- EHGAMen eskutik, Les.Gay.Trans Zinemaldia izango da herrian
- Etzi eta etzidamu zortzi lan ikusteko aukera izango da Errenteria Hiria Kulturgunean; bi emanaldiak 19:30ean dira
- Oarsoaldeko Hitza, 2009-02-12 # Urko Etxebeste
Denera, gayekin, lesbianekin edo transexualekin zerikusia duten zortzi lan aurkeztuko dituzte Errenteria-Oreretako Les.Gay.Trans Zinemaldian; hiru etzi, eta beste bostak igandean. Film laburrak dira gehienak, etziko Improvvisamente l'inverno scorso ezik, 58 minutuko lana delako. Zinemaldi honen antolaketa lana EHGAMena izan bada ere, Errenteriako Udalak laguntza eman du. Ondoko koadroan ikus daitezke bi egunetan emango dituzten sorkuntzak.
«Bazterketaren kontrako borroka»
EHGAMetik jakitera eman dute bi egunetan erakutsiko diren lanek jatorri eta ikuspuntu ezberdinak dituztela: «Zinemaren bidetik, bere jarrera sexualagatik baztertuak izaten direnen borrokak aurkeztu nahi ditugu», esan dute.
Era berean, herritarrei emanaldietara agertzeko eskatu diete, «aurreiritziak baztertzeko bidean».
- Egitaraua
- Otsailak 14, larunbata
- 'Depois de tudo'. Brasil, 2008. Iraupena: 12 minutu; Zuzendaria: Rafael Saar; Sinopsia: Agure bikote batek (haietako bat ezkondua dago) isilpean elkar maite du. Izan ere, elkar maite dutenek elkarren ondoan egotea besterik ez dute nahi eta horretarako itxaron beharrak suposatzen duen esfortzuak pena merezi du.
- 'El mueble de las fotos'. Espainia, 2008. Iraupena: bi minutu; Zuzendaria: Giovanni Macelli; Sinopsia: Gure egongelan dagoen argazkien altzaria nire familiaren erakusleihoa da. Denak daude bertan, ... izan ezik.
- 'Improvvisamente l'inverno scorso'. Italia, 2008. Iraupena: 58 minutu; Zuzendariak: Gustav Hofer eta Luca Ragazzi; Sinopsia: Bapatean, joan den neguan Gustav-en eta Lucaren bizitza aldatu egin zen, Italiako Gobernuak sexu bereko bikoteei zenbait eskubide eskaintzen dizkien lege aurreproiektua aurkeztu zuenean, baina aldi berean, Italia osoan homofobia korronte orokor bat sortzen da.
- Otsailak 15, igandea
- 'Bajo mi mirada'. Euskal Herria, 2008. Iraupena: sei minutu; Zuzendaria: Ainara Torres; Sinopsia: Neska batek bere etxe aurreko zerbitzaria zelatatzen du. Beregana gerturatu eta interesa azaldu ondoren, zerbitzaria tabernatik aterako da bere mutil-lagunarekin, norbait begira duela sumatu gabe.
- 'De compras con mi madre'. Euskal Herria, 2008. Iraupena: 18 minutu; Zuzendaria: Yolanda Martinez; Sinopsia: Sarak, bere ama aberatsarekin eta bitxiarekin eroskerak egitera joatea onartuko du, nahiz eta amak bere orientazio sexuala ez onartu.
- 'La espinita'. Euskal Herria-Frantzia, 2008. Iraupena: zortzi minutu; Zuzendaria: Tania Arriaga; Sinopsia: Marije, osasun arazo larria duela jakin ondoren, bere lagun arrain-saltzailearengan babesa bilatzen saiatuko da.
- 'La Yesi TV'. Euskal Herria, 2008. Iraupena: 22 minutu; Zuzendaria: Asier Irazabal; Sinopsia: 22 minutuko erokeria arrosa. Kanal tematiko batean du oinarri lan honek: prentsa arrosa, estetika klinikak eta ospearen menpe bizi diren pertsonaiak dira telebista katearen edukiak. Yessica da katearen gidaria.
- 'Yo solo miro'. Espainia, 2008. Iraupena: 18 minutu; Zuzendaria: Gorka Cornejo; Sinopsia: Juliana eta Eduardo ezkonduta dagoen bikote arrunta da, itxuraz. Baina itxura horien atzean, pentsaezinezko egiak ezkutatzen dira eta elkarri dioten maitasuna horren gibelean.
No comments:
Post a Comment