2008/02/16

> Erreportajea: Apostasia > DOKTRINA KATOLIKOAREN AURKA, APOSTASIA

  • Doktrina katolikoaren aurka, apostasia
  • Gero eta herritar gehiagok uko egiten dio Eliza katolikoko kide izateari; Eliza katolikoak, apostasia onartzen du, baina oztopo ugari jartzen die eskaera egiten dutenei.
  • Berria, 2008-02-16 # Maite Asensio · Bilbo

Eliza katolikoaren ildo ofizialek gero eta sostengu ahulagoa dute gizartean. Azken urteotan, diskurtsoa arindu ordez, emakumeen, sexu bereko bikoteen eta askatasun sexualaren kontrako iritziak zorroztu dituzte, besteak beste. Hala uste dute, behintzat, apostasia eskaera egin duten ehunka lagunek. Horren bidez, Eliza katolikoaren kide izateari utzi nahi diote.


Urteetan laikotasunaren alde egin duten elkarteek eta gizarte eragileek bultzatu dute apostasia. Eliza Katolikoak egindako hainbat adierazpen «jasanezin eta onartezin» kontuan harturik, ez dute kritika soilera mugatu nahi izan. Joan den urte amaieran Hegoak Euskadiko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteak bideratu zuen apostasia egiteko kanpaina. Oraingoan, Bizkaiko Emakumeen Asanbladak abiatu du apostasia eskaerak taldean aurkezteko ekimena. Joan den igandean Bilboko San Nikolas eliza sinbolikoki itxi zuten, «lesbianen aurkakoa, matxista eta patriarkala izateagatik». Tere Maldonado asanbladako kideak dioenez, «jendaurrean adierazi nahi dugu ez gaudela ados doktrina horrekin, eta gure izenak instituzio horretatik ken ditzaten nahi dugula».


Bataiatuta dagoen edo bestelako sakramenturik egin duen pertsona orok egin dezake apostasia. Izatez, sakramentuon bidez norbere datuak Elizaren barneko hainbat dokumentutan geratzen dira; beraz, sakramenturik egin duena Eliza katolikoko kidetzat jotzen da. Apostasia eginez gero, eskaria egin duenaren datuak Eliza katolikoaren dokumetaziotik desagertzen dira, eta hango kide izateari uzten dio.


Oztopoz beteriko prozesua
Norbere datuak Eliza katolikoaren barne dokumentaziotik ezabatzeko eskaera idatziz egin behar da, eta bi lekutara bidali: sakramentuak egin direneko parrokiara eta parrokia horri dagokion apezpikutzara edo artzapezpikutzara. Izan ere, erakunde bakoitzak bere artxiboa dauka. Bi idatzi horiek nahiko izan beharko lirateke, Eliza katolikoak, berez, apostasia onartzen baitu. Hain zuzen ere, Elizako kide izateari borondatez uzteko modu bakarra da apostasia. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da.


Oztopo ugari
Elizak oztopo ugari jartzen duela salatu ohi dute apostasia egiten saiatzen direnek. Idatzizko eskaerez gain, bataio agiria aurkeztea, sakramentua burutu zuen apaizarekin hitz egitea edota elkarrizketa pertsonalak egitea eskatzen du Elizak. Traba horien guztien atzetik, Eliza katolikoaren interes ekonomikoak daudela uste du Tere Maldonadok: «Espainiako Konstituzioak dio estatua akonfesionala dela, baina kontuan hartzen dituela gizartearen sinesmen erlijiosoak, hau da, gehiengoa katolikoa dela».


Apostasia egiteko prozedura konplexua izan ohi denez, askok etsi egiten dute. Hori dela eta, apostasia taldean egiteko ekimenak ugaritu dira; hala, agiriak bilatzeaz eta datuak ezabatzeaz ardura dadin eskatu nahi diote Elizari. Hori da, hain zuzen ere, Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren asmoa: «Jende asko Elizak esaten dituen gauzekin haserre dagoela nabaritu dugu; guk bide ofizialera mugitu nahi dugu deserosotasun hori». Horretarako, eskaera inprimakiak prestatu dituzte, eta otsailaren 29ra arte bilduko ditu bere Bilboko egoitzan (Pelota kalea, 3).


«Eliza katolikoak abortoa eta eutanasia gaitzesten du. Hiesaren eragina zein den jakin arren, antisorgailuen erabilera gaitzesten du. Homosexual, lesbiana eta transexualei eraso egiten die, eta euren eskubideak garatzea galarazten du. Eliza katolikoak bere ideiak eta morala inposatu nahi dizkie herritar guztiei». Askotarikoak dira Bizkaiko Emakumeen Asanbladak Eliza katolikoari uko egiteko ematen dituen argudioak, baina Maldonadok arrazoi bat nabarmentzen du: «Autodefentsa moduko bat da. Laikotasunaren aldekook zintzo jokatu dugu, Elizak zioena gehiegi kritikatu gabe. Baina Elizak emakumeekin eta askatasun sexualarekin duen obsesioa ikusita, erabaki dugu badela garaia eraso horien aurka agertzeko».


Halere, argi uzten du fededunak errespetatzen dituztela: «Ez goaz katolikoen kontra, euren hierarkiak esandakoaz dugun ikuspuntua adieraztera baizik», nabarmendu du Maldonadok.


Apostasia egitea, legeak bermatutako eskubidea
Eliza katolikoak bere artxiboetatik datuak ezabatzeko jartzen dituen oztopoak ikusirik, Datuak Babesteko Espainiako Agentzian eta Datu pertsonalak babesteko Espainiako Lege Organikoan dago apostasia egiten saiatzen diren askoren itxaropena. Izan ere,lege horrek datuak baliogabetzeko eskubidea aitortzen du. Horren arabera, Elizak ezin ditu pertsona baten datuak eduki, pertsona horrek datuok ezabatzea eskatzen badu. Agentziak Elizaren ezezkoa jaso duten apostasia eskaerak bideratzen ditu.


Apostasia egiteko eskaera bidali eta hamar egunera Eliza katolikoaren erantzuna jaso behar da. Erantzuna jasotzen ez bada, erantzuna ezezkoa baldin bada, edota Elizak apostasia egiteko trabarik jartzen badu, Datuak Babesteko Espainiako Agentziara jotzea gomendatzen dute laikotasunaren aldeko taldeek. Agentzia horrek baliogabetzeko eskubidea zaintzeko ardura hartzen du bere gain. Hortaz, datu pertsonalak babesteko legean oinarrituta, apostasia eskaera onartzera derrigortzen du Eliza Katolikoa.


Bide hori jarraituko du, hain zuzen, Bizkaiko Emakumeen Asanbladak, Elizak euren eskaerak onartzen ez baditu. Tere Maldonado kideak azaldu bezala, «Eliza gure datuak ezabatzera derrigortzeko modu bakarra bada,Datuak Babesteko Espainiako Agentziara joko dugu».

No comments: