2007/10/23

> Berria: Literatura > OSCAR WILDEREN MINAK ERAGINDAKO "DE PROFUNDIS" LANA EUSKARATU DUTE

  • Oscar Wilderen minak eragindako «De Profundis» lana euskaratu dute
  • Gara, 2007-10-23 # Rebeka Calvo · Donostia

Oscar Wilderen beste lan bat euskaratu dute, «De profundis» hain zuzen. Lan hau, hala ere, ez da «Reading kartzelako balada», «Dorian Grayren erretratua» edo «Fidel izan beharraz» lanak bezalakoa. Izan ere, «De profundis»en agertzen den Wilde umila da, minetik hitz egiten du, eta darabilen zintzotasuna dela eta, hunkigarri egiten zaio irakurleari.


«De profundis» Readingeko kartzelan zegoela idatzi zuen, azken hilabeteetan zehazki; bertan bi urte eman zituen. Dublinen jaiotako idazleak ez zuen lana liburu izateko idatzi, eskutitza baitzen, bere maitaleari, lord Alfred Douglasi zuzendutakoa. Gogoratu behar da, maitaleak bere aitari Wilderekin bizitakoak kontatu zizkiola, eta honek salaketa jarri zuela bere kontra. Azkenean bere homosexualitatea zela-eta sodomia delitua egotzi zioten.


«Kuttunari idatzitako karta»
«Kuttunari idatzitako karta da», esan zuen aurkezpenean Felipe Juaristi idazleak, zeinak hitzaurrea idatzi duen. «Maitasun historia da azken finean, maitaleen arteko tirabirak agertzen dira bertan», gaineratu zuen. Itzulpena Aitor Aranak egin du, eta eskutitza izan arren «oso ondo idatzia» dagoela agertu zuen. Era berean, «txutxu-mutxu» gehiago ere argitu zituen itzultzaileak : «Oscar Wilde oso maiteminduta egon zen lord Alfred Douglasekin, nahiz eta honek hondamen ekonomikoa ekarri zion lehenengo, eta kartzelara eraman zuen ondoren. Douglasek, hauxe esaten ei zien bere lagunei; bi urte eman ditut berarekin maiteminduta eta gainontzeko denbora guztia, berriz, hori ukatzen».


Txalapartak argitaratutako liburua erosgai dago jada 17 euroren truke.

> Berria: Literatura > OSCAR WILDEK "GIZON ERORIAREN PARABOLA" IDATZI ZUENEKOA

  • Oscar Wildek «gizon eroriaren parabola» idatzi zuenekoa
  • 'De profundis' euskaratu du Aitor Aranak, egile irlandarrak kartzelan idatzitako eskutitz sakona
  • Berria, 2007-10-23 # Xabier Martin · Donostia

Moralaren aurkako delitua egotzi zioten. Kartzela ezagutu zuen. Bi urtez. Traizioa ere aski ezagun izan zuen. Maitatu besterik ez zuen egin, ordea. Baina gizonezkoen arteko maitasuna zen hura, eta bizitzaren azken aroan sufrikarioa ekarri zion aske izateak, «beldurrik gabe ozen aritzeak». Oscar Wildek (Dublin, 1854-Paris, 1900) erraietatik idatzi zuen De profundis bere azken nobela. Eskutitza berez, bere amorante eta kartzelako bidea zabaldu zion gizonari idatzitako testigantza. Wilderen azken nobela, klasikoen artean berezko lekua duena, euskaraz irakur daiteke jadanik. Aitor Aranak (Txalaparta, 2007) plazaratu du De profundis, eta Felipe Juaristik idatzi du hitzaurrea.


«Bereziena eta hunkigarriena da Oscar Wildek idatzi dituen liburuen artean», dio Juaristik. Haren arrazoiak ez dira urriak. «Idatzitako azkena izan zuen, eta ez zuen nobela gisa idatzi, eskutitz moduan baizik. Gainera, kartzelan idatzitakoa da, garai horretan homosexuala izatea delitua zelako, are gehiago izaera hori denen aurrean aldarrikatzen bazen, Wildek egin zuen bezala». Idazlea «probokatzailea» izan zen beti, ez alferrik, «mugan ibiltzen zena», eta arerio «txar bat» egokitu zitzaion aurrez aurre, Queensberry markesa. Haren ekinak eraman zuen kartzelara eta pasadizo traumatiko horrek erabat aldatu zuen Wilde. Kartzelatik atera eta hiru urtera hil zen, ia berriro idazteko gai izan gabe.


Literaturan aspaldiko eztabaida da literatura bizitza bihurtu behar den edo bizitza literatura. Oscar Wildek bigarren aukeraren alde egin zuen. «Bere bizitza arte bihurtu zuen». Literatura bizitzeko modua zen harentzat.


WILDEREN MISTERIOA EZ DAGO EZKUTUAN. Felipe Juaristiren ustez, «mozorro eta maskara askotako gizona» izan zen Wilde, era berean, eta bere bizitzako azken aroan soinetik kendu zituen estalkiak. «'Misterioa ez dago ezkutuan, agerian baizik', esan zuen bere bizitzari erreparatuz». De profundis Alfred Douglas maitaleari idatzitako epistolan, Wildek barruan zuena azaltzen da gordin. «Sakonetik idatzi zituen lerro horiek». Sakonetik fisikoki, ziega sakon batetik alegia, eta sakonetik egiari erreparatuz, barrualdeak agerian utziz. «Bihotzeko istorio bat da hau, egiazkoa, eta haren bidez benetako Oscar Wilde ikusten da. Liburu honen idazlea ez da mundu guztiak miresten duen egilea, umildutako gizona baizik, baztertua, banandua, lagunak utzitakoa. Izena lohituta dauka, zikinduta, eta gizon arrunta bihurtzen denean bere buruari buruzko gogoeta egiten hasten da. Hori da De profundis, gizon eroriaren parabola».


TXUTXU-MUTXUAK ERE BAI. Bestalde, De profundis-en euskarazko bertsioaren egileak, Aitor Aranak, uste du obraz eta egileaz aritzean «txutxu-mutxuei» buruz hitz egitea ere saihestezina dela. «Bera baino 15-16 urte gazteagoa zen poeta batekin maitemindu zen Wilde, eta kontua da Alfred Douglas oso gaizki portatu zela harekin». Douglas ere maiteminduta izango zela ez du ukatzen Aranak, baina «gehiegikeriak» nabarmenak dira, haren ustez. «Arazo handiak sortu zizkion; ekonomikoki larriak, esaterako».


Alfred Douglasek oso harreman txarra zuen aitarekin, eta harreman gaiztotu horrek zerikusi handia izan zuen Oscar Wilderen kartzelatzean. «Wilde tresna izan zen aitaren aurkako eraso baterako, eta nahiko tentela izan zen, harreman hori ez eteteagatik». Azkenean, bere aurkako epaiketan amodio homosexual hura defendatu zuen ozen, eta gaizki atera zen handik. «Testuinguru horretan idatzi zuen De Profundis, kartzelan hilabete asko beteak zituela».


Aranarentzat, «maisuki» idatzita dago, literatura arloan «balio handikoa» da. Hala ere, Wilderen ikuspegia besterik ez du eskaintzen noski, aferaren beste aldearen ikuspegia eman gabe. Oscar Wilde eta biok idatzi zuen ostean Douglasek, aferaren inguruan bere iritzia plazaratzeko. Obra hori ere euskaratzen ari da Arana, «datorren urtean edo» argitara emateko.


Bera bizi bitartean De profundis ez argitaratzeko eskatu zuen Oscar Wildek, eskutitza baita, intimoa, ez fikziozko eleberri soila. «Maitasun istorioa da azken finean, gorabehera guztiekin, zeloekin eta beste kontu askorekin». Baina sakona, izenburuak dioenez; «saminak eragindakoa».

2007/10/10

> Berria: Faxismoa > DONOSTIA: JAIALDI ANTIFAXISTAK BABESAK JASOTZEN JARRAITZEN DU

  • Ostiralean, egutegi propioa xede, intsumisiorako deia egin du IAk
  • Euskal Herriak bere egutegi propioa izateko eskubidea eta beharra duela argudiatuz, datorren ostiralean, urriaren 12an, jarrera «intsumituak» zabaltzeko deia egin dio Ikasle Abertzaleak mugimenduak euskal ikasleriari. Horretarako gainera, heziguneak normaltasunez ireki edota herri eskolak antolatzeko gonbita egin du. Era berean, EAEko Hezkuntza sailatik edota hainbat ikastetxeetako zuzendaritzetatik ezarritako trabak gogor salatu ditu IAk.
  • Gara, 2007-10-10 # Oihana Llorente

Datorren ostiralean, urriaren 12an, euskal ikasleriak «ezer ospatzeko ez» duela ulertuta, heziguneak normaltasunez zabaltzeko eta herri eskolak antolatzeko deia egin du Ikasle Abertzaleak (IAk) ikasle mugimenduak.

Estatu espainol eta frantsesak «inposatutako» egutegi antolaketaren aurrean, euskal egutegiaren aldeko aldarria zabaldu behar dela deritzo IAk. Gainera, Euskal Herriak bere kultura, hizkuntza eta ohitura propiak dituenez haren jai egutegi propioa izateko eskubidea eta beharra duela nabarmendu zuen ikasle mugimenduak Donostian egindako agerraldian.

Egutegi propioaren aldeko borrokan, euskal ikasleriak izandako «aitzindaritza» nabarmendu zuten. Bertako bozeramaile Gorka Zozaiak adierazi bezala, badira hamaika urte herri eskolen afera abiatu zenetik eta haren esanetan, urtez urte «emaitza hobeagoak» eskuratu ditu ekimen honek.

Ikasleriaren «garaipena»
Era berean, azken ikasturteetan urriak 12an -Hispanitate eguna-, edota abenduak 6ean -Konstituzio espainolaren eguna-, hainbat ikastetxe eta fakultate modu ofizialean eta normaltasunez ireki izana ikasle mugimenduaren «garaipen» gisa jo zuen Zozaiak.

Zentzu honetan, herri eskoletaz haratago, «jai egun arrotzak» klase egun izendatuak izan daitezen ikasle mugimenduaren eskutik egindako saiakera ere aipagai izan zuen IAko eledunak. Hezigune ugaritako erabaki organo gorenetan ikasleek euren eskaera bideratu dutela azaldu zuen.

Alabaina, Lakuako Hezkuntza sailaren jarrera gogor kritikatu zuen IAko kideak. Haren aburuz, «herritarrei hitza emateaz solasten duten horiek dira Madrilen morroi zintzoenak, halako egunak ospatuaraziz». Era berean, hainbat zuzendarik ekimen honen aurrean izandako «jokaera guztiz antidemokratiko eta autoritario» salatu zituen.

Horiek hala, datorren ostiralean, heldu den azaroaren 11an -frantziar armistizio eguna- eta abenduaren 6an, «inposaketa espainolista eta frantsesaren aurrean» jarrera intsumituak zabaltzeko deia egin du IAk.

Donostiako jaialdi antifaxistak babesak jasotzen jarraitzen du

Hispanitate egun gisa Estatu espainolean ezaguna den egunean, urriaren 12ean, «España nación» lelopean faxistek Donostian egin asmo duten mobilizazioari aurre egiteko antolatutako jaialdiak atxikimenduak biltzen diardu. EHGAM, Bilgune Feminista, Askatasuna, Indar Gorri, Iratzarri, Ekimen Komunista, Segi, Askatasuna, LAB, Ikasle Abertzaleak, Batasuna, EAE-ANV, Piratak, Sare Antifaxista eta Donostialdeko hamaika gazte asanbladek osatzen dute babesleen zerrenda luzea.

«Herri bat garelako faxistak Euskal Herritik kanpora» lelopean antolatutako jaialdia arratsaldeko 15.00tan abiatuko da Donostiako Bulebarrean eta herritar orori bertara hurbiltzeko deia egin diote antolatzaileek. Haien esanetan, ekitaldian «faxismoaren aurka eta Euskal Herriaren alde» egingo da.

Ekimenaren xedea faxistak Euskal Herrian «ongietorriak ez direla» azaltzeaz gainera, Euskal Herriaren «aitortzaren, lurraldetasunaren eta erabakitze eskubidearen alde» egitea da. Baina horiek ez dira jaialdian present izango diren aldarrikapen bakarrak, justizia soziala,emakume eta gizonen arteko parekidetasuna edota etorkinen eskubideak ere defendatuko dira ostiralean Donostian.

2007/10/07

> Berria: Faxismoa > DONOSTIA: FAXISMOARI AURRE EGITEKO JAIALDIRA DEITU DUTE URRIAREN 12AN

  • Faxismoari aurre egiteko jaialdira deitu dute urriaren 12an Donostian
  • Datorren ostiralean, «España nación» lelopean, faxistek Donostian mobilizazioa egiteko asmoa dutela jakin ondotik, Gipuzkoako hiriburuko hainbat antolakundek ekimena prestatu dute egun horretarako, «faxismoaren aurka eta Euskal Herriaren alde egiteko».
  • Gara, 2007-10-07

Ez da lehenengo aldia faxistek Euskal Herriko kaleak hautatzen dituztena beren aldarriak plazaratzeko, beren oihuak egiteko, eta beren ikur eta banderak erakusteko. Donostia aukeratu dute urriaren 12an mobilizazioa egiteko. Hori dela-eta, Gipuzkoako hiriburuko hainbat talde eta antolakunde elkartu dira ostiralean datozen horiei mezu argia igortzeko: «Euskal Herrian ideia faxistek ez dute tokirik». Izan ere, faxismoaren aurkako eta Euskal Herriaren aldeko jaialdia antolatu dute egun horretan Bulebarrean, 15.00etan.

«Herritar eta eragile guztiak deitzen ditugu espainiar faxistei Euskal Herrian ongietorriak ez direla azaltzera eta Euskal Herriaren aitortzaren, lurraldetasunaren eta erabakitzeko eskubidearen alde egitera», azaldu zuten atzo, Donostian bertan, emandako prentsaurrekoan. Bestelako aldarrikapenik ere egingo dute hitzordu horretan: justizia sozialaren alde agertuko dira, emakume eta gizonen arteko parekidetasunaren alde, etorkinen eskubideen alde... «Herri aske eta justuago baten alde, alegia», gaineratu zuten.

Urriaren 12an, espainiar faxistek «Hispanitatearen eguna ospatzen» dutela gogorarazi zuten. «Ameriketako indigenen kontrako sarraskia hasi zuten duela 115 urte, eta gaur egun ere espainiartasuna horrela ospatzen dute. XXI. mende hasieran, inolako lotsarik gabe, genozidioa Espainiaren ikur bilakatu dute», salatu zuten agerraldian. Eta horren guztiaren ondorioa euskal herritarrek «larrutik ordaindu» dutela nabarmendu zuten. «Horrenbeste sufrimendu ekarritako horiek gu iraintzen jarraitzen dute».

«Espainia handia inposatzera»
«Espainiatik Euskal Herrira etorri, eta haien eskuin muturreko ideiak inposatu nahi dizkigute. `Espainia' deitzen duten horren batasuna, euskal herritarren borondatearen gainetik jartzen dute. 36an Francoren agindupean egin bezala, Espainia handi, aske eta batua inposatzera datozkigu. Euskal Herriaren eskubideak ukatzen dituen Espainia handia inposatzera datoz gurera», gaitzetsi zuten jaialdiaren antolatzaileek.

Baina, gehiago ere adierazi zuten faxismoaren aurkako eragile horiek: «Arraza batzuk besteen gainetik daudela defenda- tzen dute, etorkinak jazartzen dituzte, homosexualak erasotzen dituzte, ideia aurrerakoiak dituztenak gorrotatzen dituzte... Gure herria suntsitu nahi dute».

2007/09/25

> Berria: Telebista > KALAKA: KASTRAZIO KIMIKOARI BURUZ HITZ EGIN DIO AINTZANE GARAIREN NEBAK INMA ZABALETA KAZETARIARI

  • Iban Mayo elkarrizketatuko du Xabier Euzkitzek aste honetako "Kalaka"n
  • Kastrazio kimikoari buruz hitz egin dio Aintzane Garairen nebak Inma Zabaleta kazetariari
  • EITB, 2007-09-25

Frantziako Tourraz geroztik Iban Mayo txirrindularia guztion ahotan izan da. Saunier Duval taldeko kirolariak positiboa eman zuen uztailean eta ordutik hona ez du adierazpen publikorik egin. Xabier Euzkitzek ETB-1en gidatzen duen "Kalaka" saioan plazaratuko ditu bizitakoak, asteazkenean, gaueko hamarretan.


Kastrazio Kimikoa izango da aste honetako gai nagusia. Gaurkotasunari helduta aurreko asteburuan askatu berri duten Vald’Hebroneko bortxatzailearen kasua aztertuko dute kalakariek eta pil-pilean dagoen Sarkozyren proposamen politikoa ere izango dute mintzagai.


Arantxa Azurza abokatua, Markos Zapiain filosofoa, Amaia Vazquez sexologoa eta Xabier Gezala ertzaina platoan izango dira. Gonbidatu berezien iritziak entzuteko denbora ere izango da. Alde batetik, Jon Ander Bilbao psikiatra eta, bestetik, Ainhoa Arregi, Gipuzkoako Abusu Sexualak Jasandakoen Elkartekoa Miramonen izango dira zuzen zuzenean.


Bestalde, Inma Zabaleta erreportariak David Garai Aintzane Garairen nebaren iritzia jaso du kastrazio kimikoaren inguruan. Punta-puntako testigantzak, beraz, aste honetako "Kalaka"n, 22:00etatik aurrera.

2007/09/16

> Berria: Ekitaldiak > ARRITXULON, ASKATASUNA KUTSATZEN

  • Arritxulon, askatasuna kutsatzen
  • EHGAM XVI. Les-gay-trans Kanpaldia egiten ari da, laugarrenez Arritxulon
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-09-16 # Olatz Mitxelena

Laugarrenez bildu dira EHGAMeko kideak Arritxulon, XVI. Les-gay-trans Kanpaldian. 65 lagun inguru daude aterpetxean, ostiraletik, eta gaur emango dituzte bukatutzat kanpaldiaren baitan antolatutako ekimenak. Kanpaldiarekin ematen diote EHGAMeko kideek urtero hasiera ikasturteari, eta, aurten gainera, ikasturte berezia dute, taldea sortu zeneko 30. urteurrena betetzen baita. Horregatik, 30. urte kutsatzen irakur daiteke kanpaldira bildutakoei ongietorria egiteko jarri duten pankartan.


Urtero legez, ludikotasuna eta eraketa uztartu dituzte astebururako antolatutako ekimenetan. Herenegun Aluaren Algara taldearekin egin zuten festa, eta atzo, goizetik, norberak nahi zuen horretan eman zuen denbora: batzuek mendi buelta eman zuten, beste batzuek autodefentsa ikastaroan parte hartu zuten, eta beste asko, patxadan egon ziren, lagunartean, inguruak eskaintzen dituen aukeraz gozatuz.


Bitartean, antolatzaileetako batzuk atzo gaueko ikuskizunerako beharrezko guztiak prestatzen aritu ziren. Tartean zen taldeko kide Mikel Martin: «Gaur [atzogatik] Yogurinha Borovaren emanaldia dugu. Transformista itzela da, eta lagun handia. Gure hastapenetako kanpaldietan eman zion hasiera bere ibilbideari».


Baina gaueko festa bitartean, askok prestatutako tailerretan parte hartu zuten. Hala nahi izan zuten emakumeek autodefentsari buruzkoak ikasi zituzten. Emakumeen kontrako erasoen aurrean, indarraren erabilpenetik haratago, autodefentsaren gakoei buruz hausnartzen aritu ziren, saio praktikoan. «Ezetz esaten ikastea, norbere burua maitatzea, norberak bere armak erabiltzen jakitea...» azaldu zituzten gakoetako batzuk dira.


Arratsaldean, beste hiru tailer egin zituzten. Emozioek osasunarengan duten eraginari buruzkoa izan zen bata, jolasak egin zituzten beste batean, eta batukadaz gozatu zuten hirugarren tailer batean.


Gaur, bukatzeko, Oiartzun, Luberri eta Herri Musikaren txokoa bisitatu asmo dituzte.


30 urtera, bada zeregina

«Gure aldarrikapenak zaharrak dira: sexu librea, Euskal Herria librean. Euskal Herria homofobiatik, lesbofobiatik eta transfobiatik libre», zioen Martinek, beste urtebetez kanpaldian biltzearen arrazoiengatik galdetuta. «Gure antolakuntzak gizarteko beste talde batzuk kutsatzen jarraitzeko aukera emango digu».


Taldea sortuz geroztik, «bide luzea» egin dutela aitortu arren, lanean jarraitzeko beharra argi du Martinek: «Lanean jarraitu behar dugu, egunen batean, pertsona guztiek aurreiritzirik eta erasorik gabeko sexualitateaz gozatzeko aukera izan dezaten».

2007/09/14

> Elkarrizketa: MIKEL MARTIN · EHGAM > "BESTELAKO SEXU AUKERENTZAT PLAN AKTIBOAK BEHAR DIRA ESKOLETAN"

  • Mikel Martin · EHGAMeko kidea: «Bestelako sexu aukerentzat plan aktiboak behar dira eskoletan»
  • EHGAM erakundeak 30 urte bete ditu aurten. Gaur hasiko da 16. kanpaldia. Mikel Martinen iritziz, ekimen hori erabat finkatuta dago.
  • Berria, 2007-09-14 # Ion Olano · Donostia


EHGAMek gaur, bihar eta etzi Oiartzunen (Gipuzkoa) egingo duen kanpaldia prestatzen ari dela jaso du Mikel Martinek BERRIA. Aurten hamaseigarren kanpaldia izan arren, hasiberriaren ilusioa nabari zaio.


Aurten berriro. Zergatik?

Uste dugu jendeak honetarako gogoa duela, eta guk ere interes handia dugu. Era berean, kurtso berria abiatzeko seinalea da guretzat. Kanpaldian lagunekin elkartu nahi dugu, elkar sentitu, giro askean. Espazioa eta denbora elkarbanatu, bizi erritmo ezberdin batean gozatzeko. Eskatzen dugun konpromiso bakarra ondo pasatzea da.


Aurten izango da kanpaldia egiten dugun 16. urtea. Beste urte batzuetan bezala, Arritxuloko aterpetxean egingo dugu, Oiartzunen (Gipuzkoa). Oraingoz, badakigu ez dela soilik Euskal Herriko jendea etorriko. Esaterako, Aragoitik (Espainia) etorriko dira batzuk.


Zein helbururekin antolatu duzue aurtengo kanpaldia?

Pixkanaka, jarduera berriak txertatzen ari gara kanpaldiko egitarauan. Aurten, adibidez, gogo eta osasun egoerak sistema immunologikoan nola eragiten duen ikasteko tailer bat antolatu dugu. Elkarteko emakumeei esker, emakumeentzako defentsa ikastaroa ere berreskuratu dugu. Badago beste tailer berezi bat sexualitateari buruzkoa: Sexu alaia du izena. Horrez gain, jostailu erotikoen erakusketa egingo dugu. Gainera, Sentsualitatea, sexualitatea, segurtasuna izeneko tailer bat ere prestatu dugu. Egingo dugun beste gauza berezi bat txikiak gineneneko jokoak berreskuratzea izango da, baita gu baino zaharragoak diren jokoak ere.


Gaur gauean talde berezia izango dugu gurean: Aluaren Algara. Bihar, berriz, urtero bezala festa egingo dugu. Festa horretan egingo du emanaldia transformista bikain batek: Yougurinha Burova da bere izen artistikoa. Batukada tailerra ere izango dugu, eta natura gustuko duenarentzat, mendi ibilera leunak antolatu ditugu. Etzi, gogoa duenarentzat, Oiartzunera egingo dugu bisita. Oro har, ondo ateratzea espero dugu. Eta kanpaldira etorri nahi duenak jakin dezala: parte hartzea ez da kanpaldian egoteko ezinbesteko baldintza.


Urte hauetan guztietan, belaunaldi berriak joan al dira kanpaldira?

Batez besteko adina 28 urteren inguruan dabil. Azken urteotan, neska-mutilak paretsu etorri dira, eta batzuetan neska gehiago. Lehenengo urteetan ez zen horrela, gizonezkoak ziren nagusi. Aurten Oiartzunen egingo da berriro; kanpaldia beste herrialdeetan egiteko gogoa daukagu, baina ez da erraza.


Hamaseigarrena da aurtengo kanpaldia. Zein bilakaera izan du ekimen honek?

Uste dugu ekimen hau finkatuta dagoela dagoeneko. EHGAMek urte osoan egiten duen beste edozein ekimen bezain finkatuta. Urteotan nabaritu dugun aldaketa, lehen aipatutako emakumeen presentziaz gain, transexualena izan da. Izan ere, transexualen presentzia haziz joan da kanpaldiz kanpaldi, ez soilik maila teorikoan, errealitatean baizik.


EHGAMek 30 urte bete ditu aurten. Zeintzuk dira, egun, erakundearen erronkarik nagusienak?

Autoantolaketan sinesten jarraitzen dugu. Erakundeen parte hartze aktiboa eskatzen jarraituko dugu, baita ikusgaitasuna bultzatzeko ekintzak antolatzen ere. Iraultza sexuala, beharrezkoa dena, egiteke dago. Bestelakotasun sexualentzako plan aktiboak egin behar dira eskoletan, EHGAMen heziketa da bidea leloa errealitate bihur dadin. Izan ere, homofobia egon badago, eta alde askotatik egin behar zaio aurre. Erakunde batzuengandik ezin dugu gehiegi espero, beraz geuk esku hartu beharko dugu.


Homofobia eta lesbofobia indartsu al dira, oraindik, gure artean?
Euskal Herrian izan diren erasoetatik haratago, homofobia mundu ikuskera baten parte da, gutxiengo sexualak baztertzen dituena. Horri aurre egiteak lan handia eta konkretua eskatzen du. Hedabideetan txantxa homofoboak egiten dituzte; lantokietan, homofobia eta matxismoa darien hitzarmenak sinatzen dituzte. Tristeena da kontu honi ez zaiola behar duen garrantzia ematen. Errazagoa da pentsatzea: «Honek ez du zerikusirik nirekin».


Azken urteotan zein urrats positibo egin dela uste duzu?

Orokorrean ikusgaitasun gehiago lortu dugu. Era berean, gainontzeko elkarteak irazkorragoak dira gaiarekin, askok bere egin dituzte lesbiana, homosexual eta transexual mugimenduaren aldarrikapenak. Hala ere, berriz nabarmendu nahi dugu kontzientzia askapena eta aurreiritzien desagerpena ez dagokiela soilik kaltetuei, ezinbestekoa dela gizarteak aldarri horiek bere egitea: politikariek, idazleek, irakasleek, sindikatuek, gazte erakundeek, hedabideek...


Azken urteotan garrantzitsua izan den beste kontu bat nazioarteko homosexual, lesbiana eta transexualek jasaten dituzten egoeren ezagupena izan da: esaterako, Polonian oso egoera gogorra dute, Iranen debekua sufritzen dute, eta Hego Amerika ere ez dugu begien bistatik galdu behar. Gutxiengo sexualen kontrako jazarpenaren aurrean arreta eta konpromisoa eskatzen dizkiogu gizarteari.

2007/09/12

> Berria: Ekitaldiak > EHGAMEK IKASTURTEA HASTEKO KANPALDIA ANTOLATU DU ARRITXULON

  • EHGAMek ikasturtea hasteko kanpaldia antolatu du Arritxulon
  • Oraindik izena eman daiteke asteburu honetan aterpetxean egingo diren ekitaldietan parte hartzeko
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-09-12 # Goiatz Labandibar

Dagoeneko laugarrenez, Arritxuloko aterpetxea eta Aritxulegi ingurua aukeratu ditu EHGAMek azken hamasei urteetan egin duten les-gay kanpaldia egiteko. Asteburu honetan izango da: etzi hasi eta igandea bitartean.


Aurtengo kanpaldia, izenetik bertatik dator berrikuntzarekin. Izan ere, lehenengoz transexualei ere aipamen zuzena egin diote: les-gay-trans kanpaldia izango da. Mikel Martinek azaldu du arrazoia: «Gay askapenerako mugimendua beti ulertu dugu minoria eta identitate sexual guztien alde. Aurten lehen aldiz aipatu ditugu izenean transexualak, jendeari errealitate hori ere erakutsi nahi diegulako, buruan sartu nahi diegulako» .


Adierazgarria izan ohi da EHGAMek ongi etorria emateko jartzen duen kartela bera: «Hiru punturekin bukatzen da, edozein identitate sexualeko jendea etorri daitekeelako lesbiana, gay eta transexualez gain ere: bisexualak, heterosexual errespetudunak...», argitu du Mikel Martinek.


Asteburupasa honek ekitaldiz betetako egitaraua izan ohi du. Aurtengoa ere ez da gutxiago izango. «Guztiak gauza asko eta onak ikasiko ditugula espero dugu», esan du Martinek.


EHGAMek, 30 urte

Kanpaldiarekin emango dio hasiera EHGAMek 2007/2008 ikasturteari. Aurtengoa, gainera, urte berezia da taldearentzat, 30. urtemuga ospatuko baititu. Leloa ere aukeratu dute urtearentzat: EHGAM 30 urte kutsatzen, «sexua aske bizitzeko», azaldu du Martinek.


Kanpaldiaren filosofia hitz gutxitan definitu du Mikel Martinek, «helburua giro oneko topagunea egitea da, naturarekiko errespetuan eta gu ere, naturalki errespetatuz».


Oraindik izena emateko aukera badute parte hartu nahi dutenek, 667 435 570 telefonora deitu edo ehgamhelbidera idatz dezakete. Oraingoz, 65 lagun inguruk eman dute izena asteburu osoa pasatzeko, Euskal Herri osotik eta baita Aragoitik (Espainia) ere. Lehentasuna asteburu osoa pasatzera doazenek izango dute.


Asteburu osoa pasatzeko, 60 euro sartu behar dira Euskadiko Kutxaren 3035 0063 82 0630 0302 22 kontu korrontean. Kanpina eramango dutenek, 50 euro ordaindu behar dituzte. Informazio gehiago behar duenak www.ehgam.com helbidean aurkituko du.


  • EGITARAUA
  • Prestatutako guztian parte hartzea «borondatezkoa» izango da eta «malguak» izango dira ordutegiekin, esan dutenez.
  • ETZI, IRAILAK 14
  • 18:00etan. Ongietorria.
  • Gauean. Aluaren Algara.
  • LARUNBATA, HILAK 15
  • 10:30ean. Mendi martxa eta tailerrak: sexu alaia, emakumeen autodefentsa, jolasak...
  • 17:00etan. Tailerrak: autodefentsa; batukada; tuppersexa; sentsualitatea, sexualitatea eta segurtasuna, eta egoera emozionalaren eragina osasunean.
  • Gauean. Yogurinha Borova eta DJ 2ttor.
  • IGANDEA, IRAILAK 16
  • Goizean. Oiartzunera bisita edo Herri Musikaren Txokoa eta Luberri museo geologikora bisita.

2007/08/16

> Iritzia: Asisko Urmeneta > HUTS, HUTS, BIZION OINOK

  • Huts, huts, bizion oinok
  • Agorrilean galtzerdiak soberan. Honatx galtzerdi-teoria parea, komeni zaigun helburura itzulikagarri.
  • Berria, 2007-08-16 # Asisko Urmeneta

Espartinez eta euria ari duela». Hala zuen izena Estellerriko Rock taldeak, jakina adagio baten bigarren partea dela. Hasiera «Gehien izorratzen nauen gauza» izanik. Espartin zipatu dexente eta indexente ikusi ditugu uda honetan bazterretan, baina partiduen arteko politikan ni agnostikoa izanki. Espartina gauza ona da bertzenaz, oinetako sano bezain ekonomoa, polikromoa, estetikoa, eta -ez beti- Herrian ekoiztua. «Esposatuko ahal haiz Sesmara!» madarikatzen ohi zen behiala, «...eta Sesmako batekin!» borobildu ohi zuten. Sesma, herri pobrea, espartzu ereile, korden eta espartinen egiteko. Merke. Portugaletik ekarri izan dituzte kamioikadaka langile Maulera, espartingintza industria puxanta izan deno. Abere gisa ekarri. Muga aitzintto jeitsi erazi, mendiz pasa, eta berriz kamioira. Aziendak paper haboro. Lehengo kalles eta aragoetar neska sasoinkarien etzandegietan eman ziren bizitzen. Ainera beltzak eskasten edo, ari baitziren. Porto eskualdetik jin kolonia, Maule Gainean kokatu da. Espartinean lan egin, lana bazelarik. Gero... gero krisiari ahal bezala aitzi egin, eta iraun.


--«Pinheirogarai hartuko dut deitura.» dio irrifartsu bigarren belaunaldiko batek.


Gehiago jakin nahi duen irakurleak (?!?) lei beza «Bizi nizano munduan» Bordarena, in Susa, edo «La cuerda Rota» Antoñanarena, in Pamiela. Ez beti Herrian ekoiztua, harren.


Espartina, sinple eta popularra. Horregatik ninduen estonatu EHGAMek antolatu sariketan, antisaria «Trapuzko Espartina» izanak . Zer kalte egin dio Gay Askapen Mugimenduari oski umilak ? Eta huraxe antisaria bazen, zein zuten saria ? «Urrezko Hirukia», Alemaniako gobernu naziak preso homoerotikoei ezartzen zien triangelu binperraren omenez. Invertido, edo binperra, hala deituratzen zuten García Lorca gure instituto aroko literatur liburu infameek. Literatura ! Sugai ba. Askapen mugimendu batek, ordea, zapatarik herrikoiarena txarrestea urrearen aldean, diskotekako atezain batek izan dezakeen jarrera zakarraren mailakoa iruditzen niri.


JENDEAREN LARRUPEAN... Eta bada oraindik espartina baino apalagorik: oin hutsa.


Diot hori, zeren uda honetan parte hartu izan baitut eskualdeko telebista batean. Zer nahi den, nik ez baitakit bertzerik, eta karikaturen egitera. Itsusiko bero sapa. Espartin beltz berriak ere soberan. Eta oin hutsik eman naiz, platóko zolaren freskura bila, etxean hainbertzetan nola. Piarres Erdozaintzi eskulturagilea bezala lanean, Arturo Campion goizalde guztiz bezala erreka bazterrean, Joanis Joplin bezala kontzertu optimistan.


Egin badut egin dut. Ez dit Inork aipatu geroztik lanaren egokiera, erantzunen kausitzea edo eta jarreraren espantua. Oinak bistan. Hori baizik ez. Eta ez hiruk. Eta ez goresmenik gero. Eta ezkolan ikusi dut ene burua, tipitan. Itzultzaileari oharra: ez izorra gag ñimiñoa, otoi. Ezkola, ukazioa. Ukoreka lerrakeen Patxi Zabaletak. Ezkolatuko haut, bai! Ezkolatu berdin gobernatu berdin zanpakatu. Hezteak bi adiera dauzka. Biak hits. Tipitik kondenatzen digute oinak gordetzera bertzeen bistatik. Sexiagatik? Kasuaren arabera. Ez da nirea. Izu ebolutiboagatik? Gehiago. Larresoroko Eskolako autore handiek -denak antieboluzionistak izanagatik- beldur ikaragarria zioten barneko ziminoari. Kuadrumanoaren beheko eskuei. Beheko zernahiri. Zenbaitzutan barneko noku beltza ere deitua. Garai bateko emakumezkoek sabelako sugea deiturik.


Lan hipotesi gisa hobetsi dut Larresoroko ziminoarena, hiru arrazoiengatik:


--Testu korpus osatuago, eta zentralizatuago utzi digute.


--Barneko desio erreprimitua markatuenago agertzen dute apezek kolektibo gisa, arrazoi argiengatik.


--Sugeak ez du oinik, eta beraz, akabo ene teoria.


Eta hala ere, akabo artikulua.


Azken lotura hala ere : Ikusirik Berriako ene lider batzuk «udako sugetzarra» metafora baliatzen dutela, berri agorragatik orriak betearazten duen axaleko sagari deitzeko, ni promozionatzera natorkizue «hostokada» hitza. Kazetaritzan ez da berria, eta ongisko jotzen du belarrian.


Beude harren sugetzarrak sabelpean, ziminotzar beltzen barrandan eta parrandan.

2007/07/28

> Laburrak: Salaketak > ELKARRETARATZEA DONOSTIAN: "EZ IRANEN, EZ INON"

  • 'Ez Iranen, ez inon'
  • Berria, 2007-07-28

EHGAM, Gehitu, Medeak eta Garaipen Emakume Etorkinen Elkarteak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Donostian dozenaka lagunek, Iranen azkenaldian izan diren homofobia kasu larriak salatzeko. Berriki, Jafar Kiani harrikatu eta hil zuten Iranen, adulterioa leporatuta. Era berean, Ali Reza Yamshidi Gobernuko bozeramaile judizialak heriotza zigorra berretsi du hogei lagunen aurka, bortxaketa, adulterio eta homosexualitateagatik. “Homofobia, ez Iranen ez inon”, aldarrikatu zuten bertaratuek.

2007/07/23

> Iritzia: Josebe Egia > ESTEREOTIPO PARE BATI BURUZ

  • Estereotipo pare bati buruz
  • Gara, 2007-07-23 # Josebe Egia

Gaurko honetan estereotipoen erorialdia zuekin konpartitzera nator. Mitikoak, herrikoiak, kutsu matxista dutenak edo emakumea kanpoan uzten dutenak.


Alde batetik, «Maritxu berritsu» esakuneak laburbiltzen duena daukagu, hau da, emakumeok gizonezkoek baino joera handiagoa daukagula hitz egiteko. Amaierarik ez duen hitz-jarioa omen da gure ezaugarrietariko bat, bi hitzetan esan daitekeena beste bostehun ele gehiagoz hornitzea, alegia. Gizonezkoek, ordea, di-da batean komunikatzeko ahalmen miresgarria omen daukate, hitz gutxitan dena konpontzekoa.


Bada, Ameriketako Estatu Batuetan egindako ikerketa luze eta serio baten ondorioz, «Maritxu berritsu» ondo baino hobeto izan liteke «Andoni, Peru edo Josu berritsu». Izan ere, egunaren bukaeran botatzen dugun hitz kopurua oso antzekoa da, 16.215 bat, hain zuzen. Beraz, ez da egia emakumeok hirukoiztu egiten dugunik hitz kopurua emakume izategatik eta etengabe gure ahotsa entzutea gustatzeagatik. Pertsona bat hiztuna den ala ez da gakoa, bere sexua edozein dela ere. Hona ikerketa horren ondorioetariko bat, esandakoaren adibide garbia: gehien hitz egiten zuten hiru pertsonak gizonezkoak ziren -45.000 hitz-, baina baita gutxien hitz egiten zuena ere -500-.


Beste gauza bat da, hori bai, hitz egiten dugunaren edukia. Antza denez, oraindik ere gizonek uki edo ikus daitezkeen gauzei buruz hitz egiten dute gehienbat, eta emakumeak pertsonon arteko harremanei eta sentimentuei buruz aritzen gara, neurri askoz handiago batean. Hala ere, jendartean bultzatzen ditugun baloreekin batera egitate hau aldatzen ari dela iruditzen zait, baita aldatu egiten dela ere gizona gizonekin ari denean edo emakume batekin ari denean. Pertzepzioa begi-bistako zerbait bihurtuko delakoan nago, itxaropenez, ados egongo baitzarete gauza bat kantitatea dela eta beste bat kalitatea, ezta?


Beste alde batetik, eta kantitatea alde batera utzi barik, beste ikerketa batek argi utzi du emakumeok ere amets erotikoak barra-barra edukitzen ditugula, gizonezkoen kopurua berdinduta. Amets mota ezberdinak, baina apeta sexualak denok ditugula adierazten dutenak, finean.


Betidanik, arlo hau gizonezkoen urrezko eremua izan da, sexuak euren pentsamenduen eta ametsen ehuneko altu bat betetzen duela, alegia. Beti izan da horrela eta espeziearen ezaugarritzat onartu da inongo arazorik gabe. Emakumeok, berriz, sexualitatearekin arazo gehiago izan ditugu, era askean eta osoki bizitzeko: birjintasuna, garbitasuna, amatasuna eta halako idealen mende egon gara luzaroan. Ondorioz, badirudi sexuak ez duela gure buruan lekurik, ez duela garrantzirik guretzat, ez dela plazer iturri bat.


Baina estereotipo zaharkitu bat besterik ez da. Egun, emakumeok amets erotikoak edukitzeaz gain, gizonek bezalaxe gaiari buruz hitz egiten dugu -horra hor gure hitzen edukietariko bat-. Batzuek gehiago, beste batzuek gutxiago. Hemen ere, izaera kontua da gakoa, eta pertsonaren sexuak zerikusi gutxi dauka.

> Berria: Lesbofobia > EMAKUME BATI BI ALABEN ZAINTZA KENDU DIOTE, LESBIANA DELAKO

  • Emakume bati bi alaben zaintza kendu diote, lesbiana delako
  • EITB 24, 2007-07-23

Epailearen ustez, beste emakume batekin duen harremana "kaltegarria" da bi alabentzat. "Amak hautatu egin beharko du: alabak edo bikotekidea", nabarmendu du.


Fernando Ferrin Murtziako Lehen Auzialdiko 9. Epaitegiko epaileak aitari eman dio bere bi alaben zaintza, behin-behinean, amak beste emakume batekin harremana duelako. Harreman horrek neskengan eragin txarra izan dezakeela esan du epaileak.


Emakumeen 16 elkartek eta Homosexualen, Transexualen eta Bisexualen Federazioak (FELTG) epailearen erabakia salatu dute, haren ideologia inposatu nahi izan duelako, legea ezarri beharrean.


Duela gutxi, Murtziako Auzitegi Nagusiak ikerketa hasi zuen, Ferrin epaileak urtebete baino gehiago luzatu zuelako emakume lesbiana batek neska bat adoptatzeko prozesua. Emakume horren bikotekidea neskaren ama biologikoa da.


Hori horrela, aipatu elkarteek epailea zigortzeko eta espedientea irekitzeko eskaera aurkeztu dute gaur Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian (CGPJ).


Autoan, epaileak "egiaztatutzat" jo du amaren eta beste emakumearen arteko harremana kaltegarria dela bi alabentzat. "Amak hautatu egin beharko du: alabak edo bikotekidea", nabarmendu du.


Epailearen ustez, harreman hori kaltegarria da neskatoentzat "aita bat eta ama bat izateko eskubidea" dutelako, eta ez bi ama edo bi aita. "Giro homosexualak kalte egiten die adingabeei, eta haiek ere homosexualak izateko arriskua handitzen du", gaineratu du.


Gainera, Sexu Indarkeriaren kontrako Legea kritikatu du, "salaketa faltsu ugari" daudelako; eta ezkontza homosexualak legeztatzeko erreforma ere, "zorigaiztokoa" eta "seguru aski konstituzioaren kontrakoa" dela iritzita.

2007/07/19

> Berria: Homofobia > SIZZLA KALOJNI ABESLARI JAMAIKARRA EUSKAL HERRIAN IZANGO DA LEHEN ALDIZ

  • Belarra mozteko garaia iritsi da
  • Sizzla Kalonji abeslari jamaikarra Euskal Herrian izango da lehen aldiz, Belarreggae 07 jaialdian
  • Berria, 2007-07-19 # J.S.

Sizzla Kalonji ezagun bezain ezezaguna da reggae soinuak gogoko dituztenen artean. Eskaintzen dituen emanaldi gehienetan, sarrerak agortzen dira. Aukera gutxi dago, hortaz, Kalonjiren mailako reggae abeslariak ikusteko, eta Euskal Herrian are gutxiago. Ez da inoiz hemen izan eta, berriz ere etortzekotan, zail, oso zail, izango da haren kontzertura joatea. Sizzla Kalonjik ez ditu kontzertuak aldez aurretik iragartzen. Misteriotsua da abeslari jamaikarra.


Sizzla Kalonji Zornotzan larunbatean izango den Belarregae 07 jaialdian izango da, The Firehouse Crew taldekideekin batera. Junior Kelly, Chulito Camacho & Ranking Soldiers eta Jahsta Reggae Band izango dira, besteak beste, jaialdian.


Miguel Orlando Collins Sizzla Kalonji (St Mary, Jamaika, 1976) reggae musikaren barruan 80ko hamarkadan bogan zegoen dancehall mugimendua ezagutu, eta bertako buru bilakatu zen. 31 urte besterik ez du, baina 30 lan eman ditu argitara jada. Digi-riddim sintetizadoreak sortzearekin batera jaio zen dancehall estiloa. Garai haietan, Bob Marley eta Jacob Millerren itzal luzeak reggae musikaren garapena oztopatzen zuen. Bide berriak ireki behar zituzten gazteek, eta digi riddimaz baliatu ziren horretarako. Musika tresna berriak, halere, reggae musikaren estandarizazioa sorrarazi zuen. Botoi bat sakatu, eta erritmo baseak eginda zeuden. Edozeinek egin zezakeen reggaea, eta reggaea sekulako negozio bilakatu zen musika ekoizleentzat.


Miguel Orlando gazteak rastafarien jatorrizko izpiritua galtzen ari zela nabaritu zuen; abestietako letrak negargarriak iruditzen zitzaizkion. Garai hartako disko guztiak negozio egiteko besterik erabiltzen ez zirela salatu zuen. Musika industriarekin apurtu eta berak nahi bezalako diskoak ekoizten hasteko erabakia hartu zuen: Black Woman and child (1997), Royal Son on Ethiopia (1999) eta Da Real Thing (2005) azken urteetako reggae diskorik onenetarikoen artean daudela esan izan dute musika estilo honetan adituak direnek. Sizzla Kalonjiren ahotsa eredu bilakatu da reggae eta hip hop zaleen artean. Entzun, bestela, jaialdian parte hartuko duten beste taldeak.

> Berria: Homofobia > BELARREGGAE EDO SIZZLA KALONJI RASTAFARIAREN ESTREINAKO BISITA

  • Belarreggae edo Sizzla Kalonji rastafariaren estreinako bisita
  • Jaietan murgildurik dabilen Zornotzak Belarreggae jaialdia ospatuko du bigarrenez. Bertan, Karibeko erritmo beroak dantzatzeko aukera izanen dugu Chulito Camacho, Junior Kelly edo Euskal Herrian estreinakoz abestuko duen Sizzla Kalonji izar jamaikar handiarekin.
  • Gara, 2007-07-19 # Anartz Bilbao · Bilbo

Iaz Zornotzan abiatutako festibala dugu Belarreggae, izenak berak agerian uzten duen moduan, doinu jamaikar beroz blai datorrena. Radiationek antolatua, indartsu jaio zen jaildia Luciano izarraren parte hartzearekin eta indartsu dator oraingoan ere, Sizzla Kalonjik gurean egingo duen lehenengo agerraldiarekin. Miguel Orlando Collins 1977an jaio zen Saint Maryn, eta reggae musikako izar handia dugu egun. Jamaikako gazteriaren pobrezia, itxaropenik eza eta zapalkuntza ditu gai hitzetan Bobo Ashanti rastafari sinesmeneko artistak eta dagoeneko hogeita hamar lanetik gora ekoitzi ditu, 1995ean Zagalou disko etxean «Burning Up» debuta egin zuenetik. Azkena, hamabost kantez osatutako «I-Space», Greenseleeves disko etxean plazaratu duen hamargarrena. Ekoizle lanak Byron (In The Streetz) Murrayk egin ditu Big Yard estudioetan.


Azkenaldian kalapita ugari sortu da artista jamaikarraren hitzekin eta homofoboa izatea leporatu izan diote izarrari. Zornotzan The Firehouse Crew bandarekin arituko da.


[…]


Polemika

Homofobia salaketa bortitzak jaso ditu Sizzla Kalonji jamaikarrak eta zenbait erakundek letretan gay jendea hiltzera animatzen duela leporatu dio eta kontzertu batzuk bertan behera gelditu zaizkio.

2007/07/15

> Iritzia: Yolanda Elorriaga > ZAPALDUEN OLERKIA

  • Zapalduen olerkia
  • Berria, 2007-07-15 # Yolanda Elorriaga · Gernika

Ekainaren 29a, ostirala, San Pedro jaiak, askoren aldarte etsituarekin zerikusia izango ez duten arren.


BERRIAko portadan hiru titular nabarmen: gorengoa, Jose Antonio Sistiagaren aipu dotorea: «Benetako artelana eternoa da»; hurrengoa letra handienekin eta beltzenekin gai krudel etsigarri eterno bati buruzko goititulu ezin argigarriagoa, beste emakume baten hilketa iragartzen duen hauxe hain zuzen: «Hiru emakumetik bati ukatu egin zioten eskatutako babesa iaz EAEko epaileek»; eta orrialdearen behealdekoa beste hau: «Erabateko berdintasuna aldarri», gay, lesbiana eta transexualen Nazioarteko Eguneko mobilizazioari buruz.


Bai, zapalkuntzaren gaia gai eternoa da, eta gizakia existitzen denetik Eñaut Elorrietaren kantu ederraren moduko artelanen sortzailea dena, gizakiak bere buruaren defentsan sortzen duelako.


Eta bai, egia da, erabat traumatikoa da iraindu eta zapaldu zaituen hura jendearen bitore eta txaloen artean goratua dela ikustea.


Baina ez zait bakarrik niri gertatu, egunero gertatzen zaie Iraken edo hirugarren munduko miserian hiltzen direnei Bush eta mundu honetako beste agintariak euren hauteskunde kanpainetan bitore eta txaloen artean goratuak diren bitartean, eta egunero gertatzen zaie gure mundu modernoan genero indarkeria, bulling-a, mobing-a, edo beste mila zapalkuntza mota zahar jasan behar dutenei, kontu jakina baita mugagabeko botere gose basatia gizakiaren erroan dagoela, eta norberaren frustrazioa besteen zanpaketaz arintzearena primate guztien betiko ohitura zaharra baino ez dela.


Hirugarrenez idazten dut gai berari buruz, eta dagoeneko soberan dakit ez dudala ezer aldatuko. Ez dut itxaropen horrekin idazten, bizirik nagoelako baino.

2007/07/13

> Berria: Festak > MAIRUAREN ALARDEA, ANTZUOLAKO JAIETAKO EKITALDIRIK AIPAGARRIENA

  • Mairuaren Alardea, Antzuolako jaietako ekitaldirik aipagarriena
  • Hasiak dira 2007ko Antzuolako jai nagusiak. Kanpai eta suziri artean jaietarako deia kalejira baten bidez zabaldu ostean, antzuolarrak festa giroan sartu ziren atzo. Lehen egunean, kantu-afaria eta Hontzaren Jaitsiera izan ziren ekitaldirik arrakastatsuenak. Hala ere, urtero bezala, zapatuko Mairuaren Alardeak piztuko du ikusmin handien. Antzuolarrek antzina Abd al-Rahman III.aren tropei irabazitako bataila gogorarazten du historiaz jositako ekitaldiak.
  • Gara, 2007-07-13 # Jokin Bereziartua

Atzotik hasi eta igandera arte, Antzuolan jai giroa izango da nagusi. Aurtengo egitarauak adin guztiei zuzendutako hamaika ekitaldi eskaintzen du. Jolasak, feriak, kontzertuak, herri bazkariak eta herri kirolak aurki daitezke, beste ekitaldi batzuen artean, aurtengo jaien programan. Aspertzeko unerik ez, beraz.


Atzo, jaietako egun guztietan bezalaxe, ez zen umeei zuzendutako jarduerarik falta izan. Goizeko hamar eta erdietan, udaleku irekietako begiraleekin jolasak egin zituzten, eta geroago, eguerdiko bietan, herriko plazan guztiek bapo-bapo bazkaldu zuten. Beste alde batetik, gazteek jaietan beren topaleku nagusi izango diren txosnak ireki zituzten, eta gauean Ipar Irlandako talde baten kontzertua izan zen Zurrategi plazan; Terry O´Nellyrena, hain zuzen ere. Bestalde, Gimnasia Erritmikoko eta Antzuola Kirol Elkarteko kirolariek Hontzaren Jaitsiera egin zuten, «gau iluneko erregeak bere begiradarekin» antzuolarrak zain ditzan. Helduek, ordea, Herriko Plazan afaldu ostean, Bentazaharreko Mutiko Alaiak musika taldearekin euskal kantekin gozatzeko aukera izan zuten.


Memento nagusia

Nolanahi ere, jaietako memento nagusia uztailaren 14an gertatuko da, arratsaldeko seietan. Izan ere, jaietako zapatu arratsaldeetan egiten duten Mairuaren Alardea da, ezbairik gabe, Antzuolako Jaietako ekitaldi nagusia. Mairuaren Alardearekin Baldejunkerako -Salinas de Oro eta Muez herrien artean dagoen harana- batailan Antzuolako talde baten borroka gogorarazten dute. Orduko Kordobako kalifari, Abd al-Rahman III.ari hain zuzen, gudua irabazi ziotela irudikatzen duen bandera kentzea omentzen du Antzuolako herriak ekitaldi horretan. Bandera historiko horren kopia bat kaleratzen dute. Horretarako, egitarauren antolatzaileen esanetan, «kolorez beterikoa, originala eta ikusgarria» den desfile bat egiten dute.


Antzuolatarrentzat hain berezia den ekitaldi horren ezaugarri aipagarrienak musika, bandera, kapitainaren hitzaldia eta abesten dituzten bertsoak dira. Desfilearen ondoren eta Antzuolako herriak duen dantza-tradizioaren adierazle, herriko dantzariek Trokeo dantza izeneko dantza egiten dute. Gutxienez bi mende ditu.


[…]

2007/07/05

> Berria: Zinema > ITSASONDO: "TORMENTA DE VERANO" UDAKO GAUEKO ZINEMA ZIKLOAN

  • Lau pelikula eskainiko dituzte udako gaueko zinema zikloan
  • Gai sozialak jorratzen dituzten filmak aukeratu dituzte ostiral gauetarako
  • Goierriko Hitza, 2007-07-05 # Arkaitz Apalategi

Itsasondoko Kultur Elkarteak eta Udalak II. Gaueko Zinema Zikloa antolatu dute hil honetarako. Guztira lau film eskainiko dituzte ostiral gauetan, bihar hasi eta uztailaren 27ra bitartean. Udako gauetan aisialdirako aukera eman nahi izan diete antolatzaileek herritar guztiei. Emanaldiak gaueko hamarretatik aurrera izango dira, eliza ondoko frontoian.


Aurtengo edizioan, garrantzi berezia eman diete filmek lantzen dituzten gaiei. Antolatzaileek diotenez, «ziklo hau antolatzeko orduan gai sozialak ukitzen dituzten filmak aukeratu ditugu, adin guztietako jendearentzat egokiak direnak». Horren adibide da bihar bertan botako duten filma. Izan ere, gay eta lesbianen nazioarteko eguna igaro ondoren, gai horren inguruko kontzientzia zabaltzen jarraitu nahi dute. Horretarako Marco Kreuzpainter zuzendariaren Tormenta de verano lana aukeratu dute, EHGAMeko kideen laguntzarekin. Arraunlari talde batean dabiltzan bi mutil udako kanpamendu batera joango dira, eta bien artean zerbait sortuko da.


Gaueko zinema zikloan euskararen presentzia ere bermatu nahi izan dute; horregatik, bi pelikula euskaraz eta beste bi gaztelaniaz eskainiko dituzte. Hain zuzen ere, euskaraz eskainiko duten filmetako bat da Brian Koppelmanen Ajuste de cuentas filma. Hilaren 27an, berriz, Mark Hermanen Brassed off filma emango dute, hori ere euskaraz. Ikatz meategi bateko langileen historia kontatzen da bertan.


Lau emanaldien artean Michael Winterbottomen In this world filma izango da berezienetako bat. Dokudrama horrek errefuxiatu zelai batean bizi diren bi haur afgnaniarren bizimodua kontatzen du. Kritikaren harrera ona eta hainbat sari jaso ditu filmak, Berlingo Urrezko Hartza esaterako.

2007/07/03

> Iritzia: Asier Sarasola > INOREN IZENEAN

  • Inoren izenean
  • Berria, 2007-07-03 # Asier Sarasola

Iragan berri da gay eta lesbianen nazioarteko eguna. Madrilen, hiriburu espainiarrean. Gallardon alkate dela eta PPren gehiengo absolutua nabarmen oso izan den probintzian. Zapateroren gobernuak ezkontzari buruzko legediak egokitu ostean. Batak hala besteak erabili ahal izango dute beraz, dirudienez, gobernuburu izateko norgehiagoka izaten denean. Tarte berezia eskaini nahi izan zion Cuatro kateko erreportaje programak, Callejeros-ek, hiriburuko hitzordua zela eta. Kalekoaz bainoago jardutera, etxekoaz eta etxekoez, ordea.


Zer esan zuten gurasoek jakin zutenean, nola egin? Galdera horren pean atariz atari eta solasean. Bizioa izango da, baina, horrela, etxean ikusten genituela eta hain egiten zaidala urruna, interesaren arabera erabili nahi zaituen lagunaren tankerakoa, ikusten ez dugun ahotsa elkarrizketatuarekiko, beldur izatera iritsi nintzen ez ote ziren handik “SOS, adolescentes” bainoago “Nerabeak, alerta gorria” den saioko psikologoa irtengo. Kalean egin litekeen galderarik ez zitzaien bururatuko saioko gidoilariei, arduratzeko moduko zer edo zer.


Madrilera iritsitakoen artean ordezkari poloniarrak genituen mediatikoenak. Ez da gutxiagorako. Jakingo duzue bertako agintariak zer asmorekin dabiltzan azkenaldian. Elizak zer esanik izango du gobernuaren norabidean, Wojtila aurrerakoia oso genuela esaten zutenak ere badira. Bestalde, nondik hartuko zuen izena Krakoviak? Kraka hobitik esatea ez liteke zilegi, baina neurriok ez dira urruti ibiliko.


Zer den eliza, aizue. Wojtila egin nahi dute santu orain, milioka pertsonaren audientzia izan zuen Robert Kubicka Formula 1eko gidariaren istripuan, pilotua onik ateratzea hark obratu mirakulua ote den ikertzen hasi baita Vatikanoa. Tele5 katearen emankizunean eman den ikusgarriena, esatarien hitzetan. Suntsipenaren estetikazaleak inondik ere, espikerrak. Eta santu egin nahi dute, eta istripua dela kausa, nolabait errepidean hiltzen direnen zaindari bilaka dadin edo, bera, Papamobilaren Aita hain zuzen. Hain justu, udara, errepide kotxez betetakoz bihurtuko denean. Oportunismoa ezingo diogu ukatu Ratzinger atzerakoiari. Zalantza dut ez ote den Formula 1eko gidari izena ala Chueca auzoko taberna bati egoki letorkiokeena.

2007/07/02

> Iritzia: IMANOL ALVAREZ · EHGAM > EUSKAL GAY MUGIMENDUAK 30 URTE

  • Euskal gay mugimenduak 30 urte
  • Aldaketa 16, 195. zk., 2007-07-02 # Imanol Alvarez · EHGAMeko partaidea

Euskal Gay Mugimendua osatzeko asmoa 1976ko azaroan otu zitzaigun lagun bati eta bici Durangoko Liburu eta Diskoaren azokaren testuinguruan. Hortik gutxira, 1977ko hasieran hain zuzen, EHGAMen jendaurreko aurkezpena burutu zen. Agian horrexegatik izan du beti oraindik kide naizen taldeak nahiko erlazio estua euskararekin eta euskal kulturarekin.


Denbora honetan guztian askatasun sexualen eremuko aldaketa ugariren lekukoa izan da euskal gay mugimendua. Baina, lekukoa izateaz gain, baita aldaketa hauen motore nagusienetarikoa izan dela baiezta dezakegu inolako zalantzarik gabe.


Hogeita hamar urte lerro gutxi batzuetan laburtzea ezina bada ere, zenbait mugarri aipatuko ditut:


-1977an eta 1978an Madrilgo Kongresuan parlamentari batek lehen eta bigarren aldiz hitz egin zuen gay-lesbianen aldarrikapenen alde. Diputatu hori garai hartako Euskadiko Ezkerrako Francisco Letamendía Belzunce “Ortzi” izan zen.


-1978an polizia batek Francisco Vadillo (Francis) trabestia (orduan esaten zen bezala) hil zuen Errenterian. Erailketa honen aurrean Gipuzkoako EHGAMek protestaldi eta mobilizazioak antolatu zituen. Oso arrakastatsuak izan ziren ekitaldiak, baina, haien ondorioz, taldekideek jazarpen basatia pairatu behar izan zuten denboraldi batez, elementu parapolizialen aldetik. Urte horretan ere izan zen Euskal Herrian lehenengo ekainaren 28ko manifestazioa Bilbon. Estatu mailako COFLHEE koordinakundea sortu zen hogeiren bat urtez erreferentziala izan zena


-1979an lortu genuen oraindik indarrean zegoen Arriskutasun Soziakeko Legea aldatzea, homosexualitatea bertatik ateraraziz. Ordura arte, harreman sexual izatearen susmo hutsagatik edonor izan zitekeen kartzelaratua lege horren arabera. Urte honetan bertan lesbianen kolektiboak hasten dira sortzen, nahiz eta lesbiana askok talde mistoetan segitzeko erabakia hartzen duten.


-1983an lortzen da EHGAMen legeztatzea, lau urte lehenago eskatu arren.


-1989an COFLHEEk Lege Antidiskriminatzaile Proiektua aurkezten du. Politikariek gehiegi zelakoan, ez zioten jaramon handirik egin. Halere, eta zorionez, bertan agertzen ziren iradokizun eta aldarrikapen gehienak joan ziren apurka-apurka zertuz: kode militarraren aldaketa, hirialokairuen legea, bikote-legea, ezkontzarena…


- Aipagarriak lirateke, era berean, Hiesaren kontrako hiritar batzordeen sortzea 80ko hamarkadan (EHGAMek bultzatuak, hies-homosexualitatea identifikazioa hautsi nahian), Munduko osasun Erakundeak 1990ean homosexualitatea behin betiko kentzea gaixotasun-zerrendetatik, gay-les taldeen ugaritzea 90eko hamarkadatik aurrera (hogeiren bat talde daude gaur egun Euskal Herrian)… Zerrenda luzea da. Ezin, ordea hemen aipatzea merezi duten guztiak aipatu.


Garaipenak asko izan dira, bai, baina erronka mardulak ditugu hemendik aurrera lanean segitzeko: homofobia handia dago oraindik gizartean, batzuetan oso sotila bada ere; oraindik badira sexualitate mota asko zokoratu edo arbuiatuak (belaunaldien arteko harremanak, sadomasoak…); etorkin gehienak gurea baino are homofoboak diren kulturetatik datozkigu…


Dena dela, gehien kezkatzen gaituena da ikustea nola leku askotan lehengo manifestazio eta aldarrikapenak inauteri eta jaialdi bihurtu diren. Festa, jakina, oso onuragarria da, besteak beste, buru-osasunerako. Ez dugu, beraz, gaitzetsiko. Baina, erabat salagarria iruditzen zaigu, aldiz, merkatariek egiten duten ekainaren 28aren erabilpena. Iraingarria eta mingarria ere iruditzen zaigu, errebindikazio oro baztertu eta ezkutatu egiten dutelako, errealitatea faltsutu egiten dutelako eta, azken batean, gay-lesbianak diseinuzko urrezko kaiolekin engainatzen saiatu. Are mingarriagoa dena, hau guztia gay-talde askoren laguntzarekin egiten dute.


Homofobia salatuz jarraituko dugu. Gizarte justuago eta libreagoarekin amesten jarraituko dugu.

2007/07/01

> Iritzia: Araitz Mendibil > SEXUALITATEA ASKATASUNEZ BIZI

  • Sexualitatea askatasunez bizi
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-07-01 # Araitz Mendibil · Bilgune feministako kidea, Errenteria-Orereta

Azken urte honetan aldaketa handiak ematen ari dira gay, lesbiana, transexualen eskubideei dagokionean. Baina ezin dugu alerta jaitsi, legeek hainbat eskubideren aitortza helburu badute ere, aniztasunaren errespetutik oso urrun aurkitzen garela adierazten diguten datu eta gertaerak ditugu egunero.


Familia eta beronen egitura heterosexualaren bidez banatzen eta antolatzen ditu rolak patriarkatuak, berau «normala» eta beste guztia «desbiazioa» dela jendarteari muinetaraino sartuz. Erlijioak eta instituzioak ere, arau bihurtu duten normaltasun honen atzetik mugitu dira. Arau hausle hauek jendartetik aparte, ezkutatuta bizi behar izan dute beraien sexualitatea eta egun egoera ez da uste dugun bezain beste aldatu. Ikastetxeetan oraindik ere, bere sexuarengandik espero ez diren jarrera maskulino edo femeninoagoak izateagatik baztertuak diren ikasleak asko dira; eta hau adibide sinpleenetakoa izanik, ondoren jendartean ematen diren jarrerak are bortitzagoak izaten dira.


Aukera sexual guztiak behar dute bere espazioa jendartean. Arau mugatzaileetatik haratago joan eta jendarte anitza, oztoporik gabea eratzeko ardura dugu guztiok, norma heterosexualarekin amaitzekoa. Gure aukera sexuala momentuan dena izanda ere askatasun osoz bizitzeko eskubidea guztiok ez dugun eskubide bat da.


Dikotomiarekin bukatu

Emakume/gizon=femenino/maskulino genero dikotomiarekin amaitzeko beharra aldarrikatzen dugu jendartean. Genero eta sexuen arteko bereizketekin amaitu eta pertsona guztiak era berean baloratzeko ordua da, bere jarrera ezaugarri sexualak direnak izanda ere. Hau dugu sexuen eta rolen aferarekin amaitzeko era.


Azkenik, ezin gara ahaztu lesbianen arazo, behar eta eskubideekiko mugimendu feministatik izan dugun utzikeria. Gu geu ere arau sexualen aferan aniztasuna kontuan hartu gabe ibili izan gara urte luzeetan zehar. Bada ordua zatiketekin etxetik bertatik amaitzekoa. Horregatik dei egiten diegu feminista, emakume eta aurrerakoi sentitzen den orori ekainaren 28an egingo diren mobilizazio eta ekimen desberdinetan parte hartzera.