere; inon ez agertzearena, alegia.
Bai, eta emakumeen kasuan hori are larriagoa izaten da. Mutilen arteko homosexualitatea onartzen doa jendartea, baina nesken artekoa oraindik ezkutuan mantentzen da, nahita. Gainera, bi kasuetan, estereotipoekin jokatzen da sarritan eta horrek ez dio mesederik egiten kolektiboari ezta jendarteari ere, kalte handia baizik.
Nola aldatu daiteke egoera hau?
Lan asko egin beharra dago, eta arlo guztietan, gainera. Baina inportantena eta ezinbestekoa hezkuntza da. Txikitatik hasi behar da gai hauek lantzen, etxean zein ikastetxetan.
No comments:
Post a Comment