2007/12/16

> Artikulua: Angel Erro > RENEE VIVIEN, SAFOREN IKASLE INGELESA

  • Renee Vivien, Saforen ikasle ingelesa
  • Bere lesbiana izaera literatur lanetan estalkirik gabe islatzen aitzindari izan zen Renee Vivien, zentzumenak eta horien alderdi erotikoa poesiara eraman zuen idazlea
  • Berria, 2007-12-16 # Angel Erro


XIX. mendera arte harreman lesbiarrez idazten bakarrak gizonezkoak izan ziren. Juvenal edo Baudelaire, Diderot edo Henry James. Maiz begirada fribolo eta voyeurismoz betea zen. XX. mende hasieran sortu ziren emakumezko idazle, poeta eta artisten lehenbiziko komunitateak, Londresen, Berlinen eta Parisen. Frantziako hiriburuan Renee Vivien, Natalie Clifford-Barney, Gertrude Stein eta Tamara de Lempicka zeuden, besteak beste. Londresen,Virginia Woolf, Radclylffe Hall eta Katherine Mansfield.


Emakume horiek zaila zuten beraien desirak idaztea, zenbaitetan behartuta sentitzen dira gai lesbiarrak hainbat modutan mozorrotzera: maitasun heterosexualeko istorio «ezberdinak» kontatuz (Willa Cather-en Nire Antonia), sexu aldaketen bidez (Virginia Woolfen Orlando), gizonezkoen arteko maitasun istorioak lantzen (Marguerite Yourcenar).
Edo izengoitiz baliatuta argitaratu behar zuten, Patricia Highsmithek egin behar izan zuen bezala. Hala izan zen, oro har, XX. mendeko bigarren erdira arte. Horregatik, deigarria da aurreko mendetik beretik Renee Vivienek bere lesbiana izatea horren argi eduki ez ezik, papereratu eta poemetaratu ere egin izana, inolako estalkirik erabili nahi izan gabe. Neurri handian aurrelari lana ere egiten, balentria horretan xahutu zuela esan ahal izateraino.


Lehen poema liburua, Études et Préludes, 1901ean agertu zen. Ordurako Londrestik Parisera aldatua zen, eta bertan bizimodu lesbiar irekia zeraman. Bi urte lehenago, Natalie Clifford Barneys idazle amerikarra ezagutu zuen eta, segituan maiteminduta, hasierako lanen musatzat hartu zuen. Baina Renee Vivienek lehen liburu horretan R. Vivien sinatu zuen, segituan Rene Vivien gizon izena hartu bazuen ere. Kritikariek laudatu egin zuten liburua, eta Baudelaire eta Verlaineren lanekin konparatu zuten. Bitartean, Renee bere burua prestatzen ari zen, jendaurrean agertzeko eta poema bildumaren autoretza aitortzeko. Hala egin izan zuenean, kritikak bizkarra eman zion eta garai hartako egunkari eta aldizkarietan berari buruzko trufak agertzen hasi ziren. Kritikariekiko harremanak ebatsi zituen zeharo. Un femme m'apparut nobelan prentsa gizonei zera die: «Ez hitz egin niri mirespen faltsuz, jakin-min gaiztoaren eta bizioaren arteko nahasketa aitorrezina baino ez delako. Eraso guztiak, irain guztiak nahiago ditut, mirespen horiek baino».


Zuen edertasun grinak eta adierazi behar erabatekoak talka egiten zuten garai hartako murruekin. Horrek Renee depresiora eta anorexiara eramango zuen. Zeukan izaerak ez zion onartzen bizitzarekiko edo gizartearekiko hitzarmenik egitea, eta 31 urte zituela hil zen, 1909an, suidizio saio baten eriondo ezaxolatuan. 50 urte geroago Natalie maitale ohiak bere memorietan idatziko zuenez, «ezin izango zen salbatu; haren bizitza buruhilketa luze bat izan zen».


PARIS
. Renee Vivien izengoitia zen, berez Pauline Mary Tarn zen. Ingalaterran sortu zen, 1877ko ekainaren 11n. Ama amerikarra eta aita ingelesa zituen. Parisen eta Londresen ikasi ondoren, 1899. urtean Parisera alde egitea erabaki zuen (hala nola literatur lana frantsesez ontzea ere), adinez nagusia izanez gero, aitak, hamar bat urte lehenago hildakoak, utzitako herentzia bereganatu ondoren. Han, Colette, Pierre Louys edo Liane de Pougy eta Natalie Barney ezagutu zituen; azken horrekin bat-bateko maitemintzea sentitu zuen. Natalie ere poeta zen, eta hasiera-hasieratik miretsi zuen Renee Vivienen talentua.


Zentzumenak eta horien alderdi erotikoa poesiarako berreskuratzen zituen, Baudelairek lehenago egin zuen modura. Poesia parnasianoa egiten zuen Vivienek, Verlaine baten musikalitatearen eta malgutasunaren jabe, baina Verlainerenean gehienbat erotismoa adierazten du, eta Vivienek, berriz, heriotzaren aurretik erakusten du gurikeria hori. Neurri batean, Renee Vivienek estetika zaharkitu bat darabil, ongi erabiltzen badu ere. Horregatik, Andre Gidek ez zuen frantses poesiaren bere antologian sartu nahi izan (bide batez, kritikari eskandalizatuen epaia berretsiz), aitzinsolasean adierazten duenez Renee Vivienen lan lirikoan ez delako aipatzea merezi duen ezer berririk. Baina sinbolisten zenbait irudi femenino bere egiteaz gain, irudi horiek benetan bizi izanaere ez bada nahikoa meritu, esan behar da haren poemetan tarteka aurkitzen direla sugar irrazionalista zenbait, harrigarriak, eta, oro har, leku guztietatik gainezka egiten duen grina bat, patu gisa ulertua, batzuetan loriatu egiten dena eta bestetan, patu ezin hartuzkoa den heinean, suntsitu egiten dena, bizitzaren aldeko pasio erabateko bat, gizartearen debekuek nola bideratu oztopatuz gero, heriotzaren pasioa bilakatuta.


SAFO 1900. Bizitza egitasmoa hark, beste eredurik ez zuenez, Saforengan finkatu behar zituen zutabeak. Renee Vivienek bere obran erreferentetzat hartzen du, baina ez bakarrik bere obran. Eta hor datza emakume honen ezaugarri nagusia. Bere bizitzara ere, puntuz puntu, eraman nahi izan zituen postulatu safikoak, eta are Saforen beraren bizitza ere. Hortik heldu da Safo 1900 izendura, Reneek gogotik onartu zuena, azken finean Safo fin de siècle bat gorpuztea izan zen bere egitasmo behinena.


1900ean, Natalie Clifford Barneyrekin batera greziera ikasten hasi zen. Natalierekiko harremana apurtu ondoren, berak jarraituko du ikasketekin. Poeta grekoaren itzulpen bat atondu zuen, eta Saforen egokitzapen asko egin zituen, modu askotara, zatiak hartuz, bertsio askearen bitartez, aipuen bitartez, eta abar.
1904an, Natalierekin berriro, Greziara joan eta Lesbosen eskola bat fundatzeko ideia zerabilen.

  • Lesbiana izatea aro viktoriarrean
  • Renee Vivien ingelesa zen, Natalie Clifford Barney amerikarra, eta biek Parisen egin zuten topo. Garai hartan Parisek ostatu ematen zien mundu osoko emakumezko idazleei
  • Berria, 2007-12-16 # A. Erro

Parisko saloi literarioetan, Renee eta Nataliez gain, besteak beste, Liane de Pougy, Anna de Noailles eta Colette elkartzen ziren. Frantses kritikariek beraien lanak preziatzen dituzte: «Emakumeen zintzotasunarekin lirismo zaporetsu, ausart bat sortu da, sentsualtasun zehatz eta xehe batez hornitua». Frantziako hiriburua irekitasunaren (edo dekadentzia moralaren) sinonimotzat hartzen zen puritanismoak estututako Ingalaterratik edo Estatu Batuetan. Ez da kasualitatea Oscar Wilde sodomiagatik ezarri zioten bi urteko kartzelaldiaren ondoren Parisera erretiratu izana, bertan hil arte. Aro viktoriarraren moral antonomasiaz zorrotz hark, Ingalaterran, gizonezkoen jarduera homosexualak delitutzat hartzen zituen. Izan ere, 1885eko Criminal Law Amendment Act-ek zigor latzak paratzen zizkien sodomitei; lege eransketa bat egin nahi izan zen lesbianismoa ere zigortu ahal izateko. Pasadizo ospetsua da Viktoria erreginak delako klausula hura atzera bota zuela, ez tolerantziagatik, baizik eta holakorik zegoenik ere ez zitzaiolako buruan sartzen.


XIX. mendean lesbianismoaz aritzeko espresio zabalduena inbertitu edo desbideratu sexuala zen. Zientziak berak hitz horiek erabiltzen zituen, XX. mendean homosexual kontzeptua hedatzen hasi zen arte. Batetik bestera aldea bada, eta ez soilik desbideratze nozioari darion kutsu moralistagatik. Freud iritsi arte, gai honi buruz aritzerakoan ez zen arreta ezartzen sexu bereko norbaitekiko desiran. Sexu desbideraketa rol jakin batzuetatiko urruntzeari baino ez zegokion. Rol horien arabera, irrika sexuala gizonezkoen ezaugarri esklusiboa zen (Felhing doktoreak zioen emakume batek sexu grina sentitzea patologikoa dela). Horiek hala, ez da harritzekoa Viktoria erreginak eta gizarte horretako kide gehienek lesbianak egon zitezkeenik ezin ulertua, zeren nola erakar zezaketen elkar bi izaki pasibok? Holakoa azaltzeko, logikaz, bietako baten inbertsioa behar zen, emakume haren nortasun sexualaren alderantzikapen osotzat ulertua, gizon rola bereganatu izana alegia. Perbertsioa gizon nortasuna garatu izatean datza, eta ez desira emakume batengan ezartzean (hori «ulergarria» delako «gizondu» den heinean).


Sexu rol horiek bizitzako arlo guztietara hedatzen ziren. Emakume perbertituek izan ohi zituzten ezaugarri maskulinoak zerrendatzen zituzten medikuek. Havelock Ellisek 1903ko Sexual inversion saiakeran dioenez, ilea ohi baino motzago daramate, txistuka dakite, beregainak izaten dira, edan eta batez ere erre egiten dute, ez soilik zigarretak, baita zigarroak ere, ez dira emanak edo ez dute gaitasunik etxeko arduretarako, eta kirola maite dute, besteak beste. Hola izanda, feministak eta sufragistak ere degeneratuen multzoan zeuden, askoren ustez.


Desbideratuak izatetik homosexualak izatera, eta hortik gay eta lesbiana autoizendatzera... Bide luzea egin da ehun urtean. Natalie Clifford Barneyk, Renee Vivienen maitaleak, aldaketa horietako asko ikusiko zituen bere bizitzan; 96 urterekin hil zen.


Virginia Woolfen zirkuluan ibiliak biak, Lytton Strachey margolariak John M. Keynes ekonomista itzaltsua izanen zenari 1906an idatzitako eskutitz batean idatzi zion: «Egia osoa esan behar dugu, eta egia osoa deabruzkoa da (...). Erokeria da pentsatzea andre zaharrei ulertarazten ahal diegula sentimendu hauek ongi daudela (...). Horretara jartzen bagara, esango nuke buruargitasun eta zuhurtziaz lor genezakeela. Baina zergatik beharko genuke lan hori gure gain hartu? Azken finean, uste dut gure unea hemendik ehun urtera iritsiko dela, kontua prestatu eta lotu ondoren, halako moldez ezen gure eskutitzak argitaratzeko orduan dagoeneko mundu guztia aldatua egonen den».


  • Lan zenbait
  • Poesia
  • Études et Préludes, 1901.
  • Évocations, 1903.
  • La Venus des Auvègles, 1904.
  • Chansons pour mon ombre, 1907.
  • Sillages, 1908.
  • Itzulpena eta iruzkinak
  • Sappho, 1903.
  • Eleberria
  • Une femme m'apparut..., 1904-1905.

2007/12/09

> Iritzia: Ramon Garaizar Olaizola > HIESA: KALTETUAK EZ DIRA KONTUAN HARTZEN

  • Hiesa: kaltetuak ez dira kontuan hartzen
  • Gara, 2007-12-09 # Ramon Garaizar Olaizola · Kale-garbitzailea

Aurreko hilean lagun bat hil zitzaidan, txikitako laguna. Badakizue, jolastu eta borrokatu. Gazteak ginela urrundu ginen bata bestearengandik; hobeto esanda, hitz batek urrundu gintuen: homofobiak, nahiz eta oraindik hitza eta esanahia ezagutu ere ez genuen egiten; ondorioak bai. Sexu-aukerak garrantzi handia zeukan 80ko hamarkadan eta arauz kanpo bizitzeak taldearen mespretxua eta kolpeak zekartzan.


Geroago, beste hitz ezezagun batek hurbildu gintuen, hiesak. Honen ondorioak ezagutu ez, baina pairatzen hasi ginen. Ospitalean elkar topatu genuen argal, zurbil eta, batez ere, beldurtuta. Hasierako lotsak pasatuta, txikitako maitasuna agertu zen berriro eta ordura arteko kontakizunetan jardun genuen.


Hil da nire laguna, eta amorrua sentitzen dut berarengatik eta tartean hil diren guztiengatik, ezagunak eta ezezagunak. Guztiek urratzen didate bihotza modu berean, nire egoera berriro ekartzen baitidate burura.


Eta duela astebete izan den Hiesaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, zer esan behar dut? Zer nahi duzue entzun? Prebentzio neurriak hartu behar ditugula? Instituzioek diru gehiago inbertitu behar dutela ikerketan? Asmatu dutela txerto, pilula edo ukendu zoragarria, salbatuko gaituena? Ezin dut, amorratuta nago eta. Ez bakarrik lagunak hil zaizkidalako edo nire egoeragatik, baizik eta hiesa geldiarazteko aukerak galdu ditugulako. Gazteek kutsatzen jarraitzen dute, agintariek benetako sentsibilizazio kanpainarik ez dutelako egiten; herri txirotuetan gero eta eragin handiagoa du birusak eta kaltetuek gero eta baliabide gutxiago. Hemengook sasiparadisu batean bizi gara kronifikazioa lortu dugulakoan eta Osasun-sistema publikoak aurpegi-kirurgia egiten digulako; hala ere, tantaka-tantaka jausten goaz...


Dirua badago, eta informazio nahikoa, baita mota guztiko espezialistak ere; beraz, zergatik ez da gelditu hiesaren goranzko joera? Nire ustez (amorratuta nagoela jakinda), kaltetuak ez dira inoiz kontuan hartu. Kanpainak kanpotik diseinatzen dituzte, nori zuzenduta dauden begiratu barik eta parte hartzea eragotziz. Arrakasta izateko berebiziko garrantzia du inplikatutako alde guztien parte hartzeak: gazteek euren behar izanak, emakumeek eurenak, eta horrela atalez atal hiesaren unibertsoa bete arte.


Hiesa ez da garbigarri bat, kanpainak kale eginez gero gutxiago salduko dena. Hemen kale eginez gero, jendea hil daiteke. Eta halaxe hil da nire laguna.

> Elkarrizketa: Cristina Garaizabal > "PROSTITUTEK ESKUBIDE LABORALAK BEHAR DITUZTE"

  • Cristina Garaizabal: "Prostitutek eskubide laboralak behar dituzte"
  • Argia, 2114. zenb, 2007-12-09 # Amets Arzallus

Psikologoaren kontsultara joan nintzen.
Eta psikologoa bere arazoak kontatzen hasi zitzaidan...


Irudika dezala jendeak, gizon bat adibidez, goiz batean pitilina barrura sarturik esnatzen dela, eta bere inguru guztia neska deitzen hasten zaiola, eta femenino tratatzen dutela, eta denak tematzen zaizkiola gonak jantzi ditzan. Edo alderantziz, pentsa emakume bat goiz batean esnatzen dela klitori handi batekin, eta jende guztia tematzen dela bizarra luzatzen utzi behar duela eta utzi behar duela. Sufrimendu horixe bera da transexualak bizi duena. Eta horrek oso gogorra behar du. Baina gizartea ez da kontziente. Bestela ez da ulergarria sexu aldaketa osasungintza publikoak ez ordaintzea.


Guri ikastolan labezomorro bihurtuta esnatzen den mutikoarena kontatu ziguten. Transexualitateaz ez zigun inork hitz egin.
Eskolan gai hauetaz gehiago ez hitz egitea dramatikoa da, eta jende askori sufrimendu handia dakarkio, bere burua arraro sentitzen duelako. Ez dira normalak ikusten, eta hori barne errepresio gogorra da, norbere buruari izatearen hegoak moztea, nolabait.


Psikologiak asko lagundu al dizu transexualitatea ulertzen?

Egia esan, transexualak ulertzeko, nik estudiatua nuen psikologia desegituratu gehiago egin behar izan dut horretan oinarritu baino. Baina ez dira teoria denak itsugarri eta trabagarri, badira psikologiaren munduan ere argia egiten lagundu didatenak, adibidez Judith Pavler.


Eta gizartea noiz hasi zen transexualak ulertzen? Baldin eta hasi bada behintzat...
Duela hogei urte arte transexualari mespretxu handiz begiratzen zitzaion, arraroak balira moduan. Non eta trabestiekin nahasten ez zirenean, normalena nahasketa egitea baitzen. Baina 1990eko hamarkadatik aurrera hasi zitzaien bidea errazten, batik bat Transexualia bezalako taldeei esker. Gizartean jendea horretaz hizketan hasi zen, eta telebistan ere bai. Kazetariek baliatu egin zuten gaia eta amarillismo handia ekarri zuten, programa merkezurretako gai bihurtu ziren, eta telebistara eramaten zituzten transexual prototipiko eta folklorikoenak. Alde batetik onuragarria zen telebista transexualitateari buruz hizketan hastea, baina bestetik oso modu zabarrean eta folklorikoan azaltzeak transexualen irudi faltsua sortu zuen, eta horrek min handia egin dio transexual askori. Nik kontsultan ikusi ahal izan dudanez, telebistako irudi horrekin nahastuko ote dituzten beldur, transexual asko ikaraz egoten da bere izaera azaltzeko.


Zuk sekula jarri duzu zalantzan zure genero identitatea?

Ez, sekula ez. Beti eduki izan dut garbi nire emakume izatea, baina horrek ez du esan nahi frankismoak bultzatzen zuen emakume tradizional izatea gustatuko litzaidakeenik, sekula ez naiz identifikatu emakume pasibo, zaintzaile eta ama izatera eta etxeko lanetara mugatutako horrekin. Gehiago ikusten dut nire burua feminitate eta maskulinitate arrastoen nahasketan, baina inoiz ez dut zalantzan jarri nire emakume izatea.


Zure orientazio sexuala bai.
Tira, nik uste dut hori oso modu naturalean gertatu zitzaidala. Nire lehen harremanak heterosexualak izan ziren, gizonezkoekin maitemindu nintzen, eta egia esan oso zoriontsu izan nintzen su horren indarrak iraun zuen arte. Baina egun batean emakume bat gustatzen hasi zitzaidan, eta hori zela medio Madrilgo lesbianen kolektibo feministan sartu nintzen. Hain zuzen, orduan ezagutu nituen transexualak. Lesbianen kolektibotik plataforma aldarrikatzaile bat egitea erabaki genuen, eta plataforma horretan ohartu ginen emakume transexualei buruz oso gutxi genekiela. Emakume transexualak esaten dut, garai hartan gizon transexualak nahiko ikusezin pasatzen zirelako. Madrilgo Transexualia kolektibora hurbildu ginen eta han hasi ginen transexualak ezagutzen. Beraien bizitzaz eta gertatzen zitzaien guztiaz interesatuz azkenerako lagun egin ginen. Mundu berri horrek feminismoaren zenbait zutabe nagusi kolokan jarri zituen nire baitan, ustez argiak eta garbiak nituenak buruan. Horietako bat genero nortasuna norberaren sexu biologikoaren araberakoa dela. Alegia, nortasun horren eraikuntzan anatomiaren bidea ez zela bide bakarra ikasi nuen.


Galdera filosofikoak datozkit: zenbateraino gara izaki naturalak? Zenbateraino izaki kulturalak?

Nik uste faktore askoren emaitza garela, eta gure genero identitatea, gure orientazio sexuala eta gure jarrera humano guztiak gidatzen dituen esku ikusezina, batetik elementu biologikoen gainean eraikitakoa da, eta gero elementu kulturalek janzten dute. Ezin dira ukatu pertsona bakoitzaren berezko bideak, bestela Aristoteleren dikotomiara itzuliko gara, gorputza eta arima bi izate bereizi eta holako lelokeriak. Bestalde, ezin daiteke kausalitate genetiko batera mugatu guztia, alegia jaio egiten garela homosexualak, edo jaio egiten garela emakume edo gizon. Nik uste dut ez dela hain sinplea gure istorioa, norbera aurre-bide biologiko batzuetatik etortzen da, baina gero inguruak, familiak, lagunek, kulturak, osatzen gaituzte humano bezala. Eta horrek denak markatzen du nola gure genero identitatea hala gure orientazio sexuala. Jarrera humanoek beti dute euren zati biologikoa eta euren zati kulturala.


Eta posible da dakargun zati biologikoa kulturaren presioz eta indarrez aldatzea?

Ez baitakit nik zein diren gure biologiaren bideak! Eta uste dut predisposizio biologikoei botatzen diegun begirada bera ere kulturala dela, beraz oso zaila da galdera horri erantzutea. Baina konbentzituta nago haur bat musikarako sekulako predisposizioarekin jaiotzen bada, biolina jotzeko sekulako senarekin, eta gero bere inguruan ez bada musikarik entzuten, eta ez bada biolinik existitzen, mutikoaren ezaugarriak oharkabean pasa eta ezabatzen joango direla. Inkontzienteki. Kontzienteki ezabatu nahi den guztia nik negatibotzat jotzen dut. Transexualen adibidearekin azalduko dizut. Nik transexual asko ezagutzen dut beraien transexualitatea deskubritzen dutenean, eta aldaketa prozesua hasten, kolpetik aurretikako urte eta gertaera guztiak ezabatu nahi dituena. Genital aldaketen ebakuntza berriz jaiotzea bezala ulertzen dute. Nik uste dut bizitzan behin bakarrik jaiotzen garela, errenkarnazioaren teoriak pisu zientifiko handiagoa hartzen ez duen arte bai, bederen. Beraz, zure bizitzari mugarri bat jarri eta mugarri horren aurreko esperientzia guztiak ezabatu nahi izatea zure zati bat zikiratzea da. Gizon jaio baldin bazara eta bizitzako etapa bat hala bizi izan baduzu gero emakume bihurtu aurretik, nik uste dut emakume bizitzarako balioko dizuten irakaspen on asko jaso zenitzakeela zure gizon bizitzatik.


Noiz jotzen du transexual batek psikologoarengana?
Asko beren aldaketa prozesu osoa egin eta gero etortzen da, eta nahi duen bakarra interbentzio kirurgikorako baimena da, hori psikologoak baino ez baitezake eman behin frogatu duenean pertsona hori transexuala dela. Baina bada jendea askoz lehenago, identitate krisia eduki eta beren genero nortasuna zein den argitu nahian etortzen dena ere.


Eta nola laguntzen zaio horri?

Bere desioa argitzen lagunduz, eta aukera erreal guztiak kontuan hartuz. Bada jendea ez dena maskulinitate eredu tradizionalarekin identifikatzen, eta hori dela eta krisi gogorrean sartzen dena. Halakoetan psikologoak pertsona horrek bere buruan dituen genero estereotipoak landu behar ditu, eta gizon eredu berria proposatu, ez da bortxaz transexuala. Beste kasu batzuetan aldiz krisi hori ez da eredu maskulino tradizionalean ezin kabitutik sortzen, emakume izan nahiaren ziurtasun handitik baizik. Elementu gakoa norberaren gorputza bizitzeko era da. Alegia, sexu aldaketa prozesua hasteko, eredu maskulinoarekiko sintonia falta maiz zehazten da gorputz biologikoaren ukazioarekin, eta fantasia azkenerako konbikzio bihurtzen da; biologiak emandako gorputza ez beste bat eduki nahia.


Noiz hasten zara zu pazienteari femeninoan edo maskulinoan hitz egiten?
Ikusten dudanean berak garbi daukala zerekin identifikatzen den.


Eta lehenago?
Lehenago saiatzen naiz neutro hitz egiten eta generoa ez markatzen. Eta beharrean, galdetu egiten diet ea zer duten nahiago.


Gaiz aldatuz, noiz eta nola hasi zinen prostituten eskubideen aldeko lanean?
Bartzelonan gerturatu nintzen lehen aldiz prostitutengana, 1982ko Munduko Futbol Txapelketan. Holakoetan beti gertatzen den bezala, hiriak garbi utzi nahi ziren atzerritar dirudunak etor zitezen, eta kalean lan egiten zuten prostituten kontra hasi ziren gogor. Garai hartan erasoen aurkako komisioan nengoen, eta Bartzelonako prostitutengana hurbildu ginen lagundu ote geniezaiekeen jakite aldera. Orduko gure diskurtsoa feminista gogorren diskurtso abolizionista klasikoa zen, nik ere hori aldarrikatzen nuen, prostituzioa abolitzea, “prostituzioari ez, prostitutei bai”. Arrazionalki pentsatzen hasten bazara kontrako eztarritik ere pasatzen ez den aldarrikapena, digeritu ezineko leloa, baina gu ustez emakumeen defentsan ari ginen. Kontsideratzen genuen emakumeari gerta ziezaiokeen gauzarik okerrena prostituzioa zela, eta prostitutak patriarkatuaren biktimak zirela. Ez genuen bista handirik, borondatea bai sobera. Baina ikusi egin behar zen gure hitzak entzun eta prostitutek nolako begiekin begiratzen gintuzten, galdetuz bezala: “Nondik atera ote dira moja xahar hauek?”.


Tira, mojen kolegioan ikasi zenuen, denak uzten du bere arrastoa.

Ai ene, nerabezaroan mojen kolegioa zen nigan errebeldia gehien sortzen zuena, batik bat han inposatzen zizkiguten normak: ilea libre bazeneraman bildu egin behar zenuen, gonak luzera jakin batekoa izan behar zuen, mezatara joan behar zen... Horiek dira nire haurtzarotik zapore mikatzenarekin oroitzen ditudanak. Batik bat sexu eta gorputz adierazpen osoaren errepresioa. Eta gero ikusirik psikologoa eta feminista bezala minorien askatasun sexualera bideratu naizela, garbi dago orduko ezin haietatik sortutako sentsibilitateak bizi nauela.


Tabua zen orduan sexualitatea?
Jakina. Garai hartan sexualitatearekin zerikusia zuen guztia erreprimitua zegoen, eta are gehiago emakumeen sexualitatearekin zerikusia zuena. Moral bikoitzak agintzen zuen. Gizonezkoek ezkutuan gogotik pasatako guztia egin zezaketen, baldin eta gero kontatzen ez bazuten, eta emakumezkoak ez gintuzten izaki sexualtzat hartzen, edo oso sexualitate gutxiko izakiak ginen, amatasunerako eta ezkontzeko jaioak, beste ezertarako ez.


Eta nola iritsi zinen pentsatzera sexua langai ere izan daitekeela?
1987an udalak prostituzioari buruzko jardunaldi batzuk antolatu zituen Madrilen eta bi prostituta italiar etorri ziren: Carla Corso eta Pia Covre. Feminista bezala han nintzen, eta beraien diskurtsoak, beraien jarrerak, presentziak, eta duintasunak, harritu eta txunditu egin ninduen, ahozabalik gelditu nintzen. Beraiekin harremanetan sartu ginen, eta beren bidetik Madrilgo Desengaño kalean lan egiten zuen prostituta bat ezagutu genuen, Puri, eta lagun egin. Transexualak ere ezagutu genituen, eta haietako batzuek prostituzioan egiten zuten lan. Pixkanaka mugimendu feministako beste kide batzuekin mundu horretara hurbiltzen joan ginen, eta prostituzioari buruzko beste ikuspegi bat hartu genuen. Horrela, 1995ean, Hetaira kolektiboa sortu genuen, prostituten eskubideen aldeko taldea. Ez zen gure helburua prostitutak birgizarteratzea –hitz itsusi hori erabili beharrak ere min ematen du–, baizik eta prostituzioan lanean jarraitu nahi zuenak baldintza hobeetan lan egiteko erreferentea eta babesa aurki zezala, bidelagun bat.


Alderdi politikoekin ere hitz egiten duzue, nolako erantzunak jasotzen dituzue?
Hetairakook beti pazientzia handiz jokatu dugu erabaki guneetan dauden taldeekin. Alderdi guztiekin eztabaidarako jarrera izan dugu beti, onar dezaten eta batik bat ken dezaten prostituzioaren gaiari buruz begitan duten zapi itsugarria, eta azken batean onar ditzaten prostitutak. Batez ere ezkerreko sektore osoarekin egin dugu lan eta urteak pasa eta gero egiten dugun balantzea ona da. Oroitzen dut lehen-lehenik CCOOrengana zuzendu ginela sostengua galdetzera, eta horra Madrilgo CCOOko idazkariak nola erantzun zigun: “Guk ezin dugu esklabutza sexuala legalizatzeko borrokatu”. Hori 1994an esan ziguten. Eta pentsa hamaika urte beranduago beraiek antolatu zituztela estatu mailako “Hiritarren eta sexuaren langileen eskubideak” izeneko jardunaldiak. Beraz uste dut borroka politikoan irabazten ari garela. PSOEri edo IUri dagokionez, duela zenbait urte, jarrera monolitikoak zituzten prostituzioarekiko: abolitzea, eta prostituzioa desagertzea. Momentu honetan badakigu gai horiekin barne eztabaidan daudela eta ikuspegi ezberdinak dituela barneko jendeak. Gaspar Llamazares bera ere aldeko zaigu, eta beraz badira IUn gure aldeko sektoreak.


Nolako eskubide laboralak exijitzen dituzue sexuaren langileentzat?

Lehenik eta behin borondatezko prostituzioa eta prostituzio behartua bereizi behar dira. Abiapuntua hori da. Lehenbizikoa legalizatu egin behar da, eta bigarrena borrokatu. Funtsean behartutako prostituzioan ari diren emakumeen kopurua esaten dena baino askoz ere txikiagoa da, baina existitzen dira, eta egoera izugarria bizi dute. Inork ez ditu babesten, eta lan hori estatuak egin beharko luke. Prostituten gehiengoari dagokionez, berriz, beste edozein langilek bezalako eskubide laboralak beharko lituzke. Baina lana sexu jarduna denez, eta pertsona baten sexualitatea tartean dagoenez, eskubide laboralek beregain hartu beharko lukete emakumeen autonomia eta askatasuna, beraiek erabakitzeko zein jardun sexual egin nahi duten, eta zein bezero onartzen duten. Zurrupada bat egitea ez baita gutun-azal batean seiluak jartzea bezalakoa.


Prostitutekin zuzenean nola lan egiten du Hetairak?
Madrilgo prostituzio zona historikoan lokala dugu, eta hara igotzen dira prostitutak informazio edo preserbatibo bila. Festak ere antolatzen ditugu, batik bat prostituten arteko elkargune izan daitezen, nolabait elkartasun hariak josten ere joan daitezen. Kaletik baino ez badira ezagutzen oso zaila dute harremana egitea, kalea oso gogorra baita, eta kaleko gatazkek nahiko harreman gaiztoa sortu ohi dute beraien artean. Bestetik badugu furgoneta bat, eta gauean prostituzio zonetara ateratzen gara. Atzeko zatia prestatua du, mahai txiki bat, eserlekuak, kafea eramaten dugu, denbora eskaintzen diegu eta preserbatiboak ere bai. Horrez gain, prostituzioari buruz edozein neurri berri ateratzen denean, beraiei berri emateko eta komentatzeko baliatzen dugu furgonetaren ibilia.


Nolako bizitza dute prostitutek?

Denetik dago, esate baterako gehiengo handi bat ama da. Bikote sentimentalak aurkitzeko zailtasunak izaten dituzte normalean, baina batzuek badituzte bikotekideak, eta beste edozein pertsonak bezain bizitza normala daramaten emakumeak dira gehienak. Badirudi prostituta pertsona berezia dela, eta prostitutak ez dira beraien sexuarekin lan egiten duten pertsonak baino. Nire bizitza ez dago markatua psikologoa izatearren, beste berrehun faktore gehiagok ere markatzen naute, eta prostitutak ere berdin. Baina arazoa da, eta guk hori borrokatzen dugu gehienbat, oso estigmatizatuak daudela. Autoafirmatzen hasten diren prostitutek lehenik hauxe esaten dute: “Ez naiz puta, puta lana egiten dut”.


Gizonekin ere egiten duzue lana?

Bai, gu hasieran gizonekin hasi ginen lanean. Eta kuriosoa da, prostituzio heterosexualean lan egiten duten mutilek ez dute emakumeek bezalako estigmarik sufritzen, are gehiago, kasu horietan estigma ez da mutilengan erortzen, baizik eta beraien zerbitzuak erosten dituzten emakumeengan. Uztar-ezinak dira nonbait emakumea eta sexualitatea, gizonezkoek egiten dutena eginda ere beti onartuko da. Beraz, prostituzioan ari diren mutikoak harro eta zoriontsu daude beraien gorputzaren edertasunetik eta hori ongi erabiltzen jakitetik soldata ateratzeaz. Aldiz, prostituzio homosexualera dedikatzen diren mutilen errealitatea ezberdina da. Eta hori ere kuriosoa da, mutil horiengan pisu handiagoa baitu homosexualaren estigmak prostitutu izatearenak baino. Alegia, sexualitate jarduna saltzeak ez dio jendeari inporta, homosexual izateak pisatzen du.


Feminismoaren korronte nagusienak oraindik ere prostituzioa debekatzeko eskatzen du. Zu Hetairako lehendakari izateaz gain feminista ere bazara.
Bai, feminista naiz, eta iaz sortutako Otras voces feministas koordinadorako kidea. Nazkatuak geunden herrialde honetan feminismoaren ahots ofizial hori entzuteaz, bai baitzirudien feminismo bakarra zegoela eta ez besterik. Nire ikuspuntutik nahiko zaharkitua dagoen feminismoa da hori, generoen arteko bereizketaren berrafirmazioan ainguratua gelditzen delako, eta gizonak estigmatizatzen ahalegintzen delako, beraiek izango balira bezala emakumeen opresioaren egoeraren kausa bakar eta esklusibo. Ahots hori izan da feminismoa gidatu duena genero bortizkeriaren aurkako borrokan, eta horrek eman dio bide legeari. Nire ustez, genero indarkeriaren aurkako legea beharrezkoa zen, baina gabezia handiak ditu. Gabeziak ditu behintzat sakoneko ikuskeran, bortizkeriaren kausa definitzerako orduan; genero bortizkeria emakumeekiko gizonezkoen dominioa dela dio, oxala hala izango balitz, pastilla txiki bat emango genieke, dominatu nahi duten gizonezkoak zikiratuko genituzke, eta arazoa akabo. Baina ikusi da arazoa askoz ere korapilatsuagoa dela, eta faktore asko sartzen dira jokoan, batetik maitasun harremanak ulertzeko modua, bestetik arazoak nola konpontzen diren, eta beste elementu asko ere bai. Gizonezkoen aurkako postura esklusibista duen eta prostituzioa kondenatzen duen feminismo horretaz nazkatuak geunden eta beste ildo hori sortu dugu. Uste dugu beharrezkoa dela oraindik ere feminismoa, baina feminismoak integratzaileagoa izan behar du, multilateralagoa, eta gizonezkoak ere konprometitu egin behar ditu berdintasun osoko egoera eta emakumeen benetako askatasun egoera lortzeko.


Askatasun bide horretan zenbat aurreratu da azken urteotan?

Emakumezkoak sartu dira lan soldatadunetan, oso kopuru altuan gainera, baina etxeko lanen banaketan, ia ez da deus ere aldatu. Nik uste berdintasun maskulino batera iritsi garela, alegia, emakumezkoek lehen gizonezkoenak ziren lan guztiak egin ditzakegu, oso ongi dago hori, baina gizonezkoak ez dira neurri berean sartu tradizionalki emakumezkoenak izan diren lanetara. Bide hori oraindik ere egiteko dago. Baina horretarako indarrean dagoena ez beste feminismo bat landu eta egin behar da.

  • Nortasun agiria
  • 1955eko ekainaren 5ean jaio zen Tuteran (Nafarroa). Laster aldatu ziren gurasoak Bartzelonara, eta Cristinak haurtzaroa, nerabezaroa eta gaztaroa Bartzelonan pasa zituen. Euskalduna baino gehiago kataluniarra sentitzen da. Psikologia ikasi zuen Bartzelonako unibertsitate zentralean, eta minoria sexualen eskubideen aldeko borrokan sutsu dihardu. Hetaira prostituten eskubideen aldeko elkarteko lehendakaria da. Duela hogei urte joan zen Madrilera psikologo.

> Berria: Telebista > GIZA ESKUBIDEAK AZTERGAI, ASTELEHENEKO "BI ERRIPEDEAN" SAIOAN

  • Giza eskubideak aztergai, asteleheneko "Bi Errepidean" saioan
  • Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, euskaldunek eta euskal instituzioek giza eskubideen alde zer egiten duten aztertuko du ETB-1eko saioak
  • EITB 24, 2007-12-09

Astelehen honetan, Urko Aristi eta Alex Sarduik aurkeztutako “Bi Errepidean” saioak, giza eskubideak izango ditu aztergai, gaueko 23:15ean, ETB-1en.


Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, euskaldunek eta euskal instituzoek eskubide hauen alde zer egiten duten erakutsiko da saioan, eta horretarako, sahararren eskubideen alde lan egiten duten herritarren eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria den Jon Mirena Landaren kasuak emango dituzte ezagutzera bi erreportariek.


Urko Aristik Tolosaldea Sahararekin elkarteak egiten duen lana erakutsiko du. Elkartean boluntario bezala aritzen den Gregorio Eizagirre leaburuarra eta bere familiarekin izango da Urko. Uda batean neskatila saharar bat hartu zuten etxean, eta orduz geroztik, Saharako herriaren eskubideen alde borrokan aritu dira. Tolosan bizi den familia saharar batekin ere egongo da eta, bide batez, sahararrek dituzten ohiturak ikasten saiatu da. Horretaz gain, sorterritik urrun bizitzearen oztopo, arazo eta sentimenduen inguruko testigantzak ere bilduko ditu, Abba izeneko 14 urteko mutiko saharar baten eskutik.


Alex Sarduik, bestalde, bidaia berezia egingo du Jon Mirena Landarekin batera. Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariak Lakuan egiten duen lana ezagutzeaz gain, Gernikara ere joango da, Giza Eskubideen eta Bake Hezkuntzaren Elkarte Foroaren lehen topaketara. Han UNICEF, Gernika Gogoratuz eta EHGAM elkarteetako ordezkariek, besteak beste, euskal herritarren eskubideen alde zer egiten duten argituko dute.

2007/12/06

> Iritzia: Koldobike Mujika / Sergio Iñiguez · Gehitu > POLITIKA LESBIARRAK

  • Politika lesbiarrak
  • Berria, 2007-12-06 # Koldobike Mujika / Segio Iñiguez · Gehitu-ko koordinatzaileak

Historia arakatuz gero, K.a. 593. urtera atzera egin eta Lesbos (emakume homosexualek, lesbianek, hortik hartzen dugu izena) greziar uhartera joanik, Safo (beste batzuek safikoak deitu digute) andre olerkaria eta literaturagilea aurkituko genuke, jakintza eta arte irakasle izan zena garaiko familia aberatsetako alabentzat sortu zuen eskolan.


Denboran atzera horrenbeste urrundu gabe, garrantzi eta balio handiko beste aurrekari batzuk aurki ditzakegu. XX. mendearen lehen erdialdeko Europan, besteak beste (aukeratu beharra dago, denak aipatzea ezinezkoa bailitzateke), ondokoak aurkitzen ditugun: Natalie Barney idazlea, Nazimova antzezlea, Eleanor Roosvelt, Flora Tristan idazle eta kazetaria, Jane Addams Nobel Sariduna, Virginia Wolf, Gertrude Stein. Emakume horiek beren ondare pertsonal txikia (gizonezko ahaideen onespenaz edo gizonezkoek onetsitako hitzarmenezko ezkontza heterosexualetan jasoa) artearen eta adiskide zirkuluetako beste emakumeen zerbitzura jarri zuten. Mezenas horiek Picasso, Cezanne, Gauguin, Matisse bezalako artistak hartzen zituzten benetako kultura gune ziren beren etxeetan.


Garai hartan, Amerika ez zen atzean gelditu, bertan baitzeuden Bostongo ezkontzak deiturikoak osatu zituzten andreak. Horien arteko bat nabarmenduko dugu: Mary Rozet Smith-ek eta Jane Addams 1935eko Nobel Saridunak osaturikoa, Gizarte Zientzien aitzindaria bigarrena, sufragista gailena eta gizarte egoera ahulekoen aldeko ekintzailea.


Ikusten dugunez asko dira lesbiar ospetsuak baina 50eko urteen hasiera arte itxaron beharko da lesbiana batzuek, beren errealitatea berresteaz gainera, lesbianek eta lesbianismoak gizarte ingurunearekiko duten harremana aldatzea plantea dezaten. Bilitisen Alabak dira horiek, beren ibilera Kalifornian abiarazi zutenak. Del Martin eta Phyllis Lyon izan ziren aitzindariak. Talde horrek gizonezko gayekin batera azterlan bat eragin zuen haren buru Evelyn Hooker jarri zelarik; horren ondorioz, Amerikako Psikiatria Elkarte entzutetsuak homosexualitatea buru eritasunen zerrendatik kanpo utzi zuen.


Espainiako estatuan diktadura urteak ziren, eta Ley de Vagos y Maleantes delakoak lehenbizi eta Ley de Peligrosidad Social delakoak gero (indarrean 1981 arte) gizonezko homosexualak zigortzen zituzten. Ez lege batean, ez bestean, ez zen lesbianismoaren aurkako aipamen berezirik egiten, nahiz ezagutzen den kasu batean emakume bati aplikatu zitzaion. Alabaina, kartzelak gizonezko homosexualez betetzen ziren bitartean, lesbianek erietxe psikiatrikoak betetzen zituzten, emakume horiek beren familiartekoek eta hurbileko jendeak aurkitu eta salatuak izan ondoren. Zaila izango da historia hori berreskuratzea, medikuntza artxiboen izaera dela eta. Ezin gaitezke irits erakunde horietako artxiboetara, baina grabaturik geratuko da betiko lesbiarren talde oroimenean.


30 urtetan errepresio legeetatik munduan alor honetan diren lege aurreratuenetako bat izatera pasatu gara, pertsona homosexualen ezkontzak eta aitatasuna/amatasuna pertsona heterosexualenekin parekatzen dituen neurrian. Lege hau 2005eko ekainaren 30ean onartu zen.


Gaur egun gay mugimenduak jauzi kualitatiboa egin du homosexualitatearen presentzia publikoari dagokionez, eta lesbianak non daude? Zer ari dira? Gay eta lesbianek lege eskubide berak ditugu: ezkondu gaitezke eta adoptatu dezakegu. Honaino berdin gaude gay eta lesbianak, baina talde berezi gisa dugun presentzia apala da. Kontu hau, gizonezko gayen aldean dugun ikusgaitasun eskasa, behin eta berriro agertzen da lesbianen kezkabideetan.


Erreferentzia publikorik eza da ikusenzintasunaren adierazle bat. Kontuak egin ditzagun: zenbat pertsona publikok adierazi dute gay direla eta lesbianak direla esan duten zenbat ezagutzen ditugu? Ez gara aldarrikatzen ari mundu guztiak zer den edo norekin oheratzen den adierazi beharra. Baina iruditeria kolektiboan oraindik pisu handia du mundu guztia heterosexula delako ustekizunak.


Dena den, pixkaka-pixkaka aurreratzen ari gara. Hemen ohartarazi beharra dugu, esaten ari garenaren adibide gisa, komunikabide guztietan (prentsa, irratia, telebista...) garaiko Gay, lesbiana, transexual eta bisexualen Federazioko buruak izan zuen presentzia, gay eta lesbianen ezkontzari atea ireki zion legearen parlamentuko eztabaidaren prozesu guztian. Presentzia horrek adore eta indarra eman zien lesbiana askori.


Nolanahi ere, hona gure buruari egiten diogun galdera: zergatik lesbiana ahots gutxiago entzuten dira? Zergatik ikusgai izatea, gure burua lesbianatzat ezagutaraztea zailagoa egiten zaigu? Erantzunak emakume izatearekin du zerikusia, zeren inongo egoeratan ez baita errazagoa emakume izatea gizona izatea baino. Eta lesbiana izateak zerikusi handia du emakume izatearekin. Emakumea, gaur egun oraindik, oso urrun dago gizonezkoaren erabat berdina izatetik, haren gizarte onarpena apalagoa da; gainera, mendeetan ostrazismora, isiltasunera, zigorrera eta erietxe psikiatrikora kondenatu den sexu joeraren kontua, eta, nolabait esan, duela egun batzuk argia ikusi eta gizartean bere lekua bilatzen hasi dela erantsiz gero, ulertu egin dezakegu lesbianen errealitate ikusezin hori.


Emakumeak maite eta desiratzen dituzten emakumeak direlako ideia gure buruetan integratuz joatea, errealitate hori bertakotu beharra eta bere lekua hartzea onarpen sozial berdineko egoeran, normaltasunez, beste errealitateekin batera: eginkizun horrek, jakitun gara, denbora behar du eta, batez ere, guztion, emakumezkoen eta gizonezkoen, ikusmoldea aldatzeko borondatea eskatzen du.


Zenbat emakume lesbiana publiko ezagutzen ditugun galdetzean, ez dugu erakuskeriagatik egiten, baizik eta badakigulako zein garrantzitsua den gizakiaren sozializazio prozesuan erreferentziak izatea, eta guk planteatzen duguna zera da, erreferentzia horiek askotarikoak izan behar dutela, errealitate guztiak hartu behar dituztela: lesbiana, gay, heterosexualak, berdintasunean, ezkutatu gabe, baztertu gabe, mespretxatu gabe. Horrela, belaunaldi berriei askatasun handiagoz eta, batez ere, duintasun handiagoz hazten lagunduko diegu.


Ikusgaitasuna ez da moda kontu bat, lehen mailako arazoa baizik: gizarteari normaltasun heterosexuala baino zerbait gehiago dagoela erakustea eta, ondorioz, eskubide osoko herritar gisa onartuak izatea.


Xede horretan, gaurtik etzira, Donostian, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikastegian, estatu osotik etorritako lesbianak bilduko gara, eta FELGTBk (Gay, Lesbiana, Transexual eta Bisexualen Estatuko Federazioa) sustaturiko Politika lesbiarrak III. Jardunaldiak egingo ditugu.


Inaugurazio ekitaldia Victoria Eugenia antzokian egitekoa da, gaur, iluntzeko 18:00etan.


Gure errealitate berezia aztertu eta hausnartuko duen topaketa honetan, besteak beste, ondoko gaiari ekingo diogu: berdintasuna lortzeko estrategiak, eta zehazki, berdintasunerako politika publikoetan nola jasotzen den lesbianen diskriminazioa aztertzea. Guretzat sexu joeraren erreferentziak jaso behar dituzte berdintasunerako politikek, orduan bihurtzen baitira lesbianak emakume. Lesbianak politika horietan sartzea herritarren eskubideei dagokien kontua da.

2007/12/01

> Berria: Hiesa > HIESA DUTEN 1.058 GAIXO ARTATZEN ARI DIRA NAFARROAN, ETA AURTEN BESTE 19 KASU IZAN DIRA

  • Hiesa duten 1.058 gaixo artatzen ari dira Nafarroan, eta aurten beste 19 kasu izan dira
  • Arrisku harremanen bat izan duen edonork birusa atzemateko proba berehala egiteko deia egin dute
  • Berria, 2007-12-01 # Erredakzioa · Iruñea

Hiesa Nafarroan «egonkortuta» dago. Hala adierazi zuen atzo Julio Solak, Nafarroako Ospitaleko infekzio gaixotasunen zerbitzuko buruak. Ospitale horretan artatzen dituzte Nafarroako hiesa gaixoak. Aurten, beste 19 kasu atzeman dituzte; aurreko urteetan antzeko zenbakiak izan ziren. Eta aurten, sei pertsona hil dira hiesa dela eta; 1994. urtean, adibidez, 62 pertsona hil ziren.


Egun, hiesak jotako 1.058 gaixo daude Nafarroan. Horietatik, 755ek jasotzen dute erretrobirusaren aurkako tratamendua. Julio Solak kutsatu berrien inguruko zenbait datu eman zituen, eta esplikatu zuen 2005eko erdialdetik gaur egun arte kutsatu diren 91 pertsonen erdia baino gehiago etorkinak zirela. Lau gaixoetatik hiru gizonezkoak dira. Azkenik, datuei dagokienez, Solak azpimarratu nahi izan zuen aurten ez dela haur jaioberririk kutsatu.


Kutsatzeko moduetan aldaketa izaten ari da: azken urteetako kasuetan gaixoak ohi baino zaharragoak dira, eta sexu bidez kutsatu dira. Dena dela, gaixo guztien artean, %67 xiringen bidez kutsatu ziren. Xiringei dagokienez, Nafarroako Botikarien Elkargoak atzo jakinarazi zuen 2006. urtean, 13.026 xiringa berri trukatu zituztela xiringa erabilien ordez. Eta hiesaren aurkako 37.808 kit eman zituzten.


Gaixoen tratamenduari dagokionez, Julio Solak erran zuen erretrobirusaren aurkako botikei esker gaixoen bizitza kalitatea «bertze hiritarren ia berdina» dela. Eta prebentzio neurriez adierazi zuen «betikoak» izaten segitzen dutela: «abstinentzia, fideltasuna eta preserbatiboa».


Kontzientziazioaren beharra
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hiesa duten 185 kasu berri atzeman zituzten iaz, eta uste dute aurten 150 inguru izanen direla. Jesus Estonba Gehituko kideak atzo adierazi zuen kontzientziazioa behar-beharrezkoa dela GIBaren detekzio berantiarrari aurre egite aldera.


«Birusarekin kutsatzen direnen %40ek ez dakite 5 eta 10 urte artean daramatzatela birusarekin», erran zuen Estonbak. «Eta diagnostikatzen dietenean, tratamenduaren eraginkortasuna txikiagoa da». Hori dela eta, hiesaren aurkako Gipuzkoako elkarte hiritarreko kide Asier Lekuonak dei egin zuen arrisku harremanen bat izan duen edonork GIB atzemateko proba egin dezan, lehenbailehen. Merkatuan badago ordu laurden batean birusa dagoen ala ez dioen proba. Gainera, Lekuonak salatu zuen birusa dutenek ezin dituztela zenbait herri bisitatu edo hipoteka bat sinatu.

> Komunikatuak: CESIDA > GIB+ DUINTASUNA, ELKARTASUNA ETA KONPROMISOA

  • GIB+ DUINTASUNA, ELKARTASUNA ETA KONPROMISOA
  • Hiesak/GIBak jotako pertsonen Oinarrizko Eskubideekiko Duintasuna, Elkartasuna eta Konpromisoaren alde
  • EHGAM-DOK, 2007-12-01 # CESIDA

Hiesaren Mundu Eguna berriro ospatuko dugu; 25 milioi pertsona baino gehiago hil eta 40 milioi pertsonari baino gehiagori eragiten dien 26 urte luzeko pandemia baten historia da, garatzeko bidean dauden herrialdeen errealitate sozial eta demografikoa bereziki eraldatu duena.


Tratamenduetan izandako aurrerapausoak mugarri bat dira mendebaldeko gizartean, horren froga dira bizi-kalitate eta bizi-iraupen handiagoak eta gaixotasunaren garapenaren atzerapena osasun artapen eta eskuragarritasun egokiak dauden lekuetan. Paradoxikoki, tratamendu hauek eskuratzeko ezintasunak handiagotzen du lehen munduko eta hirugarren munduko gizarteen arteko ezberdintasuna. Hiesak Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeetako bizi-itxaropenari eragiten dio, bertan biztanleriaren % 20 inguru kutsatuta baitago. Hiesaren ondorioz gertatzen diren 10 heriotzatik 7 lurralde honetan gertatzen dira, bertan tratamendua behar duten 5 pertsonatik batek bakarrik jasotzen duelako.


Tratamenduei esker hilkortasuna gutxitu dela egia bada ere, estatuan urtero 3.500 infekzio berri baino gehiago ematen direla kalkulatzen da, eta sexu bidezko transmisiozko infekzioak gora egiten dute, sexu jarduera seguruei buruzko adierazle kezkagarri bat. Urtean GIBa duten 1.500 pertsona inguru hiltzen dira, kausa nagusia hutsegite hepatikoa izanik. Hau gertatzen da kolektibo honek pairatzen duen C hepatitisaren birusaren infekzio tasa altuagatik eta hepatitis horrek duen garapen okerragoagatik.


Egungo egoerari, eta guztion harridurarako, diskriminazioak eta gaitzespenak jarraitzen dutela adierazten duten ikerketak gehitzen zaizkio. Gaixotasun honi buruz nabarmentzeko ezaugarririk baldin badago, berarekin daramatzan estigma eta aurreiritzia dira, neskato eta mutiko, emakume eta gizonen arteko diskriminazio sistematikoa sorraraziz.


Honek ezkutatzea sortzen du, eta pertsonen osasun egoerari negatiboki eragiten dio. Aurreiritziak eta beldurrak diagnosiaren atzerapenean ezinbestean eragin dezakete, eta infekzioaren hedapena ahalbidetzen dute. Ikasgaia ez da berria, mendeak dauzka, baina badirudi ez dugula gure iraganetik ikasten. Oro har, ageriko agertu diren pertsonen esperientzia positiboa izan da, eta honek adore handia eskatzen duen beharrezko gizarte aldaketa sustatzen du.


Tamalez, GIBaren eramaile izateak arazo larria izaten jarraitzen du lana lortzeko, askatasunez batetik bestera ibiltzeko, etxebizitza duina eta baliabide publikoak eskuratzeko, egoera are larriagotzen da arraza, jatorria, sexua edo bizimodua direla-eta egoera ahulagoan dauden pertsonak badira. Etorkinek, homosexualek, transexualek, presoek edo prostituzioan aritzen direnek, drogazaleek, pobreziaren menpe daudenek holako egoerak bizitzen dituzte.


Diskriminazio egoerak oraindik larriagoak dira emakumeen kasuan; GIBaren emakumezko eramailea izateak estigmatizazio, baztertze eta diskriminazio espezifiko egoerak piztu ditzake.


Nahiz azken urteotan eta GIB/Hies arloan Administrazio Publikoen laguntza ekonomikoa gehitu eta ekintza zehatzak hastea edo jarraitzea ahalbidetu, argi eta garbi dago oraindik ez dela nahikoa. Beharrezkoa da hura gehitzea, baita beharrezko bitartekoak sortzea edo berraztertzea ere, norabide honetako politikak eraginkorragoak eta espezifikoagoak izan daitezen gizartearen aurrean gaixotasunaren normalizazioa bideratzerakoan, GIBa duten pertsonek tratu ezberdinik ez jasateko, nahi den eta justizia sozialari begira beharrezkoa den gizarte aldaketa burutzen ezinbestean laguntzeko.


Egoera honek gizarteari eta bere arduradun politikoei mezu bat bidaltzeko eskatzen digu, non zera aldarrikatzen dugun:


  1. Osasunerako Heziketa eta Heziketa Afektibo-Sexuala eskola arloan Prebentzioko lehentasun gisa. Hezkuntza aldaketarako oinarrizko tresna da, hala nola, aurreiritziak desegiteko.
  2. Ezberdintasunik gabeko osasun artapenerako eskubidea, eta horretarako Osasun Sistemaren Kohesiorako Legea eraginkorra izatea, emakume eta gizon bakoitzaren beharrei egokitua, bizi den tokian bizi dela, emakumeen berezitasunetan eta baldintza berdintasunean arreta espezializatua jasotzeko euren eskubidean arreta jartzea; organo solidoen transplante beharra duten GIBdunek edota hepatitisaren birusak ere jota daudenek edozein hiritarrek bezala eskuragarri izan dezatela eta ezarritako protokoloak betetzea; GIBdunen aitatasun eta amatasun eskubidea eta laguntza bidezko ugalketarako eskubidea; lipodistrofia edo lipoatrofia kasuetarako kirurgia konpontzailea berdintasunez behar dutenei ailegatu dakien beharrezko mekanismoak eskuratzea eta eskaintzea.
  3. GIBa duten presontzat baldintza berdintasuna berariazko artapena jasotzerakoan: askatasuna ez edukitzeak ezin dio Osasun Sistema eskura izateko eskubideari kalte egin, gainera, euren gizarte edo osasun egoerak hala eskatzen badu, Kotizazio Gabeko Pentsioen prestazioak edo Gizarteratzeko Gutxieneko Errenta jasotzeko eskubidea errespetatu behar zaie.
  4. GIBa duten pertsonek lan egiteko eskubidea eta trebakuntza duina jasotzeko eskubidea daukate, euren behar eta interesei egokitua, euren egoeragatik estigmatizatuak eta baztertuak izan gabe. Horretarako, GIBak eragindako infekzioaren kalifikazioa aldatzea eskatzen dugu, “infekzio kutsakortzat” hartzetik “infekzio hedakortzat" hartzera igaro dadin. Hizkuntzari eta hitzei ematen diegun erabilera ez da hutsala, eta “infekzio kutsakorra” bezalako terminoen erabilerak oraindik gizarte artapeneko baliabideen eskuragarritasuna ukatzen du, oinarrizko eskubideak ageri-agerian eta behin eta berriro urratuz.
  5. Etorkinei bideraturiko politiken hobekuntza eta berrikuspena, prebentzio eta artapen arloan sartzea zaila duen kolektibotzat jotzen da, euren beharrak eta lehentasunak gehiago ezagutzen saiatzea eta protagonista diren ekintzetan hasieratik partaide egitea.
  6. Sentsibilizazio eta prebentzio publizitate-kanpainak sustatzea, gizarteari masiboki eragiten dioten beste gaixotasun batzuetan bezain sendoak eta aldizkakoak, arlo honetan lan egiten dugun erakundeak kontutan hartuta. Antzemandako bazterkeria soziala errotik ateratzen saiatzeko ekintza oso garrantzitsua litzatekeela uste dugu.
  7. Gaurkoa bezalako egun batean ez ditugu leku kaltetuenak ahazten, hots, pandemiak triskantzak egiten dituen lekuak eta osasun zerbitzuak eta tratamenduak eskuratzeak, kasu batzuetan, kimera bat izaten jarraitzen duen lekuak. Herrialde hauen alde Administrazio Publikoek egiten duten lana babesten dugu, eta ahaztu ez dadin saiatzen gara.
  8. GIBak eragindako infekzioaren diagnosi goiztiarra sustatzeko garrantzia adierazten dugu, tratamenduen eskuragarritasuna errazteko modua delako eta nork bere prebentzio estrategia eraginkorrak garatzea ahalbidetzeko tresna delako. Era berean, giza papilomako birusaren diagnosi goiztiarraren eskuragarritasuna ahalbidetzeko garrantzia azpimarratzen dugu, bai emakumeentzat, bai gizonentzat.
  9. Alderdi politiko guztiei, Estatuko, Autonomiako eta Tokian Tokiko Administrazio Publikoen arduradunei, ezberdintasun ideologikoen gainetik euren ahaleginak batzeko eskatzen diegu, euren lan plangintzetan estigma eta bazterkeria errotik ateratzeko estrategia zehatzak jorratu ditzatela eta GIB/Hiesak jotako pertsonentzako tratu egokiaren alde lan egin dezatela lan mundua eta osasuna bezalako arloetan, hauetan halako jarrerak gehiago islatzen baitira.

GIBdunen oinarrizko eskubideen babes eta prebentziorako herritar mugimenduaren lidergoa aldarrikatuz bukatzen dugu agiri hau, 2007ko kanpainan ONUSIDAk ezarritakoaren ildotik. GIB/Hiesaren arloan lan egiten dugun erakundeak prest gaude GIBdunentzat mesedegarria den lanarekin jarraitzeko, baita Duintasun, Elkartasun eta Konpromiso handiagoak aldarrikatzeko ere.


“GIBaren izurritetik jaso dugun ikasbide nagusienetariko bat da ezin dugula espero pertsonek, nahiz eta GIBa zabaltzeko moduak ezagutu, euren jokabiderik intimoena aldatzea euren burua eta besteak GIBetik babesteko. Era berean, ezin dugu espero GIBak jotako pertsonak duintasun, erruki edo errespetuz tratatuak izatea. Orain badakigu gehienbat alderantzizkoa dela, pertsonak trebatu eta lagundu behar ditugula izurritearen testuinguruan, bai birus bitarteko infekziotik edo berari lotutako estigma eta bazterkeriatik, bai Hiesari loturiko gaixotasun bat pairatzeko ondorio larrietatik euren burua eta besteak babestu ahal izan ditzaten.” Peter Piot Doktorea, ONUSIDAko Zuzendari Exekutiboa, 2006ko uztaila.

2007/11/30

> Berria: Ekitaldiak > BIHAR AMAITUKO DA ITSASONDOKO KULTUR ASTEA

  • Bihar amaituko da Itsasondoko kultur astea
  • El Diario Vasco, 2007-11-30 # Lander Muñagorri · DV · Itsasondo

Kultur astea ospatzen ari da aste honetan zehar Itsasondon. Egitarauaren barruan, asteartean, kontzentrazio bat burutu zen herriko enparantzan genero indarkeriaren aurkako eguna zela eta. Gaur bestalde, hiesaren kontrako eguna, Vulnerables dokumentala eskainiko da, eta honen ondoren Mikel Martin eta Julen Zabalak, EHGAMeko osasun batzordeko kideak hain zuzen, hitzaldi bat eskainiko dute. Honekin batera, hiesaren inguruko erakusketa bat egongo da jendea kontzientziatzeko asmoarekin. Gaur gaueko 9etatik aurrera, bestalde, kantu afaria egingo da elkartean; bertara inguratu nahi duenak, Lourdesen dendan eman beharko dute izena 25 euroren truke.


Bihar, arratsaldeko 4etatik aurrera herriko haurrentzat entretenimendua egongo da, haur tailerra antolatu baita bakoitzak bere sormena abian jartzeko. Margoak, harri edo kamiseten margotzea eta sukaldaritza tailerrak antolatu dira. Honekin batera, urtean zehar jostunek egindako lanen erakusketa egingo da. Azkenik, eta kultur asteari amaiera emateko, talo festa ospatuko da arratsaldeko 8etatik aurrera; bertan, herriko talogileak lanean ikusteko parada izango da, eta baita afari legea egiteko.

> Laburrak: Ekitaldiak > HIESARI BURUZKO SOLASALDIA EHGAM-EKIN

  • Hiesari buruzko solasaldia
  • Goierriko Hitza, 2007-11-30

Hiesaren nazioarteko egunaren atarian, gai honi buruzko ikusentzunezkoa eta hitzaldia izango dira ostiral arratsaldeko 19:00etan, Itsasondoko gazte lokalean. Aurrena, Vulnerables filma ikusiko dute; ondoren, EHGAMeko bi kiderekin solasaldia izango da.

2007/11/28

> Berria: Hiesa > LAGUNTZAK GELDITU DIRELA ESAN DU HIESAREN AURKAKO ARABAKO BATZORDEAK

  • Laguntzak gelditu direla esan du Hiesaren Aurkako Arabako Batzordeak
  • Berria, 2007-11-28 # Erredakzioa · Gasteiz

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioek hiesari aurre egiteko ematen dituzten diru laguntzak gelditu egin dira azken urteetan. Eta horrek gaitzari aurre egiteko «ekintza eraginkorragoak» abiatzea edo abiatutakoak jarraitzea oztopatzen du. Hala salatu du Hiesaren Aurkako Arabako Batzordeak, larunbateko Hiesaren Aurkako Nazioarteko Egunerako prestatu duen agirian. Izan ere, datorren larunbatean izango da Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna.


Hiesaren Aurkako Arabako Batzordeak eskatu du espetxeetan dauden GIBdunek kalean daudenen aukera eta baldintza berak izan ditzatela tratamendua jasotzeko. Abenduaren 1aren ostean elkartearen lehentasuna izango da hiesa, gaixotasun larriak edo sendaezinak dituzten presoak Langraizko espetxetik (Araba) ateratzea.


Batzordeak 17 artelanen enkantea egingo du hiesa dutenei laguntzeko dirua biltzeko.

2007/11/26

> Laburrak: Ekitaldiak > EHGAM-EK JAIA EGINGO DU IURRITAN

  • EHGAM-ek jaia egingo du Iurritan
  • Hiesaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira izango da
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-11-26

EHGAM erakundeak Iurritan jaia antolatu du abenduaren 1erako, Hiesaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira. Ibizatik eta Donostiatik etorritako DJ-ek jarriko dute musika 23:30etik aurrera Ugaldetxoko gune soziokulturalean.

> Berria: Indarkeria > GIPUZKOA: EMAKUMEAK PROSTITUZIORA BEHARTZEAGATIK ZAZPI LAGUN ATXILOTU DITUZTE EZKIO-ITSASOKO KLUB BATEAN

  • Emakumeak prostituziora behartzeagatik zazpi lagun atxilotu dituzte Ezkio-Itsasoko klub batean
  • Engainatuta ekarri eta klubetik irteten ez zietela uzten dio poliziak
  • Goierriko Hitza, 2007-11-26

Ezkio-Itsasoko klub batean emakumeak Brasildik engainatuta ekarri eta prostituziora behartzen zituztelakoan sare bateko zazpi kide atxilotu ditu Espainiako Poliziak. Zenbait emakume atzerritar egoera irregularrean zeudela atzeman dute, eta engainuen bidez prostituzioan aritzera behartzen zituztela adierazi. Guztira 10 dira atxilotuak, zazpi Ezkio-Itsason bertan, eta Donostian, Iruñean eta Quintana de la Serenan (Badajoz, Espainia) bana.


Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak gaur argitu duenez, Brasildik ekartzen zituen ustezko sareak emakumezkoak, lan munduan sartuko zituztela hitz emanda. Hala ere, prostituzioan aritzera behartzen zituzten behin helmugara iritsitakoan, bidaia-txartelaren balioa ordainaraziz. Ordaindu beharrekoa 6.000 eurora irits zitekeen, txartelaren berezko balioa baino hiru aldiz gehiago. Zenbait kasutan prostituzioko beste klub batzuetara "saltzen" zituzten emakumeak, "sareko arduradunei etekin ekonomikoa emateko helburu bakarrarekin", aipatu dute polizia iturriek. Ezkio-Itsasoko klubean egotera behartzen zituzten emakumeak, irteteko edo alde egiteko aukerarik utzi gabe.


Ikerketa irailean hasi zuen Espainiako Poliziak, Ezkio-Itsasoko klub batean emakumezkoak egoera irregularrean zeudela ikusita. Urrian antzeko egoera bizi izandako beste emakume batzuen testigantzekin identifikatu ahal izan zituzten sareko kideak. Atxilotutako hamar lagunetatik zazpik Espainiako hiritartasuna dute, bi argentinarrak dira eta beste bat brasildarra. Justiziak hiru lagun kartzelan sarrarazi ditu, lauri fidantzapeko askatasuna eman die, eta hiru kargurik gabe libre geratu dira.

2007/11/23

> Berria: Erakusketak > GEHITUK 10. URTEURRENEKO ERAKUSKETA ZABALDU DU

  • Gehituk 10. urteurreneko erakusketa zabaldu du
  • Irutxuloko Hitza, 2007-11-23

Gehitu Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Elkarteak hamar urte bete ditu aurten. Hori ospatzeko, erakusketa jarri dute Tabakaleran; bihartik abenduaren 8ra arte egongo da ikusgai. Besteak beste, bideoak, argazki historikoak eta berdintasunerako borrokan erabili dituzten sinboloak daude bertan. Hainbat ekitaldi ere egingo dituzte erakusketak iraun bitartean, Tabakaleran bertan. Esaterako, antzezlanak, musika emanaldiak edo Pirritx eta Porrotxen ikuskizun bat.

2007/11/20

> Berria: Hiesa > GIB BIRUSA DUTENEN %40 5-10 URTE EMATEN DITUZTE KUTSATUTA DAUDELA JAKIN GABE

  • GIB birusa dutenen %40k 5-10 urte ematen dituzte kutsatuta daudela jakin gabe
  • GIB-hiesaren diagnosi goiztiarra bultzatzeko, prebentzio kanpaina aurkeztu du Jaurlaritzak
  • Berria, 2007-11-20 # Maite Asensio · Bilbo

Giza immuno-eskasiaren birusaz (GIB) kutsatuta dauden erien %40k bost eta hamar urte artean ematen dituzte kutsatuta daudela jakin gabe. Seropositiboak artatzen dituzten osasun profesionalek kezka hori agertu dute: kutsatuta daudela ez dakiten pertsona asko joaten zaizkie, hiesa garatzen ari direla, eta sarri, beranduegi denean. Datua kezkagarria dela esan zuen atzo Jaurlaritzako Osasun sailburu Gabriel Inclanek, «gaixotasun horren ondorioz inork hil beharko ez lukeen une honetan».


Urtero GIBaz kutsatutako 150 kasu berri agertzen dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Joan den urtean 45 lagun hil ziren hiesak jota. Zifrak «ikaragarriak» dira, Inclanen ustez; izan ere, «badakigu zer egin behar dugun GIBaz ez kutsatzeko». Osasun Sailak emandako datuen arabera, GIBaren birusaz kutsatzen direnen %55ak sexu harreman heterosexualen bidez hartzen du, eta %25ak sexu harreman homosexualen bidez; %15ak, aldiz, kutsatuta daudenen xiringak erabiltzean hartzen dute birusa.


Edonola ere, birusaz kutsatu ostean ere, tratamendu egokien bidez, gaixotasunak aurrera egin dezan saihets daiteke. Hartara, giltzarria «diagnosia goiz egitea» dela azpimarratu zuen Inclanek. Beraz, birusaz kutsatzeko arriskuan egon direnak proba egitera adoretu zituen atzo sailburuak. Horretara bideratutako kanpaina bat abiatuko du Osasun Sailak gaurtik aurrera.


Hiesa prebenitzeko kanpainaren alderdirik ikusgarriena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jarriko dituzten kartelak izango dira. Arriskuan egon zara? GIB/Hiesaren proba egin eta zalantzak argitu leloarekin batera, informaziorako telefonoa agertuko dute. Estrategiaren bigarren ardatza, berriz, osasun sisteman bertan garatuko da. Lehen mailako harreran batez ere, medikuek eta erizainek ohitura eta harreman sexualei buruz galdetu beharko diete eriei, eta datuok historia klinikoan sartu. Hartara, profesionalentzako eskuliburua prestatu du Osasun Sailak.


GIB-hiesaren proba egin nahi dutenek, ohiko osasun zentrora jo dezakete. Lehen mailako harreran ere proba horiek egiten dituzte. Halaber, Bilbon, Donostian eta Gasteizen hiesaren proba izena eman gabe egiteko hiru kontsulta berezi daudela gogorarazi zuen Inclanek.


TEST AZKARRA. Azken urteotan, GIB-hiesaren diagnosiaren esparruan berrikuntza esanguratsua agertu da: test azkarra deiturikoa. Odol tanta bat testaren bandan jarriz gero, pertsona hori antigorputzen eramalea den edo ez adierazten du metodo horrek. Fidagarria izan dadin, jarduera arriskutsua gauzatu eta hiru hilabetera egin behar da proba. Emaitza ezezkoa baldin bada, kutsadurarik ez dagoela ziurta daiteke. Emaitza baiezkoa bada, aldiz, ohiko probak egin behar dira, diagnosia baieztatzeko.


Test azkarra ez dago botiketan eskuragarri, baina farmazietan saltzea bideratzeko asmoa azaldu zuen Inclanek. EAEn gobernuz kanpoko bi erakunde arduratzen dira test horiek banatu eta egiteaz: Arabako eta Bizkaiko Hiesaren aurkako Batzorde Hiritarrak.


GIB-hiesaren proba metodo horren bidez egiteak beste abantaila bat dakar sailburuaren ustez: osasun sistema ohiko proben emaitza hartzera joaten ez diren pertsonen ehunekoa murriztea. Izan ere, kutsatzeko arriskuan egon diren pertsona askok ez dituzte probak egiten emaitzaren beldur direlako, edo arriskuaren jabe ez direlako, Inclanen esanetan.

2007/11/08

> Elkarrizketa: Víctor Santamaría · Berdindu > "ORAINDIK ERE MARIKOI DA ESKOLETAN GEHIEN ERABILTZEN DUTEN IRAINA"

  • Victor Santamaria · Berdindu zerbitzuko arduraduna
  • «Oraindik ere 'marikoi' da eskoletan gehien erabiltzen duten iraina»
  • Gay, lesbiana, bisexual eta transexualei laguntzen jardun du Berdindu zerbitzuak bost urtez; gizarte, hezkuntza eta lan eremuetan diskriminazio handia dago oraindik.
  • Berria, 2007-11-08 # Maite Asensio · Bizkaia

Bost urte bete ditu Berdinduk, Lesbiana, Gay, Bisexual et a Transexualen Arretarako Euskal Zerbitzuak. 2002ko azarotik ia 4.000 lagun joan zaizkie informazio, laguntza edo aholku eske. Izan ere, talde horien eskubideak legez aitortu diren arren, homofobiaren aurkako lan handia egiteko dagoela uste du Victor Santamaria Berdinduren arduradunak.


Zein balantze egiten duzu bost urte hauetan egindago lanaz?

Oso ona. Urte hauetan, gay, lesbiana, bisexual eta transexualen kolektiboentzat oso onuragarriak izan dira hiru mugarri: 2003ko EAEko Izatezko Bikoteen Legea, 2005ean Espainian sexu bereko pertsonen ezkontzak legeztatu izana eta, azkenik, Espainian pertsonen sexuari buruzko erregistro-aipamenaren aldaketa onartu izana, aurten. Transexualentzat,aurrerapauso handia da genital ebakuntza egin gabe agirietan izena eta sexua aldatu ahal izatea. Hurrengo erronka da sexua aldatzeko ebakuntzak gizarte segurantzaren bidez egin ahal izatea.


Bost urteotan kontsulta kopurua murriztu egin da. Seinale ona al da?
Bai, oso seinale ona da. Kontsulta gehien aipatutako hiru gertakizunen garaian egin dira. Baina gay, lesbiana, bisexual eta transexualen legezko egoera hobetu egin den arren, oraindik lan handia dugu Berdindun, berdintasun legal hori berdintasun erreal bihurtzeko.


Gay, lesbiana, bisexual eta transexualekin lan egiten duzue. Zein dira talde bakoitzaren beharrizanak eta eskakizunak?

Gay, lesbiana eta bisexualen zalantza gehienak haurrak izateari buruzkoak izan dira batez ere: nola aurre egin ingurukoen presioari, nola esan gurasoei, nola adoptatu, ernalkuntza artifiziala nola egin emakumeen kasuan... Bisexualen auzia da konplexuena; guztia sailkatzen saiatzen garen honetan, bisexualen mundua sailkatzea oso zaila da. Transexualei dagokienez, laguntza psikologiko eta emozionala ematen diegu, eta agirietako sexu erregistroa aldatzeko laguntza juridikoa ere bai.


Transexualen taldea al da diskriminazio handiena jasaten duena, edo gizartearen aldetik ulermen gutxiena duena?
Bai, oso baztertuta daude, aurreiritzi asko dagoelako. Transexualitateak arazo fisikoa dakar, berez, osasun arazoa delako, eta hori onartzea oso zaila zaie eurei, gurasoei eta ingurukoei. Transformazio prozesua ere oso gogorra da, sufrimendu handia dakarkie. Prozesua ez da nahi duten bezain azkarra, eta erdibidean daudenean oso gaizki sentitzen dira. Baina amaierara arte heldu nahi dute, eurentzat sexu aldaketa askatasuna delako; bestela, eurei ez dagokien gorputz batean bizi behar dute.


Azken urteotan eztabaida publiko esanguratsua egon da, batez ere gay eta lesbianen joera sexuala eta eskubideak onartze aldera. Horiek desberdintzat hartzeko joera gainditu al da?

Oraindik ez. Ez da inoiz pertsona bat heterosexuala dela nabarmentzen, baina gay eta lesbianen berezitasuna euren joera sexuala da oraindik. Gainera, publiko egin diren kasuetan gizon asko dago, baina lesbianak itzalpean daude oraindik ere. Oso adierazgarria da: emakumeak baztertuta daude, emakume eta lesbiana izateagatik. Euren arazoa da oharkabean pasatzen direla, bi neska eskutik helduta ikustera ohituta gaudelako; ondorioz, lesbianak ikusezin bihurtzen dira. Transexualekin ere gertatzen da. Emakume batek gizon izan nahi duenean ez dago hain gaizki ikusita, gizonezkoa izatea emakumezkoa izatea baino hobea delako gizartean. Hori ez da transfobia, matxismoa baizik.


Emakumeez gain, diskriminazioa jasateko arriskuan dauden beste talde asko dago: nerabeak, landa guneetan bizi direnak, adinekoak... Zein da euren egoera?
Herrietan aniztasuna bizitzea zailagoa izan ohi da; hori dela eta, landa guneetan bizi diren gay, lesbiana, bisexual eta transexual askok hirietara emigratu behar izaten dute. Bertan askeago bizi daitezke, bizitza anonimoagoa da. Bestalde, adineko pertsonen egoera oso gogorra eta mingarria da. Diktadura garaian zehar errepresio itzela jasan zuten, eta haren ostean ere ez zitzaizkien euren eskubideak aitortu; askok eraso fisikoak jasan dituzte, salatzeko aukerarik gabe. Bizitza osoa erreprimituta eman dute, batzuek bizimodu heterosexuala ere egin dute, eta askok diote euren garaia iragan dela. Azkenik, nerabeek traba asko dituzte. Hona etorri nahi badute, esaterako, heldu batekin etorri behar dute. Hori arazo bat da, hain zuzen ere, euren joera sexuala etxean azaltzeko laguntza eskatzen digutelako askok.


Gay, lesbiana, bisexual edo transexual nerabeen %50ak familiaren arbuioa pairatzen du. Zer dela eta dute gurasoek jarrera hori?

Jarrera horrek egoera orokorra islatzen du. Eztabaida handia egon da, legeak egin dira... baina homosexualitatea edo transexualitatea besteengan baino ez dugu ondo ikusten. Guraso askok onartuta diot hori. Gainera, eskoletan jazarpen kasu asko dago horren ondorioz. Gai horren gainean egindako azterketen arabera, oraindik ere 'marikoi' da gaur egun eskoletan gehien erabiltzen duten iraina.


Lan eremuko diskriminazioa oharkabean pasatzen da oso leuna delako, baina esanguratsua da oraindik ere, ezta?
Bai. Gaur egun ezin dute pertsona bat kaleratu homosexuala edo transexuala izateagatik, debekatuta dagoelako. Baina, hain zuzen ere, hori da kaleratze askoren arrazoia. Gainera, enpresa pribatuek egiten diztuzten lan elkarrizketak oso pertsonalak izan daitezke, eta oso kontuan hartzen dute bizitza pribatuaz adierazten dena. Bestalde, ezkondu diren gay eta lesbiana askok ezin izan dituzte eztei bidaia egiteko egunak hartu, ez direlako lantokian ezkontzaren berri ematera ausartu. Helduek adingabeekin lan egiten duten arloetan ere oso argi ikusten da homofobia, pedofiliarekin lotzen dutelako. Izugarria da. Horregatik, taldeon zoritxarrerako, Berdinduk luzaroan jarraituko du, legeen alorrean ia dena lortu den arren, gizartean lan handia eta zaila egin behar delako.

> Berria: Sexualitatea > DULCE TENTACION, SEXUAREN TENTAZIOAK

  • Sexuaren tentazioak
  • Dulce Tentacion emakumeentzako denda erotikoa zabaldu dute Donostian
  • Berria, 2007-11-08 # Ainara Arratibel · Donostia

Dulce Tentacion. Gozotegi baten izena dirudi, baina ez. Donostian ireki berri duten emakumeentzako denda erotikoaren izena da. Bakarrik zein bikotekidearekin era dibertigarri batean sexuaz eta erotikaz gozatzeko behar den oro topatuko dute han emakumeek: linjeria, kontsolagailuak, bibra-doreak, mahai jolasak... Nork egingo die muzin sexuaren tentazioei?


Errenterian (Gipuzkoa) duten dendaren arrakasta ikusita, Donostian bi denda zabaldu dituzte Dulce Tentacioneko jabeek: Parte Zaharreko Narrika kalean bata eta Groseko Miracruz kalean bestea. «Horren beharra zegoela iruditzen zitzaigun», dio Narrikako dendako saltzaile Edurne Montesek.


Garai batean denda erotikoak leku ilunak izaten ziren. Orain, ordea, kolorez eta argiz beteta daude. Apaletan dauden objektuek ematen diote neurri batean kolore hori.


Sartu eta eskuinera barruko arroparen atala dago: «Eskaintzarik zabalena arlo horretan dugu». Bodyak, kortseak, ohe atorrak, bularretakoak, kuleroak... Denetik aurki daiteke han. Zein baino zein erakargarriagoa, gainera.


Bibradoreak eta kontsolagailuak daude ondoan. «Oraindik ere lotsa apur bat ematen die emakumeei halakoak erostea». Erosten dutenek, ordea, ez dute kexatzeko arazorik izango. Izan ere, aukera gero eta handiagoa da. Sakelakora konektatzen den bibradorea da produktu berriena: «Emakumeak baginan sartu eta, piztuta edukiz gero, mezu edota dei bat jasotzen duen aldiro bibrazioa antzemango du». Urrutiko kontrol bidez funtzionatzen dutenak ere badira.


Kontsolagailuen kasuan, betiko moldeei eusten diote. Zakilaren edota behatzaren forma dute gehienek. Hori bai, neurri, kolore, erritmo eta estilo askotarikoak dituzte. Garai batean ez bezala, egun gehienak urarekin garbi daitezke: «Dena den, badago horiek garbitzeko produktu bat. Guk noizean behin hori erabiltzera aholkatzen dugu jendea».


Horiekin batera, bola txinatarrak dira gehien saltzen dituztenak. Plazererako ez ezik, bagina ingurua indartzeko ere erabiltzen dituzte bola horiek emakumeek: «Haurdunaldiaren ostean erabiltzeko oso aproposak dira, erditzearen ostean oso sentibera egoten baita inguru hori».


Baina, bakarka gozatzeko objektuak ez ezik, taldean zein bikotearekin sexuaz eta erotikaz gozatzekoak ere badituzte. Horien artean mahai jokoak dira ugarienak. Exxxcitacion (Kitzikapena), Pacto de Amor (Amodio Ituna), Pasion Play (Pasioaren jolasa) eta gisa horretako izenburuek argi eta garbi azaltzen dute zertarako diren joko horiek. Dena den, Montesek horri buruzko argibideak eman nahi izan ditu. «Sexu grina pizteko eta une dibertigarriak igarotzeko dira horiek guztiak».


Arrakasta handiena duten jokoetako bat Pasion play da: «Merkatuko joko erotiko osoena da». Bikotekidearekin pasiozko gaua igarotzeko osagai guztiak ditu: kontsolagailua, zaporea duten kondoiak, eskuburdinak, lubrifikatzailea, bola txinatarrak eta ezpainetako bat. Horiek baliatuta, jokoak proposatzen dituen proba dibertigarri eta bihurriak egin beharko ditu bikoteak: «Oso aproposa da egunerokotasuna alde batera utzi eta harremanari bizigarri bat eman nahi dioten bikoteentzat».


Jan daitezkeen olioak, zaporea duten lubrifikatzaileak, antisorgailuak eta mozorroak ere saltzen dituzte. Produktu erotikoen eskaintza, gainera, gero eta zabalagoa da: «Egunero merkaturatzen dira gauza berriak eta dibertigarriak. Oso zaila da denak ezagutzea. Askotan bezeroek eurek ematen digute horien berri».


Ezkondu aurreko agurrak ere antolatzen dituzte: «Arlo horretan agentzia bat bezala funtzionatzen dugu. Bezeroa etorri eta guk dena antolatzen diogu. Horretarako akordioak ditugu hainbat jatetxe, ostatu, landa etxe eta astialdi enpresarekin».


SAREKO MERKATUA.
Gero eta gutxiago diren arren, oraindik badira halako dendetara sartzeko lotsatzen direnak. Haiengan ere pentsatu dute, eta, horretarako, www.dulcetentaciones.es webgunea sortu dute. Atari horretan sartuz gero, dendan eros daitezkeen produktuak kontsulta daitezke. Behin hori eginda, on-line denda atalean sartu eta erosteko aukera izango da: «Zerbitzu hori indartzeko asmoa dugu, gainera, etorkizunean». Helbide elektronikoa ere badute -partevieja@dulcetentacion.es-, kontsultak egin ahal izateko.

> Berria: Aniztasuna > "FAMILIAK MILA KOLORE" EUSKARRI BERRIETARA ERAMAN DUTE PIRRITX ETA PORROTXEK

  • 'Familiak mila kolore' euskarri berrietara eraman dute Pirritx eta Porrotxek
  • Bina CD-Rom eta puzzletan bildu dituzte ipuinak, material osagarri ugarirekin batera
  • El Diario Vasco, 2007-11-08 # N. Azurmendi · DV · Donostia

«Pailazoak gara, baina gizarte honetan bizi gara». Argi daukate hori Pirritxek eta Porrotxek eta, horrexegatik, garai batean «arraroa» izan arren gizartean gero eta ohikoagoa den familia aniztasuna islatu nahi izan dute atzo amaitutzat eman zuten Familiak Milakore proiektuan. Mitxel Muruak idatzitako sei liburutan gauzatu den proiektua bukatutzat eman bazuten ere pailazoek eta duela lau urte abiatu zen ekimenean bidelagun izan dituzten elkarteek, ez ziren esku hutsik azaldu agur-ekitaldira. Aitzitik, eskuak bete nobedade agertu ziren Pirritx, Porrotx, Mari Motots, Mitxel Murua eta Ume Alaia (adopzioa), Beroa (harrera-familiak), Gehitu (homosexual eta lesbianen elkartea) eta Agipase (guraso bananduen elkartea) elkarteetako ordezkariak.

CD-Romak eta puzzleak
Elkarrekin eta neska-mutiko ugari tartean zirela aurkeztu zituzten proiektuari atxikitako azken euskarriak: bi CD-Rom eta beste horrenbeste puzzle. Hiru urtetik aurrerako haurrei zuzendutako CD-Romek osagai ugari dituzte: eskolan erabiltzeko egokia izan daitekeen bideoa eta bideoklip bana (Mari Motots eta Maite Zaitut, hurrenez hurren); hiruna ipuin bizidun, liburuetako marrazkiekin (CD batean Arrantzan, Herriko postariak eta Gorka konpontzailea; bestean Nerearen argazki-albuma, Tiderrekin tea hartzen eta Agur, Pakito!); jokoak (margotzekoak, labirintoak, puzzleak, memoria-jokoa eta idazketa-txokoa) eta musika (zortzi kanta, aukeran), jolasten edo ipuinak ikusi bitartean entzuteko. Elkarrek argitaratu ditu CD-Romak, eta 25 eurotan saltzen da bakoitza.


Proiektua itxitzat jo badaiteke ere, elkarlanerako espiritua ez zaie itzali parte-hartzaileei. Eta hasierako aldarrikapenari eusten diote, irmo; «Era askotako familiak daude, eta guretzat denak dira familiak, maitasunak lotzen dituelako, eta maitasuna delako familiak egiten dituena, odolezko loturen gainetik, aurrejuzgu moral, sozial edo bestelako kontsiderazioen gainetik».

> Berria: Aniztasuna > FAMILIA EREDUEN INGURUKO PROIEKTUA BI CD-ROMEKIN BURUTU DUTE PIRRITX ETA PORROTXEK

  • Familia ereduen inguruko proiektua bi CD-ROMekin burutu dute Pirritxek eta Porrotxek
  • Bi CD-ROM plazaratuta, burutu dute Pirritx eta Porrotx pailazoek orain dela lau bat urte abiatu zuten «Familiak milakolore» proiektua. Familia eredu desberdinak egon badaudela islatzea du helburu.
  • Gara, 2007-11-08 # Martin Anso · Donostia

Gaur egun, oso normala da ikasgela berean aurkitzea, aitak, amak eta seme-alabek osatutako familia tradizional batean bizi den haurraren ondoan, banandu diren gurasoen haurra, edo adopzioan hartutako bat, edo kanpotik etorritako bat, edo amarekin bakarrik bizi den bat; bi ama edo bi aita dituzten haurrak topatzea ere gero eta ohikoagoa izango da. «Odolezko loturen gainetik, aurreiritzi moral, sozial edo bestelako kontsiderazioen gainetik, horiek guztiek, eredu tradizionalari jarraitzen ez badiote ere, familia dira, maitasunak lotzen dituelako», adierazi zuen atzo Mitxel Murua idazleak. «Elkar maite dute, beraz, familiak osatzen dituzte», berretsi zuen Jose Mari Agirretxe «Porrotx»ek.


Gero eta ohikoagoak diren familia eredu desberdinak haurrei jolasen bidez, naturaltasunez, bereganatzen laguntzeko abiatu zen orain dela lau bat urte «Familiak milakalore» proiektua. Sortzaileak Elkar argitaletxea eta Pirritx eta Porrotx izan ziren, alde batetik, eta, bestetik, Ume Alaia (adoptatutako haurren gurasoen elkartea), Beroa (harreran hartutakoena), Gehitu (homesexual eta lesbianenena) eta Agipase (guraso bananduena).


Elkarlan horren lehen emaitza sei ipuin izan ziren. Gero, karta-joko bat ere plazaratu zuten, eta orain, proiektua (mementoz, behintzat) burutzeko, bi CD-ROM argitaratu dituzte. CDok lehengo ipuinak biltzen dituzte, baina, informatikak ematen dituen baliabideak aprobetxatuz, animatuta eta ahotsekin.


Bideo pedagogikoak ere gehitu dituzte eta, gainera, haurrek musika entzuteko, margotzeko, labirintoan sartzeko edota puzzleak osatzeko aukera ere izango dute.


Elkarlanaren ondorio
CDak elkarlanaren ondorio direla eta berauetan pertsona askok hartu dutela parte espresuki adierazi zuen Porrotxek. Esaterako, Dedo Multimedia arduratu da informatikaz; Julen Tokero, marrazkiez; Eduardo Galardi, bideoez, eta Arantxa Iturbe narrazioaz. Landaberri Antzerki Eskolako haurrak eta Ordiziako, Idiazabalgo eta Zaldibiako musika eskoletakoak ere aritu dira.


Inplikatu diren elkarteak gogoan, «proiektu honi esker asko ikasi dugu», nabarmendu zuen Aiora Zulaika «Pirritx»ek. «Lau urte hauetan -jarraitu zuen Porrotxek- elkar ezagutu dugu, elkarrekin lan egin dugu eta elkar maitatzen ere bukatu dugu. Ezjakintasuna da aurrerabideak, progresoak, askatasunak eta aniztasunak duten etsairik handiena. Guk elkar ezagutu eta elkar maitatzen bukatu dugun bezala, seguru asko gaur egun ezjakintasunean bizi den jende askok, familia eredu desberdinak egon badaudela ezagututa, eredu horiek onartzen eta maitatzen bukatuko dute. Bide horretan urrats bat egin nahi izan dugu proiektu honen bitartez».


«Familiak milakolore» sustatu duten elkarteen izenean, Koldobike Mujikak «bihotz-bihotzetik» eskerrak eman zizkien proiektua gauzatzea ahalbidetu duten guztiei. «Familia tradizionalean bizi ez diren haurrek ere elkartasuna, errespetua eta duintasuna merezi eta behar dituzte. Proiektu aitzindari honek hori guztia sustatzen du, eta denon onerako da, inor ez baztertzea denon onerako delako», nabarmendu zuen.

2007/11/06

> Berria: Zerbitzuak > GAY, LESBIANA, BISEXUAL ETA TRANSEXUALEN ERDIEK FAMILIAREN ARBUIOA PAIRATZEN DUTE

  • Gay, lesbiana, bisexual eta transexualen erdiek familiaren arbuioa pairatzen dute
  • «Berdintasun erreala» lortu nahi du Berdinduk, gay, lesbiana, transexual eta bisexualentzako zerbitzuak
  • Berria, 2007-11-06 # Maite Asensio · Bilbo

Nerabe gay, lesbiana, bisexual eta transexualen erdiek familiaren arbuioa pairatzen dute, Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren hitzetan. Duela bost urtetik, Berdindu Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transexualen Arretarako Euskal Zerbitzua martxan jarri zenetik, pertsona horiek «berdintasun legala» lortu dute; ez, ordea, «berdintasun erreala». Hori da, hain zuzen, Berdinduren oraingo erronka: guztizko berdintasuna lortzea, gizartean eta lan eremuan batez ere.


Oraindik ere gay, lesbiana, bisexual eta transexualen aurkako diskriminazioa badagoela nabarmendu zuen Madrazok atzoko agerraldian. Bazterketa hori jasaten duten taldeen artean, nerabeak azpimarratu zituen sailburuak: «Arreta berezia eman behar zaie, nerabezaroak berez dakartzan arazoez gain euren joera sexualagatik ere presio sozial handia jasaten dutelako. Familien arbuioa eta eraso fisiko zein ahozkoak jasaten dituzte, eta hortik datoz bullying kasu asko».


Emakumeek ere «diskriminazio bikoitza» pairatzen dute, «emakume eta lesbiana diren aldetik». Halaber, adinduek euren sexualitatea garatzeko dituzten arazoak aipatu zituen sailburuak, baita landa guneetan zein lan eremuan gertatzen den diskriminazioa ere. Berdinduk arlo horietan jarriko du arreta datozen urteetako jardunean.


HAINBAT BEHARRIZANEN ERANTZUN.
2003ko azaroan abiatu zen Berdindu, gay, lesbiana, bisexual eta transexualei informazioa, laguntza eta aholkularitza emateko asmoz. Lehenbiziko bost urteetan, 3.985 kontsulta jaso ditu, baina galdegileen inguruko ia 10.000 pertsonak erabili dituzte zerbitzuok. Kontsulten erdiak informazioa eskatzeko egin dira, baina bestelako beharrizanei ere erantzun die Berdinduk: joera sexuala bere egiteko eta ingurukoei komunikatzeko laguntza emozionala eman, eraso homofoboen aurkako aholkularitza juridikoa eman, antzeko arazoak dituztenekin biltzeko sozializazio eskaerak egin...


Halaber, 2005etik, Hego Euskal Herriko gay eta lesbianei ezkontzeko eta haurrak adoptatzeko eskubidea onartu zitzaienetik, nazioarteko adopzio baten eta hamar koadopzio prozesuren (bikotekide batek bestearen semea edo alaba adoptatzea) izapideetan parte hartu du Berdinduk. Bestalde, bederatzi transexuali nortasun agiriko izena eta sexua aldatzen lagundu die zerbitzuak.

2007/11/03

> Argitalpenak: De Profundis > MINAREN SAKONETIK

  • De Profundis / Oscar Wilde (Aitor Arana) / Txalaparta, 2007
  • Minaren sakonetik
  • Gara, 2007-11-03 # Ion Olano

“Ikusten duzu zure bizitza idatzi beharra dudala zuretzat, eta hori ulertu beharra duzu. Lau urte baino gehiago dira elkar ezagutzen dugula. Denbora horren erdia elkarrekin igaro dugu; beste erdia presondegian eman behar izan dut gure adiskidetasunaren ondorioz”. Aitor dut: Wildek erraz utzi dit estreinakoa. Irakurri ondoren besarkatzeko moduko liburua baita De Profundis. Has nadin, bide batez, Aitor Arana itzultzailearen lana txalotuz, Oscar Wilderen (1854-1900) hitzen dotoreria eta atsegin bizia euskarara ederki ekartzeagatik.


Sarrerako “zu” Lord Alfred Douglas (1870-1945) zen, Wilderen lagun eta amorante gaztea, De Profundis den gutun luzearen hartzailea. Harekiko harremanagatik amaitu zuen Wildek giltzapean. Izan ere, Douglasen aitak sodomia egotzi zion Wilderi, eta bi urteko galeretara zigortu zuten. Prozesuaren aurretik, bitartean, eta ondoren, Douglas haren lagunaz baliatu zen luxuzko bizimodua izan eta trukean deus gutxi emateko.


Wildek ezin hobeto idatzi zuen: “Biziaren Plazera eta Artearen Plazera ikasteko etorri zinen nigana. Menturaz, askoz zoragarriagoa den zerbait zuri irakasteko hautatua naiz: minaren esanahia eta haren edertasuna”. Izan ere, De Profundis ezer bada, minaren gorazarrea da. “Mina, bada, eta berak erakusten duen guztia da nire mundu berria”, esan du sakon. “Une batzuetan egia bakarra Mina dela iruditzen zait. Beste gauza batzuk ikusmenaren edo janguraren ilusioak izango dira menturaz, bata itsutzeko egina, betekada sortzeko bestea, baina Minaz munduak eraiki dira, eta ume baten edo izar baten jaiotzan mina dago”.


Minaren irakaspena da, klase magistral bat bezala, Douglasi eman nahi diona. “Mina dagoen lekuan lur sakratua dago. Egunen batean ohartuko zara horrek esan nahi duenaz. Ordura arte ez duzu biziaz ezer jakingo”. Wildek errebelazio bat izan zuen espetxean: mina deskubritu, eta “Apaltasuna” erdiestea izango zuen bizitzako misio bakar. Ez zuen luze iraun, ordea. Espetxetik irten, eta ia idazteko betarik ez aukerarik gabe hil zen, handik hiru urtera, Parisen.


Reading presondegian idatzi zuen Wildek De Profundis. Orriak zerri eginda uzteko moduko esaldi azpimarragarriz josia dago liburua. Wilde berri bat erakusten digu. Wilde ezin gizatiarrago, Wilde ezin biziago, Wilde ezin Wildeago bat.


Mozorrorik gabe, aurpegi guztiak erakusten dizkio Douglasi, dizkigu guri: maitakorra (”Min handia izan nuen beti, zure izaera negargarri haren biktima ikusten baitzindudan. Maite zintudan”), zalantzatia (”Astebetean egin nuen gogoeta hartaz, zurekiko zuzengabea ez ote nintzen pentsatzen, ez ote zintudan oker epaitzen”), gogorra (”Zure garuna? Azpigaratuta zegoen. Zure irudimena? Hilik zegoen. Bihotza? Jaio gabe zegoen artean”).


Gainetik mintzatzen da Wilde: “Txikia denak handia azpiratzen zuen. Indartsuen gaineko ahulen tirania zen”. Douglas da Wilderen itzal astuna, argia itzaltzen dion itzala. Wildek ezin ditu ezkondu bere “Artea” eta lagunaren presentzia. Baina argi du zein den erruduna. “Neure buruari esan behar diot ez zuk ez zure aitak, mila aldiz biderkatuta, ezin izango zenutela suntsitu ni bezalako gizon bat; neuk suntsitu nuela neure burua; eta inor, ez handi ez txiki, ez dela suntsitzen, ez bada bere kabuz”.


Egiazko liburua da De Profundis. Egiaz betea. “Egia, hala da, entzuteko gauza mingarria da eta ahoskatzeko oso mingarria”, Wildek idatzi du. “Nik aurrez aurre begiratu behar izan diot neure iraganari. Begiraiozu aurrez aurre zeureari. Eser zaitez lasai hura ikertzeko. Bizio gorena axalkeria da. Ulertzen den guztia ongi dago”. Egia da, Wilderen kontakizuna bertsio bat baino ez da. Eta zer da egia, ez bada bertsio bat? Eta zer da literatura, ez bada egia?