2009/03/31

> Berria: Indarkeria > EHUNKA LAGUNEK MILAGROS SALAZARREN HERIOTZA GAITZETSI DUTE GASTEIZEN

  • Ehunka lagunek Milagros Salazarren heriotza gaitzetsi dute Gasteizen
  • Emakumeen kontrako indarkeria egotzita, sei gizon atxilotu dituzte asteburuan; lau Bizkaian eta bi Gipuzkoan
  • Berria, 2009-03-31 # Jon Rejado • Gasteiz
Ehunka lagun bildu ziren atzo Gasteizen, Milagros Salazarren heriotza gaitzesteko manifestazioan. Emakumeen kontrako indarkeriari aurrea hartu leloa zuen pankartaren atzean, genero indarkeria amaitzeko eta biktima bakar bat gehiago ere egon ez dadila eskatu zuten elkarretaratuek. Helburu horrekin hainbat elkarretaratze egin ziren atzo iluntzean Euskal Herriko hamaika txokotan, eta orotara ehunka lagun bildu ziren protesta ekimenetan. Besteak beste, ehun bat lagun bildu ziren Errenterian. Ermuan, genero berdintasunaren aldeko gizon taldeak deituta, 35 lagun elkarretaratu ziren.

Gasteizko manifestazioaren bukaeran Izaskun Jimenezen erailketaren ondorioz egindako mobilizazioak gogora ekarri zituen Bilgune Feministako eledun batek. «Egoera iluna bada ere, egoera honek irtenbidea duela ziur gaude». Elkartasunaren, autodefentsaren, elkarlanaren eta salaketaren bitartez, erasotzaileak «gune guztietatik kanporatzea» lortuko dela nabarmendu zuen.

Milagros Salazarren heriotza hilaren 23an gertatu zen, Gara egunkariak jakinarazi zuenez. Iturri horren arabera, gaur egun Gasteizen bizi zen emakumea, gizarte zerbitzuen pisu batean, bere hiru semeekin. Salazarren senarrak bi egun lehenago topatu zituen, eta laurak jipoitu zituen. Salazar jipoia jaso eta bi egunera hil zen, Txagorritxu ospitalean, Gara egunkariak azaldu zuenez. Emakumeak gaixotasun larria pairatzen zuen, eta ospitalean artatu zuten sendagileek ezin izan zuten zehaztu heriotza jipoiaren edo gaixotasunaren ondorioz gertatu zen. Gertaera horren aurretik, Arabako Aldundia hiru adingabeen zaintzaz arduratu zen.

Emakumeen Mundu Martxako Plataformak Salazarren heriotza «emakumeon kontrako indarkeria» gisa hartu, eta kasu horietan ohikoa den protokoloa hasi zuen. Gasteizko Udalak, berriz, informaziorik ez duela adierazi du. Heriotza gaitzetsi egin du, baina emakumeen kontrako indarkeriaren biktima dela esateko datuak falta direla uste du.

Sei atxilotu herenegun
Poliziak sei gizon atxilotu zituen herenegun, emakumeen kontrako indarkeria delituak leporatuta. Horietatik lau Bizkaian atxilotu zituzten; bi Bilbon, bat Zallan eta beste bat Getxon. Gipuzkoan egin zituzten beste bi atxiloketak; Tolosan eta Donostian.

Bizkaian eginiko lehen atxiloketa Bilbon egin zuten, herenegun, 03:00ak aldera, Ertzaintzak jaso zuen dei baten harira. Emakume batek deitu zuen jakinarazteko gizon bat etxeko atea gogor jotzen ari zela. Ertzainak heldu zirenean gizona ihes egiten saiatu zela eta atxilotzeko unean ertzain bati eraso ziola adierazi du Poliziak. Deia egin zuen emakumeak jakinarazi zuen gizonak eraso egin ziola beren semearen aurrean. Erasoa baieztatu ondoren, gizona atxilotu zuten. 20:50ak inguruan izan zen Bilboko bigarren atxiloketa, emakume batek bikotekideak eraso ostean ertzain etxera deitu zuen.

Zallan atxilotutako gizonari bikotekide ohiari eta horren egungo bikotekideari makila batekin eraso egin izana leporatu dio Ertzaintzak. 05:00etan izan zen atxiloketa, emakumeak dei baten bidez gertatutakoaren berri eman ostean. Egun berean, 23 urteko gizon bat atxilotu zuten udaltzainek Getxon, bikotekideari labana batekin mehatxatzea egotzita. Erasoa ikusi zuten hainbat lagunek Udaltzaingora deitu zuten. Bikotekideak ez zuen salaketarik jarri nahi izan unean bertan.

Ertzaintzak 33 urteko gizon bat atxilotu zuen Tolosan, 14:30ak aldera, bikotekideari eraso egitea egotzita. Ertzaintzak jakinarazi duenez, emakumea osasun etxera eraman zuten. Ordu horretan bertan, beste gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Donostian, emaztea jotzea egotzita. Ertzaintzak jakinarazi duenaren arabera, emakumeak azaldu zien gizonaren erasoak ohikoak zirela, baina ordu arte ez zituela erasoak salatu.

No comments: