2009/01/22

> Erreportajea: Homofobia > FRANTZIAK EZ DU ONARTUKO HOMOSEXUALEK ODOLA EMATEA

  • Frantziak ez du onartuko homosexualek odola ematea
  • Frantziaren jarrera homofoboa dela salatu dute hainbat elkartek, seropositiboa izatea homosexuala izatearekin parekatzeagatik. Epidemiologia ikerketan oinarritzen dela dio Gobernuak, arriskuak ekidin nahian
  • Berria, 2009-01-22 # Aitor Renteria • Baiona
Roselyne Bachelot Frantziako Osasun ministroak odola emateko araudia onartu berri du eta, hainbat ataletan jarrera malguagoak hobetsi baditu ere, gizon homosexualei odola ematea debekatuko die, orain artean bezala. Talde homosexualen arabera, Frantziaren erabakia homofoboa da. Ikerketa zientifikoetan oinarritzen dela adierazi du Bachelotek, baina homosexualek ez dituzte aintzat hartzen ministroaren irizpideak.

Izan ere, Bachelotek baliatzen dituen ikerketak Osasun Zaindaritzarako Erakundeak 2002an egindako lanetan oinarritzen dira. Gizonen topalekuetan galdetegiak banatu zituzten, eta bederatzi mila erantzun bildu. Horietarik 8.719 gizonezkoenak izan ziren. Batez bertze, 34 urte zuten, eta egoera ekonomiko ona. Erantzun horietan oinarritu da Bachelot debekua ezartzeko. «Gayen %10 -%18ek hiesa dute; heterosexualen artean, berriz, %0,2 da kutsatuen kopurua».

Ikerketa horrek balio zientifikorik ez duela azaldu du Christophe Stephany Miarritzeko Gay eta Lesbianen elkarteko presidenteak. Lehenik eta behin, ministroak iragarri dituen ehunekoen artean dagoen aldea nabarmendu du. Handiegia, zerbait adierazteko. Baina kopururik handiena harturik ere, galdetegia ohitura jakin batzuk dituen talde jakin bati egindakoa dela azpimarratu du. «Ez du balizko komunitate homosexualak ihardetsi, ohitura jakin batzuk dituzten pertsonek baizik».

Jardun arriskutsuak talde arriskutsuekin nahastea leporatzen dio ministroari. Alta, heterosexualek galdetegiari ez dietela erantzun gogorarazi du. Horrela azaltzen da bi taldeen arteko ehunekoen ezberdintasuna eta lesbianen erantzunik eza.

Talde arriskutsurik ez dagoela nabarmendu du Stephanyk, jardun arriskutsuak baizik. Alta, azken urte luzeetan homosexualek hiesaren kontrako neurriak baliatu dituztela gogorarazi du, eta hies kasuak heterosexualen artean ugaldu direla bitartean. Azken talde horretan jardun arriskutsuak ohikoagoak direla ondorioztatzen du.

«Beren nortasunean ez beste oinarrituz, gayei odola ematea betiko debekatzeak nahasketa izugarria eragiten du, homosexualitatearen eta jardun arriskutsuen amalgama egiten duelako, ñabardurarik gabe», adierazi du Jean-Luc Romerok, Hiesaren Aurkako Tokiko Hautetsien Elkarteko Presidenteak.

Rocheloten erabakia baztertzailea dela dio Romerok, eta gogoratu du horrela ebatzi zutela bai Frantziako Batzorde Etikoak 2002ko ekainean, baita Halde erakundeak ere 2006ko otsailean. Baina Rochelotek ez ditu ebazpen horiek kontuan hartu.

Act Up elkartearen iritziz, Bacheloten erabakia ez da oinarritzen zientzia azterketetan. «Gayei odola ematea debekatuz, ministroak bazterketaren gatazka bizirik atxiki nahi du, arrazoia emanez horrela muturreko jarrera homofoboak dituztenei».

Ferraria autobidean
Ministroaren erabakiak oinarri zientifikoak dituela azaldu du Francois Lefayer EPFS erakundeko Pariseko prentsa arduradunak. Odola hartzen duten zentroen erakundea da EPFS. «Norbaitek Ferrari bat gidatzen badu autopistan eta bertze nehor ez baldin bada, ez dago arazorik orduko 300 kilometrotan badoa ere; baina bertze jende batengan eragina duelarik, bidetik atera behar da, bertzeen bizia arriskuan ezartzen duelako», adierazi du.

Ez du onartzen jarrera homofoboa leporatzea. Gogorarazi du erabakiak ez diela debekurik inposatzen lesbianei, eta bai aldiz bertze talde batzuei, adibidez Erresuma Batuan urte bete baino gehiago pasatu duten pertsonei, edo usu odol transfusioak egiten dituzten pertsonei.

Hiesa errealitatea dela dio Lefayerrek, eta odola hartzearen ardura duen erakundeak kontuan hartu behar duela azaldu du. «Gustatu edo ez, bertzeak kutsa ditzaketen arriskuak baztertu behar ditugu».

Debekuaren gibelean arrazoi filosofikorik ez dagoela erran du Bernard David Pariseko EPFSko ardura duen medikuak. Egunen batean epidemiologia azterketen emaitzak aldatzen badira, debekuaren arrazoia desagertuko dela azaldu du. «Orduan naturaltasunez onartuko zaie odola ematea». Bitartean, sendagileek osasun irizpideak hobetsiko dituztela jakinarazi du, Bacheloten ebazpenarekin bat eginez.

Hepatitisa atzematen da gehien odolari egin probetan
Urtean batez beste Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izaten diren 100.000 odol emateetatik, infekzioa izaten dute ale batzuek: 5 eta 10 artean izaten dira hepatitis C dutenak; 10 inguruk hepatitis B izaten dute; 1 eta 5 artean dira GIBa atzematen zaienak. Suntsitu egiten dira infekzioa atzematen zaien odol poltsak.

Odol emaileak galdegin ditu Miarritzeko odol zentroak
Urtero %5 emendatzen dira odol beharrak Ipar Euskal Herrian. Miarritzeko Odol Zentroko arduradunek jendea odola ematera deitu dute, elurte eta besta egunen ondorioz apaldu delako zeukaten odol kopurua. Hala ere, gizonei ez diete odolik hartzen homosexualak baldin badira.

148.000
Odol emateak, batez beste, urteko. Urtero, batez beste, 148.000 odol emate izaten dira Euskal Herrian.

Nafarroan urtean, batez beste, 32.000 odol emate izatean dira. Azken 10 urteetan 32.000 inguru odol emate izaten dira Nafarroan. Odol emateak %3 handitzeko ezarria zuten helburua ez da bete herrialdean.

Ipar Euskal Herrian 16.000 odol emate izaten dira urtero. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 16.000 odol emate izaten dira, batez beste. Aurten 17.000 biltzera iristea dute helburu.

EAEn 100.000 izan ohi dira urteko odol emateak. 100.000 odol emate dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

680
Baionako erietxean artatutako hiesdunak. Hiesa duten 680 lagun artatzen dituzte Baionako erietxean. Nafarroa Behereko eta Lapurdiko jendea da nagusiki, baina baita Landetakoa ere (Frantzia). Osasun zerbitzuen arabera, hiesa duten lau pertsonatik batek ez daki.

Gobernuak eman datuak ez direla zehatzak salatu dute
Frantziako Gobernuaren inkesten arabera, gizon homosexualen %10 eta %18 bitartean dira hiesa dutenak. Aldiz, heterosexualen kopuru zehatza eman dute: %0,2. Homosexualentzat ematen den datua zabalegia dela eta ez duela oinarri zientifikorik salatu dute gay eta lesbianen elkarteek.

Erresuma Batuan izandakoek ere ezin dute odolik eman
Erresuma Batuan bederen urtea pasatu dutenek ere ezin dute odolik eman Lapurdiko odol zentroetan. Behi eroen eritasunaren ondorioa da, eta arriskua desagertu arte neurri hori indarrean egonen dela aitzinatu du Frantziak. Odol transfusioak ukan dituzten jendeek ere ezin dute odolik eman.

  • «Ematea ez da eskubidea»
  • Odola ematea kasik mundu osoan debekatzen diete homosexualei. Hego Euskal Herrian duela hamar urte kendu zuten debekua, eta praktika arriskutsuez galdetzen dute orain.
  • Berria, 2009-01-22 # Mikel Peruarena • Donostia
Gizonekin sexu harremanak dituzten gizonei odola ematen ez uztea «irizpide kasik unibertsala» da, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko zuzendari Miguel Angel Vesgaren esanetan: «Europan, Amerikako Estatu Batuetan, Kanadan... Horrela izan da 1980ko hamarkada hasieratik». Hortaz, Frantziak hartu duen erabakia ez da berria, Vesgak dioenez: «Lehendik ezarria zuten irizpide bat baloratu, eta mantentzea erabaki dute». Europako Batasunak zenbait irizpide ezarriak ditu odol emateari buruz. Hor ez da homosexualei odol ematea ukatzen dien araurik, baina estatu edo eskualde bakoitzak aukerak ditu, bertako odol emaileen soslaia ikusita, irizpide hertsiagoak jartzeko.

Espainia, Portugal, Italia eta Suedia dira salbuespenak. Herrialde horietan homosexualek ez dute legezko debekurik odola emateko. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ere ez da halako debekurik. Orain ia hamar urte erabaki zuten debeku hori kentzea, Gipuzkoako odol emaileen elkarteko presidente Sabin Urzelairen arabera. Ordura arte, aparte uzten ziren «arrisku taldeak» deitzen zirenak: heroinazaleak, hemofilia zutenak eta homosexualak. Vesgaren hitzetan, «zein datu eta egoera zeuden ikusi eta ikerketa zorrotza eginda» hartu zuten erabaki hura.

Trukean, Vesgak azaldu duenez, bi iragazki igaro behar dituzte odol emaileek: praktika arriskutsuei buruzko elkarrizketa medikoa eta laborategiko probak. Urzelairen hitzetan, «orain ez da galdetzen homosexuala zaren, baizik eta nolako harreman sexualak izan dituzun». Galderak zehatzak dira: hepatitisa pasatu ote duten, atzerrira bidaiatu duten, sexu harremanak pertsona batekin baino gehiagorekin izan dituzten, babesik hartu duten harreman horietan, prostituziora jo duten... Galderei erantzutea derrigorrezkoa da. «Ez badiezu galderei erantzun nahi, zeure burua baztertzen duzu», ohartarazi du Urzelaik.

Infekzioak atzemateko epea
0Odol hartze guztiei probak egiten zaizkie laborategian, Urzelaik dioenez: «Zuk ematen baduzu odola 50 aldiz, 50 aldiz egiten dira probak, hor ez dago zalantzarik». Arriskua beste bat da, Vesgaren esanetan, infekzio batzuk ez baitira atzematen zenbait egun pasa arte. Epe ezkutua esaten zaio horri. «Aurreko 10 egunetan kutsatu den norbait etorri eta ez konturatzea, hori da egiazko arriskua. Eta arrisku hori handiagoa da homosexual aktiboen artean; hori datu epidemiologiko garrantzitsua da», adierazi du Vesgak.

GIB Giza Immunoeskasiaren Birusa duten lagun gehiago daude homosexualen artean, heterosexualen artean baino, Vesgak dioenez: «Eman dezagun, gizonezkoen artean, biztanleriaren %4k harreman homosexualak dituela; herrialde askotan GIBdunen erdiak homosexualak dira». Frantziako Gobernuak hartu duen erabakia datu horrek eragin duela uste du transfusio zentroko zuzendariak: «Normalean, erabakiok hartzen dira datu objektiboak ikusita». Hala ere, arazoa «zaila» dela uste du Vesgak, eta ezin dela giza talde oso bat baztertu sexu joerarengatik: «Aurkitu beharko litzateke sistema bat, ziurtatuko duena odol emaileak ez duela praktika arriskutsurik izan, eta inor baztertuko ez duena».

Urzelaik ere gauzak ez direla nahastu behar uste du: «Arazoa dago kolektibo bat diskriminatua sentitzen bada; eta, gainera odola ezin badu eman!». Etorkinekin ere, azken aldian, antzeko arazoak gertatzen ari direla ziurtatu du Urzelaik, baina Erdialdeko Amerikan egon direnek, edo handik datozenek, paludismoa edukitzeko arrisku handiagoa dutela ohartarazi du: «Orduan, han egon garenok, ezin dugu odolik eman lau hilabetetan. Eta hori ez da hartzen diskriminazio moduan».

Pertsona bakoitzak, banaka-banaka, zer praktika arriskutsu izan dituen begiratu behar dela uste du Urzelaik: «Odola ematea ez da eskubidea. Odola jasotzea da eskubidea. Beste bati laguntzeko eman behar da odola».

No comments: