2009/07/28

> Berria: In memoriam > MERCE CUNNINGHAM, MUGIMENDUAREN ESPERIMENTATZAILEA

  • Mugimenduaren esperimentatzailea
  • Merce Cunningham zendu da, AEBetako balleta berritu eta XX. mendeko dantza irauli zuen dantzari eta koreografo. Mugimenduaren adierazpide oro ikertzeko, ildo askotariko sortzaileekin lan egin zuen
  • Berria, 2009-07-28 # Irune Berro
«Inoiz ez da nahikoa, beti dago zer deskubritu, zer sortu», zioen iragan udaberrian Merce Cunningham koreografoak. Dantza modernoaren aitzindariak 90 urte zeuzkan, ibilbide joria eta entzute handia. Baina ez zitzaion aski. Mugimenduaren ikerlari handia, ez zen geldirik egoteko sortua. Lan egiteko irrikak bizirik mantentzen zuen, 2007. urteaz geroztik edonora mugitzeko aulki gurpildunaren laguntza behar izanagatik. Handik zuzentzen zituen bere izena daraman konpainiarentzat diseinaturiko obrak. Merce Cunningham Dance Companyko ordezkariek eman zuten atzo arratsean haren heriotzaren berri. Igandetik astelehenerako gauean zendu zen koreografo estatubatuarra, New Yorkeko etxean, lotan zela.

1919. urtean Centralian jaioa (Washington), gazterik barneratu zen dantzaren munduan. Zapateatua eta aretoko dantza ikasi zituen umerik. Eta 20 urterekin hasi zen Martha Graham koreografo laudatuaren konpainian lanean. Dantzari bakarlari gisa aritu zen sei urtez. 1945ean erabaki zuen konpainia uztea, eta bide berriak urratzea, alegia, koreografo lanean buru-belarri murgiltzea. Urtebete lehenago haren ibilbidea eta bizitza markatu zuten elkartzea jazo baitzen: John Cageren musikarekin lagundutako lehen obra zuzendu zuen Cunninghamek. Bikote ederra osatu zuten sortzaile biek, eta beren indarraz jabetuta, koreografia andana osatu zituzten elkarlanean, harik eta 1992an Cage hil zen arte.

Merce Cunningham Dance Company 1953an eratu zuen. Mugimendua esperimentatzeko laborategi bihurtu zuen berehala, joera berrien probaleku. Profesional nekaezina, 200dik gora obra aurkeztu zituen hil artean zuzendu zuen konpainiarekin.

Berrikuntzen bila abiatzen direnen hasierak ez dira samurrak izaten, eta Cunninghamek ere arbuio giroa nozitu zuen ibilbidearen hastapenean. «Oso gogorra izan zen», gogoratzen zuen sortzaileak tristurarik gabe. Izan ere, garai batean txistuka harturikoak munduaren luze-zabalean onarturiko obra arrakastatsuak dira gaur egun.

Zen filosofiatik Cagek barneratutako zoriari buruzko teoriak bere eginez, arte diziplinen arteko topagune bihurtu zituen koreografiak Cunninghamek. Dantzarako pasioak eta mugimenduarekiko lilurak bestelako sortzaileekin lan egitera eraman zuten. Lagun eta lankide izan zituen, esate baterako, Robert Rauschenberg eta Jasper Johns artistak. «Beste artista batzuekin lan egitean zoriaren aukerak gehitu egiten dira. Nik pentsatu ez dudana pentsatzen dute, eta egiazki, estreinaldira arte inork ez daki zer gertatuko den», adierazi zuen Cunninghamek haren lan egiteko moduaz.

Diziplina askotako sortzaileek parte hartu zuten koreografoaren obretan; hala, pieza askotan zoriaren esku laga zuen dantza, musika, artea, eszenografia eta argiztapenaren arteko uztartzea.

Horrenbestez, tradizio koreografikoak agintzen zuenaren kontrara jokatu zuen sarri askotan, ezarritakoari desafio eginez. Baina Cunninghamentzat Rauschenberg, Cage, Johns eta beste sortzaile batzuk ezagutzea «ezinbestekoa» izan zen haren obra garatzeko. «Adierazpide berriak bilatzen zituzten, eta nire esparruan gauza berbera egitera bultzatu ninduten. 50eko hamarraldian nagusi zen jarraikortasunaren ideia nabarmen aldatu da. Telebista izan zen aurrena, eta Internet orain. Etenaldietara ohituak gaude, gauza batetik bestera salto egitera, horregatik orain lehen baino hobeto ulertzen da egiten dudana».

Dantzarien teknika, nolanahi ere, gertutik eta zorrotz jarraitu zuen koreografoak beti, «bestela ez da posible mugimenduaren aukera guztiak aztertzea».

Teknologia berriek ez zuten kikildu. Kontrara: DanceForms konputagailurako programa sortu zuen, teknologiak dantzaren esparrura eramanez, mugimenduaren aukera berriak ikertzeko xedearekin. XX. mendeko dantza irauli zuen, eta AEBetako balleta berritu. Ez zuen inor hotzepel utzi, eta urteen joan-etorrian ospe handiko sariak emanez aitortu diote mundu osoan.

No comments: