2006/11/25

> Erreportajea: Indarkeria > A-25: HEGO EUSKAL HERRIAN EGUNEAN HAMABOST EMAKUMEK SALATZEN DITUZTE TRATU TXARRAK

  • Hego Euskal Herrian egunean hamabost emakumek salatzen dituzte tratu txarrak
  • Genero indarkeria «egitura arazo nagusi» bihurtu dela salatuko dute gaur Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean. Giza eskubideen zapalketa ezkutukoena dela esan du AIk. Hego Euskal Herrian biktimak babesteko 1.646 agindu eman dituzte.
  • Berria, 2006-11-25 # Edurne Elizondo

Gaur hamabost. Bihar beste hamabost. Etzi hamabost gehiago. Egunean hamabost emakumek aurkeztu dute salaketa beren kontrako indarkeriagatik Euskal Herrian, azken hamabi hilabeteotan. Asteon bertan, emaztea eta semeak erretzen saiatu da ustez gizon bat Lizarran (Nafarroa). Etxean itxi zuen familia, eta eraikina gasolinarekin busti. Sua piztu aurretik atxilotu zuten. Gasteizen, berriz, 22 urteko gizon bat atxilotu dute ustez neska-laguna bortxatzen saiatzeagatik. Hainbat ordu lehenago, atari bat garbitzen lanean ari zen beste emakume bati egin zion eraso gizon berak, ustez.

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburu Joseba Azkarragak onartu du datuek itxaropenerako tarte txikia uzten dutela. Eta etsipen bera agertu du Nafarroako Emakumearen Institutuko zuzendari Teresa Aranazek. Joan den urteko ekainaz geroztik, eta urriaren 31a bitarte, 869 salaketa jarri dituzte Araban, haietako 807 Gasteizen; Gipuzkoan 1.384 egon dira denbora tarte berean (Donostian jarri dituzte haietako 800); Bizkaian, 2.878koa da salaketa kopurua eta 1.573 dira Bilbokoak. Nafarroan, urtea hasi zenetik, 702 salaketa aurkeztu dituzte, gehienak Iruñerrian, 462 alegia.

Tratu txar fisikoak jasan dituzte emakumeok, batez ere. Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, salaketen % 34 dira lesioengatik, eta % 8,3 tratu txar psikikoengatik. % 1, berriz, sexu askatasunaren kontrako erasoengatik jarri dituzte. Nafarroan, halaber, indarkeria fisikoak eragin ditu salaketa gehienak, % 47; kasuen % 13tan tratu txar fisikoak eta psikikoak nahasten dira, eta % 9,5etan tratu txar psikikoak dira. Sexu erasoak, berriz, ia % 6ra ailegatzen dira. Egoera hori kontuan hartuta, 1.646 emakumek dute egun Hego Euskal Herrian epaileek sinatutako babes aginduren bat.

Delitu horien biktima izan direnen artean, gaztetasuna azpimarratu du Azkarragak. Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan 26 eta 45 artekoak dira tratu txarrak jasan dituzten gehienak. Nafarroan, berriz, 25-29 adin tarteko emakumeak dira salaketen gehiengoa jarri dutenak. Datu hori nabarmendu du Nafarroako Gobernuko Barne kontseilari Javier Caballerok.

EMAKUMEEN ALDEKO NEURRIAK. Datuak mahai gainean, argi eta garbi erran du Azkarragak: «Emakumeen kontrako indarkeria egiturazko arazo nagusi bilakatu da gure gizartean». Hori dela eta, «gogoeta sakona egitea» eskatu du, «emakumeen eta gizonen rolek behar dituzten aldaketak izan ditzaten, berdintasuneranzko bidean».

Bere sailetik hainbat neurri iragarri ditu Azkarragak. Batetik, ezagutarazi du Eusko Jaurlaritza aztertzen ari dela bere burua kaltetu gisa aurkezteko aukera emakume bat hil edo larri zauritzen dutenean. «Neurri hori bideragarria ote den aztertzen ari gara. Erakunde guztiok nahiago genuke halakorik egin behar ez izatea, emakumeak babesteko neurrien porrota onartzea litzatekeelako, baina gauzak dauden bezala, baliteke ondorio positiboa eragitea auzibidean bertan, bai eta biktimaren senitartekoentzako laguntzan ere».

Bestetik, Justizia sailburuak aurreratu du laster hitzarmen berria sinatuko dutela Abokatuen Euskal Kontseiluarekin, epaitegian edo poliziaren etxean salaketa jarri aurretik emakumeek laguntza eta aholku zehatza jaso dezaten. Zerbitzu hori eskaini ahal izateko diruz lagunduko du Euskal Jaurlaritzak abokatuen erakundea.

Nafarroan, emakumeak babesteko neurrietan jarri dute indarra agintariek gaurko Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Neurri horien artean, Gobernuak azken aldian gehien nabarmendu duena ekarri du gogora Miguel Sanz presidenteak, emakumeei bizkartzaina jartzeko aukerarena alegia. Zerbitzu hori jada martxan da, Sanzek erran duenez. Segurtasun arrazoiengatik, ez du zehaztu zenbat emakumek duten bizkartzaina, baina aipatu du 300.000 euroko aurrekontua onartu duela jada Gobernuak zeregin horretarako.

Nafarroan 145 emakumek dute babesteko agindua. Haietako 25 Foruzaingoak duen alarma sistemarekin lotuta daude zuzenean. Sistema horri esker, sakelako telefonoaren edo GPSaren bidez harreman zuzena dute mehatxatutako emakumeek Foruzaingoaren egoitza nagusiarekin. Botoi bat sakatzea nahikoa da polizia etxean alarma pizteko.

Hori gertatzen denean, emakumeari eta erasotzaileari buruzko informazio guztia agertzen da foruzainen ordenagailuetan. Modu automatikoan, hurbilen dagoen polizia taldea joaten da emakumea babestera. Bere kabuz ezin badu erran non dagoen, GPSaren bidez jakin dezakete toki zehatza foruzainek.

LEGEBILTZARRAREN ADIERAZPENA. Nafarroako Parlamentuak astelehenean onartu zuen emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako adierazpena, eta, atzo, Eusko Legebiltzarrak egin zuen gauza bera.

Izaskun Bilbao Legebiltzarreko lehendakariak irakurri zuen agiria, osoko bileraren hasieran. Bilbaok beren kontrako indarkeriagatik euren herrietatik alde egin behar izan duten emakumeek asilo eskubidea badutela nabarmendu du Bilbaok. Espainiako Gobernuak Europako arauetara moldatu beharko du eskubide horri buruzko legea laster, eta genero arrazoiak kontuan hartzeko eskatu dio Legebiltzarrak.

No comments: