2008/02/08

> Elkarrizketa: Carlos Panero > "SEXU HARREMAN ESPORADIKOAK GAI HURBILA DIRA EUSKALDUNONTZAT"

  • Carlos Panera · «Ohean» Antzezlanaren Zuzendaria
  • «Sexu harreman esporadikoak gai hurbila dira euskaldunontzat»
  • Bilbon jaio zen, 1956an. Maskarada taldea zuzentzen du 1980an sortu zenetik. Hainbat sari jaso ditu eta MAX sarietarako izendatuta egon zen «Ikaro» lanagatik. «Ohean» aurkeztu digu, bi gazte ezezagunen arteko «gau bateko» sexu harremana, egoera horretan protagonistek egiten dituzten gogoeta eta konfesioak barne. «Oso gai hurbila eta ezaguna da», ziurtatu zuen Panerak.
  • Gara, 2008-02-08 # Marta Morales · Bilbo

Bi gazte ezezagunen arteko gau bateko sexu harremanaren gorabeherak aurkeztuko dizkigu Carlos Panera Maskaradako zuzendariak «Ohean» lan berrian. Antzezlana euskaraz ez dute martxora arte taularatuko (gaztelaniaz otsailaren amaieran izango da), baina aurrerapen bat eskaini dio Panerak GARAri. Argi dauka gaiaren hurbiltasuna.


Nola heldu zitzaizun istorioa?

«En la cama» film txiletarra ikusi genuen, eta antzerkian egiteko oso egokia iruditu zitzaigun, gaia ere oso hurbila zuen. Hori dela-eta, haren eskubideak erostea erabaki genuen. Sexu harreman esporadikoei buruzko filma da, ezezagun batekin oheratzeaz ari da. Oso gutxitan sakontzen dugu une intimo horietan, agian lotsa apur bat ere ematen duelako. «Ohean» lanean, gaia zuzenean planteatzen dugu, baina, aldi berean, sexu harremanetan gutaz erakusten duguna ere islatzen dugu.


Horri buruz, fisikoki biluztea barnekoa biluztea baino errazagoa dela esan duzu...

Jakina. Gure istorioan, pertsonaiak harremanetan hasten diren lehenengo unean, ez dute bestearen izena ondo kontrolatzen. Eta hori,protokolo baten zati bat da: zer erakusten diozun besteari, zer kontatzen diozun... hori norberak erabakitzen du. Euskadin, lehenengo kontaktu hori, bestea politikoki kokatzeko erabili ohi dugu: zer egunkari irakurtzen duen, zer telebista kate ikusten duen... baina guk ez dugu hori islatu lokalismoetan ez erortzeagatik.


Beraz, bizitzaren isla dugu «Ohean»?

Lehenengo momentuan bikote bat ageri da ohean, txortan egiten. Antzerkira sartzen zara eta han topatzen duzu hori, horrela, hotzean, eta oso deigarria da. Baina bestea ezagutzeko era arruntak ere badira: zein da zure izena, zure telefonoa... Egoera barregarriak, tristeak, eta batzutan, tentsioz beteak. Arrunta denari komizidadea sartzen diogu, eta oso hurbileko egiten da dena. Baina, ez dut gehiegi aurreratu nahi! Oso lotuta dago bizitzarekin. Definizioa, Bizitzaren tragikomedia izango litzateke .


Bi antzezlan ezberdin prestatu dituzue. Bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Biak independienteak. Horrek erraztu egiten al du lana?

Nire ustez askoz ere politagoa da. Antzerkikoa artisau lana da, kolektiboa, nolabait. Horrexegatik, oso prozesu ezberdinak dira biak, besteak beste, hizkuntzak ere oso ezberdinak direlako. Hala ere, bertsio biak sakontzea izan da gure aukera. Alde batetik, euskarazko bertsioan Maskaradaren hastapenetara bueltatu naiz, eta publiko euskaldunari eta euskalduntzen ari denari zuzendu diot lana. Hortaz, zabaltzea kontuan hartu behar duzu: Arriaga Antzokia bai, baina kultur etxe txikiak eta kafe antzokiak, adibidez, ere bai. Nik, zuzendaritzatik, hori osatu dut: oso bertsio hurbila, ohearen inguru bira egiten duena, ikus-entzuleengandik oso gertu, voyeur baten modura. Erdarazko bertsioan, berriz, hasteko, protagonista kubatarra izan ohi da. Eszenografia ere ez da berdina... Euskarazko bertsioan, Unai Iturriagak egin du itzulpena eta oso aportazio interesgarria izan da. Nobelista denez, istorioan dauden tenstio puntuak oso ondo diagnostikatu ditu, eta indartu. Horrek bideratzen du gure bertsioa, aktoreen arteko lana nirekin eta Unairen lana.


Matxalen de Pedro eta Aitor Beltran dira euskarazko bertsioan protagonista. Zergatik aukera hori?

Euskara ondo menderatzen duten 30 urteko aktoreak topatzea ez da erreza. Kasu honetan, libre zeudenen artean, lan sakona egiteko gaitasuna zeukatenak aurkitu behar genituen. Bi lagun aritzen dira bakarrik taula gainean, eta hori presio handia da, sexu esplizituko gauzak antzeztu behar direla ahaztu barik. Horren haritik, lan honek aktoreen lana mirestera eramango gaitu. Beltran ETBko «Goenkale» saioan ari zen, eta Matxalen «Pilotaria»n. Baina arituak dira biak. Beltranek eskola klasikoko metodoa erabiltzen du, eta, Matxalen keinuaren antzerkian ikasia da. Oso interesgarria izan da beren arteko lanaren.


Aipatu duzunez, bi aktore besterik ez dira. Zer suposatzen du horrek?
Aktore gutxiago dituzunean, lanaren konplexutasuna aktoreen antzezpenaren sakontasunean oinarritzen da. Oso astiro egin behar duzu, ia zer irudi sortzen duzun, bai kanpora begira, bai pertsonaia bakoitzak besteari zer erakusten dion. Zaila baino, lan zehatza da. Keinuen hizkuntzan islatzen da hori: `zer pentsatzen du orain', `zer esango diot'... Ohean eta ezezagun batekin zaudela antzeztuz, zailagoa da hori guztia islatzea baina, aldi berean, arinagoa. Eta, gainera, gaia ezaguna da, hurbila.


Euskaldunak sexu harremanetan oso adituak ez direla esaten omen da...

(Barrezka) Nik ez dut uste egia denik. Kontua da itxura itxia dugula, baina horrek ez du esan nahi txortan egiten ez dugunik. Nik ezagutzen ditudan kasuetan ez, behintzat. Batak ez du bestea kentzen.


Estreinaldia martxoaren hasieran izango da, Arriaga Antzokian. Dena prest?

Baietz esango nuke. Oso pozik gaude Comeycalla Madrilgo produktorearekiko elkarlanean eta jendaurreko entseguan oso harrera ona izan dugulako. Istorioak harrera ona du. Izan ere, amerikarrek beste film bat egiteko eskubideak erosi dituzte. Hoberena, bi bertsioak ikustea da, Arriaga Antzokian, otsailaren 28an eta 29an eta martxoaren 1ean (gaztelaniaz,) eta martxoaren 2an eta 3an (euskaraz).

No comments: