2009/09/25

> Berria: Hiesa > HIESAREN AURKAKO TXERTOA: ITXAROPENAREN ORRATZA

  • Hiesaren aurkako txertoa: Itxaropenaren orratza
  • Azken hogei urteetako porroten ondoren, hiesari aurre egiteko gai izan daitekeen txertoa egin dute. Eraginkortasun gutxi du, baina ikerketak zabaltzeko balioko du.
  • Berria, 2009-09-25 # Garikoitz Goikoetxea
Txikia handiaren akuilu. Hiesaren aurkako borroka luzean aurrerapauso txiki handia eman dute Thailandiako eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako ikertzaileek: hiesaz kutsatzeko arriskua %30 gutxitzen duen txertoa sortu dute. Zenbakiari begiratuta, ez da pauso handia -txertoek %70eko eraginkortasuna izaten dute gutxienez-; nolakoari begiratuta, ordea, handia egin dute. Azken hogei urteetan ez dute lortu hiesari aurre egiteko moduko txertorik egitea. Thailandian sortu dute orain, nahiz eta eraginkortasuna ez den behar bezain handia. Orratz txikiak itxaropen handia sortu du hiesari aurre egiteko bidean.

Etsipenaren soka luzea eteteko balioko du aurkikuntzak, ikerlarien arabera. Orain sei urte, ikerketak hasi zituztenean, kritika ugari jaso zituzten, dirua alferrik xahutzen ari zirelakoan. Ordura arteko ikerketa guztiak hutsean amaitu ziren. Ikerlariek beraiek ere aitortu dute ez zutela itxaropen handirik. «Nik neuk, besteek bezala, ez nuen uste aukera handirik zegoenik txertoa eraginkorra izateko. Baina aurrera jarraitu genuen, sortutako eztabaida albo batera utzita», esan du lan taldeko Anthony Faucik. Lanean jarraitu zuten, eta lortu dute.

Hiesaren aurka porrot egindako bi tratamendu nahastuta lortu dute ikertzaileek arrakasta. Konbinazio hori hartu dutenen artean, %31,2 gutxiago izan dira hies kasuak. Denera, 16.402 boluntariok hartu dute parte probetan. Zenbakia handia ez dela onartu arren, aurkikuntzaren garrantzia nabarmendu dute ikertzaileek: «Hogei urtean txertoaren probak porrot hutsa izan dira. Orain, badirudi, bide ilunean ate bat zabaldu dela», adierazi du Faucik. Nolanahi ere, ikerlarien arabera, goizegi da oraindik txertoa merkatura noiz helduko den zehazteko. Gutxienez %70-90 arteko eraginkortasuna behar du txerto batek salgai jarri ahal izateko.

Aurkikuntza egin bai, baina ikertzaileek ez dute argi zer-nola eragiten duen txertoak. Hartu dutenen artean gutxiago dira hiesaz kutsatutakoak, baina ikertzaileek ez dakite zergatik. «Horrek esan nahi du ezinbestekoa dela ikerketa gehiago egitea, nahiz eta orain arte jakin duguna oso itxaropentsua izan». Zuhur agertu da AEBetako armadako Nelson Michel koronela.

Thailandian egina, thailandiarrentzat
Aurkikuntzaren berri izan orduko hasi dira batean eta bestean hura goraipatzen. OME Osasunerako Mundu Erakundea eta NBE Nazio Batuen Erakundea baikor azaldu dira, aurkikuntzak bide eman dezakeelako hiesari aurre egiteko txertoa sortzeko. Euskal Herrian, Harri Beltza elkarteak pozik hartu du berria, aurrerapausoa delako. «Horrelako albisteak egarri askorekin jasotzen ditugu. Esan nahi du lanean ari direla eta jarduten dutela», adierazi du elkarteko kide Joseba Errekaldek. Alta, egiteko asko dagoela nabarmendu dute guztiek.

Lehenbizikoz, aztertu beharko dute txertoa erabilgarria den Thailandia ez beste herrialde batzuetan. Zepa ez da berbera herrialde denetan, eta txertoa Thailandiakoaren aurka soilik probatu dute. NBEk eta OMEk nabarmendu dute nahitaezkoa dela hori aztertzea eta beharra daukaten guztien eskura jartzea ondoren txertoa. «Hiesaren aurkako txerto eragingarria lortzen bada, ezinbestekoa da denentzat eskuragarri izatea», adierazi du NBEk. Errekaldek kezka agertu du beharra daukaten denengana ez ote den iritsiko, Afrikara, adibidez. «Mendebaldeko zepari soilik egingo diote aurre? Ordaintzeko modua duenari eskainiko diote?», galdetu du, kezkaz.

Aurkikuntza lehenbiziko urratsa baizik ez da, handia izanagatik ere. Horregatik, bat etorri dira erakundeak eta Harri Beltza elkartea, eta nabarmendu dute hiesari aurre egiteko erarik onena prebentzioa dela gaur-gaurkoz. «Prebentziorik onena sexu ziurra, erabilitako xiringak ez trukatzea eta gisa horretakoak dira», dio Errekaldek. Izatez, datuek diote guztiek ez dutela behar besteko babes neurririk hartzen sexu harremanak izateko. «Gizarteak barneratuta dauka sexu segurua egin behar duela, baina, batzuetan, ez da hala egiten. Mezuak badaude, baina kutsadurak mantentzen dira». Joera aldatu ezik, hiesaren aurka botikak noiz jaso jarraitzea da patua. Itxaropenaren datua etorri ezean, itxaropenaren benetako orratza noiz helduko zain.

  • Zerrenda beltza
  • Afrika buruan. NBEn datuen arabera, 33 milioi pertsonak dute hiesa munduan. Afrikan daude kutsatu gehien: kasu guztien bi heren. Egunean 7.500 pertsona hiltzen dira hiesak jota.
  • Euskal Herrian, gorakada. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %9 egin zuten gora kasuek iaz. Nafarroan 30 kasu atzematen dituzte urtean; Iparraldean 800 bat kasu daude.

No comments: