2009/07/08

> Berria: Indarkeria > LAFFAGERENTZAKO JUZTIZIA ESKE

  • Laffagerentzako justizia eske
  • Urtea bete zen atzo Nagore Laffageren gorpua Orondritzen agertu zenetik. Hilketa bere gain hartu zuen Diego Yllanes Iruñeko kartzelan dago preso, udazkenean hasiko den epaiketaren zain.
  • Berria, 2009-07-08 # Naiara Elola / Mikel Peruarena
Sanferminak hasi dira, baina Asun Casasola Nagore Laffageren amarenak iaz izan ziren azkenekoak. Harrezkero ez dela bizi dio, alabaren heriotza onargaitza egiten zaiola. Azken egunak oso gogorrak izan dira Casasolarentzat. 2008ko ekainaren 27an ikusi zuen azken aldiz alaba. Ezin du egun hura ahaztu. Negarrari eutsi ezinik, «Nagorek izugarrizko gogoa zuen bizitzeko, eta begira orain», esan du. Ez du argi nondik ateratzen duen indarra, justizia lortzeko antsiatik agian: «Psikologikoki zisko eginda nago, egunero oroitzen naiz Nagorerekin».

Iazko uztailaren 7ko goizaldean hil zuten Nagore Laffage, Iruñean erizaintza ikasketak egiten ari zen 20 urteko irundarra. Gorpua Orondrizko (Nafarroa) bizilagunek aurkitu zuten herri inguruan, plastikozko poltsetan bilduta, sanferminetako ohiko jantzi zuri-gorriekin soinean eta hatz bat moztuta. Autopsiak argitu zuenez, itota hil zen Laffage; buruan ere kolpeak zituen, eta indarkeria nozitu zuelako arrastoak.

Foruzainek eta SOS Nafarroan bazuten ordurako zerbaiten susmoa. Ikerketaren arabera, hil aurretik 112 telefono zenbakira deia egin zuen Laffagek. Hilketa bere gain hartu zuen Jose Diego Yllanesek, berriz, lagun bati aitortua zion, ordurako, eta lagun hark ere parte emana zuen. Foruzainek uztailaren 8an bertan, goizaldeko ordubatak aldera, atxilotu zuten Yllanes. Haren gurasoen Erroko (Nafarroa) etxean atzeman zuten, Laffageren gorpua agertu zen lekutik hurrean. Ikerketaren arabera, Yllanesek Iruñean hil zuen Laffage, Antso Ramirez kaleko bere pisuan, eta autoan eraman zuen Orondritzera.

«Mutil horrek egindakoa ordaindu egin beharko du», adierazi du Casasolak. Ezinegona dute Laffageren senideek. Uda aurretik hasi behar zuen epaiketak, baina iraila amaiera edo urria hasiera arte atzeratu da. Epaiketan justizia egingo dela uste du Casasolak, baina zalantza gailentzen zaio; defentsako abokatuak lekuko berriak aurkeztu ditu.

Epaiketa, udazkenean
«Yllanesen espetxe zigorra 20 urte baino txikiagoa bada, ez dut ulertuko; mutil hotza eta kalkulatzailea da», adierazi du Casasolak. Zigor eskaera hori egin du Nafarroako Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak Yllanesentzat. Hasieran giza hilketa leporatu zion -10 eta 15 urte arteko kartzela zigorra du delitu horrek-, baina eskaera egiteko unean, Yllanesek erailketa egin zuela adierazi zuen fiskalak. Erailketa delituetan hiltzailearen azpikeria nabarmentzen da, eta 20 urteko espetxe zigorra du.

Ekainaren 3an, ahozko epaiketa abiatzea erabaki zuen Iruñeko Instrukzioko 1. Epaitegiak. Yllanesek erailketa eta gorpuen profanazio delituak egin zituelako susmoa hartu zuen epaileak. Yllanes aurrez pentsaturik eta arriskurik gabe aritu zela nabarmendu zuen, gainera; Laffage kordea galduta eta bere burua defenditzeko aukerarik gabe zegoela zehaztu zuen epaileak.

Akusazioek aurkeztutako kontakizunak eta zigor eskaerak Fiskaltzak egindakoen antzekoak dira. Irungo eta Iruñeko Udala, Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Nafarroako Berdintasunerako Institutua eta Laffageren ama, aita eta anaia aurkeztu dira akusazio gisa. Irungo Udalak 17 urteko espetxe zigorra eskatu du Yllanesentzat, gainerako akusazioek 20 urteko zigorra. Fiskaltzak Laffageren senideentzako 450.000 euroko kalte-ordaina eskatu du, bestalde. Yllanesen aurkako zigor eskaerekin eta akusazioen kontakizunekin ez dagoela ados agertu du defentsako abokatuak.

Yllanes, 27 urteko iruindarra, Nafarroako Unibertsitate Klinikoan psikiatra zen. Casasolak askotan ekarri du hori gogora, eta psikiatra gisa lan egiteko debekua ezartzea ere galdegin izan du. Haren ustez, ezinezkoa da, «halako pertsona bat», lan horretan aritzea. Yllanesek bere gain hartu zuen hilketa iazko uztailaren 10ean Agoizko (Nafarroa) epailearen aurrean. Barkamena eskatu zuen orduan, haren familiak ere berdin egin zuen, «erabateko tragedia» izan zela onartuta. Casasolarentzat ez da aski, ordea. «Ez dira ez dei bat, ez eskutiz bat ez telegrama bat igortzeko gai izan. Nire iritziz, haiek uste dute lehen mailako familia direla, eta gu, berriz, bosgarren mailakoa».

Laffageren senideek, baina, babes handia jaso dute urtebete honetan. Hilero elkarretaratzeak egin dituzte, txandaka, Irunen (Gipuzkoa) eta Iruñean, eta 80.000 sinadura bildu dituzte, «justizia» eskatuz. Hilketaren urteurrenerako ere, hainbat ekitaldi egin dituzte. Larunbatean Iruñeko Vinculo plazan elkartu ziren, Egia, justizia eta memoria lelopean, eta omenaldi sentitua egin zioten Laffageri. Atzo iluntzean, berriz, kontzentrazioa egin zuten Irunen.

Justizia, hori da Carmen Casasolaren bizitzak duen zentzua; hamaika aldiz errepikatu du Nagore Laffagek «justizia» izan behar duela. Justizia, zigorra betetzea da Casasolarentzat: «Hiltzen duenak ordaintzea nahi dugu». Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna ere aldarrikatu du Casasolak: «Gizonezkoak eta emakumezkoak berdinak gara, eta errespetatu egin behar gaituzte; gizarteak ohartu behar du emakumeen aurkako jazarpenak ezin duela jarraitu».

EITBn alarde «baztertzailea» ez sustatzeko eskatu dute
Aralarrek eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgelli, EITBk Irungo (Gipuzkoa) alardean izan zuen jarrera azal dezan. Aralarren esanetan, «alarde baztertzaileari gehiengoaren alarde tradizionala» deitu zion EITBk, eta ez zion lehentasunezko tratamendurik eman alarde mistoari.

13.000
Genero indarkeriaren biktimentzako etxeetarako aurrekontua Amurrion. Amurrioko Udalak (Araba) eta Arabako Diputazioak hitzarmena berritu dute, genero indarkeriaren biktimek Amurrion «etxe zubia» izan dezaten. 13.000 euroko aurrekontua du egitasmoak.

Laffage sendia babestu dute PSE-EEk eta Rafaela Romerok
«Nagore Laffageren hiltzailea zigorgabe ez gelditzea eta justizia egitea» eskatu dute PSE-EE alderdiko Gipuzkoako 16 batzarkideek. Atzo Irunen Laffagerentzako justizia eskatzeko elkarretaratzeaan izan ziren. Gipuzkoako Foru Aldundiko parlamentuko presidente Rafaela Romero ere ekitaldian izan zen.

Sexu erasoak arrazarekin ez lotzeko galdegin dute
Aurreko astean sexu erasoa jaso zuen emakume batek Errenterian (Gipuzkoa). Eraso hura salatzeko, elkarretaratzea egin zuten herenegun. SOS Arrazakeriak salatu du immigratzaileen aurkako joera zabaldu dela herrian. Bi jazoerak bereizteko eskatu dute, eta «eraso sexistek eta arrazistek» ez dutela zuribiderik adierazi.

Laffagetarrei «maitasuna» adierazi diete Orondritzen
Orondrizko (Nafarroa) herritarrek protesta egin zuten igandean, Laffageren hilketa gaitzetsi eta haren sendiari «maitasuna eta laguntza» eskaintzeko. 200 lagun elkartu ziren, Erroibarko Laurentxi elkarteak deituta. Justizia egiteko eskatu dute, «inork ez diezaion inoiz beste norbaiti minik egin generoagatik».

Andre bat behartzea egotzi eta gizon bat atxilotu dute
Getxon (Bizkaia) gizon bat atxilotu zuten udaltzainek herenegun gauean. Metroko zaindari bat eta oinezko bat jotzea eta, Leioan (Bizkaia), andrazko bati sexu erasoa egitea egotzi diote. Getxoko udaltzainek lehen erasoen berri izan zutenean, erasotzailearen bila hasi eta Lamiakoko geltokian aurkitu zuten.

No comments: