2007/09/12

> Berria: Ekitaldiak > EHGAMEK IKASTURTEA HASTEKO KANPALDIA ANTOLATU DU ARRITXULON

  • EHGAMek ikasturtea hasteko kanpaldia antolatu du Arritxulon
  • Oraindik izena eman daiteke asteburu honetan aterpetxean egingo diren ekitaldietan parte hartzeko
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-09-12 # Goiatz Labandibar

Dagoeneko laugarrenez, Arritxuloko aterpetxea eta Aritxulegi ingurua aukeratu ditu EHGAMek azken hamasei urteetan egin duten les-gay kanpaldia egiteko. Asteburu honetan izango da: etzi hasi eta igandea bitartean.


Aurtengo kanpaldia, izenetik bertatik dator berrikuntzarekin. Izan ere, lehenengoz transexualei ere aipamen zuzena egin diote: les-gay-trans kanpaldia izango da. Mikel Martinek azaldu du arrazoia: «Gay askapenerako mugimendua beti ulertu dugu minoria eta identitate sexual guztien alde. Aurten lehen aldiz aipatu ditugu izenean transexualak, jendeari errealitate hori ere erakutsi nahi diegulako, buruan sartu nahi diegulako» .


Adierazgarria izan ohi da EHGAMek ongi etorria emateko jartzen duen kartela bera: «Hiru punturekin bukatzen da, edozein identitate sexualeko jendea etorri daitekeelako lesbiana, gay eta transexualez gain ere: bisexualak, heterosexual errespetudunak...», argitu du Mikel Martinek.


Asteburupasa honek ekitaldiz betetako egitaraua izan ohi du. Aurtengoa ere ez da gutxiago izango. «Guztiak gauza asko eta onak ikasiko ditugula espero dugu», esan du Martinek.


EHGAMek, 30 urte

Kanpaldiarekin emango dio hasiera EHGAMek 2007/2008 ikasturteari. Aurtengoa, gainera, urte berezia da taldearentzat, 30. urtemuga ospatuko baititu. Leloa ere aukeratu dute urtearentzat: EHGAM 30 urte kutsatzen, «sexua aske bizitzeko», azaldu du Martinek.


Kanpaldiaren filosofia hitz gutxitan definitu du Mikel Martinek, «helburua giro oneko topagunea egitea da, naturarekiko errespetuan eta gu ere, naturalki errespetatuz».


Oraindik izena emateko aukera badute parte hartu nahi dutenek, 667 435 570 telefonora deitu edo ehgamhelbidera idatz dezakete. Oraingoz, 65 lagun inguruk eman dute izena asteburu osoa pasatzeko, Euskal Herri osotik eta baita Aragoitik (Espainia) ere. Lehentasuna asteburu osoa pasatzera doazenek izango dute.


Asteburu osoa pasatzeko, 60 euro sartu behar dira Euskadiko Kutxaren 3035 0063 82 0630 0302 22 kontu korrontean. Kanpina eramango dutenek, 50 euro ordaindu behar dituzte. Informazio gehiago behar duenak www.ehgam.com helbidean aurkituko du.


  • EGITARAUA
  • Prestatutako guztian parte hartzea «borondatezkoa» izango da eta «malguak» izango dira ordutegiekin, esan dutenez.
  • ETZI, IRAILAK 14
  • 18:00etan. Ongietorria.
  • Gauean. Aluaren Algara.
  • LARUNBATA, HILAK 15
  • 10:30ean. Mendi martxa eta tailerrak: sexu alaia, emakumeen autodefentsa, jolasak...
  • 17:00etan. Tailerrak: autodefentsa; batukada; tuppersexa; sentsualitatea, sexualitatea eta segurtasuna, eta egoera emozionalaren eragina osasunean.
  • Gauean. Yogurinha Borova eta DJ 2ttor.
  • IGANDEA, IRAILAK 16
  • Goizean. Oiartzunera bisita edo Herri Musikaren Txokoa eta Luberri museo geologikora bisita.

No comments: