2006/11/02

> Erreportajea: Eskubideak > IPARRALDEA: ADOPZIO ESKUBIDE ESKE

  • Adopzio eskubide eske
  • Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako sexu bereko bikoteek norbanako gisa duten eskubidea bikote moduan aitortzea eskatu dute, eurek ere, legez, familia osatu ahal izateko.
  • Berria, 2006-11-02 # Aitor Renteria, Baiona
Egunerokoaren zurrunbiloaren harian, gutxik ematen diote garrantzia Irun eta Hendaia, Gipuzkoa eta Lapurdi lotzen dituen Santiagoko zubiaren xumetasunari. Kontrolik ez dagoenean, bederen, jendea aise pasatzen da batetik bertzera erosketak egitera edo aisialdia baliatzera. Baina zubiak bi mutur ditu, eta mutur bakoitzean bi estatuk, Frantziak eta Espainiak, lege ezberdinak dituzte. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako bikote homosexualei ezkontzea, haurrak adoptatzea eta intseminazio artifiziala egitea debekatzen die Frantziako legeak. Urruti dago Paris, eta legea zama handia da, zubiaren bertze aldean sexu bereko bikoteei aitortzen zaizkien eskubideei begira.

«Egoerak ez du zentzurik», dio Philippe Lacoste Miarritzeko gay, lesbiana eta transexualen elkarteko presidenteak. Lapurdin ezinezkoa dena Gipuzkoan zilegi izateak gogoa inarrosten die. Legearen aurka behin eta berriz borrokatzea baino aiseagoa da zubia zeharkatzea eta berriz itzultzea. Baina eskubideen arloan saihesbiderik ezin dela hobetsi dio Lacostek. «Presioa egin behar dugu, urratsez urrats aitzineratu, pertsona orori eskubide berak aitortu arte».

Sexu bereko bikoteek ez dute haurrik adoptatzeko eskubiderik, baina horrek ez du erran nahi saihesbiderik ez dagoenik. Norbanakoei adoptatzeko eskubidea aitortzen die legeak, 28 urte bete dituztelarik. Homosexualei ere eskubide hori aitortzen die legeak. Zirrikitu hori baliatzen dute haurrak adoptatzeko. Prozedura luzea da adopzioa, eta, kasu gehienetan, hiru urte inguru behar dira, bederen.

Anartean, adopzioa eskatzen duen pertsonaren azterketa egiten du Administrazioak, eta psikiatrek eta gizarte langileek hitzorduak jartzen dizkiote baimena eman aitzin. Bikotekidearekin bizi diren pertsonek itxura zaindu behar izaten dute, eta adopzioa eskatu ez duena Administrazioaren kontrolpetik aldentzen da prozedura martxan dagoen bitartean. Legearen arabera, sexu bereko pertsonak ezkongabeak dira, eta norbanako gisa egin dezakete bikote moduan ukatzen zaien urratsa.

2004an, urrats garrantzitsua
Legeak argi dio homosexualitatea ezin dela izan adopzioa ukatzeko arrazoi. 2005eko urtarrilaren 1ean plazaratu zen legea, baina ez da indarrean jarri. Adopzioa eskatu duen pertsonaren bikotekideak ez du eskubiderik haurrarengan. Sentimentalki zein materialki haurraren heziketan eta bizitzan parte hartzen badu ere, bikotekidea hil edo bananduz gero, ez du haurra atxikitzeko eskubiderik. 2004ko uztailaren 2an, auzitegiak urrats bat egin zuen, eta hiru alaba dituen emazte bikote bati eskubide hori aitortu zien, lehen aldiz. Hiru alabak intseminazio artifizialari esker ukan zituzten.

Emazte bikoteei ernaltze artifiziala ukatzen die Frantziako legeak. Arestian aipatu kasuak jurisprudentzia egin dezake, eta zirrikitu hori baliatu nahi dute gainerakoek. Izan ere, bi gurasoei aitortu diete guraso eginkizuna, eta ofizialki Frantziako sexu bereko lehen familia osatu dute. Gutxienez bi urtez jarraian elkarrekin bizi diren bikoteei intseminazio artifiziala egiteko eskubidea aitortzen die legeak. Orain artean, adopzio kasuan bezala, sexu bereko bikoteek iruzurra baliatu behar zutela dio Lacostek. «Familia laguntzak lortzeko, bikotekidea azaltzen da azkenean; Administrazioak begiak ixten ditu, horrek eskubide urraketa konponduko balu bezala».

Hauteskunde kanpainaren karietara, sexu bereko pertsonen eskubideen aldeko jarrera finka dezaten eskatuko diete alderdi politikoei. «Berdeak, komunistak eta PSF ezkontzaren eta adopzioaren aldeko urratsa egiteko prest daude; UDFk lotura zibila onartzen du, baina ezkontzarik ez; eta UMP ez da aho batez mintzatu».


«Ezkontza hitza baldin bada traba, egin dezatela hitzarmen zibil bat, ezkontzak ematen dituen eskubide berak aitortzen dituena, baina gizarte osoari begira, ez soilik sexu bereko pertsonei begira, hori, berez, diskriminazioa litzatekeelako». Bertze batzuek ez dute amore eman nahi, eta, edozein pertsonak bezala, ezkontzeko eskubidea lortzea dute helburu. Izan ere, adoptatzeko zein intseminazioa lortzeko gakoa da ezkontza. «Zeren arabera azalduko dute ez dugula familia bat osatzeko eskubiderik, dagoeneko familian bizi bagara?». Galdera airean utzi du Lacostek.

No comments: