2008/05/14

> Berria: Indarkeria > DONOSTIAKO GIZON BAT ATXILOTU DUTE, EMAZTEA 12. PISUTIK ERORI ETA HIL ONDOREN

  • Donostiako gizon bat atxilotu dute, emaztea 12. pisutik erori eta hil ondoren
  • Gizona espetxean egonda zegoen emazteari tratu txarrak emateagatik; Benidormen izan da jazoera
  • Berria, 2008-05-14 # Erredakzioa · Donostia

Donostiako 65 urteko gizonezko bat atxilotuta dago Benidormen (Alacant, Herrialde Katalanak). Emaztea udalerri horretan bizileku zuten etxebizitzako balkoitik -12. solairuan dago- erori eta hil egin zen astelehenean, eta Espainiako Poliziak, zer jazo zen argitzeko ikerketa abiatu, eta berehala atxilotu zuen gizasemea. Ikusi zuten 2005ean zazpi hilabete egin zituela espetxean emazteari tratu txarrak eragiteagatik, eta, aski zantzu iruditu zitzaien hori, gizonezkoa atxilotzeko. Heriotza horrekin zerikusia izan dezakeen susmoa dute. Emazteak 54 urte zituen, eta hura ere Donostiakoa zen. Itxura denez, senar-emazteek urtebetetik gora zeramaten Benidormen bizitzen; batez ere, Alacant kanpoko jendea bizi den etxebizitza eraikin batean bizi ziren. Oporretako aski leku ezaguna da Benidorm, eta Euskal Herriko jende asko joaten da bertara.


Emakumearen gorpuari egindako autopsiak, oraingoz, ez du argitu leihotik behera norbaitek bultzatu zuen. Gizonak lotura oro ukatu du jazoerarekin. Baina zantzu susmagarrien berri eman dute ikerketa egiten ari diren polizia iturriek. Lehengo hilean bertan, apirilaren 27an, emazteak salaketa jarri zuen gizonaren kontra genero indarkeria egotzita, baina epaiketarik ez zen egin oraindik, eta elkarrekin bizitzen jarraitzen zuten senar-emazteek.


Zenbait bizilagunek jakinarazi dute bikotekide bien arteko harremana oso gaiztotuta zegoela, eta senarrak maiz jotzen zuela emaztea. Bizilagunetako batek azaldu du emakumeak azaldu ziola ezin zuela gizona urruntzeko agindurik eskatu, etxebizitza ordaintzeko aski diru ez zuelako berak bakarrik. Emaztea balkoitik behera erori bezperan ere, bikoteak liskarra izan zuela azaldu du bizilagunak, eta Poliziari dei egin ziola andreak.


Emaztea astelehen arratsaldean bostak jo berritan zendu zen. Espainiako Poliziari hots egin zioten azalduz emakume bat etxeko balkoitik behera amildu zela Cenit izeneko eraikinean, eta, heldu zirenerako hilotz zen. Atzo jakitera eman zutenez, segur aski gaur eramango dute atxilotua epailearen aurrera, haren aurrean deklara dezan.


Gizonak emaztearen heriotzarekin zerikusiren bat izango balu, aurten ustez genero indarkeriak hildako bigarren emakumea litzateke emakumezko hori. 2008ko urtarrilaren 18an Iruñeko Milagrosa auzoan Tatiele de Sousa Neres brasildarra, 20 urtekoa, hil zuten zintzurra moztuta. Haren bikotekide T.R.S. bere buruaz beste egiten saiatu zen, eta, hasiera batean, lotura oro ukatu zuen jazoerarekin, baina atxilotu egin zuten, eta handik egun batzuetara espetxean sartu zuten preso.


ATXILOTU BAT SANTURTZIN.
Bestalde, Ertzaintzak 41 urteko gizon bat atxilotu zuen herenegun Santurtzin (Bizkaia), ustez emaztea jotzeagatik eta laban batekin mehatxatzeagatik. Ertzainak bikotearen etxera iritsi zirenean hainbat senide topatu zituzten atarian, tartean bikotearen semea, adingabea. Semeak ertzainei azalpenak eman zizkien; aita ama jotzen hasi zela esan zien, eta bera tartean sartzen saiatu zela, baina aitak etxetik kanpora bidali zuela.


Ertzaintzaren esanetan, etxera igo zirenean ustezko erasotzaileak hasieran uko egin zion etxeko atea irekitzeari. Gero etxera sartzea lortu zuten, eta, emakumeak esan zien, gizonak jo egin zuela eta laban batekin mehatxu egin ziola. Aurpegian kolpeen aztarnak zeuzkan. Ustezko erasotzaileak ertzainen aurrean emakumeari mehatxuak egin zizkiola esan du Herrizaingo Sailak.

No comments: