2006/11/02

> Erreportajea: Urteurrena > LUCHINO VISCONTI: ARISTOKRATA EZKERTIARRAREN MIRA

  • Aristokrata ezkertiarraren mira
  • Luchino Visconti Italiako zinemagilea jaio zeneko lehen mendeurrena beteko da gaur
  • Berria, 2006-11-02 # Xabier Martin, Donostia
Seguruenik bere jatorri aristokratikoak izan zuen zerikusirik zinemarako sortu zitzaion zaletasunarekin. Luchino Visconti 1906an jaio zen, Milanen (Italia), eta familiaren giroak bultzatuta, gazterik ikasi zuen literatura eta musika, opera eta antzerkia maitatzen. Haren filmografia osoan bada kulturarako eta Italiako historiarako maitasun hori igortzeko saio bat. Luchino Visconti neorrealismoak eman duen egile handienetakoa jaio zeneko lehen mendeurrena beteko da gaur.

Il gattopardo Viscontirekin betiko lotutako izena da, haren film ezagunenetakoa. Zinemagilearen filmografia banatzen du, era berean, lan horrek, eta bi aro finkatzen ditu. Alde batetik, ezkerreko intelektualaren rolean Visconti eroso zegoen, eta jarduera horretan zinema soziala ondu zuen, eta proletarioaren egoera iluna erakutsi. Bestetik, bere jatorri aristokratikoak, irudi aldetik landutako edertasunean islatua, bere maila sozialaren gainbehera azaltzera eraman zuen.
Rocco e suoi fratelli eta Il gattopardo dira bi aro horiek ordezka dezaketen film esanguratsuenak, eta musika aldetik ere ongi bereiz daitezke: bata opera gisa, bestea sinfonia gisa. Lehenak, Parondi familiaren tragedia azaltzen du; Pugliako eremua utzi, eta 50eko Milan industrialera joango da familia. Bigarrenak, Salina printzearen ibilbide morala eta fisikoa azaltzen du, Risorgimento aroko tentsio politiko eta sozialak nabarmenduz.


Jean Renoirren itzalean
30eko hamarkadan Parisen egindako egonaldian, Jean Renoir ezagutu zuen Viscontik, eta haren alboan lan egitea lortu zuen. Bakarka, 1942an ondu zuen bere lehen lana: Ossessione. Duce-aren garaiak ziren, eta sentiberatasunez beteriko lan hauskorra baztertu egin zuten berehala agintari faxistek.

1943an, atxilotu egin zuten, faxisten aurkako ekintzak egitea leporatuta, eta bost urte geroago filmatu zuen bere bigarren lana: La terra trema. 1951n, Bellissima aurkeztu zuen, neorrealismoaren aurkako kritika izugarria. Neorrealismoaren atala gaindituta zegoela argi utzi nahi izan zuen Viscontik lan horrekin. Italian gertatzen ari zen aldaketa antropologiko mingarria oso presente zegoen, geroago Pasolinik hain ongi azalduko zuen moduan.

1954an iritsi zen Senso, zinemagilearen aro onenetakoan, Verdiren munduari egin zaion omenaldi onenetakoa. Eszenaratze perfektuak harrituta utzi zituen Viscontiren zinemagile garaikideak.

Egilearen aro emankorrena Rocco e soui fratelli-rekin amaitu zen, 1960an. Ordura arte ikasitako guztia jarri zuen maisulan hartan Viscontik. Parondi familiaren melodramak zinemako historiaren irudi ederrenetakoak utzi ditu.

60ko hamarkadan, berriz, Milango zuzendariak akademia kutsuko filmen zerbitzura jarri zuen bere talentua, oraindik ere originaltasun eremuak gorde zituen arren. Haiei esker ondu zituen, esaterako, Il gattopardo (1963). Iraganarekiko nostalgia inoiz baino hobeto irudikatu zuen obra horretan, Burt Lancasterren begietan.

Ludwig (1973) pelikularekin heriotza hurbil izanda ere, oraindik jeniotasunerako tartea bazuela erakutsi zuen. Gaueko giro ilun eta tentsio handikoa eraiki zuen film hartan. Heriotzaren deia agerikoa da Ludwig-en. Ordurako haren alde burgesa, estetikari dagokionez, gailenduta zegoen erabat haren zinemagintzan. Duke dekoratzailea ezizena ere jarri zioten.

Hil aurretik beste bi film ondu zituen, baina haren filmografia ordurako garrantzitsua zen oso. 70 urte zituela hil zen, Erroman; urte hartan ondu zuen bere azken pelikula: L'innocente.

No comments: