2009/07/08

> Berria: Indarkeria > BIKTIMEN MEMORIA

  • Biktimen memoria
  • Hedabideek genero indarkeria nola lantzen duten aztertu dute Sortzen-ek eta Kazetarion Berdinsareak; hildako andreen bizitzei buruz behar baino gutxiago kontatzen da, haien ustez.
  • Berria, 2009-07-08 # Maite Asensio . Bilbo
Asko dakigu haien hilketez, baina ezer gutxi haien bizitzez. Genero indarkeriaren biktimei buruz hedabideetan agertzen den informazioaren inguruko kezkak bultzatuta, Hego Euskal Herrian, Espainian, Galizian eta Herrialde Katalanetan 2008an izandako hilketen albisteak aztertu ditu Sortzen aholkularitzak, Zer dakigu haien hilketei buruz? lanean. Sortzen-eko kide Norma Vazquezek azaldu du «biktimen memoria historikoa eraikitzeko» asmoa zutela: «Zifren atzean zer zegoen jakin nahi genuen; emakume horien aurkako indarkeria zein neurritan izan zen haien zapalkuntzaren kontrako borrokaren ondorio». Baina informazio gutxi aurkitu dute horren inguruan.

Azken hamar urteotan, hedabideek genero indarkeria ikusgai egin izana txalotu du Vazquezek, baina arazoa ez dela sakon aztertzea deitoratu du ondoren: «Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeak ideia gisara agertzen dira, guztiak berdinak izango balira bezala, otzanak... Biktimen mendekotasuna nabarmentzen da, baina ez zaie aitortzen bizimodua aldatzeko egin duten ahalegina».

Izan ere, Vazquezek uste du egun genero indarkeriaren ondorioz hildako andre askok jabekuntza prozesua abiatu zutela, eta, hain zuzen, emakumeei tradizioz egotzitako genero rolak hausten saiatzeagatik hil zituztela. «Hildakoaren ametsen eta grinen berri eman beharko genuke, hari buruzko erretratu hurbila egin, genero indarkeriaren biktima haien lagun izan zitekeela pentsa dezan irakurleak», gaineratu du Lucia Martinez Odriozola kazetariak. Genero ikuspegia duten kazetarien euskal sareko, Kazetarion Berdinsareako, kide da Martinez Odriozola.

Hilketen berri ematen duten albisteak aztertuta, joera «arriskutsuak» antzeman dituzte hedabide batzuetan. Besteak beste, hilketak gertakari soiltzat agertzen dituzte askok, genero desberdintasunetan oinarritu ordez. «Baina genero indarkeriaren ondorizko hilketa bat ez da ezustean gertatzen den zerbait», Martinez Odriozolaren arabera: «Tratu txarrak ematen dituzten gizonek hori ikasten dute gizartearen barruan, baliabide asko dituzte horretarako». Haren iritziz, badago emakumeak errudun bihurtzeko joera, «salaketarik jarri ez zutela, edo urruntze agindua hautsi zutela esanez».

Halaber, adituen iritzirik ez da ia agertzen; bai, ordea, lekukoenak, edo auzolagunenak, gehienetan harridura agertzen dutenak, edo erasotzailea gizon «ontzat» deskribatzen dutenak. Iritzi horiek plazaratzea gaitzetsi du kazetariak: «Ezin dugu hiltzaile bat, gehienetan hilketa egin duela aitortu duena, igogailuaren atea irekitzen duen aingerua bailitz bezala aurkeztu». Alde horretatik, Sortzen-en ikerlanak adierazten du ia albiste guztietan agertzen dela biktimaren adina, hilketa non izan zen, zein arma erabili zuen, edo nork eman zuen abisua; aldiz, albisteen %24k baino ez dute aipatzen erasotzaileak aurrekaririk zuen edo ez.

Jatorria, «esanguratsua»
Era berean, genero indarkeriaren biktimak etorkinak direnean, albisteari eman ohi zaion tratua gaitzetsi du Vazquezek: «Immigrazioa kriminalizatzeko beste modu bat da, etorkinek mendekotasun handiagoko jokabide kulturalak ekarriko balituzte bezala. Etorkin askok ez dute salaketarik jartzen, ez dutelako hizkuntza ezagutzen, ez dutelako hemengo legeen berri... Aldiz, emakume etorkinak kultura atzeratu batetik datozela eta ergelagoak direla zabaltzen da». Martinez Odriozolak uste du biktimen jatorria «esanguratsua» dela egoera batzuk azaltzeko; adibidez, «bakarrik migratzean, emakumeak abiatzen duen jabekuntza prozesua». «Baina ez da inola ere titulura eraman beharreko datua», erantsi du.

Edonola ere, Sortzen-eko eta Kazetarion Berdinsareako kideen ustez, ezin uka daiteke hedabideek gizartean duten garrantzia. Komunikabideek plazaratzen dituzten arazoak, gizartean eztabaidagai eta kezka bihurtzen dira. Horrela azaldu du Martinez Odriozolak: «2004ko abenduan, [Espainian] genero indarkeriaren aurkako legea onartu zenean, eztabaida sutsua izan zen hedabideetan. Espainiarren kezkak neurtzen dituzten inkestetan, %2tik %6ra handitu zen genero indarkeria. 2004an 72 emakume hil ziren estatuan genero indarkeriaren ondorioz, eta 2005ean 56. Bada, kezka hark bizitza salbatu zien hamalau emakumeri».

No comments: