- Presoen eskubideen aldarria kalera eraman dute milaka lagunek Bilbon
- Abiatu eta ordubetera, manifestazioaren burua Zabalburun zegoela, Aita Donostian abiatu ezinik zeuden ehunka lagun. Euskal politika eta sindikalismoaren ordezkaritza zabala bildu da Bilbon
- Berria, 2009-01-04 # Mikel Carramiñana • Bilbo
Presoen senideak herritarren txalo artean igaro ziren manifestazioaren hasieratik bukaeraraino. Haiek zabaldu zuten martxa, eta pankartak haien atzetik egin zuen aurrera. Heriotza zigorrik ez, Biziarteko zigorrik ez, Euskal presoak Euskal Herrira leloa agertzen zuen pankartaren atzean, euskal politika eta sindikalismoaren ordezkaritza zabala ikus zitekeen.
LABetik Sonia Gonzalez, Txutxi Ariznabarreta eta Ainhoa Etxaide idazkari nagusia izan ziren manifestazioan, baita Rafa Diez idazkari nagusi ohia ere. Arantza Urkaregi, Tasio Erkizia, Nekane Erauskin, Iñaki Antiguedad, Jone Goirizelaia, Marine Pueyo eta Arnaldo Otegi izan ziren, besteak beste, ezker abertzaletik. Aralarrek ere ordezkaritza zabala izan zuen mobilizazioan, Iñaki Aldekoa, Oxel Erostarbe, Jon Abril eta Dani Maeztu.
Maeztuk, martxan eginiko adierazpenetan, sakabanaketaren politikak «giza eskubideak urratzen» dituela gogorarazi zuen, eta hura ezartzen dutenek presoen senitartekoei «inork merezi ez duen zigorra» ezartzen dietela salatu zuen.
Azkenaldiko jendetsuena
Bilbon azkenaldian egin den manifestazio nazionalik jendetsuena izan zen Etxerat-ek deituta atzo egindakoa. Autonomia kalea ia osorik bete zuten parte-hartzaileek, Aita Donostia plazatik Zabalbururaino behintzat bai. Presoen senideak Aita Donostiatik pasatu zirenean, 18:30 aldera, jendeak abiapuntuan jarraitzen zuen, martxa hasi ezinean.
Manifestazio isila iragarri bazuten ere, azkenean ohiko aldarriak izan ziren nagusi ibilbide osoan, «Euskal presoak etxera», «demokrazia Euskal Herriarentzat» eta «presoak kalera, amnistia osoa» oihukatu zuten behin eta berriro martxan parte hartu zutenek. Adar baten hotsa eta irrintziak entzun zitezkeen eta, aldiro, Hator hator Gabon kanta abestu zuten milaka ahotsek, presoen etxeratzea eskatzeko.
Bestelako elementuak ere ez ziren falta martxan, presoen aldeko itsasgarriak eta egutegiak, diru laguntzak biltzeko zorro zaratatsuak, ikurrinak eta arrano beltzaren banderak eta Ertzaintzaren helikopteroa zein furgonetak manifestazioaren buruan.
Autonomia eta Hurtado Ametzaga kaleak zeharkatu ondoren, Plaza Biribila zeharkatu eta udaletxera jo zuten manifestariek. Bertan egin zuten ekitaldi nagusia 19:30 inguruan. Milaka lagun, ordea, urrun zeuden oraindik ezer entzuteko.
No comments:
Post a Comment