- Ez gaude salgay
- EHGAM-DOK, 2008-05-23 # Sejo Carrascosa
Vocento taldeko El Correo egunkariko bidaiei buruzko gehigarrian Gasteizko udalak, hiri hau publiko homosexualarentzat turismo norakoa bihurtzeko asmoz, egindako liburuxkari eta kanpainari buruzko hire artikulua irakurri ondoren, hiri idazteko behar bizia sentitu dinat. Bertan akatsak eta asmakeriak ez ezik, gure udal politikoek agintzen duten hiriko GLT errealitateari buruz daukaten ezagutza negargarria ere antzeman zitekenan, baita, are kezkagarriago dena, zein den euren/gure hirirako egokien deritzoten homosexualitate mota ere. Bisita bat edo beste egin digun dagoeneko, eta ikusi ahal izan dun hau hiri txikia dela, tradizio elizkoi eta militarzalekoa, “tolerante” egiten duen ukitu baldar eta arlote horrekin, izan ere, eta arlotea denez, uko egiten zien berritasunei eta kanpokotzat jotzen ditin. Hik heuk flipatuko huke udala ikusita gay friendly norako gisa saldu nahian, are gehiago, agian, heure buruari galdetuko hion ea udalak neurri sorta bat abiatu duen helburu hori lortzearren. Bada ez, maitea. Geu bezalaxe, gure politikoei hainbeste gustatzen zaizkien ke-errezel horietako bat ikusten ari haiz, besterik gabe.
Ez, neska, ez; bazterkeriaren kontrako bulegorik edota homofobiaren behatokirik gabe jarraitzen dinagu, GLT komunitateak, eta hemen sartu beharrekoak ditun haurtzaroan bulling mota desberdinak jasaten dituzten umeak, bere eskubideak urratzen dituzten ekintzak salatu ahal izan ditzan, gainera, honek balio izango liken hiriko homofobiari buruzko datu bat edo beste edukitzeko eta balorazio guztiz pertsonalak ez egiteko, esate baterako ea gure hiriko kale nagusietan zehar sexu bereko bikoteak eskutik hartuta ikusten direnentz, gure ustez holakoak ez baitira hiriko homofobiaren neurgailu egokia.
Era berean, ez zirudin berdintasun zinegotzigo bat sortzeko asmo handirik dagoenik, bertatik baztertutako beste gizarte talde batzuekiko ez ezik, GLT kolektiboarekiko ere berdintasun politikak garatzeko. Hau nahiko koherentea dun, kontuan hartzen badugu, soilik udalbatzako kide bakan bat arau heterosexualetik kanpo coram populo agertzen dela, eta holakoetan, jakina gizona izan behar; hik badakin lesbianok ez garela existitzen ez kalean, ezta hurbilena omen den udal politikan ere, berdintasun legea eta parekotasunari buruzko zuzentarauak gorabehera. Eta zer esan udal zerbitzu desberdinetako langileen prestakuntzarako programa bat sortzeaz, batez ere udaltzaingoari dagokionez, guztiok badakigulako segurtasun eta aginte kontzeptuak balio patriarkal eta matxisten orpoz orpo joaten direla, baita aurreko guztiak zer-nolako emaitzak izaten dituen GLT jendearen errealitatean, singulartasunean eta beharretan ere.
Ez dinagu inon ikusten gay, lesbiana eta transexualon ikusgarritasuna sustatzen duen ekimenik, berariazko kanpainarik edota instituzio kanpainetan era normalizatuko agerpenik (esate baterako, garraio publikoaren iragarkietan bikote heterosexualak bezalaxe bikote homosexualak ere ager litezken. Oraindik ere ez zionagu geure buruari proposatu Zeledoiren ordez Mary Poppins jaistea). Halaber, ez dinagu uste zerbitzu eta programa desberdinak berdintasunez, hots, geure bizimodua aitortuz eta errespetatuz, baliatzeko gure eskubidea bermatuta dagoenik. Eta ez zekinagu nola lortuko diren sexu askatasunaren normalizazioa eta onarpena gutariko bakoitzaren sexu orientazioarekiko balio kultura integratzaile eta adeitsua sustatu gabe, jakina, gure erosteko ahalmenarekin eta kontsumitzeko gaitasunarekin lotuta egongo ez dena; are gehiago, ondo legoken ulertzen saiatzea txirotasuna gizarteko sektore ahulenetan haragitu egiten dela, eta hura borrokatu beharra dagoela, eta geu izan gaitezkeela holako sektoreetariko bat.
Beste batzuetan esan dugun bezala, gure osasunaren arloan ere gauza asko egin litezken, GIB/HIESak kolektibo zehatzei soilik eragiten ez diela jakin arren, eta honek hasieran homosexualak eta transexualak izateagatik jasaten genuen bazterkeria gainditzea ekarri badu ere, aitzitik, askotan, honek eragin baitu errealitate mingarri honetara bideratutako zerbitzu eta kanpainen mailako hutsune bat, mendekotasun egoeran dauden pertsona seropositiboak artapenik gabe utzi baititu, euren bizimoduak merezi duen erabateko begirunea bermatu gabe. Preserbatiboen erabilpen eta banaketa orokortua sustatu gabe. Gay, lesbiana eta transexualen artean GIB/HIESa eta beste STG batzuk prebenitzeko berariazko kanpainarik gabe. Batez ere lesbianok baino askoz ikusezinagoak diren transexualen kasuan, osasun udal zerbitzuetan sexu aldaketak iraun bitartean euren berariazko tratamenduak sartu beharko liratekeelako.
Ez dinagu hitz egingo GLT elkarteei ematen zaizkien diru-laguntza urriez, hauek zehaztasun gutxi eta ebaluazio txikiagoa izan arren, inolako zerikusirik ez dutelako vatikanoar sektaren menpeko egitura guztiek harrapatzen duten kopuruarekiko, instituzioek ezarritako legeak berak zaurtuta gainera, idatzita baitago emakumeok baztertzen gaituzten erakundeek ezin dutela diru publikorik jaso. Agian, eta queer azken teorien arabera, pentsatuko dinate gonen erabilerak zehazten duela sexua, eta horrexegatik ez dinate galtzen manifestazio eta prozesio ugarietan parte hartzeko aukera tradizioaren izenean (hitz hau entzuten dudan bakoitzean burura zatorkidan Alardea, amesgaiztoa bailitzan), ikur nagusiak homofobia eta misoginia izan dituen egitura bat justifikatzeko, berdintasunaren zein demokraziaren alde borrokatzen diren taldeen kontra gorrotoa barreiatu bitartean, bere ikastetxe hitzartuetan poltsikoak berotzen eta umeen garunak beldurrez, sufrimenduz eta frustrazioz betetzen jarraitzen duen egitura hori zuritzearren.
Efektu kolperen bat espero zitekenan, Amsterdameko udalarena bezalakoa, honek erdialdeko parke batean hainbat ordu gorde ditin GLT jendearen jostaketarako eta aisialdirako. Baina ezta hori ere. Alderantziz, heterosexualek euren desirak edonon adierazi ditzaketen bitartean, gure hirian holako kontuetarako zeuden eremu apurrak sistematikoki mugatu ez ezik, jazarri eta ukatu ere egin ditizten, moral publikoa edota ohitura onak izeneko etika zentzugabe horren izenean.
Baina itzuli gaitezen liburuxkara eta gure udalak egindako kanpainara. Ondo dakinanez, gure hiriko GLT tabernak esku bateko atzamarrekin zenbatu daitezken eta gainera ez zauden unerik onenean, hemen Gasteizen, beste hiri txiki askotan bezalaxe, GLT jendeak hiri handietarako erbesteratze hori erabiltzen dinagu horietan komunitate interesgarriago bat (kantitatearen edota kalitatearen aldetik) aurkitzearren, eta holako txangoak ez ditun bakarrik gure ingurune honetan gertatzen, baizik eta mendebaldeko herrialdeetan eta hiri handietan ohikoak direla, azken hauetan gure desira, borroka eta bizimoduetan oinarritutako komunitate harremanak sortzen baitira. Kontu bitxia hau, biziraupen sentimendu batek eragiten digun migrazioarena, baina soziologoei edota gure politikariei kezka eskasa eragiten diena. Bo, bada, taberna hauetariko baten bat gaizki kokatuta zagon gure hirira etorriko den GLT jendea gidatu behar duen mapan. Itzul gaitezen, hortaz, hau bezalako ekimenak oinarritzen dituzten asmoetara; zeren-eta kanpaina honen benetako mezua baita gure errealitate, gorputz eta desirei buruz bultzatu nahi duten eredu eta irudia. Bazirudin mendebaldeko klase ertaineko gay zuria dela gure hiriko erakarpen turistikoa zabaltzeaz arduratzen diren teknikarien helburuetariko bat, baita udal arduradunek, bestelako daturik gabe, uste dutela hauxe dela biztanleriaren sektore baten bazterkeria eta sufrimendua amaitzeko bidea ere, betiere eta bakarrik garapen ekonomikoaren bidetik. Gutariko askok ezetz uste dinagu. Uste dugulako lortu daitekeela gure hiria erakargarria izatea beste milaka kontugatik, eta ez soilik dirua xahutu ahal izateagatik ostia pare bat jaso gabe. Beharrik ere ez.
Eta bide batez, eta ekonomiaz ari garenez. Gure udal arduradunek (sic) bazakiten iragartzen dituzten tabernetako langileen lan baldintzak behar bezalakoak diren? Eta eskaintzen dituzten zerbitzuenak? Gogoratzen al dun diskoteka hura, txorrotako ura kenduta zeukana, barran ordaindu genezan? Eta ez ditinagu aipatuko zurruten eta zerbitzuen prezioak, hori izango luken antikapitalismoa bezalako kontuetan sartzea, eta horretarako ez zagon tokirik sozialistek agintzen duteneko instituzioetan.
Bo, hator nahi dunanean, ez egin kasurik instituzioen informazioei, badakin betidanik heure informazioa baliatu dugula, handik hona arriskurik gabe ibili ahal izateko, eta betidanik jakin dinagu zenbat eta sos gehiago, hainbat eta eraso gutxiago pairatzen dugula (barka, hau ere antikapitalista dun eta gizarte klaseekin zerikusia din, zein antigoalekoa eta zatarra naizen!). Ondo pasatuko dinagu, pintxo bat jateko eta basoerdi bat edateko kreditu bat eskatu behar ez den lekuetara joango gaitun, GLT tabernetara eta interesatzen zaizkigun beste batzuetara joango gaitun, ezinbestean Gay friendly izango ez direnak (gogoratzen al dun lehen taberna hauei pijoen taberna deitzen zitzaiela, gero taberna moderno bilatu zitunan, geroago diseinukoak, eta orain Gay friendly…, ohartu hadi, izen soil horrekin eraldaketa askatzaileko subjektu bilakatu ditun… Nork esango zigun!). Geratzen bahaiz, egun batean Bilbora joango gaitun, han bai badagoelako benetako lumaketa, zeren hemen kanpora begira publizitate asko bai, baina badakin, K(i)en Folle(t) ez dago salgay.
Laguntxoak ditun zain.
Musu handi bat.
1 comment:
latza artikulua, gustatu zait, ta gainera euskera jatorrean...
baina kuriosidadeagatik... enaiz gasteizekoa eta...
ze liburuxkataz ari da ba?
Post a Comment