2008/02/01

> Elkarrizketa: Amando Pavía · Gehitu > "UME ETA NERABE GAY ETA LESBIANEI BERDINTASUNEZKO MEZUA HELDU BEHAR ZAIE"

  • Amando Pavía · Gehitu elkarteko presidentea
  • "Ume eta nerabe gay eta lesbianei berdintasunezko mezua heldu behar zaie, gainerako ume eta nerabeen berdinak direla dioen mezua"
  • EuskoNews, 2008-02-01 # Teresa Sala / Itzultzailea: Belaxe Itzulpen Zerbitzua

Baikorra da, baina ziur dago helburu asko betetzeke dagoela oraindik. Donostiako erdigunean kokatutako Gehitu elkartean duen bulegoan, egindako bideaz hitz egin digu Armando Pavíak, bai eta gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkartearen egunerokotasunaz, nahiz jorratu beharreko gai garrantzitsuenez, besteak beste, zahartzaroaz, nerabezaroaz, landa-eremuaz eta garapen bidean dauden herrialdeez. Transmititzen duen mezua itxaropentsua da, azaltzen dituen errealitateak “kezkagarriak”.


Gehitu-k hamar urte bete ditu, eta itxuraz oso osasuntsu dago, elkartearen hastapenetan mahai gainean jarritako helburuak bete direla uste duzu?
Elkartearen osasun-egoera une hauetan histerikoa da. Baina hori ona da, esan nahi baitu ez dugula inolaz ere uste helburuak lortu ditugunik; oraindik asko dugu egiteko. Oso une berezia bizitzen ari gara, zorion handikoa. Esaterako, transexualtasun-lege bat onartu berri dute; eta lege horren bidez, transexualek aukera izango dute nortasun-agirian egun duten sexua idatzirik izateko, eta ez jaiotzean zuten sexua. EAEn lege hori profilatzen ari dira; eta legeari esker, Osakidetzan sexu-aldaketako ebakuntzak egin ahalko dira. Horrez gainera, duela hiru urte oso lege garrantzitsua onartu zen, hain zuzen, gay eta lesbiana garenoi gizarteko gainerako banakoen baldintza beretan ezkontzeko aukera ematen digun legea. Berdinak gara, guretzat ez da ezkontza-lege bat, eskubide berak ematen dizkigun lege bat baizik, eta hori asko da. Lege-esparruan izan diren aurrerapenez gain, egia da Gehitu une ezin hobean dagoela esan dezakegula, borrokako hamar urte hauetako helburuak bete dira. Baina gauzak berriz planteatzeko garaia ere bada, bai eta gizarteari benetan zein garen azaltzeko garaia ere, gure ustez egin behar den ororen berri izan dezan jendeak.


Eta zure iritziz, zer egin beharko litzateke? Zein dira hurrengo egin beharreko ekintzak?

Gehitu-ra heltzen diren kasuak oso latzak dira oraindik; batik bat, kanpotik datozenak. Duela hilabete batzuk, Kolonbiako mutil gazte bat etorri zen bere herritik ihesi, bai eta Mauritaniako beste bat ere. Zenbait herrialdetan, homosexual izateagatik heriotza-zigorra jasotzen duzu, beldurgarria da. Azken 30 urteotan, Espainian izugarrizko aurrerakada bizi izan dugu zorionez. Gizarteari dagokionez, asko dago egiteke, baina lege-alorrean aurrerapena nabarmena izan da. Eta horri esker, pribilejiozko egoeran gaude beste herrialde batzuei laguntzeko, besteak beste, herrialde musulmanei. Herrialde horietan, egoera latzak bizitzen ari dira, gehienbat, emakumeak; izan ere, emakume izate soilagatik bazterturik egoteaz gain, emakume lesbianak ikusezinak dira, ez dira existitzen.


Eta Euskadin, zein da egoera? Zenbateraino daude gayak onarturik euskal gizartean?
Egia esan, euskal gizartean nahiko egoera gogorra bizi dugu. Hirietan, dena den, errazagoa da; eta zenbat eta handiago, orduan eta errazagoa da gay izanda bizitzea. Diren bezala azaltzeko gai ez diren pertsonen kasu asko heltzen zaizkigu, oraindik udalerri garrantzitsuetatik, esaterako, Eibar, Tolosa, Errenteria eta Irundik. Gehienak Donostiara etortzen dira armairutik irteteko, edo Bilbora, Madrilera edo Bartzelonara, haien herrietan ez baitira gai. Landa-eremuetan, adibidez, Zegaman edo Aretxabaletan, ia ezinezkoa da. Oso gutxi eta oso nabariak dira armairutik irteten diren pertsonak, horrexegatik uste dugu probintziako udalerri txikietan lan handia egin beharra dagoela. Une hauetan, Gehitu-ren helburu handietako bat Donostiatik irtetea da. Herri txikietako bazkide asko ditugu, baina gure helburua pertsona horien herrietan lan egitea da. Ez jartzea arreta hiri handietan soilik. Bazkideentzat oso erosoa da Donostiara etortzea, baina Aretxabaletan egon behar dugu, horrelako herrietan eman behar ditugu hitzaldiak, eta horrelako herrietako institutuetan izan behar gara. Ez dugu probintzia konkistatzera irteterik nahi, baina 200 bazkide inguru ditugu herrietan banaturik, behar gaituen jende asko dago.


Zein dira jarduteko erabili nahi dituzuen moduak?

Gure presentzia askoz ere handiagoa izatea nahi dugu. Presentzia etengabea izan dadila, programekin, erakusketekin, hitzaldiekin, pelikulekin edo kanpaina zehatzekin. Udalerri guztietan jardun nahi genuke, eta udal-ordezkariekin hitz egin, mota honetako ekimenek leku bat izan dezaten. Adibidez, Legazpin hitzaldi bat eman genuen, udalerri horretako gay eta lesbianen egoerari buruz, eta oso emaitza onak lortu genituen. Horrelako hitzaldiak ibiltariak izan daitezke, eta borrokaren mezua zabal dezakete hainbat lekutara, hor gaudela jakin dezan jendeak. Interesgarriena herrietako jendeak parte har dezan lortzea da. Baina hori gutxika-gutxika eskuratu beharko dugun zerbait da; izan ere, Legazpiko batentzat beti izango da errazago Arrasaten hitzaldi bat ematea bere herrian baino, eta guztiontzat da errazago hiri batean egitea. Sinesgaitza da, lege eta aurrerapen handien ondoren, leku horietan egoteko bi ondo jarriak eduki behar izatea. Herrietako jendeari esan behar zaion zerbait da: “Irten armairutik zure herrian, zure ingurunean, hori baita zure inguruko pertsonei laguntzeko modu bakarra”.


Eta nola bizi dute pertsonek homosexualtasuna bizitzaren etapetan?

Errealitateak konplexu bihurtzen dira, polemika guzti horrek adin-tarte jakin batzuetan eragiten duenean; hots, haurtzaroan, gaztaroan edo zahartzaroan. Bizitzako oso une bereziak dira; eta horietan, zailagoa da homosexualtasuna bizitzea. Gazteak askatasun handiagoan hazi dira; eta itxuraz, askoz erreferentzia gehiagorekin bizitzea egokitu zaie. Baina egia da, era berean, haien artean buruzagi-kodeekin moldatzen direla, eta ez dutela ezberdin dena onartzen. Eta desberdin diren horien artean, gay eta lesbianak egur gehien jasotzen dutenen artean daude. Zenbait azterketaren arabera, nerabeak beren buruaz beste egitera bultzatzen dituen arrazoi nagusietako bat gay edo lesbiana sentitzea da. Hezkuntza-alorrean esku hartzea gure helburu garrantzitsuenetako bat da. Lau urtez geroztik, hitzaldiak eskaintzen ditugu, eta sare publikoko institutuak izan dira errazen parte hartu dutenak. Hasieran, boluntarioen bidez egiten ziren hitzaldiok, baina orain profesionalen talde bat dugu, gai horretaz espezifikoki arduratzen dena. Askoz gehiago kostatzen da sare pribatuan eta erlijiosoan sartzea. Ume eta nerabe gay eta lesbianei berdintasunezko mezua heldu behar zaie; hau da, gainerako ume eta nerabeen berdinak direla dioen mezua, beren sexualitatea askatasun osoan bizitzeko eskubidea dutela dioen mezua.


Euskal gizarteari gayen giza taldea existitzen dela onartzea kosta egiten zaiola esango zenuke? Oso kontserbadorea al da?
Homofobia asko dago. Euskal gizartea oso tradizionala da. Jaungoikoa eta lege zaharra leloa hor dago, eta eragina du. Aurrerapen handia egiten ari gara, baina gehiengoari kosta egiten zaio ikuspegia aldatzea, eta ez dute ikuspegi hori aldatzen ezagunen artean gay edo lesbianaren bat ez badute, eta pertsona hori eta horren prozesua zein izan diren ezagutzen ez badituzte. Normalean, homosexualtasuna besteen gauza balitz bezala jasotzen da, eta nolabaiteko arbuioa sentitzen du jendeak. Maite eta onartzen duzun norbait hurbil duzunean, errazagoa da gay eta lesbianen errealitate onartzea; eta homosexualtasuna aurpegi batekin lotzeak zabalago bihurtzen zaitu, eta beste egoera batzuk modu positiboagoan ikusteko aukera ematen dizu.


Baina errealitate soziala pauso erraldoiekin aldatzen ari da. Gero eta maizago agertzen dira familia-mota desberdinak.

Egia esan, gaur egun familia-mota asko dago. Eta testuinguru horretan, badaude bi amarekin edo bi aitarekin bizi diren umeak. Familia homoparentalak urriak dira oraindik, baina hor daude. Errealitate-mota horiek umeei erakutsi behar zaizkie; etorkizuneko erronka da hori, bai eta gaur egungo erronka ere, eta ekinean gabiltza horretan. Lan asko dago egiteko, batik bat, emakumeen arloan. Batera bizi ziren gizonak “maritxuak” izan dira beti; batera bizi ziren emakumeak, berriz, “lagunak”. Emakumeek sexurik ez dutela esatea bezala da, eta hori izugarria da, borroka askoz ere gogorragoa baita. Errealitatea da badaudela batera bizi diren emakume-bikoteak, elkar maitatzen dutenak eta maitasunez haur bat hezteko gai direnak; eta errealitate horri izen bat eman behar zaio, izenik ez duena ez baita existitzen. Ildo horretatik, gizonezkoen homosexualtasuna gehiago iraindu bada ere, maritxu halakoa bezalako terminoekin besteak beste, hori positiboa eta guzti izan daiteke; behintzat, izena duelako, nabariak garelako, eta gizarteak existitzen garen taldetzat gaituelako. Emakumeen kasuan, aldiz, lana luzeagoa da.


Nola bizitzen dute pertsonek errealitate hori zahartzaroan?
Ileak lazten dituen gaia da. Gogoan izan behar dugu gizon-emakumeen adin-tarte guztietan gay eta lesbiana kopurua bera dela. Gehitu elkarteko bazkide gehienak 25 eta 45 urte artean daude; hala ere, badaude nagusiagoak eta gazteagoak ere. Baina, non daude 50 urtetik gorako pertsonak? Askok behartutako bizitza bat bizi izan dute, eta ez dira gai izan hortik irteteko. Baina sexualtasunari dagokionez gehiago edo gutxiago bizitza askea izan dutenak, edo beste hiri nahiz herrialde batzuetara joan direnak, adin batera heltzean, bakarrik sentitzen dira, babesa emango dien familia edo semerik gabe. Eta guztiz heterosexualak balira bezala heltzen dira zaharren egoitzetara. Gaur egun, itxura denez, onartezina da zaharren egoitza batean homosexuala izatea. Horren ondorioz, homosexual askoko zaharren egoitzak ditugu, horietako asko ez baitira armairutik irteteko gai izan. Baina badaude armairura itzultzera behartutako pertsonak ere, nahiz eta afektiboki bizitza askea izan duten gehiago edo gutxiago. Zahartzaroa etapa izugarri mingarria da, eta esku hartu behar dugu alor horretan. Gehitu-ren helburuak Mauritanian eta Euskadi kanpoan daude, baina gure ingurune hurbilekoenean dauden gai asko ere landu beharra dago.


Azken estatistiken arabera, transexualen artean % 80ko langabezia-tasa dago. Datu benetan kezkagarria da.

Izugarria da. Espero dugu errealitate hori aldatzen joatea, nortasun-agirian haien benetako izena agertu ahala. Funtsezko zerbait da, zu gizonezko itxuraz lan bila bazoaz, eta zure nortasun-agirian Antonio duzula izena jartzen badu, inork ez zaitu zalantzan jartzen, Antonio zara, besterik gabe. Baina gizonezko itxurarekin lan bila bazoaz, eta zure nortasun-agirian Aitziber zarela jartzen badu, azalpenak eman behar dituzu eta homofobiazko egoera larriak sortzen dira. Orain arte, transexualen gehiengo handi batek prostituziora jo behar izan du, hori baitzen eskura zuten irtenbide ekonomiko bakarra. Aipatutako legeari esker, paperetako izena sexuarekin bat etorriko da, eta hori funtsezkoa da, bide emango baitu egunero-egunero sortzen diren mespretxu-egoerak amaitzeko, adibidez, supermerkatuko ilaran. Atzean dagoen sufrimendua ezagutzen ez bada, jendearen lehen erantzuna mespretxuzkoa izaten da. Zortea badugu, nortasun-agiriko izena aldatzeko lege horrek egun izugarriak diren egoerak errotik aldatuko ditu.


Gero eta gehiago dira homosexualak direla zabal-zabal esaten duten pertsonaia publikoak, hori lagungarria izango zaizue.
Bai, izugarri laguntzen duen zerbait da. Lehen, argitara irteten ziren gay eta lesbiana bakarrak barregarriak ziren nolabait, pluma askokoak, komikien munduari oso lotuak. Bazirudien existitzen ziren bakarrak zirela. Baina mota guztietako gay eta lesbianak bizitza publikorako ateratzea onuragarria da benetan. Horrez gain, zenbait telesailetan, esaterako Hospital Central telesailean, naturaltasunez azaltzen da bi emakume lesbianaren arteko harremana; horrelakoek hezkuntza-lan oso garrantzitsua egiten dute gizartearentzat. Dena den, ez da panazea. Elkarteek asko dugu egiteko gizarteratzearen prozesu horretan; izan ere, badirudi telebistak artisten mundua soilik azaltzen duela. Homosexualtasun asko dago alor ugaritan, esaterako, futbolean, zezenen munduan edo alor militarrean, eta horietan oraindik ez inor irten. Artearen alorrean, berriz, maizago gertatu da. Eskertzekoa da alor horietan jendea irtetea, baina egunerokotasunean egin behar dugu lan.


Gehitu egiten ari den lana gero eta agerikoagoa da.

Egia da pausu handiak ematen ari garela elkartean. Adibidez, gure perzkin-konpartsa dugu, beste edozein bizilagun-elkartek moduan, eta edozeinek hartu dezake parte. Gehitu Abesbatza dugu, eta horretan ere edozeinek abestu dezake. Abesbatzan ONCEko jende asko dagoela esan behar dugu, berotasunez hartu ditugulako eta babesa sentitu dutelako. Antzerki-talde bat eta mendi-talde bat ere baditugu. Parte hartzeko, ez duzu gay edo lesbiana izan behar. Gero eta jende gehiagok parte hartzen duen heinean, eta zabaltzen goazen heinean, normalizazio-prozesu oso ona gauzatzen ari gara. Zabaldu behar dugun gauza bat da, danborradaren bidez, edo Tolosan inauterietako talde bat osatuz. Baina oso zaila da Tolosako bazkideek han konpartsa bat antolatzea, Arrasateko bazkideek Maritxu Kajoi festan modu aktiboan parte hartzea bezain konplexua. Horrez gainera, hor egoten gara Kilometroak edo Herri Urrats bezalako ospakizunetan, hor egon behar garela uste dugulako, beste elkarte batzuekin batera berdintasunean.


Gehitu-ko bazkidea zara hasieratik, zer oroitzapen duzu hastapenei buruz?
Handituz joan zen lagun-talde batetik sortu zen Gehitu. Festak antolatzen hasi ginen Iñigo Lamarcaren etxean eta nire etxean, baina gehiegi izatera heldu ginen, eta aukera izan genuen Donostiako erdialdeko Larramendi kaleko lokal bat erabiltzeko. Lokal horretan jaiak ospatzen hasi ginen; 100 pertsona baino gehiago bertaratzen ziren. Bat-batean, erakartzeko gaitasun handia izaten hasi ginela ikusi genuen. Garai hartan, gizonak bakarrik ginen, eta talde bateko kide izateak babesa sentiarazten lagundu zigun, sortzen ari ginen familiaren babesa. Konturatu ginen beste jende askori lagundu behar geniola, eta gure ustez hori egiteko modu bakarra erakundeetara jotzea zen, horietan laguntza eskatuz beharrezkotzat jotzen genituen ekintzat egiteko. Bazeuden beste talde batzuk Euskadin, baina askoz errebindikazio-kutsu handiagoa zutela iruditzen zitzaigun, ez zutela zerbitzurik eskaintzen, eta guk argi genuen gayei gaueko mundua baino zerbait gehiago eskaini behar zitzaiela, beste eremu batzuk sortzea beharrezkoa zela uste genuen. Hori duela hamar urte gertatu zen; garai horretan, ligatzeko modu bakarra kutsu homosexualeko taberna eta zonaldeetara hurbiltzea zen. Gehitu sortu eta lehen hilabetean, mendiko taldea sortu genuen. Bi helburu lortzeko asmoarekin egin izan dugu lan beti: batak gizartearekin lotura estua izan du, gure artean laguntza emateko; eta bestea politikoagoa izan da, gure ustez, zerbait lortu nahi genuen tokietan alamena eman behar baikenuen, eta gure helburuak lortzeko, erakundeekin batera egin behar baikenuen aurrera. Orduan, modu politikoagoan antolatzen hasi ginen, eta koordinatzaile bat izendatu genuen, gutxika-gutxika haziz joan ginen, ia konturatu gabe. Lau edo bost urte ondoren, Donostiako Udalak hiritarren merituaren domina eman zigun; modu horretan, sei urtetan erreferentziazko talde egin ginen. Hamar urte ondoren, Gehitu-n dauden pertsonen kopurua eta egiten ditugun ekintzena asko hazi dira, eta oso ezagunak gara. Donostian, Tabacaleraren eraikinean, erakusketa bat egin berri dugu. Bertan, gure lana erakusteaz gain, aurrekontu txikiarekin taldean lan egiteko modua azaldu dugu. Gehitu-k bazkideei zor die handitasuna.


Ez duzue inoiz erakundeen laguntza lortzeko arazo handiegirik izan.

Hasieratik beretik izan dugu Iñigo Lamarcaren laguntza, hark oso ongi ezagutzen zituen erakundeak. Dena dela, ikerketa-lan handia ere egin dugu. Nire iritziz, bestalde, erakundeei proiektu serio bat aurkezten badiezu, haien laguntza lortuko duzu. Guk hasieratik jakin dugu hori egiten. Eusko Jaurlaritzak, Aldundiak eta udalerriek laguntza eman digute.


Gehitu estatuan eta Europan erreferente bat dela baieztatuko al zenuke?
Gainerako elkarteak nola dauden jakinda, estatuko indartsuena ez bada, hiru edo lau indartsuenen artean dagoela uste dut. Aintzat hartzen badugu elkarte paraleloak milioi bat baino biztanle gehiagoko hirietan daudela, aldea handiagoa da, gure elkartea Gipuzkoa bezalako probintzia txiki batean hazitako elkartea baita, 200.000 biztanleko hiri batean.


Nolakoa da egunerokotasuna Gehitu-n?

Gehitu-ra datorren edozeinek, batik bat, arratsaldetan, egoitza jendez beteta aurkituko du. Ihesaren, nazioarteko lankidetzaren edo hezkuntzaren lan-batzordeak eta jarduerak izaten dira, besteak beste. Abesbatza, adibidez, astearte eta larunbat arratsalde guztietan aritzen da. Goizak administrazio-kutsu handiagoa du. Lau pertsona ditugu administraziorako berariaz liberaturik: bi emakume eta bi gizon. Presidentzia ere banatua da, Olga Alarcón eta nire artean banatzen dugu.


Ez da beharrezkoa gay edo lesbiana izatea Gehitu-koa izateko?
Ez, eta zorionez, gero eta heterosexual gehiago hurbildu, bazkide egin eta ekimenetako partaide dira.


Bazterturik sentitzen zarete une batzuetan?

Jareñon, Egiako (Donostia) kultur etxean egiten ditugun jaietan, oso eroso egoten gara, gustura gauden ingurune itxi bat baita. Jai oso dibertigarriak dira, eta mota guztietako jendeak hartzen du parte. Normalizazio-prozesu garrantzitsua dela uste dugu, guztiok sentitzen baikara gustura, eta bi emakume elkar musuka egon baitaitezke, inork haiei ezer esan gabe. Baina kanpoaldera begira, bizi izan ditugun memento batzuetan ez gara ondo jasoak izan. Hamabost bat herritara joan gara liburuxkak banatzera, batzuetan ongi hartu gaituzte, beste batzuetan ez hain ongi. Hala ere, nik esango nuke ongi hartzen gaituztela oro har, eta gure alde ez dagoena isildu egiten dela, gurekiko sentitzen den mespretxu hori hitzetan jartzeko gero eta beldur gehiago baitago.


Gogorra izan al da zure izaera sexuala bizi eta azaltzea?
44 urte bete ditut, 18 nituen demokrazia hasi zenean. Horrez gain, ni ingurune oso erlijiosoan bizi behar izan nintzen, eta homosexuala izatea amesgaiztoa zen. Parrokiaren taldean ibiltzen nintzen modu oso ekintzailean, eta 24 urte izan arte ez nintzen armairutik irteteko gai izan. Zehatz-mehatz gogoratzen dut homosexual ez izateko errezatzen nuela eguneroko mezan. Oso pisu handia zen niretzat, eta asko kosta zitzaidan onartzea. Eta irtetea lortu nuenean, aurretik bizitakoarekin guztiz etetea erabaki nuen. Askapena eta betebeharra izan zen aldi berean, eta EHGAMen (Euskal Herriko gay-les askapenerako mugimendua) sartu nintzen buru-belarri. Errotiko aldaketa izan zen, eta horrelako aldaketa oro bezala, ez zen erraza izan. Baina pausua eman nuenean, 10 urte ondoren Gehitu sortu genuen lagun-talde honekin egin nuen topo, eta haiekin nire homosexualtasuna bizitzeko aukera izan nuen. Pausua eman ondoren, homosexual bezala haztea oso erraza izan zen, babesa eman zidan lagun-talde homosexual bat izan nuelako ondoan. Baina 24 urte bete arte, gorriak ikusi nituen; ahal nuen guztia egin nuen maitemindu eta neskekin ateratzeko, ez bainintzen inon eroso sentitzen.


Horri dagokionez, egoera asko aldatu da.

Gure istorioek Gehitu-ko gazteak hunkitu egiten dituzte. 18 urte bete ez dituzten bazkideak baditugu, eta horiekin kontu handia izan behar da, gazteegiak baitira. Gehien parte hartzen dutenak bullying, edo dena delakoa, jasan dutenak dira. Eskolan asko sufritu duten umeak badira, eta ikastetxeetatik kasuak etortzen zaizkigu. Horrelakorik sufritu behar izan ez dutenak oso gustura daude, eta ez dute asko parte hartzen. Horiek lagun eta kideen alde gehiago egitea gustatuko litzaiguke, oso gaizki pasatzen duen gazte asko baitago oraindik. Baina hori gizarte-mugimendu guztietan izaten den arazo bat da, gazteei kosta egiten zaie modu aktiboan parte hartzea.


  • Amando Pavía Castroviejo (Donostia, 1962)
  • Magisteritza ikasketak egin zituen Donostian, eta gaur egun hiri horretako Amara Berri Eskola Publikoan egiten du lan irakasle moduan.
  • 1997. urtean Gehituko sorkuntzan eta jaiotzan parte hartu zuen lagun talde batekin. 1999an elkartearen zuzendaritza taldean sartu eta 2004. urteko urrian lehendakari kargua hartzen du, aurreko presidentea zen Iñigo Lamarca Ararteko izendatzen dutenean.
  • Egun, Olga Alarcónekin batera partekatzen du elkarteko lehendakaritza.

No comments: