2008/05/08

> Berria: Erakusketak > EHGAMEK ANTOLATUTAKO ERAKUSKETA: AIPU TXARREN GALERIA

  • Aipu txarren galeria
  • Erakusketa: Lugaritz kultur etxean maiatzaren 20a arte ikusgai izango da EHGAMek antolatutako erakusketa
  • Irutxuloko Hitza, 2008-05-08 # Maitane Aldanondo

Gorroto beraren aurpegi desberdinak. Matxismoa, heterosexismoa, lesbofobia, homofobia eta transfobia. Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak(EHGAM)ek erakusketa, katalogo eta webgune batean jaso ditu hauen adierazgarri diren 100 bat kasu. Historiako garai desberdinetan emandako gertaera eta adierazpenak, medioetan oihartzun handia izan zutenak batzuk eta ezezagunagoak besteak.


Hilabete honen 17an ospatzen den Homofobia, Lesbofobia eta Transfobiaren Nazioarteko Egunarekin bat egin nahi du EHGAMek, gay, lesbiana eta gizon nahiz emakume transexualen eskubideak defendatuz. Modu kronologikoan erakusten badira ere, gainontzekoekin lotutako gertaera independentea da irudi bakoitza.


Erakusketa gorrotoaren tipologiaren arabera edo 15 gai desberdinen arabera sailkatu daiteke. Iosif Stalin, Adolf Hitler, Francisco Franco, Augusto Pinochet...agintari eta politikariei eskainitako atalean hauek esandako eta egindako basakeriak bildu dira. Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohia egungo gizartean emandako aldaketek sortzen dizkioten beldurrak adierazi zituen, «horrenbeste aldaketarekin bikote homosexual bat ikusiko dugu Koroan». Beste arlo sozialetakoak ere badira: RENFE, komunikabideak, Familiaren Espainiako Foroa...


Batzuetan agerikoa da baina beste batzuetan ezkutatuago dago iraina. 2003an, adibidez, Angel Acebes Espainiako Barne ministroa zela, Rocio Wanninkhoft-en erailketan susmagarri nagusia zen Dolores Vazquezi buruz «gaizkile profil sinesgarriena zuen: emakume hotz, gogor eta lesbiana» esan zuen. Joera sexuala gaixotasun edo trauma bilakatzen duenik ere bada. Aquilino Polainok esaterako homosexualak « aita alkoholiko eta liskartsu, eta ama babesleegi edo hotzek» heziak izatearen ondorioa dira».


Baina pertsona publikoen hitzez gain, kalean entzun eta esaten direnak ere jaso izanak agerian uzten du berdintasuna eta normaltasuna erdiesteko bide luzea egiteko dagoela.

No comments: